Gaur goizean, beste etxegabetze kolektibo bat izan da Donostiako (Gipuzkoa) Herrera auzoan: oraingoan, Oxigraf enpresa izandakoan sartu da Ertzaintza, eta bertan bizi ziren pertsonak (zazpi ziren gutxienez) kanporatu ditu. Enpresa bateko langileak ere bertaratu dira, eta sarrera hormatu dute inork ez dezan aukerarik izan berriz hara sartzeko.
Espainiako Polizia ere bertaratu da ertzainen eta udaltzainen ondoren, eta atxilo eraman ditu momentu horretan eraikinean zeuden bi lagun, atzerritartasunari lotutako arrazoiak argudiatuta. Haietatik bat, gutxienez, administrazioko erregularizazio-prozesuan sartuta dago.
GEDAR LANGILE KAZETAk jakin ahal izan duenez, udala eraikinaren jabeei presioa egiten aritu da, desalojoa azkartu zezaten. 30.000 euroko demanda bat tarteko, jabeak sarrera hormatzera bultzatu ditu EAJ buru duen udalak.
Donostiako Udala sistematikoki ari da Herrerako fabrika abandonatuak husten, horietan etxerik gabeko ehunka pertsona bizi direla jakin arren. Hilabete honetan bertan, Jolastokietako pabiloietako batean piztutako sutea aitzakiatzat hartuta, etxegabetze masiboa azkartu nahi duela jakinarazi du udalak: horretarako "baliabide guztiak jarriko" dituela zioen Jon Insausti alkateak.