ACTUALIDAD / Palestina

Eskoziako makinistek diote ez dutela CAFen trenik gidatuko

"Ez dugu gerra-krimenen konplize den enpresa baten trenik gidatu nahi". Eskoziako Biltzar Sindikalak gobernuari eskatu dio ez dezala Beasaingo enpresaren trenik erosi, Israelekin mantentzen dituen harreman komertzialengatik.
2026eko irailaren 29 - 06:19
Eskoziako makinistek diote ez dutela CAFen trenik gidatuko
Israelgo tranbia. — ARGAZKIA El Economista

Eskoziako tren-gidarien sindikatuak, Aslefek, bertako gobernuari ohartarazi dio ez duela CAF enpresak ekotzitako trenik gidatuko, Israelekin dituen harreman komertzialak direla-eta: "Ez dugu gerra-krimenen konplize den enpresa bateko trenik gidatu nahi". Horrekin batera, gobernuari exijitu dio ez diezaiola Goierriko konpainiari trenik erosi, eta 500.000 langile barne hartzen dituen Eskoziako Biltzar Sindikalak, STUCek, bere egin du eskaria.

Eskoziako Gobernuak 70 bat tren elektriko erosteko lehiaketa publiko bat dauka martxan, eta hilabete honen hasieran jakin zen finalisten artean dagoela CAF. Horren berri izatean egin zuen mehatxua Aslefek, gobernuak kontratu milioiduna Beasaingo (Gipuzkoa) enpresari esleitu ez diezaion. Makinisten sindikatuak gogorarazi duenez, Israelekin negozioak ditu CAFek, Nazio Batuen Erakundearen zerrendak berak jasotzen duenez. 

Eskoziako Gobernuak iaz emandako ebazpen batek zioen ez zuela harremanik edukiko asentamendu sionisten hedapenean parte hartzen duten enpresekin. Eta CAFek horretan kolaboratzen du, hain zuzen ere: Israelentzako tranbiak egiten ari da, kokaleku ilegalak elkarren artean lotzeko.