AKTUALITATEA / Errepresioa
Ertzaintzak Errekalden zauritutako gazteetako batek testikulu bat galdu du
Atzo 20 metroko distantziatik egin zuen tiro bere kontra ertzain batek, eta foam jaurtigai batekin jo zuen. Urgentziaz operatu eta barrabil bat kendu behar izan diote zaurituari.
2025eko apirilaren 4
Ertzaintzak Errekalden zauritutako gazteetako batek testikulu bat galdu du

Atzokoan ere, Ertzaintzak erabilitako muturreko biolentziaren agertoki izan zen Errekalde (Bilbo, Bizkaia). Poliziak hainbatetan kargatu zuen Etxarri II Gaztetxearen desalojoaren aurka protestan ari ziren pertsonen kontra, foam jaurtigaiak botata eta borra-kolpeka. Dozenaka lagun zauritu zituzten kargetan (hemen irudi batzuk), haietako bat, gutxienez, larriki: ertzain batek 20 metroko distantziatik egin zuen tiro gazte baten aurka, eta foam jaurtigai batekin jo zuen.

Horren ondorioz, Basurtun ospitaleratu eta urgentziaz egin behar izan diote ebakuntza. Ertzaintzak egindako tiroaren ondorioz, testikulu bat galdu du gazteak.

Gaueko kargetan, gainera, gutxienez lau pertsona atxilotu zituzten ertzainek. Atxilotuetako batek azaldu duenez, furgoira eraman zutenean, barruan jipoitu zuten ertzainek. Bera ere zauriturik dago.