ACTUALIDAD
Etxebizitza-krisiari aurre egitea aitzakiatzat hartuta, enpresa pribatuen irabaziak bermatzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak. Atzo bertan, akordio bat sinatu zuen Kutxabankekin, eta hainbat udalerritan banatutako 57 etxebizitza erosiko dizkio Jaurlaritzak banketxe horri, Alokabideren esku uzteko eta, horrela, "alokairu sozialera" bideratzeko. Horren truke, 5,7 milioi euro jasoko ditu Kutxabankek; beste negozio biribil bat.
Kutxabanken jabetzako bi sozietaterenak (Harri Iparra S.A.U. eta Harri Inmuebles S.A.U.) dira aipatutako 57 etxebizitzak, eta libreak dira. Atzo sinatutako akordioarekin, batez beste, 100.000 bat euro lortuko ditu Kutxabankek etxe bakoitzeko. Oraingoz ez dute zehaztu, dena den, zenbatekoa izango den Alokabidek ezarriko duen "alokairu soziala".
57 etxe, 100.000 pertsona Etxebideren itxaron-zerrendan
Denis Itxaso (PSOE) buru duen Etxebizitza Sailak egindako erosketak, dena den, ez dio inondik inora erantzuten etxebizitza-krisiaren tamaina izugarriari. "Alokairu sozialera" bideratzeko 57 etxe erosi ditu oraingoan (guztira, 733 etxebizitza erosi dizkie entitate pribatuei agintaldi honetan), baina nabarmen handiagoa da jendartearen beharra: Etxebide kudeaketa-agentzian, esaterako, 100.000 pertsona baino gehiago daude itxaron-zerrendan, alokairuko etxebizitza publiko baterako sarbidea izateko.
Agintaldi honetan Jaurlaritzak egindako erosketen artean nabarmentzen dira, besteak beste, orain dela gutxi Donostiako Benta Berri auzoan eskuratutakoak (100.000 milioi euro inguru ordainduko dizkiote Testari, 510 etxek alokairu sozialekoak izaten jarrai dezaten eta bizilagunak etxegabetu ez ditzaten) edo Arrasaten La Caixari erositako 148 etxeak.
Alokabidek etxegabetzen du: ia 190 kaleratze-prozesu iaz
Jaurlaritzak oraintsu erosi dituen 57 etxeak Alokabide entitate publikoak kudeatuko ditu, baina horrek ez du inondik inora bermatzen, errealki, premia gehien duten pertsonen esku egongo direnik. Izan ere, jakina da Alokabidek berak etxegabetu egiten duela: jende ugari kaleratu du "alokairu sozialeko" etxeetatik, alokairu hori ordaintzeko ezintasuna izan dutenean, eta abusuzko praktikekin egin du gainera; hala nola, Polizia bidalita, fidantzak ez itzulita eta beste.
Martin Goitiandiak artikulu honetan seinalatu zuenez, Alokabidek berak bere memorietan argitaratutako datuen arabera, 71 etxegabetze gauzatu zituen 2025ean, eta 188 etxegabetze-prozesu jarri zituen martxan. Horrek esan nahi du 2024an baino %42 etxegabetze gehiago izan zirela bere aginduz, eta %135 prozedura gehiago abiatu zituela.