ACTUALIDAD / Represión

Iruñerriko lau gazte antifaxistak atxilo jarraitzen dute

Atzo atxilotu zituzten zortzi lagun Guardia Zibilak eta Foruzaingoak, antza denez, Munduko Kopako finalaren egunean Berriozarren izandako gertakariengatik. Lau gazte gatibu ditu oraindik Poliziak.
2026eko irailaren 23 - 19:22
Iruñerriko lau gazte antifaxistak atxilo jarraitzen dute

Antifaxismoaren aurkako operazio polizial handi bat izan zen atzo Iruñerrian: zortzi gazte atxilotu zituzten Guardia Zibilak eta Foruzaingoak, Berriozarren, Txantrean eta Antsoainen. Zenbaiten kasuan, euren etxeetako ateak bota eta senideak kolpatu zituzten poliziek. Atxilotuetako lau aske gelditu dira jada, baina gainerako laurek gatibu jarraitzen dute oraindik. Antza denez, sekretupean segitzen du sumarioak.

Badirudi uztailaren 19an Berriozarren izandako gertakariei lotuta atxilotu zituztela zortzi gazteak. Munduko Kopako finala izan zen egun horretan, eta gizonezko bat Núcleo Nacional talde neonaziaren kamiseta jantzita atera zen partida ikustera Berriozarren. Hori ikustean, faxistari aurre egin zioten hainbat pertsonak, eta litekeena da horren harira etorri izana atzoko operazioa.

Atxilotuen auzoetan mobilizazio jendetsuak izan ziren atzo, euren askatasuna exijitzeko eta "faxismoaren normalizazioari" ezetz esateko. Manifestariek salatu zuten "gazteria langile kontziente eta borrokalaria izutzea" bilatzen dutela sarekada honekin.