2019/09/27
Gaztelaniazko bertsioa / versión en Castellano
Sindikatuen praktika gauzatzeko erak eklektikoak izan dira eta hala izaten jarraitzen dute eta eskema bakarrari jarraitzetik urrun, garapen historiko zehatzaren fruitu izan dira beti. Hor dugu Frantziako CGTren adibidea, bere garaian sindikalgintza iraultzailearen[1] baitan kokaturik, gerora izaera erabat erreformista duen eta estatu aparatuan guztiz integraturik dagoen sindikatua izatera pasa da. Edonola ere, hurrengo artikuluetan egungoarekin antzekotasun handiagoa duen testuinguru baten baitan helduko diot auziari. Hasteko, ikus ditzagun kapitalismo garatuaren testuinguruan izandako aldaketak eta horiek sindikatuen antolaketa forman izandako eragina, kasu askotan gaur egun bizirik dirauena.
Integrazioa
Ekoizpenari dagokionean, garapen teknikoa izan zen, makinen protagonismo hazkorrarekin, ekoizpen prozesuaren antolaketa arrazionalago (are, “zientifiko”[2]) baten eskutik. Horrek ekarri zuen ordura arte lanbideari lotua eta beraz, kualifikatua zen eskulana hirira migratu zuen nekazari masa ez kualifikatuaren baitan urtzea[3]. Gainera, kapitalismoa gizarte harremanak geroz eta era sakonagoan kolonizatzen joan zen: ekoizpenaz haratago, kontsumoa, hezkuntza, aisialdia, kultura… Bestela esanda, kapitalismoa geroz eta unibertsal eta orohartzaileago bilakatu zen, mundua geroz eta gehiago bere beharretara egokitzen joan zelarik. Horren adierazpen bat da itxuran antagonistak diren ideiak ere haien jatorria den sistemak determinatuta egotea, euren helburuak eta etorkizunerako proiekzioa ere determinatzen dituelarik. Era horretan, eragin nabarmena izan zuen II Internazionaleko marxismoa oso ekonomizista[4] zen.
Eremu politikoaren baitako harremanetan ere aldaketak izan ziren. Laburki esanda, Estatuaren joerak kapitalismoarekin urtzea zuen norabide gisa, bata bestearengandik bereiziezinak bihurtzeraino. Horregatik, kapitalismo puruaren, lehia askearen inguruko ilusio oro galbidean zegoen. Negozioen zuzendaritza zentralizatzen da, estatuaren boterearekin lotura zuzenean (harreman hori bururaino eramaten da faxismo korporatibistan) eta burgesia bere “sindikatu” propioetan antolatzen da, kartelen, trusten, sozietate anonimoen, monopolioen eta abarren bidez. Honen gaurkotasuna, Frankismo garaiko Sindikatu Bertikaletik eratorria den CEOE-n (Confederación Española de Organizaciones Empresariales) ikus daiteke, legerian esku hartzeko funtzio argia duelarik; Euskal Herrian Confebask eta CEN edo maila lokalagoan, Autonomen Elkarteak berdin.
Hortaz, horrek guztiak sindikatuen eraginari mugak ezartzen dizkio. Lehen, enpresari bakana sindikatuen indar gorakorraren aurrean ahula zen. Indar hura langileen masa handian zetzan, industria hedatu ahala handitzen zen masa zena. Baina egoera gutxinaka aldatuz joan da, eta sindikatuek era berean geroz eta antolatuago dagoen patronala dute aurrean. Azken finean, burgesia ere antolatzen da, nazioarteko eskalan gainera.
Sindikatuen indarra handitzen den arren, burgesiaren boterea proportzio handiagoan hazten da eta egoera horretan agertzen dira sindikatuen integrazio eta deuseztapenerako baldintza egokienak: Estatuak albo batean uzten ditu edo aktiboki aurre egiten die, euren ekintza oztopatuz ala jaiotza ezinezko bihurtuz edo estatu aparatuan xurgatzen ditu, kudeaketa funtzioak emanaz. Ikus dezagun adibide baten bidez. Primo de Riveraren diktaduran zehar, CNT jazarria eta legez kanporatua izan zen [5], baina aldi berean, Komite Parekideaen barnean UGT bitartekari gisa onartua izan zen; ilegalizazioaren eta jazarpenaren mehatxupean, kapitalismoaren legediaren joko-zelai murritzaren baitan jardutera hertsatua. Gogoz kontra izanda ere, integrazioa izan zen emaitza.
