ACTUALIDAD
Santi Gonzalezen atxiloketa gertatu eta hiru egunera, agerraldi bat egin dute Bilbon Gonzalezek berak, bere abokatu Iker Etxeberriak eta mugimendu antiarrazistako hainbat kolektibok. Pertsona etorkinen erregularizazio-prozesuan abokatu modura egin duen lanarengatik atxilotu zuten Santi asteartean, eta 24 orduz baino gehiagoz Espainiako Poliziaren komisarian inkomunikatuta eduki ondoren utzi zuten aske. Atxilotuak berak gogorarazi duenez, dena den, zabalik jarraitzen du bere aurkako prozedurak eta ikerketak: ustezko "antolakunde kriminal" bateko kide izatea, immigrazio irregularra sustatzea eta faltsutasun-delituak leporatu dizkiote.
Gonzalezen abokatu Iker Etxeberriak nabarmendu du akusazioek ez daukatela inolako oinarri juridikorik, eta atzerritartasunaren alorrean aritzen den abokatu batek egindako lana baino ez dela ageri atestatu polizialean. Bere etxean atxilotu zuten Santi, eta Portugaleten eta Eibarren erabiltzen dituen bulegoak ere miatu zituzten, bere jardun profesionalari lotutako material ugari lapurtuz. Are gehiago: egozten zaizkion delituekin zerikusirik ez duten espedienteak ere eraman zituzten agenteek. Hala, Gonzalezek salatu du bere eta bere senideen intimitatearen aurkako eraso bat izan zela jarduketa poliziala, baina baita bere bezeroen aurkakoa ere, eta sekretu profesionala erabat urratu dela.
Mafiei dagozkien akusazioak
"Muntaia juridiko-polizial baten aurrean gaude", azaldu du Etxeberriak. "Kuriosoa da, sektore zaurgarri baten bizi-baldintzak hobetzearen alde lan egiten duen abokatu bati, zaurgarrienez probestea bilatzen duten mafiei dagozkien akusazioak egitea", gaineratu du. Gonzalezen atxiloketa, beraz, elkartasunaren eta eskubide zibil zein politikoen aurkako erasoa dela salatu dute gaurko agerraldian; eta bertaratu diren pertsonek eskuetan zeramatzaten kartelek mezu argi bat ematen zuten: "Etorkinekiko elkartasunaren kriminalizaziorik ez".
Pertsona etorkinen egoera larria eta Santiren lana
Horrekin batera, "langile migranteek bizi duten egoeran Europar Batasunak zein Espainiako Estatuak duten erantzukizuna" salatu du prentsaurrekoan mugimendu antiarrazistak, "Mendebaldeko herrialdeen jardun inperialistak eragindako krisiek migranteak beren herrialdetik ihes egitera behartzeaz gain, euren esplotazio eta zapalkuntza egoerak betikotzen dituztela" gogoraraziz. Espainiako Gobernuaren ardura nabarmendu dute, "errealitatean", etorkinek euren egoera erregularizatzeko eta egonkortzeko "traba instituzionalak" hamaika izaten direlako.
Argitu dute, hain zuzen ere, "eragile sozialek eta elkartasun-dinamikek bete behar izan dutela instituzioek sortutako hutsunea"; baita Gonzalez bezalako abokatu konprometituek ere: "Santiren zein beste askoren konpromisoagatik ez balitz, migrante askok ez lukete hobekuntzak lortzeko aukerarik izango". Horiek horrela, "langile-klasearen batasuna eta langile migranteekiko elkartasuna" aldarrikatu dituzte, baita elkartasun horren kontrako errepresioa gaitzetsi ere.