Borrokan segitzen dute Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikorako (IAT) zentroetako beharginek, eta euren lan-baldintzen defentsan, aldarrikapenak kaleetara eramaten jarraitzen dute. Aurreko ostegunean, Bergarako erdigunean barrena egin zuten manifestazio bat, Hitzarmen duin baten alde lelotzat hartuta; eta ostegun honetan, urriaren 1ean, Zarautzen mobilizatuko dira. 19:00etan jarri dute hitzordua udaletxe-plazan.
ITASUA enpresak bi IAT zentro ditu Gipuzkoan, eta bietako langileek jo zuten grebara joan den uztailean, lan-baldintzak hobetu daitezela exijitzeko. Izan ere, Gipuzkoako gainerako lantokietan baino baldintza kaskarragoak dituzte: soldata baxuagoak, lan-ordu gehiago, eta beste. Horiek horrela, lanuztera deitu zuten ELA eta LAB sindikatuek, eta ITASUAk grebalarien aurka egindako mehatxuen gainetik (zenbait langile salatu ditu esaterako) nahiz greba-eskubidearen urraketen gainetik (grebalariak ordezkatzeko, behargin bat kontratatu du Zarautzen), grebari eusten dio plantillak.