Polizia-indarrek aurretiazko jakinarazpenik gabe etxegabetu dute bikote bat gaur goizean, Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharrean. Espainiako Poliziak goizeko 07:30ak aldera blokeatu du San Lorentzo kalea dispositibo erraldoi batekin, inor hurbil ez zedin eta etxegabetzea inolako oposiziorik gabe gauza zedin. Udaltzaingoa ere bertaratu da.
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, 08:00ak baino lehen jo dute etxeko atea, eta udal-langile bat bertan zela ikustean, etxeko atea ireki du gerora etxegabetua izan den andreak, Ana Belenek. Une horretan, baina, hanka atean jarri dute kalez jantzitako bi poliziak, eta lau udaltzain sartu dira etxe barrura, udal-langileari alde egiteko esan ondoren. Mehatxu eta bultzada artean, poliziek presioa egin diete Ana Beleni eta bere bikotekideari, etxea utz zezaten.
10 minutuan etxetik joatera derrigortu dituzte modu oldarkorrean, eta Ana Beleni bere sendagaiak hartzen ere ez diote utzi, tratamendu onkologikoan eta larriki gaixorik dagoela jakin arren. Berehala joaten ez baziren, indarrez kanporatuko zituztela esan diete hari eta bere bikotekideari.
Agindu judizialik gabe
Bikoteak polizia-indarrei azalpenak eskatzean, esan dute astelehenean jaso zuela etxegabetzearen jakinarazpena Ana Belenen abokatuak. Hala ere, berak ez du inolako jakinarazpenik jaso. Gainera, gaurkoan ez dute inolako agindu judizialik erakutsi poliziek, teorian, beharrezkoa izan arren etxegabetze bat gauzatzeko. "Inolako berme legalik gabe eta mehatxupean gauzatutako etxegabetze erabat irregularra izan da honakoa", salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
Sindikatuaren esanetan, "ezkutuan eta isilpean" kaleratu dituzte Ana Belen eta bere bikotekidea, "erantzun bat emateko aukera saihestuz". Izan ere, berez ekainaren 4rako zegoen ezarrita desalojoa, baina etxegabetzeari aurre egin zion Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta behin-behinean hura geratzea lortu zuen. Horren ondoren, aurrez jakinarazpenik egin gabe gauzatu dute kaleratzea azkenean.
"Argi dugu modu koldarrean gauzatutako etxegabetze hau abisurik gabe eman izana ez dela kasualitatea", esan du sindikatuak: "Joan den asteko erantzun soziala ikusita, ez zuten ate parean beste elkarretaratze bat egitea nahi. Etxegabetze bortitzaren irudi hori ekidin nahi zuten".
Bizitoki-alternatiba egonkorrik gabe, indarrez kanporatua
"Etxegabetzea behin-behinean gelditzea lortu genuenetik, Ana Belenen egoera argitu zedin eta etxebizitza-alternatiba baten alde lanean ibili gara", azaldu dute sindikatuko kideek: "Atzo bertan, gizarte-zerbitzuek aldi baterako emergentziazko pisu batera joateko aukera aurkeztu zioten, eta aukera hori baloratzen ari zen [...]. Baina, aukera horri buruz pentsatzeko edo negoziatzeko aukerarik utzi gabe, bat-batean poliziak azaldu dira bere etxean, modu bortitzean pisua uztera behartuz".
Horiek horrela, sindikatuak gezurtatu egin du hainbat hedabidek zabaldutako kontakizuna. "Irakurri ahal izan dugu emakumea 'udalarekin akordio batera' iritsi omen dela, 'etxea uzteko beste bizitoki baten truke'. Hori ez da horrela", argitu du: "Ez dago akordiorik, Ana Belen bere etxetik bota dute bere eskubide guztiak urratuz, eta behin etxegabetuta, alternatiba bat onartzea beste erremediorik ez zaio gelditu".
"Poliziaren bertsio lotsagarria" ere salatu du, "hedabideei esan baitie emakumeak 'bere borondatez' utzi duela etxea. "Borondatea ulertzeko modu bitxia, hainbat polizia zure etxera sartu eta 10 minutuan ez bazoaz indarrez aterako zaituztela esaten dizutenean", dio sindikatuak.
Protesta gaur arratsaldean
"Alderdi politikoek esan ziguten etxegabetzeak debekatuta zeudela, eta izatekotan data jakinarazi beharko zela beti. Bada, ez bata ez bestea", seinalatu du sindikatuak: "Haien legalitatea paper bustia da jabetza pribatuaren aurrean. Beste behin ere, etxejabe handi baten negozioaren mesedetara jarri dute haien makineria legal eta polizial guztia. Beste behin ere, etxebizitzaren negozioa gailendu da etxebizitzarako eskubide unibertsalaren gainetik".
Gaurko etxegabetze irregularra salatzeko eta etxegabetutako pertsonei babesa emateko, protestara deitu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Elkarretaratze bat antolatu du gaur arratsalderako, 18:30ean Iruñeko Udaletxe Plazan.