ACTUALIDAD
Núcleo Nacional talde neonaziari buruzko ikerketa polizial eta judizial bat zabalik dago momentu honetan: oraingoz, hamalau kideren atxiloketa eta kolektiboaren jarduna, sare sozialak eta kontu korrontea eteteko erabakia izan dira emaitzak. Núcleo Nacionaleko hainbat buruzagiren etxeetan egindako miaketetan arma ugari topatu dituzte, iturri polizialen arabera, suzko armak barne. Bada, hainbat hedabide apurka-apurka ari dira argitara ematen ikerketa polizialak oraingoz seinalatutakoa, eta talde neonaziak Hego Euskal Herrian utzitako arrastoaren berri ere eman dute.
Donostiar bat atxilotutako nazien artean
Hilabete honetan bertan atxilotutako faxisten artean, Donostiako gizonezko bat dago: Aitor R. A. Joan den irailean jakinarazi zuten hainbat iturrik Núcleo Nacionalen ordezkaritza batek Ukrainara bidaiatu zuela, prestakuntza militarra jasotzeko, eta donostiar hori zen, ustez, Azov indarren brigadetako batekin trebatzera joandako faxistetako bat. Bere sare sozial pertsonaletan argitaratu zituen entrenamenduen irudi batzuk: tiro egiten ikus zitekeen bideo batean, eta armaturik eta bularraldean nazien svastika bat zeramala agertzen zen argazki batean.
Arbasoen Mendekua eta eraso faxista bat Tolosan
Aitor R. A. da, hain zuzen ere, Arbasoen Mendekua (@AMendekua44 X plataforman) sinaduraren atzean dagoen pertsonetako bat. Besteak beste, immigrazioaren aurkako pegatinak eta bestelako propaganda egiten aritu izan da Euskal Herrian, eta Tolosan, horregatik aurre egin zion militante sozialista bati eraso zion, iazko otsailean. Tolosarrari piper-gasa bota ondoren, ihes egin zuten Aitorrek eta berekin zihoan beste faxista batek.
Ustezko "errepresalia" baten prestaketa, Bilbon udan izandako gertakarien harira
Bestalde, El Correo-k iturri polizialak aipatuz esan duenaren arabera, badirudi Euskal Herrian ere lur hartu nahian ari zela Núcleo Nacional. Egunkari horrek jaso duenez, talde faxistako zuzendaritza "errepresalia" bat prestatzen ari zen, joan den uztailean Bilbon izandako gertakari batzuei lotuta: Munduko Kopako finalaren egunean, Espainiaren kamiseta zeraman gizonezko baten aurka erantzun zuten hainbat pertsonak, eta badirudi horren harira eman nahi zuela erantzun bat Núcleo Nacionalek. El Correo-k ez du horren inguruko zehaztapenik eman, dena den.
Berriozarren, talde neonaziaren kamiseta bat atera zuen militar batek
Uztaileko egun berean, Munduko Kopako finalaren egunean alegia, liskar gehiago izan ziren Euskal Herrian. Berriozarren, Núcleo Nacionalen kamiseta jantzita atera zen kalera militar bat, eta futbol-partida taberna batean ikusten ari zela, probokazio faxista horren aurka erantzun zuten hainbat eta hainbat gaztek.
Handik bi hilabete ingurura, irailean, erantzun antifaxista horretan parte hartu zuten pertsonaren aurkako sarekada bat izan zen: gutxienez zortzi lagun atxilotu zituzten Iruñerrian. Núcleo Nacionalen kamiseta zeraman militarraren kontrako neurririk ez da egon, modu publikoan behintzat.