Diktadura frankistaren amaieran, Euskal Herriko langile-mugimenduak borrokarako eta mobilizaziorako gaitasun handia lortu zuen, Klase Gizartearen Aurkako Bigarren Oldarraldi Proletarioa deiturikoan zehar Mendebaldeko beste leku batzuetan ere gertatu zen bezalaxe. Kapitalismo frankistaren aurrean, borroka erradikal, asanbleario eta unitarioen zurrunbilo erraldoia zutitu zen. Horri esker, langile-klaseak diktadurari aurrez aurre begiratu ahal izan zion eta kapitalaren boterea bera ere kinka larrian jarri zuen. Mehatxu horren aurrean, burgesiak erreakzionatu egin zuen eta Trantsizioan zehar egoera bideratzea lortu zuen, besteak beste, erakunde demokratikoetatik sortutako lan-harremanen esparru berriari eta ezkerreko alderdi eta sindikatuen ezin eskertuzko laguntzari esker. Nola lortu zuen kapitalak bere boterea mehatxatzen zuen langile-sugarra otzantzea? Horixe bera azaltzen saiatuko gara hurrengo lerrootan.
LANGILE BORROKA FRANKISMOPEAN
Diktadura frankista, hasieratik bertatik, klase izaera nabarmena zeukan erregimena izan zen. Bere sortzetiko helburua Errepublikako programa erreformista geldiaraztea eta elite ekonomikoen interesak mehatxatzen zituen langile-mugimenduaren goraldia eragoztea izan zen. Horretarako, ezkerreko erakunde guztiak debekatu eta jazarri zituen eta langile-klasearen erreprodukzio politikoa eragotzi zuen. Langile hitza bera ere hizkuntzatik ezabatu nahi izan zuten; langileez edo proletarioez hitz egin beharrean, produktoreez hitz egiten zen. Gainera, faxismoaren ideal korporatibistari jarraituz, klase-borroka dekretuz desagerrarazi nahi izan zen, herrialdeko gizarte- eta lan-bizitzaren alderdiak modu autoritarioan erregulatuz, bereziki Sindikatu Bertikal delakoaren bidez. Hau da, lan-eskua errepresioaren bidez diziplinatu zen. Horregatik guztiagatik, Gerra Zibilaren ondorioetako bat langile-mugimendua desagertzea izan zen eta horrek soldata erreala jaistea eta enpresarien irabaziak handitzea eragin zuen.
Hala ere, 1950eko hamarkadan aldaketa sakonak gertatzen hasi ziren, 1953ko Itun Hispanoamerikarraren eta 1959ko Egonkortze Planaren bidez Espainia frankista Kapitalismoaren Urrezko Aroaren hazkundeari lotu zitzaionean. Desarrollismo izenekoak gerraosteko atzerapen ekonomiko eta industrialetik atera zuen Espainia. Hazkunde ekonomiko hura eredu fordistaren kapitalismoan oinarritu zen batez ere, eta erabat aldatu zuen lan-eskuaren izaera eta osaera. Landa-eremuko lanen mekanizazioak hirietara bidali zuen lan-indarra. Urte gutxiren buruan, ordura arte industria-paisaian parte hartu ez zuten sektoreetako lantegi eta enpresak sortu ziren; bereziki, metalaren adarrak (automobilgintza, etxetresna elektrikoak, etab.), baina baita beste batzuk ere, hala nola kimika. Ordurako, Bizkaiak eta Gipuzkoak historia industrial eta urbano luzea zuten, baina orduan modernizatu ziren Nafarroako eta Arabako ekonomia- eta gizarte-egiturak.
Hazkunde ekonomikoaren eta gizarte-eraldaketen testuinguru hartan sortu zen langile-klase berria. Desarrollismoak ateak ireki zizkion lan-harremanen esparru berri bati, eta horrekin batera lan-gatazken aldi berri bati ekin zitzaion, batik bat 1958ko Hitzarmen Kolektiboen Legea onartu zenetik. Gizarte-gatazka berriz ere azaleratu zenean, langile-klase berri hark baliabide material eta kulturalak behar izan zituen bere interesak defendatzeko. Pixkanaka, bizipen partekatuen ondorioz –hala nola esplotazio-esperientziak, langileen arteko sozializazio-espazioak, behar ekonomikoak edo borroka kolektiboak–, langile-klase hark nortasun berri bat eratu zuen (hau da, subjektibotasun berri bat edo gu berri bat). Identitate hori klase-terminoetan artikulatu zen, eta, horren ondorioz, proletariotza kontzientzia hartzen hasi zen, eta subjektu historiko bihurtu zen.
