ACTUALIDAD
Espainiako Auzitegi Nazionalak ekainean epaitu zituen hamasei lagun, 2022an Ibai Aginaga preso politikoari Berangon (Bizkaia) egindako harrera zela-eta. Prozesu judizialean agerian geratu ziren ustezko ikerketa polizialaren hutsuneak, eta uztailean atera zen argitara epaitutako pertsonak absolbitzearen alde egin zuela epaileak.
Vox alderdi faxistak, baina, helegite bat jarri zuen absoluzioaren kontra, eta saiakera horrekin bat egin zuten Dignidad y Justicia erakundeak eta fiskaltzak. Hala ere, ez dute absoluzioa atzera botatzerik lortu: auzipetuek berriki jakinarazi dute irmoa dela epailearen ebazpena, eta errugabetu egin dituztela mahaira ateratako karguetatik, hala nola, "terrorismoari gorazarre" egin izanaren akusaziotik. "Hasieratik esan dugu jasotako epaia ez zela hau baloratzeko tresna izango, eta garaipena ez zela erabaki juridikoarekin batera etorriko, baizik eta Herria bere orainaren eta etorkizunaren jabe denean", azaldu dute Berangoko auzipetuek komunikatu baten bidez: "Gaur, esandakoa berresten dugu, baina ezin dugu alde batera utzi epaiaren garrantzia".
Horiek horrela, "lau urteko errepresio kasu bat ixtea" lortu izanaz gain, "urte gauetan Herriak erdietsi duen borroka" nabarmendu dute. Izan ere, gogorarazi dutenez, auzi judizial honi lotuta jende andanak aldarrikatu ditu "zapalkuntza ororen aurrean altxatzeko eskubidearen zilegitasuna" eta jende andanak defendatu du "eskubide zibil eta politikoen defentsa"; "garenari uko egin gabe, etsaiaren xantaiarik onartu gabe eta Euskal Herriak bizi duen zapalkuntza ozen salatuz". Berangoko auzipetuek jaso duten babesaren erakusle izan dira, esaterako, euren absoluzioaren alde izan diren mobilizazio jendetsuak.
Horiek horrela, orain absoluzioa irmoa dela, berriz eman dituzte eskerrak "lau urte hauetan batutako lan, indar eta elkartasunagatik". "Argi esan nahi dugu garaipen hau zuona dela gurea beste", gaineratu dute. Horrekin batera, "Euskal Herriaren aurkako zapalkuntzan" errepresaliak jasan dituzten pertsona guztiei erakutsi diete elkartasuna, aste honetan bertan atxilotu duten Santi Gonzalez abokatuari barne. Gonzalez da Berangoko auzipetuen defentsan aritu den abokatuetako bat.
"Euskal Herrian historikoki erakutsi dugu errepresioaren aurrean batasunerako dugun gaitasuna, baina errepresio kasu berriak izatea nahi ez badugu, errepresioaren aurka borrokatzetik Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokara batzeko garaia iritsi da", erreibindikatu dute azkenik: "Soilik Euskal Herriaren askatasuna lortuz, bai eremu sozialean zein nazionalean, lortuko baitugu errepresio kasuekin bukatzea".