Oraingoan, Herrerako Zardoya Otis fabrika zaharra jo du begiz Donostiako (Gipuzkoa) Udalak, etxegabetze masiboekin jarraitzeko. Jon Insausti alkate jeltzaleak aurreko asteazkenean eman zuen berria; hotz-bolada betean, eta kale-egoeran zeuden bi pertsonaren heriotza ezkutatu eta berehala: Jolastokietako pabiloi abandonatua eraisteko tramiteak azkartu omen ditu udalak, ustezko "bizikidetza-arazoak" eta eremua "birgaitzeko" planak aitzakiatzat hartuta. Aurreko astean bideratu nahi zuten fabrika botatzeko baimena, Insaustik ez baitzuen beren asmoa ezkutatu, asteazkeneko agerraldian: "Kezkak eta beharra ikusita, prozesua bizkortzea erabaki dugu".
Noticias de Gipuzkoa-k hala eman zuen Zardoya Otisen eraisketaren berri, "atzera-kontaketa" ospatuz nolabait: "Auzoan etengabeko gatazken eta segurtasun faltaren iturri den espazio batekin amaitzeko beharrari erantzuten dio neurriak". Hori bai, aipatzen zuen dozenaka pertsona bizi direla bertan, "baldintza oso prekarioetan".
Izan ere, Herrerako eraikin hori ez dago hutsik: kale-egoeran dauden hainbat pertsona bizi dira bertan, Donostialdean abandonatutako beste hamaika pabiloitan bezala. Udala arrapaladan ari da eraikin horiek husten eta zigilatzen, eta alkatetza-kargua hartu berri duen Insaustik bere agintaldirako markatutako helburuak lagungarri dira politika horri eutsiko diola usaintzeko: "segurtasuna" lehentasuna izango omen da, baita "etxebizitza" ere.
Oraintsu bildu omen dira alkatea eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburua, zenbait hedabideren esanetan, "delituei" buruzko datuak lantzeko. Baina diskurtso eta asmo argi bat ehundu du Insaustik dagoeneko: azaroan bertan eskatu zituen neurri gogorragoak pertsona migranteen aurka. "Delituak behin eta berriz egiten dituenak kartzela edo kanporaketa izan behar ditu", zioen Diario Vasco-n. Baliabide polizial gehiago ere aldarrikatu zituen, eta zentzu horretan doaz Gipuzkoako hiriburuan iragarri dituzten azken neurrietako batzuk, hala nola Egian eraikiko duten polizia-etxe berria edo udaltzainek herritarren aurrekarien artxiborako sarbide zuzena lortu izana.
Bitartean, 500 pertsona baino gehiago kalean
Abenduaren 4an, Jolastokietakoaren antzeko eraikin bat hustu zuen dispositibo polizial erraldoi batek: Agustindarren eskola izandakoa, Martutenen. 100 lagun baino gehiago bizi ziren bertan, aurrez Donostiako hainbat kolektibok salatu zuten modura. Abisua eman zuten, gainera: gaur egun 500 pertsona inguru daude kale-egoeran hiriburuan, eta udalak martxan dituen baliabide publiko apurrak ez dira nahikoa haiei guztiei aterpe bat bermatzeko.
Insaustik harro esan du Donostia "hiri solidarioa" dela eta udalak egunero eskaintzen dituela baliabideak, La Sirena aterpetxea kasu, baina Donostiako Harrera Sarea bezalako kolektiboek behin eta berriz ohartarazten dute plaza eta baliabide faltaz: jende andanarentzat, gaua kalean egitea da aukera bakarra. Bihotza hozmintzeko modukoak dira, elurrak karrikak zuritu dituen egun hotz hauetan, Donostian han-hemenka dauden kanpin-dendak erakusten dituzten irudiak.
Udalaren hipokrisia agerian uzten duen beste salaketa bat ere egin zuen Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak joan den urrian: larrialdi-etxebizitzetan bizi diren pertsonei 600 euroraino kobratzen dizkie udalak. Zorrotz hitz egin zuten sindikatuko kideek: "Politikariek ahoa betetzen dute etxebizitza-arazoarekin, baina enpresarien poltsikoak betetzeko neurriak hartzen dituzte, proletalgoari bideratutako zerbitzuak murriztuz".
Mamuak desegiten
Erakunde publikoek eta haien eskutik doazen komunikabideek hamaika hitz potolo bilatzen dituzte Martutenekoa edo Herrerakoa bezalako desalojoak justifikatzen saiatzeko: "segurtasun faltaz" hitz egiten dute, "bizikidetza-arazoez" hitz egiten dute, pabiloietako "zikinkeriaz" hitz egiten dute; bada desalojoak biktimen onurarako direla saltzen ahalegintzen denik ere, toki "arriskutsuak" eta "prekarioak" direlakoan. Eta etxegabetze masibo horiek inpunitate osoz eta onarpen puntu batekin gerta daitezela ahalbidetzen dute, gainera, jendartean gero eta indar handiagoa duten diskurtso arrazistek.
Hala salatu zuten, esaterako, Agustindarren eskolaren desalojoa iragarri zuten kolektibo sozialek: "Denbora luzez komunikabideek, sare sozialek eta eztabaida publiko askok Martuteneko eskola segurtasun-gune problematikotzat aurkeztu dute. Hemen bizi direnak kriminalizatu eta ahalik eta azkarren hustu beharreko leku gisa seinalatu dute. Etorkinak etengabe seinalatzen dituzte eta, era horretan, foku mediatikoa arazo errealetatik eta horien arduradunetatik aldentzen dute". Gazte migratzaile magrebtarren kontrako gorroto-mezuez ere ohartarazi zuten; ziur asko, Herreran hemendik aurrera gerta daitekeenaz mintzatzean presente izan beharko ditugun oinarrietako batzuk aurreratuz.
Irakurri hemen Martuteneko eta Herrerako hainbat eraikin abandonatutan bizi diren pertsonen egoerari buruzko erreportajea, Donostiako Harrera Sarearen eskutik.