Pixkanaka, bizipen partekatuen ondorioz, langile-klase hark nortasun berri bat eratu zuen (hau da, subjektibotasun berri bat edo gu berri bat). Identitate hori klase-terminoetan artikulatu zen, eta, horren ondorioz, proletariotza kontzientzia hartzen hasi zen, eta subjektu historiko bihurtu zen
Langile-mugimendu berri haren lehen urratsak apalak eta nekezak izan ziren. Errepresioa oso gogorra zen, eta gerra zibilaren oroitzapenak pisu handia zeukan. Baina 1960ko hamarkadaren erdialdean iratzarri zen, batik bat Langile Komisioak-en (Comisiones Obreras, CCOO) inguruan. Sindikatu klasikoa izatetik urrun, CCOO mugimendu soziopolitiko asanbleario eta unitarioa zen, eta indar politiko eta sozial desberdinek parte hartzen zuten bertan elkarlanean. Espainiako Alderdi Komunista (PCE) zen CCOOen dinamizatzaile nagusia, Espainiako eskualde gehienetako batzordeak eta koordinakundeak kontrolatzen baitzituen. Baina, gainera, bertan parte hartzen zuten kristau jatorriko ehunka militantek, ezker iraultzaileko alderdi ezberdinek (ORT, PTE, MCE edo LCR-ETA VI, bereziki Hego Euskal Herrian eragin handia zutenak[1]), filiazio politikorik gabeko langile independenteek eta baita ETAko Langileen Fronteak ere. Gainerako indar sindikalak –Unión General de Trabajadores (UGT) sozialista eta Unión Sindical Obrera (USO) kristaua–, aldiz, eskualde edo eremu jakin batzuetan izan ezik, askoz ere gutxiago errotu ziren, eta CCOOk gidatu zuen langile-mugimendua. Hala ere, langile-mugimendu antifrankista hori guztia baino askoz gehiago zen. Izan ere, mobilizazioen zurrunbilo hartan oinarri-oinarritik sortutako dinamika asanbleario eta unitario ugari gurutzatzen baitziren, askotan alderdien eta sindikatuen kontrola gainditzen zutenak; hor zeuden, besteak beste, hala nola Comités Obreros –Gipuzkoan ezarpen handia zuten–, Gasteizko «Borrokan dauden Lantegien Batzordeen Koordinakundea» (Coordinadora de Comisiones Representativas de Fábricas en Lucha) edo langile-autonomiak hainbat lurraldetan bultzatutako ekimenak. Garai hartako langile militante batek kontatu zigun bezala, «langileen biltzarrak dena ziren»[2].
Urte luzetan, bibliografia jakin batek defendatu zuen oposizio antifrankistaren jardun mobilizatzailea arrazoi ekonomizista edo kontsumistek bultzatzen zutela. Hau da, langile-klaseak diktadurak galarazitako ongizate estatu moduko bat ezarri nahi zuela baieztatzen zen, gizarte-eraldaketa sakonagoak planteatu gabe. Baina mobilizatzen zen gutxiengo militanteak ez zuen demokrazia liberal parlamentarioa edo bizi-baldintzen hobekuntza soila lortzeko egiten. Klandestinitatean jarduten zuten indar politiko gehienak programa iraultzaileak zituzten erakundeak ziren, hau da, programa politikoak zituzten, sozialismoaren definizio ezberdinen pean kapitalismoaren ordezko etorkizunak planteatzen zituztenak. Burugabea izatetik urrun, garai hartan iraultzaren aukerak onargarria zirudien munduko edozein lekutan, Gerra Hotzaren testuinguruak eta 68ko Maiatzeko oihartzunek laguntzen zutela baitzirudien. Beraz, esan dezakegu gizartearen eraldaketa sozial sakona bultzatzeko helburuarekin antolatzen zirela langileen biltzarrak deitzen, bide-mozketak prestatzen eta grebak deitzen. Irrika horrek gainerako borrokak bultzatzen zituen pizgarri gisa funtzionatzen zuen, eta laneko hobekuntzak goragoko helburu horren mende zeuden.
