Ostiralean, urriaren 2an, bi adingabe dituen familia bat kaleratu zuten Gasteizko Zerkabarren kaleko etxebizitza batetik. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak familiaren larrialdi-dei bat jaso zuen eguerdian, etxegabetzea gertatzen ari zen unean. Sindikatuko kideak lekura iritsi zirenerako, baina, etxegabetzea jada gauzatua zen. Udaltzainak bertan zirela, familiak bost minutu baino ez zituen izan bere gauzak jaso eta etxea uzteko.
Hamalau urtez bizi izan da etxe horretan familia, eta azken kontratua 2023. urtekoa zen. Etxegabetzea gauzatzeko argudioa izan da, antza, jabeak etxebizitza behar zuela senide batentzat. Familiak aurreko egunean izan zuen berehalako kaleratzearen berri, abokatuaren eskutik.
Alternatibarik gabe
Ostiralean etxebizitza-eskubidearen alde izandako manifestazioaren ondoren, sindikatuko hainbat kidek familiari lagundu zioten San Antonio kaleko larrialdietako gizarte-zerbitzuetara, bizitoki-alternatiba bat eskatzeko. Gizartze-zerbitzuek, baina, ez zuten inolako irtenbiderik eskaini.
Horretarako emandako arrazoien artean, aipatu zuten familiak lagun batzuen etxean gaua pasatzeko aukera zuela. "Bi adingabeko familia batek ezagun baten sofan lo egin behar izatea ezin da etxebizitza-alternatiba egokitzat hartu", dio sindikatuak.
Halaber, familiak diru-sarrerak dituela ere argudiatu zuten gizarte-zerbitzuek. Sindikatuak nabarmendu du, ordea, diru-sarrerak izateak ez duela bermatzen egun batetik bestera etxebizitza bat lortzeko aukera, "bereziki egungo etxebizitza-krisi testuinguruan eta familia migratzaileek aurre egin behar dieten zailtasun gehigarriak kontuan hartuta".
Salaketa
Sindikatuak salatu du kasu honek agerian uzten duela etxebizitza-eskubideari buruzko eztabaida politikoaren eta langile-familiek egunero bizitzen duten errealitatearen arteko distantzia. Horri lotuta, Espainiako Kongresuan eztabaidatu diren neurriak zalantzan jartzen ditu, ez dietelako erantzuten etxebizitza-eskubidearen aldeko mobilizazioetan adierazitako aldarrikapenei. Bereziki kritikatu ditu, bere ustez, jabeen eta errentatzaileen interesen mesederako diren neurriak, milaka familiak etxebizitza eskuratzeko edo mantentzeko zailtasunei aurre egiten jarraitzen duten bitartean.
Sindikatuak Gasteizko Udaleko gobernu-taldea ere seinalatu du: "Hauteskundeei begira ahoa beteko badute ere etxebizitzaz hitz egiten, gure hirian gauzatzen diren ehunka kaleratzeen erantzule zuzenak dira, sistematikoki ukatzen dituzte etxebizitza-alternatibak eta familia zaurgarriak etxegabetzen dituzte udal-etxebizitzetatik. Bitartean, udalaren jabetzako etxebizitzak hutsik mantentzen dituzte, edo jabe pribatuei saltzen dizkiete, duela aste gutxi jakin dugun bezala".
Salatzen dute alderdi politikoen eskutik ez dela inolako eraldaketa errealik etorriko, eta gehitzen dute: "Jakin badakigu benetako aldaketak herri-mobilizaziotik etorriko direla. Saltzen dizkiguten ogi-apurren aurrean, espekulazioa zuzenean finantzatzen duten neurien aurrean, antolakuntza eta borroka baino ez zaizkigu geratzen. Etxebizitza Sindikatuak gara familiei prozesu judizialetara laguntzen diegunak, gizarte-zerbitzuetan familien interesak defendatu, etxejabeen mehatxu eta errentatzaileen soldatapeko matoiei aurre egin eta etxegabetzeak gauzatu ez daitezen kalean aurre egiten dugunak".
Sindikatuak ekintzak iragarri ditu
Etxebizitza Sindikatuak asteburuan iragarri zuen familiari laguntzen eta etxebizitza-alternatiba bat lortzeko lanean jarraituko duela. Gaur, oinarrizko gizarte-zerbitzuetara joango dira sindikatuko hainbat kide, kasua berrikusi dadila eskatzeko. Familiari etxebizitza-alternatiba bat berriro ukatzen baldin badiote, mobilizaziora joko du sindikatuak, Gasteizko Udalari erantzun bat eskatzeko.
Gogorarazi du gaur egun, Gasteizen soilik, 11 etxegabetzeri aurre egiteko ari dela lanean. Era berean, sindikatuaren elkartasun-asanbladara batzera deitu du: hurrengo ostegunean izango da hurrengo asanblada, 19:00etan, Venezuela 10 kaleko bulegoan.