ACTUALIDAD
Stop Zundaketak-AHTrik EZ! ekimenak bere jarduna behin-behinean etetea erabaki du, Espainiako Gobernuko eta ADIFeko agintaritzek iragarri baitute Euskal Y-aren eta Nafarroko korridorearen arteko lotura egiteko zundaketak amaitu omen direla.
Plazaratutako agiri baten arabera, ekimenak zera ondorioztatu du: hainbat eragile eta ekimenen mobilizazioaren ondorioz eten egin dituztela Goierriko (Gipuzkoa), Itzako (Nafarroa) eta Sakanako (Nafarroa) bailaretan egitekoak ziren zundaketa geoteknikoak eta beste hainbat jarduera. Izan ere, jarduerok iragarri zituzten Madrilgo agintaritzek, 2023ko udaberrian; eta hasiera batean hogei zundaketa baino gehiago aurreikusi bazituzten ere, gobernuaren erabakiaren aurretik hiru besterik ez dira egin. Hain zuzen, Idiazabalen eta Beasainen (Gipuzkoa), lehenik; eta Altsasun (Nafarroa), bigarrenik. Hala, Stop Zundaketak-AHTrik EZ plataformak adierazi duenez, mobilizazioak eten egin ditu beste hainbat lekutako lanak: hala nola Ataunen (Gipuzkoa), Otxobin (Nafarroa) edo Izurdiagan (Nafarroa). Gainera, zenbait lan Poliziaren babespean egin direla salatu du ekimenak, Altsasukoak kasu.
2023ko ekain hasierarako eratu zuten zundaketen aurkako ekimena Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako zenbait kolektibok. Haien helburua, hasiera-hasieratik, honako hau izan da: "Zundaketak geldiarazten saiatzea". Horretarako, erantzun azkarrak emateko protokolo bat osatu zuten orain dela hiru urte, eta lautan aplikatu dute. Altsasun, adibidez, lau egunez etengabeko mobilizazioari heldu zioten, baina lanak Poliziaren zaintzapean egin zituztenez, azkenerako sei lagun isundu zituzten agenteek.
Bestela ere, bereziki azpimarratu nahi izan dituzte beste bi alderdi: batetik, kaltetutako eremuetako tokiko erakundeen eta udal gehienen jarduna. Bestetik, Iruñea-Altsasu saihesbide-tarteko lanei aurkeztutako 7.000 alegazioko erantzuna. Hori dela eta, orain arteko zundaketen aurkako borrokaren balorazio "oso positiboa" egin du ekimenak: "Herritarren, tokiko erakundeen eta ekimenaren aurkakotasunari esker, hilabetetarako aurreikusitako kanpaina urtetan luzatu da eta ez dute osorik burutu".
Bukatzeko, salatu dute administrazioak gezurra eta intoxikazio mediatikoa baliatu dituela, eta instituzio arduradunek ikaragarri inprobisatu dutela hiru urtez. Modu horretan, azaldu dute alderdi politikoen eta lurraldeen arteko ika-mikek eta trazadura-lehiak baldintzatu dutela auzia. Are, laster Nafarroako korridorearen eta Euskal Y-aren arteko lotura erabakitzeko azterlana argitaratuko dutela adierazi dute, obren kanpaina amaitu denarekin batera. Ondorioz, fidatzeko moduko egoera ez izan arren, ekimenak behin-behinean jarduna etetea erabaki du.
Hala eta guztiz ere, arestian aipaturiko protokoloaren telefono zenbakiak (656 711 130) bere horretan martxan jarraituko duela argitu dute plataformako kideek, eta taldean sortutako baliabide eta eskarmentua lurraren aurkako beste mehatxu batzuei aurre egiteko baliatuko dutela: esaterako, hidrogenoa eta kobrea ustiatzeko zundaketei. Oharra eskerrak emanez amaitu du ekimenak: "Eskerrak eman orain arteko bidean parte hartutako guztiei eta, aldi berean, AHTaren aurka antolatu eta borrokatzen jarraitzera dei egiten dugu, batuko direnei ongi etorria emanez. Zundaketez harago, AHTrik ez! Lurraren defentsan, eutsi borrokari!".