Gainera, diktaduraren klase-izaeraren ondorioz, patronala frankismoarekin identifikatzen zen eta langile-mugimenduaren borrokek izaera politikoa eta erregimenaren aurkakoa hartzen zuten sarri. Edozein aldarrikapen laboral edo ekonomiko, txikia izan arren, diktadurako lan-harremanen eredu bertikalaren aurka zegoen, eta, beraz, errepresioa jasan zezakeen. Horrez gain, puntu batetik aurrera, errebindikazioei eutsi edo haiek geldiarazi beharrean kolpe errepresiboek borrokak erradikalizatu, zabaldu eta politizatu egiten zituzten. Era berean, oposizioko alderdi politikoek patronalari aurkezten zizkioten aldarrikapen-plataformetan aldarrikapen politikoak sartu ohi zituzten. Horren helburua zen langileak jabetzea beharrezkoa zela eguneroko aldarrikapenak epe-luzeagoko borroka politikoekin lotzea, nahiz eta gero normalean «jateko kontuez» negoziatu. Horregatik guztiagatik, diktaduraren azken urteetan langile-mugimendua sindikalismo hutsa baino askoz gehiago zela esan genezake; eduki politiko sendoa zuen eta frankismoaren aurkako oposizioaren bizkarrezur bihurtu zen.
Diktaduraren azken urteetan langile-mugimendua sindikalismo hutsa baino askoz gehiago zela esan genezake; eduki politiko sendoa zuen eta frankismoaren aurkako oposizioaren bizkarrezur bihurtu zen
Azkenik, nabarmentzekoa da frankismo berantiarreko mobilizazioen ezaugarri bereizgarri batzuek elementu solidario eta komunitario garrantzitsuak zituztela, ez zirenak batere indibidualistak edo ekonomizistak. Esate baterako, garai hartan ohikoak ziren elkartasun grebak, hau da, gatazkan zeuden beste lantoki batzuei laguntzeko egiten zirenak. Horiek soldataren zati bat galtzea zekarten, klase bereko beste kide batzuei laguntzeko helburu bakarrarekin. Era berean, soldata-igoera linealak eskatzen ziren, hots, eskatzen zituzten soldata-igoerak ez ziren guztientzat proportzionalak, soldata apalagoak zituztenek gehiago irabaz zezaten. Aldarrikapen horiek izaera igualitarista zuten, eta errebindikazio berekoi oro gainditzen zuten.
Garai hartan, ohiko bihurtu zen lanaldia etetea batzarrak egiteko, eta langile-mugimenduko kide ohiek kontatzen digutenez, arraroa zen soldata osoa kobratzen zen hilabetea, egiten ziren lanuzte ugariengatik[3]. Gainera, langile-mugimenduko militanteak atxilotzen zituztenean, lankideek berehala deitu ohi zituzten lanuzteak aske utz zezaten eskatzeko, eta enpresaburuak berak erregutu behar izaten zien agintariei aska zezaten, ekoizpenari berriro heldu ahal izateko[4].
70eko hamarkadaren lehen erdian, borroken gorakada etengabea izan zen, eta une batetik aurrera mobilizazioen arrakasta ia bermatuta egon zen. Batzuetan, patronalaren autoritatea zalantzan jarri zen, eta, askotan, enplegatuen aldarrikapen gehienak onartu behar izaten zituzten. Tafallako lantegi batean, esaterako, ahalegin handiz, urtean % 34rainoko soldata igoerak lortu ziren, aparteko orduak bertan behera utzi ziren eta behin-behineko langileak finko bihurtzea lortu zuten: «dena irabazten zen une bat zen»[5]. Era berean, Iruñeko Superser enpresako langile batek honako hau kontatu zigun:
«[…] momentu batetik aurrera, hainbesteko indarra genuen, jaun eta jabe ginen. […] Gehiegizko indarrak galtzen gintuen. […] ez bakarrik soldatengatik edo lan baldintzengatik. Norbaitek urteak betetzen bazituen, festa bat egiten zen. Kronometratzaileak ez ziren ausartzen kateko lana egiten zen tokira jaisten […] eta, ondorioz, gure lanpostuetako topeak oso baxuak ziren [langileek zer errendimendu bete behar zuten adierazten zuten topeek, adibidez, zenbat pieza ekoitzi behar zituzten orduko], eta, beraz, zenbaitek lana hiru ordutan bukatzen zuen. Eta terrazara joaten ziren eguzkia hartzera, eta zuzendaritza guztiak ikusten zituen. Hau da, botere bat genuen… berez kontrabotere bat zen»[6].
