ACTUALIDAD / Palestina

Sabaton musika-talde sionista izango da Navarra Arenan hurrengo apirilean

Palestinarekin Elkartasunak Nafarroako Gobernuari exijitu dio "talde hori jaialditik kanpo uzteko neurriak har ditzala". Sabatonek Israel goretsi izan du, eta hainbatetan egin ditu bisitak hara.
2026eko irailaren 29 - 05:40
Sabaton musika-talde sionista izango da Navarra Arenan hurrengo apirilean

Aurreko astean jakinarazi zuten Kingdom of Rock musika-jaialdia egingo dutela apirilaren 17an Iruñeko Navarra Arenan, eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak salatu duenez, talde sionista bat gonbidatu dute bertan parte har dezan: Suediako Sabaton metal-taldea. Gainera, makroekimenaren atzean dauden hiru promotoreetako bat, In&Out Produccions, Nafarroakoa bertakoa dela azaldu du plataformak. Horiek horrela, Nafarroako Gobernuari exijitu dio, "lokalaren jabe den heinean", neurriak har ditzala Sabaton "jaialditik kanpo uzteko". "Ezin dugu onartu Israel eta bere proiektu espantsionista eta arrazista normalizatzea".

"Zergatik diogu Sabaton metal-talde suediarra sionista dela? Hainbat aldiz bisitatu du Israel, tartean kontzertu-bira batean. Bisita hartan, taldeko kideek tankeen hondakinen gainean harrotasun argazkiak atera zituzten, lubakietan pozik ibili ziren eta 1967ko Jerusalemgo guduari buruzko film bat ikusi zuten Ammunition Hilleko oroigarrian, Sei Eguneko gerra oroitzen duena. [...] Ondoren, Lerro Berdearen alde palestinarrean zegoen Israelgo Defentsa Indarren (IDF) base batera joan ziren", argitu du Palestinarekin Elkartasunak.

Hori gutxi balitz, Counterstrike izeneko kanta bat argitaratu zuten 2005ean, eta bertan "modu esplizituan goraipatzen dute Israel" eta hark "eskualdeko hainbat herrialderen aurka egindako erasoak". Abestiaren letren zati bat nabarmendu du plataformak: "Hiru herrialde erori ziren sei egunetan, bizilagun traidoreek merezi zutena jaso zuten, [...] nazio bat lehen baino indartsuago altxatu zen, [...] ordu batzuetan zanpatu zituen, infernura bidali zituen, lurralde santua babestuz".

"Albistegietan horrenbeste entzuten ez dugula probestuta, Israel eta bere konplizeak entitate sionista normalizatzeko saiakeran ari dira berriz, baina Israelen izaera eta bere proiektua ez dira aldatu", azaldu du Palestinarekin Elkartasunak, urriaren 7ko altxamenduaren urteurrenaren atarian. Azpimarratu du "gure egitekoak berdina izaten jarraitzen" duela: "Israel desegitera bidean, erresistentzia antisionista babestea eta Mendebaldean harreman oro eteteko borrokan segitzea". Larunbat honetarako dauka ipinita hurrengo hitzordua, palestinar erresistentziaren aldeko manifestazio nazional bat antolatu baitu Bilbon arratsalderako: 17:30ean aterako da Jesusen Bihotzetik.