ACTUALIDAD / Fascismo

Trappeseko erailketa arrazista salatu dute Baionan eta Donibane Lohitzunen

Joan den ostiralean, faxista batek jatorri kongotarreko gazte bat erail zuen Trappesen, Frantziako Estatuko iparraldean. Hala, hainbat gizarte-eragilek antolatuta, dozenaka lagun elkartu dira Lapurdiko bi udalerritan. Azken bost urteetan, gutxienez hamabost lagun erail dituzte estatuan eskuin muturreko ideiek bultzatuta.
2026eko urriaren 28 - 14:20
Trappeseko erailketa arrazista salatu dute Baionan eta Donibane Lohitzunen

ACTUALIDAD

Astelehen arratsaldean, hilaren 26an, dozenaka lagunek Trappeseko (Frantziako Irla) erailketa arrazista salatu zuten Baionan eta Donibane Lohitzunen (Lapurdi). Deialdia Frantziako Estatu osoko dozenaka udalerritan antolatu zuten Giza Eskubideen Ligak (GEL), SOS Arrazakeriak, langile-sindikatuek eta beste hainbat eragilek.


Hain zuzen, hiru egun lehenago, faxista batek jatorri afrikarreko eta magrebtarreko hainbat lagun tirokatu zituen estatuko iparraldeko udalerrian. Ondorioz, bost lagun zauritu ziren gutxienez, eta 12 urteko ume bat ospitalera eraman behar izan zuten, larri. Hori gutxi ez, eta Pengo Bossio Wangi gaztea erail zuen erasotzaileak. Wangik 26 urte zituen, eta sortzez kongotarra zen.


Atentatuaren egileak 15 minutuz gidatu zuen Trappes eta La-Verriére (Frantziako Irla) udalerrien artean, hainbatetan tiro eginez. Izan ere, autoan bertan metraileta bat eta gas negar-eragilezko granadak atzeman zizkioten. Gainera, erasotzailearen etxebizitza miatu zuenean, Hitlerren Mein Kampf liburuaren ale bat eta aktibatutako dispositibo tranpa bat aurkitu zituen Poliziak. Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak ikerketa ireki du, erasoa "aurrez pentsaturikoa" izan zenetik eta "arraza, etnia edo erlijio" bereko kideen aurka egin zuenetik abiatuta. Izan ere, suzko armaren balek jo zituzten sei pertsonak Saharaz hegoaldekoak edo jatorri magrebtarrekoak dira. Are, Le Monde hedabidearen arabera, erasotzaileak aitortu zuen "beltzen eta arabiarren aurka" tiro egin izana, urriaren 17ko protestetako konfrontazioetan jazo ziren arpilatzeengatik mendeku hartzea argudiatuta.


Dominique Sopo Frantziako SOS Arrazakeria elkarteko lehendakariaren arabera, eraso arrazistak ezin dira "anbiguotasunez interpretatu", eta "berebizikoa da eraso bakoitzaren ondoren gertakari horien aurkakotasunean mobilizazio soziala hauspotzea". Antzera mintzo zen Nathalie Tehio Frantziako GELeko lehendakaria: "Azkenaldian oso gauza larriak ari dira gertatzen: islamofobia areagotzen ari da, eskuin muturrak alarma soziala hauspotu besterik ez du egiten, eta gobernua ez dago egoera baretzeko ahaleginean".


Hori horrela, azken bost urteetan, gutxienez hamabost lagun erail dituzte Frantziako Estatuan, eskuin muturreko ideiek bultzatuta. Zenbaketa horretan ez dira indarkeria polizialak eraildakoak aintzatetsi.