DIKTADURAREN KRISIA ETA TRANTSIZIO SINDIKALA
Langile-mugimendua hazi egin zen eta borrokarako tresna eraginkorrak garatu zituen. Langileen elkartasunak funtzionatzen zuen eta patronalari konkistak ateratzeko gai ziren. Presio gaitasun handia zegoen. Gainera, errepresioak protestak geldiarazi edo desagerrarazi beharrean, erradikalizatu eta hedatu egiten zituen. Protesta sozialak patronalaren agintea zalantzan jartzen hasi ziren eta erregimen frankista kaleko kontrola galtzearen beldur izan zen. Egoera horren aurrean, laneko errentak kapitalekoak baino gehiago hazi ziren; hau da, enpresarien mozkinen tasa murriztu egin zen. Gutxiengo militanteak, borroken gorakadaren aurrean, euforiaz ikusi zuen egoera, eta une batez uste izan zuen iraultzaren aurreko egoera baten aurrean zegoela. 1970eko hamarkadaren erdialdean erregimen frankista hari batean zegoen.
Hori guztia gutxi balitz, krisi ekonomikoak are gehiago zaildu zuen egoera. Petrolioaren prezioaren igoerak Espainiako ekonomia ahula eta mendekoa kolpatu zuen, amaiera eman zion gerraosteko kapitalismo keynesianista-fordistaren hazkunde ekonomikoari eta jarduera ekonomikoaren jaitsiera, desinbertsioa eta langabezia eragin zituen. Langile-mugimenduak, ongi antolatuta eta mobilizatuta, prezioen gorakadari aurre egin nahi izan zion mobilizazio gehiagorekin, eta horrek soldata-igoera handiak eragin zituen. Baina, aldi berean, enpresarien klaseak igoera horiek kontsumo-prezioetan islatzea erabaki zuen, beste behin ere. Langileen klasea eta patronala saiatu ziren krisiaren kostua bestearen gain jartzen, eta horrek sorgin-gurpil bat eragin zuen: 1977ko abuztuan inflazioa % 28,4koa izatera iritsi zen.
Frankismoaren aurkako oposizioak diktadura higatua zuen eta krisiak haren jarraipena eragotzi zuen. Alde batetik, diktadura ez zen gai oposizioaren mobilizazioei eusteko, eta kolpe errepresiboek, oposizioa geldiarazi beharrean, erradikalizatu egiten zuten. Bestetik, Desarrollismo garaiko hazkundearen amaieraren aurrean, Espainiako ekonomiak erreforma sakonak behar zituen, eta diktadura ez zen erreforma horiek egiteko gai, gero eta maniobra-tarte txikiagoa baitzuen. Gainera, Portugalgo Krabelinen Iraultzaren (1974-1976) etsenpluak Espainian izan zezakeen eraginaren beldurra zegoen. Hitz batean, diktadurak baliagarri izateari utzi zion eliteentzat eta burgesiarentzat. Beraz, diktaduraren eraiste kontrolatua inprobisatu behar izan zuten, Espainiako kapitalismoari lege-marko berri bat emateko, oposizioaren onarpena eta beharrezko erreforma ekonomikoei ekiteko legitimitate nahikoa izanen zuena, eta hori guztia sistema ekonomikoaren oinarri nagusiak ukitu gabe.
Diktaduraren eraiste kontrolatua inprobisatu behar izan zuten, Espainiako kapitalismoari lege-marko berri bat emateko, oposizioaren onarpena eta beharrezko erreforma ekonomikoei ekiteko legitimitate nahikoa izanen zuena, eta hori guztia sistema ekonomikoaren oinarri nagusiak ukitu gabe
Langileen mugimenduaren adierazpen asanbleario eta unitarioek denbora-tarte horretan jo zuten goia. Bizkaian, adibidez, 1976ko irailean Bizkaiko Fabriken Koordinakundea sortu zen, probintzia osoko lantegi garrantzitsuenetako batzarretako langileek aukeratutako ordezkariak biltzeko. Errenterian, 1976-79 bitartean, jardunean egon zen Herri Batzarra. Herri partaidetza eta kontrabotere organo horrek mobilizazioak antolatu eta koordinatzen zituen, eta bizitza politiko eta sozialaren hainbat alderdi eztabaidatzeko ere balio zuen.
Langileen mugimenduaren adierazpen asanbleario eta unitarioek denbora-tarte horretan jo zuten goia
Diktadorea hil ondoren, elite frankistek diktaduraren azaleko erreforma ezarri nahi izan zuten, Francorik gabeko frankismoa luzatzeko. Baina 1976ko negu-udaberriko mobilizazioen uholdeak, Gasteizko gertakaria lazgarriak mugarri gisa edukita, erabat gainditu zuen Espainiako Gobernua. Arias Navarrok dimisioa eman behar izan zuen, eta Adolfo Suárez Espainiako Gobernura iritsi ondoren, Erregimenak amore eman behar izan zuen. Oposizioaren parte-hartzea onartu zuen eta Europako demokrazia liberalen pareko sistema konstituzional eta parlamentariorako bidea abiatu zen. Prozesu osoa Estatuaren kontrol zorrotzaren pean gertatu zen, eta bide oro itxi zitzaion irteera erradikal edo hausturazaleei. Orduan bakarrik ikusi ahal izan zen irekitze batek Estatuaren balizko demokratizazioa ekar zezakeela.
