ACTUALIDAD / Sindicatos de vivienda

Azaroaren 11n etxegabetua izateko arriskuan dago familia bat Donostian

Greba orokorraren egunerako dago ezarrita kaleratze-agindua Larratxon, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu du arrisku egoeran daudela beste hainbat familia inguruan. Donostiako Udala espekulazioari ateak irekitzen ari dela ere salatu du.
2026eko urriaren 29 - 12:26
Azaroaren 11n etxegabetua izateko arriskuan dago familia bat Donostian

ACTUALIDAD

Bi adin txikiko dituen familia bat berehala etxegabetua izateko arriskuan dago Donostiako Larratxo auzoan, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez: azaroaren 11rako dago ezarrita desalojo-agindua; etxebizitza-eskubidearen aldeko greba-egunerako, alegia. Sindikatuaren esanetan, familia horren egoerak erakusten du etxebizitza-eskubidea ez dagoela bermatuta, zaurgarritasun-egoera nabarmenean baitago gainera. 

"Aitak eguneroko bizimodua oztopatzen dioten osasun-arazoak ditu, operazio baten zain dago eta lan prekarioak hartzera kondenatzen du horrek. Egoera hori izanda ere, instituzioek ez diete inolako etxebizitza-alternatibarik eskaini", xehatu dute sindikatutik. Aipatutako etxe-kaleratzea greba-egunean izan daitekeela ikusita, esan du "egoeraren larritasuna" uzten duela agerian kasuak, eta grebako aldarriei erreferentzia eginez, defendatu du "espekulazioa amaitzea" dela "guztiontzat etxebizitza bermatzeko modu bakarra". 

Azaroaren 4an, Larratxoko familiaren egoera azaltzeko asanblada bat egingo dute auzoko plaza nagusian, 18:00etan.

Beste hainbat familia antzeko egoeran

Azaroaren 11ko desalojo posiblearen berri emateaz gain, sindikatutik salatu dute etxea galtzeko arriskuan daudela beste hainbat familia Larratxon bertan, Altzan eta inguruko beste auzo batzuetan; eta, aurten, 29 kasu artatu dituztela Altzan eta Bidebietan, hamalau adingaberi eragiten dietenak. "Denetariko egoerak aurkitu ditugu: abusuzko klausulak, errolda eta kontraturik gabeko alokairuak, azpierrentatutako etxebizitzak, logela batean bizi behar duten familiak, kontratua amaitzen delako egindako etxegabetzeak, eta gehiago", adierazi dute.

Donostiako Udala espekulazioari ateak irekitzen

Bestalde, Donostiako Udalaren eta EAJren jarrera kritikatu du agerraldian sindikatuak: "Gizartearen ezinegon eta haserrearen aurrean alderdi politikoek neurri eta promesa ugari iragartzen dituzten arren, ez diote arazoaren erroari heltzen". Salatu du EAJk, zehazki, "etxegabetzeak gertatzen diren bitartean etxebizitzaren negozioa lehenesten" duela, eta "alderdi errentatzaile" gisa seinalatu ditu bai bera bai bere udal-gobernukide PSOE, "eraikuntzan edo turismoaren sektorean interesak" dituztela oroitaraziz.

Gogora ekarri du, besteak beste, Jon Insausti alkateak berriki esleitu diola Amenabar enpresari 236 etxebizitzaren eraikuntza, eta Espainiako Estatuko 200 enpresa aberatsenen artean dagoela konpainia hori. Udalari leporatu dio, hala, "etxebizitzaren arazoari aurre egiten" ari delako itxurak egitea, lokal komertzialak etxebizitza bihurtzea erraztuko luketen aldaketen bidez esaterako. "Erabaki horien atzean espekulazioa bere horretan mantentzea eta negoziorako aukera berriak irekitzeko nahia daude", ohartarazi du sindikatuak.