ACTUALIDAD
Gijongo (Asturias) Lehen Auzialdiko 1. Auzitegiko Instrukzio Arloak atzo agindu zuen Núcleo Nacional (NN) talde neonaziaren jarduera erabat eten adila. Madrilen, Burgosen eta Valladoliden taldeak dituen egoitzak ixteko eta zigilatzeko agindua eman zuen epaileak, baita sare sozialetan argitaratutako eduki digitala blokeatzekoa ere, El Plural-ek eta Europa Press-ek jaso dutenez. Núcleo Nacionalen elkarte-ordezkari den heinean, pertsona juridiko gisa dago inputatuta norbanako bat auzi honetan, eta hari jakinarazi zion erabakia epaileak. Berriki atxilotuko neonaziei pasaportea kendu, Estatuko lurraldetik irteteko debekua ezarri eta epaitegira astero agertzeko betebeharra ere ezarri die, gainera.
Talde faxistak sareetan erantzun zuen: "Egoitzak, sare sozialak eta banku-kontua itxiko dizkigute. Ezingo dute gurekin!". Espainiako Poliziak hamalau kide atxilotu zituen aurreko ostiralean; Madrilen (5), Valladoliden (2), Asturiasen (3), Guadalajaran (1), Pontevedran (1), Burgosen (1) eta Alacanten (1), hain justu. Hamabi miaketa egin zituen Poliziak operazioan, horien artean Madrilgo egoitza nagusian (hileko alokairua 4.000 euro ingurukoa den eremu batean dago kokatuta).
Epailearen ustez, une honetan mahai gainean dauden ebidentziekin, posible da hainbat delitu egotea tartean: gorrotoa bultzatzea, legez kontra elkartzea eta armak legez kanpo edukitzea, esaterako. Behin-behinekoa da kalifikazio hori, eta instrukzioan zehar alda daiteke. Atxilotuetako hamar karguekin aske geratu ziren berehala (hala ere ez dira terrorismoarekin edo matxinadarekin lotutako karguak), deklaratu ondoren; bederatzik uko egin zioten deklaratzeari, eta batek bere abokatuaren galderei soilik erantzun zien, leporatutakoa ukatzeko.
Neonazien esku zeuden arma ugari aurkitu dituzte operazio polizialean: 20 arma baino gehiago, munizio ugari, arma zuri ugari, taserrak, defentsa-tresna hedagarriak, ezkutuak (horietako bat taktikoa) eta "objektu sendo ugari". Horrekin batera, "izaera erradikal supremazista duen parafernalia ugari" ere topatu omen dute, Espainiako Poliziaren esanetan. Dena den, armak legez kanpo edukitzearen delitua ez da aurkitutako suzko armetan oinarritzen, ikertutako faxista ia guztiek baitituzte lizentzia eta gida. Horiek horrela, debekatutako armei lotutakoak dira akusazioak, horien artean ukabil amerikarrak eta taser pistolak.
Arma luzeak eta lizentziadun munizioa
Isabel Peralta bozeramaileak hamahiru arma luze (M16, R15 eta AR-15 modeloetako hamar fusil); bi Mauser (bata mira teleskopikoarekin eta bestea Dibisio Urdineko logoarekin); hiru eskopeta eta hiru pistola; aire konprimatuko bi pistola eta Glock markako imitaziozko bat zituen bere esku, El País-en esanetan. Horrez gain, dozenaka munizio-kaxa; nazien esbastika duten labana batzuk; matxeteak; Hirugarren Reich-eko arranoaren eskultura bat; gamatutako gurutzea duen amerikar ukabil bat; Hitlerren eskultura bat; esbastika duen koadro bat, NSDAPen formakuntza-koaderno bat eta Führer-ari egindako juramentu bat jasotzen duten bi folio zituen Pintoko (Madril) bere etxean.
Peraltak izandako elkarrizketa batzuk zelatatu dituzte ikerketan, eta horietako batean, faxista penatuta agertzen zen ezin zelako Parisera joan, manifestariak eta arpilatzeetan parte hartu omen duten pertsonak hiltzeko istiluetara: "Ni taberna irekitzen, R15 bat hartu eta tiroak jotzera joan beharrean. [...] Hiru kargagailurekin, 60 hilko nituzke, eta, agian, adibide gisa balioko luke". Gainera, Pedro Sanchezi "burua leherraraztera" deitzen zuen bideo bat argitaratzea komeni ote zen galdetu zuen beste elkarrizketa batean, hedabide beraren arabera.
Formakuntza militarra Ukrainan: "Prestakuntzarik gabe, ezein altxamenduk ez du funtzionatuko"
Informazio Komisaria Nagusiaren ikerketak dioenez, Núcleo Nacionaleko militanteek formakuntza paramilitarra jaso zuten Ukrainan: irailaren hasieran zabaldu zuten informazio hori hainbat iturrik. Besteak beste, Rafael B.S. eta Aitor R.A. neonaziak (sortzez Donostiakoa da bigarren hori) abuztuan joan ziren Ukrainara, Azov indarren 12. Brigadarekin prestatzeko. Entrenamenduetan, kalashnikov fusilak eta pistolak erabili zituzten, El País eta Cadena SER hedabideek jakinarazi duten modura. Abuztuaren 12an izandako elkarrizketa batean, neonazietako batek adierazi omen zuen, "prestakuntzarik gabe, ezein altxamenduk ez duela funtzionatuko".