XIX. mende amaieran, Europako herrialdeek, euren merkatuak ekoizpen eredu kapitalista indarrean ez zegoen herrialdeetara hedatu zituzten, munduko txoko ugaritara, XX. mende hasierarako ia planeta osoa kontinente zaharreko potentzien artean zatitua geratzeraino. Testuinguru horrek Lehen Mundu Gerra izan zuen emaitza gisa, non sindikatu gehienek (Frantziako sindikalgintza iraultzailea barne) langile klasea tokiko burgesia nazionalaren interesekin lerrokatzeko papera hartu zuten. Langileria, gainera, nazioarteko gatazkaren baitan kanoi-bazka izan zen, gerra bonoetan parte hartuz edota zuzenean grebak oztopatu eta jazarriz. Horrek atzera bueltarik gabeko inflexio puntu bat ekarri zuen sindikatuak estatu aparatuan integratzeari dagokionean. Burua makurtu ez zutenei nazioaren etsai izatea leporatu zieten, IWW AEBetan bezala[5].
Burokratizazioa
Esan genezake sindikatuek zenbait ezaugarri edo elementu dituztela: zuzendaritza (gehiago edo gutxiago burokratizatua[6]), oinarri militantea (zuzendaritzaren harreman hobea edo okerragoa izan dezakeena), afiliatuen masa (aktiboagoa edo pasiboagoa) eta sindikatuak bere osotasunean klasearen gainerako masarekin duen harremana (eta baita azken honek orokorrean sindikalismoarekin eta zehazki sindikatuarekin duen harremana[7]). XIX. mendearen amaieran, sindikatuek ez zioten zenbakitan hazteari utzi, ez eta antolakuntzari dagokionean ere eta, horrek, teknikoagoak diren zenbait funtzio organiko betetzeko egitura finkoak galdegiten ditu. Horrela borrokak hartzen duen norabidearen gainetik zuzendaritza kopuruz eta garrantziz handitzen da.
Sindikatuekin kritikoak izan zirenen teorizazioek diotenez, Anton Pannekoekek[8] kasu, garapen formal horrek eragin zuen gainerako langile klasearengatik bereizi zen kapa baten sorrera. Gidaritza edo burokrazia (hala izendatzen zuen berak) hori langile klasetik eratorria eta klase kontzientziaduna izan daiteke eta, are gehiago, sozialista (edo anarkista, gehituko nioke), baina bere posizioa tarteko, interes propioak ditu, ordezkatzen duen langile klasearen interesetatik bereiziak. Herbeheretarrak azaltzen duenez[9], jada ez dira proletarioak, zentzu ekonomikoan, ez daude langabeziaren mehatxupean, ez dira esplotatuak[10], kapitalismoa garatuen dagoen herrialdeetan haien kopurua handitzen den arren.
Negoziatzeko orduan hiru ikuspuntu hartu behar dituzte kontuan: ordezkatzen duten langile klasearena, aurrean duten patronalarena eta azkenik, baina ez horregatik garrantzia gutxiago duena, beraiena. Beraz, konfrontazioa ere “arrazionalizatu” egiten da, edo beste hitz batzuetan esanda, profesionalizatu. Horregatik egin zuten kapitalismoa modernizatzen ekarpena estatu mailako sindikatuek (eta marxismo errebisionistak) [11]. Zentzu horretan, Unai Sordok, CCOOeko (Comisiones Obreras, Langile Komisioak) idazkari orokorrak, honakoa adierazi zuen[12] Nafarroako automobil-industriaren birziklatzeaz galdetu ziotenean: “Eginkizun hori langileen eta enpresaburuen ordezkari diren erakundeek egin dezakete ondoen, instituzio publikoekin batera”.
Egitura konplexu horiek egonkortasun legal zein ekonomikoa behar dute, borrokaren kalterako bada ere. Horrek galtzeko horrenbeste ez duen oinarri militantearekin desadostasunak sor ditzake, beste aldean “burokrazia” horrek bitartekari gisa duen zilegitasuna eta bere existentzia daudelarik jokoan. Hala, gerta daiteke negoziaketa batean baldintza kapitalistak onartzera behartua izatea eta langileriaren aurrean garaipen pirrikoa dena (akordio bidezko kaleratzeak, aurretiko erretiroak, etab.) lorpen handi gisa aurkeztea. Negoziazioko parte izanik, uneoro bere solaskidearen eta ordezkatzen dituen horien aitorpena behar du eta hori zaila da orekatzeko. Hala gertatu zen Panrico enpresan izandako gatazkan, non CCOOko zuzendaritza langileak konbentzitzen saiatu zen bi EEE (enplegu-erregulaziorako espediente) onar zitzaten, greba mugagabea eten (13 hilabetekoa, Espainiar Estatuko luzeena) eta erresistentzia kutxa baztertu zezaten, greba bestelako mobilizazioetatik bereiz zitezen[13], etab. Hori guztia finantzazioaren eta enpresak ordaindutako kargu liberatuen truke, enpresak, sindikatuak jarduera sindikala “elkarrizketa, negoziazioa eta aldeen arteko bake soziala oinarri izanik” garatzeko tratua bakarrik erdizka bete zuela defendatzen zuen bitartean[14].
