ACTUALIDAD / Represión

"Polizia-operatibo horrek gazteria langile kontziente eta borrokalaria izutzea du helburu"

Atxilo jarraitzen dute atzo Iruñerrian atxilotutako zortzi gazteetatik bostek. Mobilizazio jendetsuak izan ziren atzo arratsaldean, operazioa salatzeko: "Guztiak arrazoi bat du oinarri, faxismoa normalizatzea".
2026eko irailaren 23 - 07:21
"Polizia-operatibo horrek gazteria langile kontziente eta borrokalaria izutzea du helburu"

Guardia Zibilak eta Foruzaingoak polizia-operazio izugarri bat egin zuten atzo, goizeko lehen orduan: zortzi gazte atxilotu zituzten Iruñerrian, hain zuzen ere, Antsoainen, Berriozarren eta Txantrean. Zenbait kasutan, atxilotuen etxeetako ateak behera bota zituzten poliziek, baita senideak kolpatu ere. Badirudi uztailaren 19an Berriozarren izandako gertakarien harira egin zutela operazioa, eta atxilotuetatik hiru aske gelditu diren arren, gatibu jarraitzen dute gainerako bostek.

Atzo arratsaldean, euren auzoetan protesta jendetsuak izan ziren, aske utz ditzatela exijitzeko. "Polizia-operatibo bateratu horrek, zeina oraindik ez dakigun itxita dagoen ere, gazteria langile kontziente eta borrokalaria izutzea du helburu, faxistek egiten duten bezala", seinalatu zuten mobilizazioetan manifestariek: "Horrek guztiak arrazoi bat du oinarri, faxismoa normalizatzea".

Ohartarazi zuten "geroz eta ageriagoa dela ideologia, talde eta sinbolo faxistak normalizatzen ari direla", eta "nahiz eta Euskal Herrian normalizazio hori ez den hain bizkorra eta nabaria, ez gaudela horretatik salbu". Eta gaineratu zuten: "Ez gara soilik ideia eta sinboloei buruz ari, azken egunotan indarkeriazko gertakarien berri ere izan baitugu. Ikusi besterik ez dago Ceutan migratzaileei laguntza ematera joandako jendeari egindako harrera, edo Iruñean Aljeliako gazte bati lo-zakua erre izana".

Manifestariek salatu zuten "antifaxismoaren izenean agintzen duen gobernu bakar batek ere ez duela inolako neurri eraginkorrik hartu normalizazio hori gelditzeko", eta horrek ekarri duela, besteak beste, "gazteria langileak aurrerapauso bat eman behar izatea". Are gehiago: faxismoa "Estatuko instituzioetan ere normalizatzen" ari dela seinalatu zuten kezkaz, "segurtasun-indarrak barne, haien legearen beraren gainetik ere bai". "Beren jardun belikoa normalizatzearekin aski ez, eta talde nazien sinboloak eta erreferentziak erakusten dituzte", azaldu zuten: "Ez dira naziak soilik, nazi armatuak baizik".

Horiek horrela, atzo atxilotutako gazteei babes osoa emateaz gain, "antolatzea eta faxismoaren eta hura sortzen duen gizarte-ereduaren aurka borrokatzea" ezinbestekoa dela nabarmendu zuten arratsaldeko mobilizazioetan. "Faxismoari aurre egin behar zaio borroka ideologikoaren eta politikoaren bitartez, eta ezin zaio arnasik utzi. Beranduegi izan baino lehen, ideia eta gezur ororen aurka borrokatu behar da espazio guztietan".