Ir al contenido
ACTUALIDAD / Sindicatos de vivienda

Gasteizko familia bat etxegabetu nahi du Blackstone putre-funtsak

Abenduaren 2rako dago ezarrita bi adingabe dituen familiaren etxegabetzea, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, eta inolako alternatibarik ez dago mahai gainean. "Familia hori kalean geratzen bada, erantzukizun osoa udalaren eta egoera hori ahalbidetu duten instituzioen gain egongo da", seinalatu du.
2026eko azaroaren 6 - 08:43
Gasteizko familia bat etxegabetu nahi du Blackstone putre-funtsak

ACTUALIDAD

Gasteizko Alde Zaharreko familia baten aurkako etxegabetze-agindua salatu du berriki Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Abenduaren 2an izan daiteke kaleratzea, eta etxerik gabe utzi dezakete bi adingabe dituen familia bat, inolako bizitoki-alternatibarik eskaini gabe. Blackstone putre-funtsa da etxebizitzaren gaur egungo jabea eta familiaren kaleratzea sustatu duena. 

Bere garaian, hipoteka-betearazpen baten ondoren, Blackstonek eskuratu zuen etxearen jabetza. Urte luzez hutsik eta egoera penagarrian egon ondoren, beste aukerarik ez zuen familia bat sartu zen etxebizitzara, eta hura birgaitu zuen. Ordutik, hainbat urtez bizi izan da bertan. Denbora horretan, familiak eta sindikatuak etxebizitzaren egoera erregularizatzeko ahaleginak egin dituzte. Blackstonen erantzuna, ordea, ezezkoak eta presioak izan dira, familia etxegabetzeko prozedura judiziala abiaraztearekin batera. Azkenean, epaitegiek funtsaren alde egin dute, eta familia kaleratzeko agindua eman dute, nahiz eta ez daukan nora joan.

Sindikatuaren arabera, kasu honek agerian uzten ditu etxebizitzaren krisiaren bi aurpegiak: "Langileentzat ezegonkortasunaren, pobretzearen eta bazterkeriaren iturri dena, negozio-aukera bikaina da espekulatzaileentzat eta errentistentzat. Abenduaren 2an familia batek bere etxea gal dezake, putre-funts baten irabaziak handitzen jarrai dezan".

Horiek horrela, etxegabetzea "berehala eta behin betiko eten" dadila eskatu du, baita familiak etxebizitzan bertan bere egoera erregularizatzeko aukera izatea ere. Gasteizko Udala (PSOE-EAJ) zuzenean interpelatu du gainera, hirian bizitoki-alternatibarik gabe gauzatu nahi den enegarren etxegabetzea baita honakoa. "Abenduaren 2an familia hori kalean geratzen bada, erantzukizun osoa udalaren eta egoera hori ahalbidetu duten instituzioen gain egongo da", ohartarazi dute sindikatutik.

Putre-funtsak, epaitegiak, Polizia eta instituzioak erantzule

Izan ere, azpimarratu dute putre-funtsak ez direla egoera honen erantzule bakarrak, eta "etxegabetzea ahalbidetu duten epaitegiak, errentatzaileen aldeko legeak, agindua indarrez gauzatuko duen Polizia eta egoera hori eragozteko neurririk hartu ez duten instituzioak" ere erantzule zuzenak direla.

Etxebizitza "langileon bizitzak garatzeko ezinbesteko baliabidea" dela gogorarazi dute, eta, horrenbestez, "pertsona guztientzat bermatutako eskubidea" izan beharko lukeela. "Hala ere, hori ezinezkoa da jabeen interes ekonomikoak lehenesten dituen sistema kapitalistaren barruan", ohartarazi dute: "Horregatik, langile-klasearentzat, etxebizitzaren arazoaren muinean errentatzaileak eta espekulatzaileak daude".

Espekulazioaren eta espekulatzaileen aurka

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, "etxebizitzaren krisiari aurre egiteko ezinbestekoa da espekulazioa debekatzea, espekulatzaileak desjabetzea eta etxebizitza behar sozialen arabera modu justuan planifikatzea". Horretarako, "hutsik dauden etxebizitzak, negozioetarako erabiltzen direnak eta jabe handien esku daudenak desjabetzearen alde" egin du, "inolako konpentsaziorik gabe, baliabide horiek gizartearen gehiengoaren, langile-klasearen, beharrak asetzeko erabil daitezen".

Norabide horretan, Blackstone bezalako espekulatzaileei aurre egiteko, sindikatuak azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartzeko deia egin du, "espekulazioaren aurka eta guztiontzako etxebizitza bermatuaren alde". Eta gaineratu du: "Etxebizitzaren arazoari ez zaio amaiera emango alderdi politikoen adabaki eta apurren bidez. Historiako lorpen sozial eta politiko handiek erakutsi bezala, langile-klasearen tresna bakarrak antolakuntza eta borroka dira".