Gertatzen ari ziren aldaketen aurrean, langile-mugimendua eta sindikatuak egoera berrira egokitzeko prestatu ziren. Testuinguru berriaren aurrean, CCOOko militante eta talde politiko gehienak mugimendu hori langile-klase osoa bilduko duen Zentral Sindikal Unitario bihurtzearen alde zeuden, parte-hartzaileen filiazio politikoa edozein izanda ere. Hala ere, UGTk eta USOk –ordura arte zeregin apala izan arren, asko hazten ari ziren– ez zuten zentral sindikal bateratu bat osatu nahi, eta nahiago zuten Europako beste herrialde batzuen antzeko eredu sindikal plural bat. Sortzen ari zen askatasun sindikalak, aldi berean, sindikatuen arteko zatiketa ekarriko zuela zirudien testuinguru horretan, Bartzelonako Batzarra egin zen 1976ko uztailean: CCOOren trantsizio sindikaleko mugarri nagusia. Klandestinitatean egin zen batzar hartan, CCOOko korronte nagusiak, PCE buru zela, ohiko sindikatu bihurtzeko erabakia hartu zuen. Horrek de facto batasunari uko egitea eta sindikatuen arteko zatiketa onartzea esan nahi zuen. Soilik CCOOen gutxiengoan zeuden korronte iraultzaile batzuek eutsi zioten jatorrizko borondate unitarioari: ORT eta PTE alderdi maoistak, gehiengoaren erabakia onartu ez zutenak, banatu egin ziren eta izaera erradikal eta unitarioko sindikatu bana sortu zuten.
ITUN SOZIALA ETA ERRESISTENTZIA
Frankismoaren ondoren, krisi ekonomikoa zela eta, eliteek eta burgesiak legitimitate-iturri berriak behar zituzten Espainiako kapitalismoarentzat, beharrezkoa baitzen susperraldi ekonomikoaren oinarriak jartzeko esparru egonkor bat. Neurri ekonomikoak enpresen mozkinak berreskuratzeko eginahaletan zentratuko ziren, eta, beraz, zalantzarik gabe, krisiaren kostua langile-klasearen bizkar geratuko zen. Baina neurri horiek guztiak ezin ziren ezarri mobilizatutako langile-mugimenduarekin. Horretarako, Gobernuak eta eliteek ezkerreko alderdi eta sindikatu nagusien lankidetza behar zuten, Estatuaren demokratizazioaren eta panorama politiko berrian espazio bat izatearen truke sine die atzeratu zitzaten gizarte-aldaketarako itxaropenak. Frankismoaren osteko lehen hauteskundeetan, 1977ko ekainaren 15ean, hautesleen gehiengoak aldaketa moderatuaren eta erakundeen demokratizazioaren aldeko hautagaitzak babestu zituen.
Hauteskundeen ondoren, proposamen hori kontsentsuaren espirituan zehaztu zen, eta, alderdi soziolaboralean, urte bereko udazkenean sinatutako Moncloako Itunen forma hartu zuen. Itun horietan krisiaren aurkako lehen neurri ekonomikoak adostu ziren. Lehentasuna ematen zitzaien enpresa-mozkinak berreskuratzeari, ekonomia liberalizatzeari eta, batez ere, soldatei eusteari, hala inflazioa murrizteko. Neurri horiek eragin negatiboa izango zuten langile-klasearen baldintzetan, baina bai PSOEk, bai PCEk, bai haien erakunde sindikalek (CCOO eta UGT), neurri horiek onartu zituzten eta langileen mobilizazioa mugatzeko konpromisoa hartu zuten, zenbait kontrapartida sozial eta politikoren truke. Horrek, praktikan, sortzen ari zen erregimen monarkiko eta kapitalista ontzat ematea esan nahi zuen. Hori guztia justifikatu zen esanez ez zegoela nahikoa indar-korrelaziorik aldaketa sozial sakonagoak eragiteko, eta saihestu egin behar zela gerra zibil berri bat edo diktadurarako inboluzio bat. Langile-mugimenduko sektore erradikal eta iraultzaileenek oposizioaren eta Gobernuaren arteko su-eten hori (erregimen berriaren ezarpena errazteko aldarrikatua) kritikatu zuten. Itun sozial bat zela salatu zuten, krisiaren pisua langile-klasearen bizkar jartzea helburu zuena.
