Murtziako Torre Pacheco herrian, non biztanleriaren %30 inguru den migrantea, tentsio-egun gogorrak bizitzen ari dira azkenaldian, talde faxistek eta "herritarren patruilek" egindako azken erasoen ondorioz; bereziki, magrebtar gazteen aurka eta pertsona migratzaileen negozioen aurka. Sare sozialetan zabaldutako gorroto-mezuek, bulo arrazistek eta indarkeriarako deiek elikatu dute beldur-giroa. Hala ere, kikildu beharrean, antolatzen eta kalera ateratzen hasi da migratzaileen komunitatea ere, euren eta euren gertukoen segurtasuna defendatzeko.
Dagoeneko zortzi atxiloketa eta hainbat zauritu utzi dituzten istiluak jatorri magrebtarreko pertsonen eta negozioen kontrako erasoen testuinguruan gertatu dira: adineko bizilagun batek jasandako erasoaren ondoren (oraindik gertakariak ikertzen ari dira), naziek ehizaldiak eta manifestazioak antolatu zituzten, lelo argi eta garbi arrazisten pean. Komunitate migratzailearen erantzuna ere etorri da, ordea: zenbait bizilagun, babes-kolektiboak eta jatorri magrebtarreko gazteak kalera irten dira dagoeneko, indarkeria faxistari erantzuteko eta babesa eskatzeko.
Horietako batzuek zuzenean egin diete aurre talde faxistei, antza denez: sare sozialetan zabaldutako zenbait irudik jipoitutako nazi bat erakutsi dute. Hainbat ikur nazi zeramatzan soinean, hala nola, eguzki beltza eta SSen Totenkopf buru-hezurra.
Bitartean, Guardia Zibilak bere presentzia indartu du ia ehun agenterekin, baina naziak lasai uzten ditu, duela gutxi kebab-jatetxe baten kontra izan den erasoan ikusi den modura. Izan ere, Poliziaren aurrean gertatu zen erasoa. Espainiako Gobernuaren ordezkariak eta hainbat alderdik zuzenean seinalatu dituzte faxistak (eta zehazki Vox), gorrotoa eta amorrua piztu izanaren erantzule gisa. Izan ere, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak berak aitortu du diskurtso arrazistak eta sareetan zabaldutako buloak izan direla lintxamenduen haztegia.
Ofentsiba faxistaren aurrean, migratzaileen komunitateak eta bere aliatuek behin eta berriz diote ez dutela onartuko terrorea eta indarkeria arrazista nagusitzea Torre Pachecon. "Bakean eta duintasunez bizi nahi dugu", diote, kaleko arrazakeriaren aurka euren komunitatearen defentsa prestatzen duten bitartean.