Donostiako (Gipuzkoa) hainbat kolektibok aurreko astean ohartarazi zutenez, gaurko zegoen ezarrita bere garaian Agustindarren eskola izandakoaren desalojoa. Higiezina erosi duen enpresaren eta polizia-indarren ekimenez, abenduaren 4ra aurreratu zuten berez otsailerako finkatutako desalojoa, nahiz eta gaur egun gutxienez 111 pertsona bizi ziren eraikinean. Goizean goiz jarri dute martxan polizia-operazioa, eta eguerdirako hustu dute espazioa, 100 lagun baino gehiago kale gorrian utziz.
Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak elkarlanean gauzatu dute etxegabetze masiboa, dispositibo erraldoi batekin: 40 bat polizia-ibilgailu bertaratu dira denera, drone eta guzti, eta desalojoaren aurka protestan ari ziren pertsonak kanporatu eta urrundu dituzte.
Eskolan bizi ziren gazte gehienek atzo edo lehenago egin zuten alde eraikinetik, Poliziak haiek estraditatzeko tramiteak martxan jarriko zituelako beldur, baina hamar bat lagunek bertan egin dute gaua, eta gaur goizean kaleratu dituzte. Haietatik lau atxilo eraman ditu Espainiako Poliziak; badirudi haiek kanporatzeko izapideak irekiko dituztela. Desalojoa gauzatzean, gainera, obrarako materiala sartu dute.
Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi duenez, Donostiako Harrera Sareak egindako azken zenbaketak erakutsi zuen Martuteneko eskolan 111 pertsona bizi zirela, eta bizitoki-alternatibarik gabe jarraitzen du gehiengoak. Sindikatuak salatu du Donostiako Udalak (EAJ) ez diela inolako alternatibarik eskaini, oraingoz La Sirena udal-aterpetxea ireki badu ere, 60 bat lagunentzako lekua baino ez baitago bertan. Gainerakoak kale gorrian daude gaur-gaurkoz.
Gaur arratsaldean, desalojoa salatzeko eta etxebizitza-eskubidea aldarrikatzeko mobilizatuko dira Donostian, 19:00etan Egiako epaitegitik hasita. Donostiako Harrera Sareak, Martuko Harrera Sareak, Kaleko Afari Solidarioek, Amara Berri Ehuntzenek, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Saretxek, Herripe Auzo Elkarteak eta Guztiontzako Egiak egin dute deialdia.