Astebetean, gutxienez bi etxegabetze ilegal izan dira Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharrean. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, 2000tik, legez debekaturik daude etxegabetze "irekiak" deiturikoak: derrigorrezkoa da kaleratzearen eguna eta ordua zehaztea, "pertsonen ziurgabetasuna eta babesgabetasuna ekiditeko". Hala jasotzen du Prozedura Zibileko 703. artikuluak.
Bada, sindikatuaren esanetan "historia bera errepikatzen ari da": aurreko astean Ana Belen izeneko andre batekin egin zuten modura, gaurkoan ere aurretiazko jakinarazpenik gabe eta epailearen agindurik gabe etxegabetu dituzte Sadaha eta bere semea, Jarauta kaleko 82. zenbakian. Iruzur baten biktimak dira.
Berdin jokatu dute bietan. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxegabetzeei aurre egitera deitu du bi kasuetan, eta mobilizazioen ondorioz, desalojoetarako zehaztuta zeuden egunetan eta orduetan, segizio judizialek ondorioztatu dute ez zegoela baldintzarik kaleratzeak gauzatzeko. Protestei esker, sindikatuak ekainaren 4an lortu zuen Ana Belenen etxegabetzea gelditzea, eta atzo geratu zuen Sadaharena.
06:30ean, jakinarazpenik gabe eta isilean
Hori guztia ikusita, gaur goizeko 06:30ak aldera bertaratu dira Jarautara polizia-indarrak, esan bezala, Sadahari aurrez jakinarazi gabe eta familia erabat babesgabe utziz. Inguruko kaleak itxi ditu Espainiako Poliziak, eta udaltzainen babesean segizio judiziala eta sarrailagilea atarira sartu ondoren, euren etxetik bota dituzte Sadaha eta semea.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bertaratzera dei egin du goizean goiz, eta familiari babesa ematera hurbildu da jendea. Jarautako bizilagun ugari ere atera dira euren balkoietara, zarata egiteko eta kaleratzea salatzeko: "Vecina, despierta, desahucian en tu puerta" oihuak entzuten ziren kale osoan.
Sadahak uko egin dio epailearen agindua ikusi gabe bere etxea uzteari. Dena den, berdin-berdin bota dituzte bertatik. Sindikatuak nabarmendu du, hala, ez direla bermatu "ez defentsa eskubidea, ez pertsona zaurgarrien babesa, ezta segurtasun juridiko oinarrizkoena ere". Eta gaineratu du: "Langileontzat ez dago legerik. Legea betikoen alde dago, eta langile-klaseari antolatzea baino ez zaigu geratzen".
Presioa gizarte-zerbitzuetatik, hotel-logela onartzeko
Etxegabetua izan ostean, polizia-furgoi batera sartu eta udalaren gizarte-zerbitzuetara eraman dute familia, Zapateria kalera. Hoteleko logela bat izan da mahai gainean jarri dieten aukera bakarra, eta eskaintza hori onartzeko presioa egin diete, nahiz eta Sadahak dagoeneko azaldu izan dien aukera hori ez datorrela inola ere bat familiaren beharrekin eta zirkunstantziekin.
Zapateria kalera bertaratzera deitu du sindikatuak orduan, eta hara hurbildu da jendea. Bertan, ordea, Sadahari babesa ematea galarazi diete sindikatuko kideei: bere borondatearen kontra, gizarte-zerbitzuek debekatu egin diete berekin batera sartzera. Gero, hotel-logelaren proposamena onartzera behartu dute.
Poliziak atxilotua balego bezala eta gizarte-zerbitzuetako atzeko atetik irtenaraziz, kanpoan zeudenen babesa jaso zezala eragozteko: azkenean, hala eraman dute Sadaha hotel batera, beretzako eta semearentzako bizitoki-alternatiba errealik eskaini gabe.
Aurrekariak: irregulartasunak eta babesgabetasuna
"Sadahak eta bere semeak joan den urtearen amaieran hasi zuten bizitza Jarauta kaleko etxe honetan, ustez alokairu baten truke. Baina ondoren jakin zuten benetako jabea ez zela kontratua eskaini zien pertsona. Iruzur baten biktima izan ziren, eta egoera oso zaurgarrian egon dira geroztik", ekarri dute gogora sindikatutik. Hala, benetako jabeak martxoan jarri zuen salaketa bat, desalojoa abiatuz.
"Prozedura oso azkar egin dute", izan ere, "desalojo espresen" neurria (5/2018 Legea) aplikatu dute. "Lege horrek aukera ematen du kaleratzeak epaiketarik gabe egiteko, eta horrek Sadaha eta bere semea babes juridikorik gabe uzten ditu", seinalatu du sindikatuak: "Ez zaie inongo babes legalik aitortu, ezta etxegabetzeak luzatzeko moratoriarik aplikatu ere, nahiz eta egoera zaurgarria frogatuta egon epaitegietan".
Adi hurrengo deialdietara
Salaketa legalak aurkeztuko ditu sindikatuak, etxegabetzea legez kontrakoa izan dela argudiatuta. Horrez gain, baina, beharrezkotzat jo du "salaketa soziala", eta hurrengo mobilizazio deialdietara adi egoteko eskatu du. "Ezin dugu onartu kaleratzeak epaile-agindurik gabe, eskubiderik gabe eta inongo babesik gabe egitea. Jabeen, Poliziaren eta instituzioen inpunitatearen aurka antolatu behar gara", aldarrikatu du.
[Albistea eguneratzen ari gara]