Militarren presentzia haien lerroetan
Espainiako Poliziak ez die terrorismorik leporatzen Núcleo Nacionaleko kideei, baina, hala ere, "kezkatuta" agertu da armen erabileran trebatzen ari direlako eta, ustez, "altxamendu armatua egitea" bila dezaketelako. Horrez gain, talde neonaziak Ceutara ("hiria birkonkistatzera") egindako espedizioan identifikatutako kideen artean, gutxienez hiru militar zeuden. Haiek armei buruz duten ezagutza profesionala baliagarria izan zitekeen, gainerako kideak ustezko altxamendu horretarako prestatzeko.
El País-en arabera, Azovek lotura ukatu zuen, dena den: "Ez zuten heziketa militarrik jaso Indar Berezien 12. Brigadan... Ez zen entrenamendu bidezko inolako loturarik baieztatu unitate honekin". Azov mugimendu paramilitar neonazi gisa jaio zen, eta, orain, Ukrainako Guardia Nazionalaren parte da. Ukrainako Indar Armatuen egitura ofizial horrek armamentua jasotzen du NATO osatzen duten estatuen aldetik, Espainiakoa barne. Espainiako Gobernuak 3.795 milioi euro eman ditu 2022tik 2026ra bitartean, eta horiei Zelenskik azaroaren 6an iragarritako 437 milioi eta NATOren PURL programara bideratutako 150 milioi gehitu behar zaizkio.
Asturiesko 'White Boys' taldeak eragin du ikerketa
Auzia ez zen aipatutako gertakarietatik abiatu, White Boys gazte-talde neonaziari buruzko ikerketatik baizik. Maiatzean desegin zen kolektibo hori, 14 eta 22 urte arteko hemeretzi pertsona atxilotzean. Adingabeen Fiskaltzak hamalau eraso fisiko, jazarpen arrazista, droga-trafikoa eta debekatutako armen erabilera egotzi dizkie. Gainera, tokiko iturriek uste dute litekeena dela ezagutzen ez diren eraso gehiago egotea.
Gazte-talde faxistako buruak berariaz aitortu zuen, egoitza judizialean, "Núcleo Nacionaleko buruetako baten aginduak" jarraitu zituela 2024ko irailean, Gijongo manifestazio antifaxista bati eraso egiteko. Ustezko agindu-emaile hori Jesus Antonio Ruiz Gomez izango litzateke, Fuhrer ezizenez ezaguna, "Núcleo Nacionaleko Departamentu Nazionaleko arduradun" gisa aurkeztu izan dena eta 2015ean Asturiasko hauetskundeetako zerrendaburu izan zena Mugimendu Sozial Errepublikanoaren hautagaitzan.
"Arraza garbia" mantentzeko barne-purgak
Núcleo Nacionalek, gainera, barne-purga bat egin zuen bere momentuan "arraza garbia" ezartzeko: Valentziako militante bat kanporatu zuen ijitoa zelakoan, eta emakume bat bota zuen Murtziako ordezkaritzatik, "judua" omen zelako. Beste hainbat pertsona ere kanporatu zituzten jatorri arabiarreko eta latinoamerikarreko herritarrekin ustez lotura izateagatik, El País egunkariak jasotzen duen sumarioaren arabera. "Nahiago dut hamar pertsona diziplinatu eta estetiko edukitzea", aldarrikatu zuen Peraltak.
Jesus (NN): "Alderdi politiko batek sekulako blindatzea du. Legea eskuan, oso zaila da alderdi bat legez kanpo uztea "
Ilegalizazioa saihesteko eta "blindatze legala" bermatzeko, Núcleo Nacionalek Noviembre Nacional alderdia erregistratu zuen otsailean, Espainiako Estatuko agintaritzen baimenarekin. "Alderdi politiko batek sekulako blindatzea du. Legea eskuan, oso zaila da alderdi bat legez kanpo uztea", esan omen zuen Jesus R. neonaziak momentu batean.
Lehenago ere, Barne Ministerioak baimena eman zuen Núcleo Nacional erakunde gisa inskribatzeko, talde neonaziari buruzko ohartarazpen garbiei entzungor eginez. Nazioarteko sare batean integratuta dago kolektiboa, "Nazioen Europa baten aldeko Borroka Paneuroparra" aldarrikatzen duena. Hamabost erakunde dira, hala nola Honor et Patria (Errumania), Hussards Paris (Frantzia), Hungariako Legioa (Hungaria), Der Dritte Weg (Alemania) edo Prevrat (Kroazia).
Gutxienez 48 antifaxista atxilotu dituzte 2025 eta 2026 artean
Operazioa eta azken agindu judiziala azaroaren 29ko hauteskundeak izan baino hiru aste lehenago iritsi da, antifaxismoaren aurkako jardun poliziala askoz gogorragoa izan ondoren: gutxienez 48 antifaxista atxilotu eta lau espetxeratu dituzte 2025 eta 2026 artean. Iruñerrian soilik, Poliziak lau operazio egin ditu antifaxisten aurka eta bat bera ere ez faxisten aurka azken urtean, kazeta honetan seinalatu izan denez.