ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/06 20:43

Ekainaren 20an, legez kontra etxegabetu zituzten Sadaha eta bere semea Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharrean, eta erakunde publikoek ez diete bizileku-alternatiba egokirik bermatu oraindik. Iruñeko udal-zerbitzuek hotel bateko logela batean behin-behinean egotea baino ez zieten eskaini, nahiz eta Sadahak hainbatetan azaldu zien hor ezin dela bizi familia. Hala ere, hor geratu behar izan ziren.

Uztailaren 4an amaitu zen gizarte-zerbitzuek hotelean bermatzen zieten egonaldia, eta ez diete oraindik etxebizitza-alternatiba errealik proposatu. Hala, familia duela egun batzuk sartu zen udalaren jabetzako pisu huts batera, bertan bizi ahal izateko. "Hau da nire etxea orain", esan du Sadahak: "Etxebizitza Sindikatuarekin batera egingo dugu borroka hemen gelditzeko".

"Sadahak erabaki du ez gelditzea instituzioen xantaiaren eta lehen eskutik ezagutzen dituen miseriazko alternatiben menpe", nabarmendu du sindikatuak. Oroitarazi duenez, "Iruñerrian milaka etxebizitza daude hutsik", tartean erakunde publikoen jabetzakoak, "baina irabazi ekonomikoaren logikak bahituta ditu". "Ez da onargarria jendeak etxebizitzarako sarbidea ukatua izatea", gaineratu duenez; eta, horiek horrela, Sadaharen eta bere semearen etxebizitza defendatzeko konpromisoa hartu du.

Bi etxegabetze ilegal astebetean

Berez ekainaren 19rako zegoen ezarrita Sadaharen eta bere semearen etxe-kaleratzea, baina, "mobilizazioaren eta elkartasunaren bitartez", hura geratzea lortu zuen Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Hurrengo egunean gauzatu zuten etxegabetzea segizio judizialak eta polizia-indarrek, aurrez jakinarazpenik egin gabe eta agindu judizialik erakutsi gabe.

Sadaha gizarte-zerbitzuetara eraman zuten lehenengo, sindikatuaren laguntza oro ukatuz. Gero hotel batera joanarazi zuten udal-zerbitzuek eta bertako logela batean geratzeko behin-behineko proposamena onartzera behartu zuten, kale gorrian geratu nahi ez bazuen.

Ekainaren 11n ere izan zen legez kontrako beste etxegabetze bat Alde Zaharrean: Ana Belen izeneko andre bat eta bere bikotekidea bota zituzten euren etxetik, kasu horretan ere, ekainaren 4an sindikatuak desalojoa gelditzea lortu ondoren. Sindikatuak gogorarazi duenez, astebeteko epean bi kaleratze ilegal horiek eginez, "epaitegiek, Poliziak eta udal-instituzioek argi utzi zuten prest daudela haien legea urratzeko, jabetza pribatuaren lege urraezina babesteko bada". 

Eskubide politiko oinarrizkoenak, urraturik

Iruñerriko hainbat kolektibok ekainaren 25ean egin zuten agerraldi bat udaletxe aurrean, salatzeko "Iruñerrian etxebizitza-eskubidearen arloan izan diren zenbait gertakaritan eskubide politiko oinarrizkoenak sistematikoki urratu direla". Erreferentzia egin zieten, hain zuzen ere, ekainaren 11ko eta 20ko kaleratzeei: "Edonork izan beharko lituzkeen gutxieneko berme legalak errespetatu gabe gauzatu ziren bi etxegabetze horiek".

NO HAY COMENTARIOS