Ondorioak
Estatuan integraturiko sindikatuen burokratizazioa errealitate bat izan zen eta hala da egun ere, horrek dakarren guztiarekin. Dena den, ezin da guztia emaitza bat dakarten formen inguruko auzi huts batera mugatu (Pannekoek-ek langile kontseilua forma egokiena balitz bezala proposatzean egiten duen bezala). Ez dago formarik edukirik gabe[15]: antolakuntza formak ez du bermatzen borrokaren edukiaren zuzentasuna; baina ezta edukiek ideiek ere, gauzatzen direnean, gainbeheraren aurreko bermea izatea. Hori dela eta, aldaketa bat egin eta sindikatuez hitz egin beharrean, kontseiluez, oinarriko batzordeez, komiteez hitz egiteak ez du saihestuko arazo antzekoei aurre egin behar izatea; ez dago aterabide magikorik.
Posible da orain langile mugimenduak iraganean harturiko formak kritikatzeko ikuspegi nahikoa historikoa izatea; baina errealitatea ulertzeko garaian zuten modua da kontuan hartu behar duguna: borroka sindikala marko kapitalistatik at planteatzeko zailtasun handiak zeuden, honen gaindipena ezinezko bihurtuz. Horrela, langile mugimenduaren borroka ekonomikoa sistemaren baitan kudeatzaile postu bat lortzean belaunikatzen zen. Beste hitz batzuetan, balioaren (zehazki esanda gainbalioaren) legearen zaindari izan zitekeen, soldatak lan indarraren erreprodukzio kostuaren azpitik erortzea ekidinez. Jardun eremua mugatuz mugatzen zen ikuspegia ere, langile mugimendua desitxuratze ekonomizistan katramilatuz, eta alderantziz. Horregatik gogoan izan behar dugu berehalako baldintzen inguruko borroka bere baitan agortzen dela eta askapenaren bidean ez duela zentzurik, ez badago kapitalismoa suntsitzeko borondateari loturik. Beste era batera esanda, ez badu erresistentziatik harago joateko palanka gisa funtzionatzen, gure baldintza materialen aldeko borrokak proletario gisa betikotuko gaitu, eta beraz, kapitalismoaren lehengai gisa.
[1]
Sindikalgintza iraultzailea bereziki
Frantzian indarra izan zuen korronte iraultzailea da. El Salariadoren “¿Qué era
el sindicalismo revolucionario?” artikulua irakurtzea gomendatzen dut: https://elsalariado.info/2017/08/12/que-era-el-sindicalismo-revolucionario/
[2] Ikusi Fordismoa eta Taylorismoa. Hortan sakontzeko Revelliren “8 hipotesis sobre el postfordismo” laneko 3. tesia gomendatzen dut.
[3] Hortik patronalaren aurrean subjektibitate oldarkorragoa eratorri zen, greba masiboagok ahalbidetuz.
[4] Kapitalaren aurkako borroka soldatapeko lanaren baitan bakarrik kokatzeko joera.
[5] Gainera, afiliatu askok CNT utzi zuten eta UGT-ra pasa ziren.
[6] Ikusi “Anti-war resolution passed by the 1916 convention of the Industrial Workers of the World” (https://www.iww.org/de/history/resolutions/Convention_war_1916)Beste era batera esanda, XX. mende hasieran bezala, konfiantzan oinarritzea, edo gaur egun gertatzen den antzera, ezinikusi puntu bat.
[7] Beste era batera esanda, XX. mende hasieran bezala, konfiantzan oinarritzea, edo gaur egun gertatzen den antzera, ezinikusi puntu bat.
[8] Germaniar-herbeheretar
komunista-kontsejista. Bere lanaren baitan sindikatuei kritika bereziki
interesgarria da, horien alternatiba gisa kokatzen dituen kontseiluen defentsak
gehiegizko baikortasuna duen arren, antolaketa eredu oso bat proposatzen baitu
borroka testuinguru (1917ko iraultza) zehatz batean dauden joeretatik
eratorrita.
[9] Horren inguruan Anton Pannekoek-en “El sindicalismo” (1936) ikusi.
[10] Hala ere, ez da beti horrela, sindikatu estatalen barruan lan gatazkak izan baitira, ANAFEn eta aurretik FOREMen greba egiteraino, biak CCOO-ri loturiko elkarteak direlarik. Azken finean, sindikatu estatal batek antza handiagoa izan dezake zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batekin, langileen batasun konbatibo batekin baino.
[11] Horrekin lotuta Paul Matticken “Los límites de las reformas” irakurtzea gomendatzen dut.
[12] Iturria: Diario de Navarrako papeko argitaralpena (2019/09/20)
[13] Gatazka sozializatzeko Babes Komiteak martxan jartzera heldu ziren.
[14]Iturria: https://okdiario.com/economia/ccoo-denuncia-panrico-dejar-pagarle-mordidas-audiencia-nacional-da-razon-83548
[15] Gilles Dauvéren “Más allá de la democracia” gomendatzen dut, edo “Desenterrad a vuestros muertos” eranskina, Endnotes aldizkarian agertua eta “Comunización, materiales para la Revolución Social” liburuan argitaratua.