Itun horietan, lehentasuna ematen zitzaien enpresa-mozkinak berreskuratzeari, ekonomia liberalizatzeari eta, batez ere, soldatei eusteari, hala inflazioa murrizteko. Neurri horiek eragin negatiboa izango zuten langile-klasearen baldintzetan, baina bai PSOEk, bai PCEk, bai haien erakunde sindikalek (CCOO eta UGT), neurri horiek onartu zituzten eta langileen mobilizazioa mugatzeko konpromisoa hartu zuten, zenbait kontrapartida sozial eta politikoren truke
Patronala, aldiz, kinka-larrian egon zen 1976ko lehen hiruhilekoan, eta sozialki erabat deslegitimatuta geratu zen, diktadurarekin gehiegi identifikatzen zelako. Hurrengo hilabeteetan, ordea, abagunea aprobetxatu zuen bere burua berrantolatzeko eta bere posizioa indartzeko. Ordura arte burgesiak ez zuen erakunde propiorik behar izan, diktaduraren sostengua eta babesa baitzuen, batez ere Sindikatu Bertikalaren bidez. Baina erakunde frankistak desegitearen ondorioz, berrantolaketa-prozesu nekeza hasi behar izan zuen, eta 1977ko ekainean Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioa (CEOE) sortu zen. Enpresarien antolaketa berriak eragina izan zuen Gobernuan, batez ere hurrengo urteko abenduan Konstituzioa onartu zenean. Horrela, burgesiak egoeraren kontrola eta legitimitate sozialaren zati bat berreskuratu zituen.
Aldi berean, hurrengo urteetan eratzen joan zen klase-borroka baldintzatuko zuen lan-harremanen esparru berria. Frankismoaren aurkako borrokan izandako dinamika asanbleario eta unitarioek kalte handia egin zioten Gobernuaren eta patronalaren negoziazio-gaitasunari. Moncloako Itunaren eta Langileen Estatutuaren bidez (1981), ordezkaritza sindikalean oinarritutako lan-harremanen eredua instituzionalizatu zen, eta ez langileen parte-hartzean oinarritutakoa. Sindikatu nagusiak (CCOO eta UGT) lan-harremanen esparru berria onartzeaz gain, Gobernuarekin eta patronalarekin lankidetzan aritu ziren batzarrak desagerrarazteko. Gainera, legedi berriak izaera solidarioa eta politikoa zuten grebak debekatu zituen. Ordutik aurrera, langile-mugimenduaren aldarrikapenak lan-arlokoak edo soldata-arlokoak baino ez ziren izan, eta politika birtualizatu egin zen, legebiltzarrean ordezkaritza zuten alderdi politikoetara mugatuta. Horregatik guztiagatik, langile-mugimenduaren mobilizazioen izaera aldatu egin zen, ahalmen eraldatzailea galdu baitzuten. Sindikatuen banaketa errealitate bat zen ordurako, eta dinamika asanbleario eta bateratuak gainbeheran sartu ziren.
Horren aurrean, langile-mugimenduaren sektore aurreratuenek erresistentzia handia erakutsi zuten. Ezker erradikalak eta ezker abertzaleak bultzatutako sindikatuek, bai eta langile-autonomiak ere, gogor egin zuten Moncloako Itun Sozialaren aurka, eta krisiaren kostua langileen klasearen gain gera ez zedin saiatu ziren. 1979. urterako, Gobernuak eta patronalak % 11 eta % 14 arteko soldata-mugak adostu zituzten. Langile-mugimendua muga haiek gainditzen saiatu zen, eta gutxienez prezioen igoeraren parekoak ziren soldata-igoerak eskatu zituen. Baina patronalak, berrantolatuta eta indarberrituta, eutsi egin zion oldarraldiari enpresaz enpresa, eta mobilizazio gehienek porrot egin zuten. Horregatik guztiagatik, 1979. urtea garai osoko gatazkatsuena izan zen, baina greben izaera defentsiboa izatera igaro zen, 1975-76 urteetan ez bezala.
