ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / @JoseJuanBlanca5 (X)
2025/07/14 10:05

Torre Pacheco herrian (Murtzia) tentsio handiko egunak izaten ari dira, 70 urteko bizilagun batek jasandako eraso fisikoak piztutako oldarraldia dela-eta. Jatorri edo itxura magrebtarreko pertsonen kontrako ehiza lehertu da kaleetan, sare sozialetan hedatutako bulo eta seinalatze arrazistek bultzatuta.

Sei pertsona atxilotu dituzte joan den asteburuan, tartean, hiru adingabe: pertsona magrebtar bati eraso zioten, baita kazetari bati ere, bere materialari kalteak eraginez. Beste bi pertsona kalean taldean zihoazela atxilotu zituzten, etorkinen ehizan parte hartzen ari zirelakoan: kaskoekin estalita zituzten aurpegiak.

Gertakarien segida

Gertakarien sekuentzia argia da, eta Pandemia Digitaleko Julián Macías Tovar analistak eta hainbat hedabidek dokumentatu dute. Hainbat pertsonak Domingo izeneko bizilagun bati eraso ondoren, sekulako bonbardaketa hasi zen komunikabideetan eta sare sozialetan. Erasoaren biktimak zehaztu ahal izan zuen bakarra izan zen, dena den, erasotzaileak "marokoarrak" izan zitezkeela.

Hala ere, Voxen ingurune digitalak eta bestelako erreferente faxista batzuek (Alvise Pérez, Rubén Pulido eta Pablo González Gasca tartean, Revueltako liderra) zerrenda bat zabaldu zuten, bost pertsona errugabe seinalatzeko: haien izen-abizenak, matrikulak eta argazkiak argitaratu zituzten, inolako frogarik gabe, Domingok jasandako erasoa leporatzeko. Biktimak berak publikoki gezurtatu zuen erasotzaileak pertsona horiek zirenik.

HerQles edo Caliu bezalako profil faxistek, Desokupari lotutako eduki-sortzaileek (David Santos eta Daniel Esteve kasu) edo Voxi lotutako pertsonek (Arturo Villa aholkularia adibidez) zabaldu zuten buloa, sorgin-ehiza ikaragarri bat sortuz, bai digitala bai fisikoa.

Horrekin batera, kale-egoeran dagoen pertsona baten aurkako eraso bortitz baten bideo manipulatu bat argitaratu zuten sareetan, Almerian grabatua izan zena aste batzuk lehenago. Jipoiaren errudunak espainiarrak ziren, baina Domingoren aurkako erasoa balitz bezala aurkeztu zen Interneten, eta migratzaile magrebtarrei egotzi zitzaien. Almeriako erasoaren kontakizun errealak, baina, ez zuen halako sumindurarik sortu.

Ehiza joan den asteburuan, faxisten esku-hartzearekin

Azkenean, komunikabideek eta sareek elikatutako presioa eta gorrotoa Torre Pachecoko kaleetan hedatu ziren: aurreko ostiralean elkarretaratze bat izan zen Udaletxe Plazan, eta bertan egon ziren hainbat talde faxistatako kideak, Voxen jarraitzaileek barne. Protestan askotariko mezu arrazistak eta frankistak oihukatu zituzten, eta gero, eraso fisikoak eta txikizioak eragin zituzten San Antonio auzoan, komunitate marokoarraren bihotzean.

Dozenaka militante neonazik, batzuk kanpotik iritsiak, makilekin eta kaputxekin patruilatu zuten herria, "mairuen ehiza" delakoan. Bitartean, Poliziak etorkinei gomendatzen zien ez zitezela etxetik atera. Erasotzaileekiko jarrera lasaia izan zuten polizia-indarrek, baita gertukoa ere kasu askotan, zenbait informaziok seinalatzen dutenaren arabera.

Gorrotoaren hedapen masiboa eta inpunitatea

Buloen hedapena eta gorrotoa bultzatzea masiboak eta koordinatuak izan dira, eta milioika pertsonak ikusi eta partekatu dituzte edukiak, ultraeskuinetik gertu dauden hedabide digitalen laguntzarekin. Bien bitartean, erakundeen erantzuna izan da pertsona gutxi batzuk atxilotzea, eta agintaritzek beraiek aitortu dute zigorgabe jarraitzen dutela Torre Pachecon izandako oldarraldiaren erantzule gehienek. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak dio atxiloketa gehiago izango direla lintxamenduengatik, baina ez dago xehetasunik.

Hainbat kolektibo sozialek salatu dutenez, jazarpen-kanpainak eta lintxamenduek ez dute justizia bilatzen Domingorentzat, baizik eta pertsona migratzaileenganako beldurra zabaltzea, komunitate magrebtarra kolektiboki seinalatuz.

NO HAY COMENTARIOS