Ir al contenido
ACTUALIDAD / Cárcel

Haur jaioberriak ama presoengandik sistematikoki banatzeagatik, ESI Araba salatu dute

ESK eta Salhaketak aurkeztu dute tramitea Adingabeen Fiskaltzan. Haien hitzetan, Erakunde Sanitario Integratuak "arazo sozialtzat" ditu askatasunik gabeko emakumeak, eta jaioberrien oinarrizko eskubideak urratu ohi ditu. Jarduera-protokoloa alda dezala eta banantze bakoitzaren egokitasuna justifika dezala eskatu diote erakunde horri.
2026eko azaroaren 21 - 08:03
Haur jaioberriak ama presoengandik sistematikoki banatzeagatik, ESI Araba salatu dute
— ARGAZKIA ESK

ACTUALIDAD

ESK sindikatuak eta Salhaketa kolektiboak Arabako Erakunde Sanitario Integratua (ESI) salatu berri dute Adingabeen Fiskaltzan, preso dauden amak eta euren haur jaioberriak sistematikoki banantzeagatik. Osakidetzaren osasun-erakunde integratu bat da ESI, eta lehen arreta zerbitzuko nahiz ospitale-arretako zentroak zuzendaritza beraren pean kudeatzen ditu.

Salaketa horren bidez, bi eskakizun egin dizkiote ESIri. Lehenik, "jarduera-prozedura aldatzeko, amaren eta haurtxoaren arteko bizikidetza arau orokorra izan dadin". Bigarrenik, "jaioberri bakoitzari dagokionez, banantzearen egokitasuna, beharra eta proportzionaltasuna" justifika ditzala. Alegia, "banantzea soilik agindu kliniko baten edo banakako arrisku egiaztatu baten ondoriozkoa" izan dadila bakar-bakarrik.

Urrutira joan gabe, aste honetan bertan Osasun-arretaren humanizazioari buruzko I. Jardunaldia egin du ESI Arabak. Salaketa jarri dutenen ahotan, baina, erakunde horren zuzendaritzarentzat "jaioberriak amarengandik banantzea" omen da "osasun-arreta humanizatzea". Noiz eta "ama horiek askatasunik gabe daudenean" eta beste unitate batean sartzen dituzten, "arazo sozial bat direlako".

Salaketak, dena dela, badu aurrekaririk. Izan ere, iragan irailaren 29an, instituzio horri berari protokoloa alda zezala galdegin zioten bi eragileok. Aldaketarik antzeman ez zutenez, azaroaren 3an publikoki salatu zuten, eta azaroaren 13an kexa bat aurkeztu zuten Arartekoaren aurrean.

Egun, Ama espetxe-erregimenean dagoen jaioberri baten aurrean jarduteko prozedura izenekoaren bidez arautzen ditu erditze horiek ESIk. Aurtengo martxoan berrikusi eta onartu zuten prozedura hori, eta bertoko zuzendaritzaren arabera, "funtsezko tresna da jaioberriaren arreta eta segurtasuna bermatzeko". Alabaina, "tresna" hori "jaioberri horien oinarrizko eskubideen urraketa" eta "tratu krudela eta ankerra" dela adierazi dute ESK sindikatuak eta Salhaketak.