Lan-harremanen esparru berriaren ezarpenaren aurkako erresistentzia bereziki gogorra izan zen Hego Euskal Herrian, non langile-mugimendua ezkerrerago zegoen eta itun sozialaren aldeko sindikatuek erresistentzia aurkitu zuten. Ezker sindikalak indar gehien zuen lekuetan langileen biltzarrak eta ordezkaritzako sindikalismoak aldi berean biziraun zuten denbora luzez. Baina, erresistentzia guztia gorabehera, langile-mugimenduaren borrokarako gaitasuna murrizten joan zen, kasu batzuetan hura bultzatu zuten alderdiak desagertu egin zirelako, hala nola ORT eta PTE, eta, beste batzuetan, sindikatu nagusietan egin zuten kanporatze- eta garbiketa-prozesuen ondorioz (UGTn militatzen zuten LCko trotskistak 1978an kanporatu zituzten, eta, hurrengo urtean, baita Nafarroako CCOOko zuzendaritza ere, EMKren aldeko baitzen). Euskal Herriko ezker sindikalaren zati bat Ezkerreko Hautagaitza Unitario deiturikoetan biltzen joan zen, eta, ondoren, 1985ean, ESK-CUIS osatu zuten. Bestalde, Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) sindikalismo erradikal eta asanblearioaren espazioa hartuz joan zen, eta bereziki nabarmendu zen Gobernu sozialistak 1980ko hamarkadan sustatutako industria-birmoldaketaren aurkako borrokan. Espainiako beste lurralde batzuetan ere erresistentzia handia egon zen: Asturiasen esaterako, Ezkerreko Korronte Sindikala (CSI) zegoen.
1982tik aurrera, PSOE Gobernura iritsi zenean, langileen aurkako erasoa gogortu egin zen. Errezeta neoliberalak aplikatzen hasi ziren eta birmoldaketa industrialari ekin zitzaion; horrek langile-mugimenduko lantegi borrokalarienetako batzuekin amaitu zuen. Ekonomiaren tertziarizazioak eta kontsumo-gizartearen sorrerak langile-klasearen nortasuna desitxuratu zuten azkenean, eta langile-mugimendua desagertzen joan zen gizartea eraldatzeko eragile politiko gisa.
ONDORIOAK
Diktadura frankistaren azken hamarkadan, erregimenaren aurrean mugimendu indartsu bat sortu zen, batez ere langile-klasearen borroken inguruan artikulatua. Egoera hartan, erakunde iraultzaileek sektore askotan izan zuten eragina, eta borrokak erradikalizatzen eta zabaltzen lagundu zuten, askotan PCEren euste-politika gorabehera. Horrela, langile-mugimendua erraldoi bat bezala altxatu zen, diktadurari aurrez aurre begiratu ahal izan zion eta burgesiaren autoritatea kinka larrian jarri zuen. Militante haietako askok uste izan zuten diktaduraren amaiera modu erradikalean gertatuko zela, eta gizartean aldaketa sakonak izango zirela, esplotazio kapitalistarekin amaituko zutenak.
Alabaina, langile-klasearen gorakadaren aurrean, burgesiak garaiz erreakzionatzen jakin zuen, eta demokrazia parlamentarioan legitimitate iturri berriak bilatzeko erabili zuen aldaketa politikoaren prozesua. Kontatutakoa Frankismoaren aurkako borroka esperientzia izan bazen ere, langile-mugimenduaren borroka-zikloaren zentzua aldatuz joan zen Trantsizioan zehar, krisi ekonomikoaren, kontsentsuaren kulturaren eta burgesiaren erasoaldiaren ondorioz. Gizarte-gatazkak oraindik ere gora egin zuen, baina hurrengo urteetako langileen borrokek defentsa-izaera hartu zuten. Denborarekin, desagertzen joan ziren ordura arte mobilizazioak bultzatu zituzten ikuspegi iraultzaileak.
Langile-mugimenduaren borroka-zikloaren zentzua aldatuz joan zen Trantsizioan zehar, krisi ekonomikoaren, kontsentsuaren kulturaren eta burgesiaren erasoaldiaren ondorioz. Gizarte-gatazkak oraindik ere gora egin zuen, baina hurrengo urteetako langileen borrokek defentsa-izaera hartu zuten
Gaur egungo ikuspegitik ilusio bat dirudien arren, hura izan zen iraultza soziala eragiteko azken ahalegin serioa, orain arte behintzat. Gizarteko sektore batzuentzat dena zen posible. Langile-mugimendua bere helburuak lortzetik urrun egon zen, baina haren eta elite burgesaren arteko lehia bizia egon zen. Trantsizioaren ondoren inposatu zen erregimen monarkiko eta parlamentarioak zailtasun handiak izan zituen, antifrankismotik zetozen korronte iraultzaileek hegemonia soziala eskuratzeko erronka luzatu ziotelako.
