Cadizeko metalgintzako langileen Asanblada Bateratuak, atzo goizean Dragados Offshore enpresaren atarian bildu ostean, guztiz baztertu du UGTk eta FEMCAk sinatutako hitzarmen-aurreakordioa. Errespetu faltatzat jo du proposamena, eta greba mugagabearekin jarraituko duela azaldu du.
Metaleko Langileen Koordinakundeak (CTM) eta CGT sindikatuak bilera batzuetara deitu zuten, langileei azaltzeko zergatik ez duten onartu aurreakordioa eta zergatik jotzen duten beharrezkotzat borrokan jarraitzea lan- eta soldata-baldintzetan benetako hobekuntzak lortzeko, sare sozialetan zabaldutako mezuen arabera.
Batzarretan, CTMk azpimarratu du ez duela balio aurreakordioak, eta "metalaren borrokan atzerapauso bat ere ez ematera" deitu du, UGTk hitzartutakoaren aurka agertuz. Langileek berretsi dute ez dutela inposaketarik onartuko eta grebak aurrera jarraituko duela, akordio egoki bat lortu arte. Batzarretako giroak UGTren eta FEMCAren estrategia paktistaren gaitzespen orokorra islatzen du, eta testua babestu duten Estatuko sindikatuekiko mesfidantza gero eta handiagoa.
Kritikak CCOOri
Bestalde, CCOOk ohar bat igorri die bere ordezkariei patronalarekin duen ohiko adiskidetze-tonuan, "lan-normaltasunera itzultzeko zailtasuna" dagoela uste baitu. "Erantzukizuna eta legalitatea" aldarrikatu ditu, plantillaren eskaerekin modu argi batean posizionatu gabe.
CTMk eta langileek salatu dutenez, UGT eta CCOO akordio eskasak sinatzeko prest agertu dira, eta agerian geratu dira plantillaren eta langile-klase osoaren aurrean. "Hankatxoa erakusten ari dira. Frogatuta geratu da gehiengoa izan balute haiek ere sinatuko luketela", dio CTMk CCOOri erreferentzia eginez.