ACTUALIDAD / Represión

Aske utzi dituzte Iruñerrian atxilotutako antifaxistak

Atzo gauean askatu zituzten atxilo jarraitzen zuten lau gazteak, kautelazko neurri pertsonalekin. Bi gau igaro behar izan dituzte gatibu.
2026eko irailaren 25 - 06:40
Aske utzi dituzte Iruñerrian atxilotutako antifaxistak

Astearteko sarekadan atxilotutako zortzi gazteetatik lauk jarraitzen zuten gatibu atzo, eta arratsaldeko azken orduan igaroarazi zituzten epailearen aurretik. Azkenean, 20:30en aurretik utzi zuten aske lau lagun horietatik lehena, eta 22:00ek jo aurretik kalean ziren denak. 17:00etatik jendea zegoen Iruñeko epaitegien aurrean, atxilo segitzen zuten pertsonei babesa emateko, eta txalo artean hartu zituzten aske gelditu ahala.

Epaileak, dena den, kautelazko neurri pertsonalak hartu ditu guztien kontra. Berriozarkoak ez direnen kasuan, hara hurbiltzeko debekua ezarri die; pasaportea emanarazi die; eta "biktimatzat" jotako pertsonengana hurbiltzea debekatu die, 500 metroko urruntze-agindu batekin. Gainera, epaitegira joan beharko dira hamabost egunean behin. Bi gau pasatu behar izan dituzte komisarian.

Gogora ekartzearren, Guardia Zibilak eta Foruzaingoak joan den asteartean egin zuten operazio bat Iruñerriko zortzi gazteren aurka, haien etxeetako ateak botaz eta senideak kolpatuz hainbat kasutan. Uztailaren 19ko gertakariengatik atxilotu zituzten: egun hartan, Núcleo Nacional talde neonaziaren kamiseta zeraman gizonezko bati aurre egin zioten hainbat lagunek, eta erantzun antifaxista hori jomugan hartuz egin zuten gazteen aurkako sarekada asteartean.