Militante iraultzaileek diktaduraren amaieran espero zuten haustura iraultzailea azkenean ez zen gertatu, baina frankismoaren aurkako oposizioak garaipen partzial ugari lortu zituen. Langile-mugimenduaren bidez, esaterako, soldata-igoerak eta lan-baldintzen hobekuntzak lortu ziren; auzo-mugimenduaren bidez, aldiz, hobekuntzak egin ziren azpiegituretan (asfaltatzea, estolderia, argiteria...) eta langile-auzoetako zerbitzuetan (kontsultategiak, haurtzaindegiak, kultura-etxeak...); eta gizarte-mugimendu berriak, azkenik, aitzindariak izan ziren hainbat aldarrikapenetan (feminismoa, ekologismoa, sexu-askapena, antimilitarismoa eta bakezaletasuna...). 2008ko krisira arte ezinbestekoak eta ukaezinak genituen eskubideetako asko orduko borroken ondorio dira. Hori guztia ez zen posible izango mugimendu haren oinarri sozialista eta iraultzailerik gabe. Irrika hausturazale eta iraultzaileak funtsezkoak izan ziren, bai gutxiengo militantea motibatzeko, bai langile-klaseko beste geruza batzuk konbentzitzeko. Iraultzaren pizgarririk gabe, ustez hurbil zegoen iraultzaren akuilurik gabe, mobilizazioak ez ziren modu berean gertatuko eta ez ziren lortuko lortu ziren lan eta gizarte arloko hobekuntzak.
Baina, bestalde, hobekuntza horiek berak (soldaten igoera, ongizate-estatuaren sorrera), epe laburrean burgesia kinka larrian jarri bazuten ere, azkenean langile-klasea sistema kapitalistan txertatu zuten. Soldaten igoerak kontsumismoa ekarri zuen, eta ez autoantolaketa handiagoa; estatuaren demokratizazioak politikarekiko interesik eza ekarri zuen, eta ez parte-hartze horizontal edo asanbleario gehiagorik. Beraz, esan dezakegu mobilizazio-ziklo haren balantzea kontraesankorra izan zela.
Hobekuntza horiek berak (soldaten igoera, ongizate-estatuaren sorrera), epe laburrean burgesia kinka larrian jarri bazuten ere, azkenean langile-klasea sistema kapitalistan txertatu zuten
OHARRAK
[1] Siglak hurrenez hurren: Organización Revolucionaria de Trabajadores, Partido del Trabajo de España, Movimiento Comunista de España eta Liga Comunista Revolucionaria-Euskadi Ta Askatasuna VIª Asamblea.
[2] J.V.AC-ri elkarrizketa: Antsoain, 2022/V/7, FDMHN.
[3] J.M.S.M.A.-ri elkarrizketa: Iruña, 2018/XI/15.
[4] J.G.I eta R.O.S.-i elkarrizketa: Iruña, 2020/XII/10, FDMHN.
[5] J.M.E.Z.-ri elkarrizketa.: Tafalla, 22/X/2021, FDMHN.
[6] J.U.B.-ri elkarrizketa: Iruña, 2018/X.
BIBLIOGRAFIA
Andrade Blanco, J. A. (2012). El PCE y el PSOE en (la) transición: la evolución ideológica de la izquierda durante el proceso de cambio político. Siglo XXI.
Domènech Sampere, X. (2022). Lucha de clases, franquismo y democracia: obreros y empresarios (1939-1979). Akal.
Etxezarreta, M. (Ed.). (1991). La reestructuración del capitalismo en España, 1970-1990. Icaria.
Las Heras, J., Messina, I., & Renteria-Uriarte, X. (2022). The formation of Ezker Sindikalaren Konbergentzia: radical unitary unionism in the Basque Country and Navarre. Labor History, 1-20.
Pérez Ibarrola, N. (2016). Langileria berri baten eraketa. Iruñerria 1956-1976. Nafarroako Gobernua.
Rodriguez López, E. (2015). Por qué fracasó la democracia en España. La Transición y el régimen del ‘78. Traficantes de Sueños.
Satrustegi Andres, I. (2022). Beste mundu bat nahi genuen. Nafarroako ezker iraultzailea, 1970-1979. Nafarroako Gobernua.
Satrustegi Andres, I. (2022). Unitary unionism in the transition: a general approach from Navarre. Labor History.
Wilhelmi Casanova, G. (2021). Sobrevivir a la derrota: Historia del sindicalismo en España, 1975-2004. Akal.
HEMEN ARGITARATUA