ACTUALIDAD / Represión
Bilboko kaleak bete dituzte Ertzaintzaren bortizkeria eta herri-mugimenduaren aurkako kriminalizazioa salatzeko
Herri-mugimenduko ia 200 eragilek egin dute bat manifestazioarekin, eskubide zibil eta politikoen defentsan. Jaurlaritzari exijitu diote "pauso bat atzera" egin dezala izaten ari den ziklo errepresibo berrian, eta ezinbestekotzat jo dute errepresioari mugak ipintzea.
2026eko ekainaren 20 - 18:36
Bilboko kaleak bete dituzte Ertzaintzaren bortizkeria eta herri-mugimenduaren aurkako kriminalizazioa salatzeko

Bilboko (Bizkaia) kaleetan ozen entzun dira aldarriak eskubide zibil eta politikoen defentsan eta Eusko Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurka. Herri-mugimenduko ia 200 eragilek babestutako manifestazioan argi esan dute "premiazkoa" dela errepresioari mugak jartzea, eta elkartasun-mezuak ere zabaldu dituzte: "Doakiela besarkada bat Euskal Herrian zehar eta harago errepresioa pairatzen ari diren guztiei; Vito Quilesen ekitaldi faxistari aurre egiteagatik atxilotutako 28 kideei; Berangon ongietorria egiteagatik auzipetuta daudenei; Irango herriari eta Ekialde Hurbileko erresistentziari elkartasuna adierazteagatik atxilotu dituzten bi kideei; Ipar Euskal Herrian errepresioa pairatzen ari diren kide guztiei; eta, oro har, kapitalismoaren zein inperialismoaren bidegabekeriei aurre egiteagatik errepresioa jasaten duten guztiei".

Mobilizazioaren amaierako ekitaldian adierazi dute Jaurlaritzak ziklo errepresibo berri bat abiatu duela Bingen Zupiriaren eskutik: "Berak dio protesta-eskubidea bermatua dagoela EAEn, baina errealitatea oso bestelakoa da. Ezin dute berdina esan Flotillako kideek, ezta Iker Aranak, Amaia Zabartek, Xuhar Pazosek edo Aritz Ibarrak ere. Gaztetxe bat irekitzea errepresiorako motibo da, galde diezaietela Galdakaoko edo Eibarko gazteei. Sionismo genozidaren aurka egitea ere jazarpenerako arrazoia da, Flotillaren kasuak edo Vueltako protestek izandako erantzunak erakusten duten modura".

Errepresioa nonahi

Errepresioa pairatzen dutenen kasu gehiago ere izan dituzte gogoan: "Azpeitian, zaborrontzi batean errotuladorez egindako margoketa baten ondotik 20 auzipetu baino gehiago daude. Kanpaldi baketsu bat, futbol-taldeei harrera egitea, kale-salmenta... isunak, jipoiak eta atxiloketak jasateko arrazoi dira. Euskaraz mintzatu eta hizkuntza-eskubideak errespeta daitezen eskatzea bera, isunak jasotzeko arrazoia da. Antzeko adibideak ematen jarraitu genezake eta ez genuke sekula amaituko".

Bozeramaileek azaldu dutenez, aipatutako kasuekin ondoriozta daiteke kolokan daudela protesta-eskubidea eta eskubide zibil zein politikoak: "Gaztetxeak irekitzea, desobedientzia zibila, etxegabetzeetan gorputza jartzea… Protesta-forma zilegi, demokratiko eta beharrezkoak dira. Herri-mugimenduaren borrokak ezin dituzue besterik gabe errepresioaren zakuan sartu!".

Eskubide zibil eta politikoak ezbaian

Mobilizazioaren amaieran seinalatu dute "jokoan dagoena" dela kapitalismoari eta haren injustiziei aurre egiteko aukera: "EAJk eta estatuek argi daukate, eskubide zibil eta politikoak murrizten ari dira datorren krisialdiaren aurrean erantzuteko aukerarik egon ez dadin. Eskubide zibil eta politikoak murrizten ari dira, beraien interes politiko eta ekonomikoak arriskuan jartzen dituztelako. Herri-mugimendua ahul eta otzan nahi dute. Beraien laguntxo espekulatzaileen aurka ez dezagun protestatu, Israelekin akordioak egiten jarraitu dezaten, jabedun handien eraikinik birjabetu ez dezagun edota ekosistemen suntsiketarekin negozioa egiten jarraitu dezaten".

Kontrara, ordea, protesta egiteko eskubidea aldarrikatu dute, eta jakinarazi dute lanean jarraituko dutela edonolako zapalkuntzen aurka. Era berean, espiral kriminalizatzailean "pauso bat atzera" egin dezala exijitu diote Jaurlaritzari: "Gure aldetik, eskubide zibil eta politikoen alde segituko dugu lanean, elkarri eskua luzatuz eta mota guztietako injustizien aurka ekarpena eginez. Gaurko mobilizazioa urrats bat gehiago izan dadila norabide horretan".