Artikulu honetan, tradizio sozialistaren baitan parlamentarismoaren eta estatu burgesaren inguruan garatutako posizionamendu batzuk jorratzen dira. Horretarako, bi auziren berrikuspen historikoa egiten da: batetik, estatu modernoetako ordena parlamentarioaren eraketa eta horrek XIX. mende bukaerako sozialdemokrazia klasikoaren programa politikoarekin duen harremana; bestetik “askatasun politikoaren” aldeko borrokaren eta programa demokratikoaren inguruko proposamen boltxebikea. Era berean, labur jasotzen da Internazional Komunistaren eta horrek 1920an izan zuen Bigarren Biltzarraren testuinguruan Leninek eta “ezkerreko komunistek” izan zuten eztabaida.
LEHEN ORDENAMENDU PARLAMENTARIOAK ETA KONSTITUZIONALAK
XIX. mendeko azken hamarkadetan, ordura arteko ordenamendu politikoak eredu liberalaren instituzio legal eta politikoetara egokitzen joan ziren pixkanaka. Estatu modernoen politika gidatuko zuten arau parlamentario eta konstituzionalak txertatu ziren; arau horiek, tentsioak eta gatazkak eten ez baziren ere, egonkortasun politikoa bermatzeko gaitasun handia erakutsi zuten. 1870eko hamarkadatik aurrera gobernu forma konstituzional baterantz eman ziren aurrerapausoak. Belle époque garaiak izan ziren, eta gizarte burgesak konfiantzaz ikusten zuen etorkizuna: mundu mailako ekonomiaren garapenak ez zion ezkortasunari lekurik uzten; kontrara, teknologiaren eta zientziaren zein balio eta espektatiba historiko burgesen garapenerako aukeren miresmena bultzatzen zuen, eta espero zen instituzio liberalek eta legearen inperioak, besteak beste, mendetako aurrerapenarekin jarraituko zutela. Orduan jada bazeuden bozka eskubide zabala zuten hauteskunde sistemak eta gizonezkoen sufragio unibertsala ere finkatua zegoen Frantziako parlamentuan (Asanblea Nazionala), Alemaniakoan (Reichstag-a), Suitzakoan (Asanblea Federala) eta Danimarkakoan (Folketing-a).
Nolanahi ere, beste estatu askotan aurrerapena apalagoa izan zen. Erresuma Batuan 1867ko eta 1883ko Reform Acts direlakoek hauteskunde-oinarria handitzea bultzatu zuten, eta 20 urtetik gorako gizonen artean oinarri hori %8tik %29ra igo zen; Belgikan, 1894an, sufragio eskubidea gizonezko helduen %3,9tik %37,3ra igotzea lortu zen. Bestalde, konstituzioak eta hautatutako asanblea burujabeak bultzatzen bazituzten ere, agintariek ahalegin guztiak egin zituzten botere politikoaren eremu murriztuaren gaineko kontrola mantentzeko, hamaika gotorleku erabiliz. Esate baterako, 1871ko Bismarcken konstituzio inperialeko ereduan, 25 urtetik gorako gizonek baimendua zuten Alemaniako Parlamentuko behe-ganberan (Reichstag) bozkatzea, baina ganbera horren eskubide konstituzionalak mugatuak ziren. Ez zuen inolako kontrolik estatuburuaren gainean, zeinak enperadore edo Kaiser titulua mantentzen baitzuen. Kargu hori oinordekotzaz jasotzen zen eta botere ugari zituen; besteak beste, gobernuburua (kantzilerra) izendatzeko eskumena zuen. Botere banaketa azalekoa zen, kantzilerra goi-ganberako (Bundesrat) presidentea ere bazen eta. Oraindik ere, bigarren ganbera hori oinordetzako karguz osatuta zegoen zenbait herrialdetan: Prusian eta Austrian (Jaunen Ganbera edo Herrenhaus) edota Britainia Handian (Lorden Ganbera edo House of Lords). Hautesleku berezi bidezko bozka-sistemak ere mantendu ziren, eta horrek langileek hauteskundeetan zuten pisua minimizatzen edo zuzenean baztertzen zuen; hori zen Finlandiako kasuan gertatzen zena, zeinatan Dieta lau estamentutan banatzen zen (zaldunak, kleroa, lurjabeak eta burgesak). Era berean, errolda-sufragioaren arrastoek ere iraun zuten, jabetzari, zerga-kontribuzioari edo gutxieneko alfabetizazio mailari buruzko zantzuek, hala nola Belgikan, Italian eta Herbehereetan; Erresuma Batuan, berriz, unibertsitateei aulki bereziak ematen jarraitu zuten.
Konstituzioak eta hautatutako asanblea burujabeak bultzatzen bazituzten ere, agintariek ahalegin guztiak egin zituzten botere politikoaren eremu murriztuaren gaineko kontrola mantentzeko, hamaika gotorleku erabiliz
Modu horretara, ortzimuga politiko izaten jarraitu zuten sufragio zuzen, isilpeko eta unibertsalaren bidez hautatutako ganbera bakarreko parlamentuak ezartzeko programa demokratiko-liberalek. Demokratizazio prozesua hasia zen Mendebaldeko hainbat herrialdetako bizitza politikoa konkistatzen, eta bazirudien beste zenbaitetan ere ate joka zebilela. Horien artean zegoen Errusia tsarista, zeina, 1905eko iraultzaz geroztik, hauteskundeei eta parlamentuari dagokionez berme gehiago ezartzera behartu baitzuten.
Ortzimuga politiko izaten jarraitu zuten sufragio zuzen, isilpeko eta unibertsalaren bidez hautatutako ganbera bakarreko parlamentuak ezartzeko programa demokratiko-liberalek
SOZIALDEMOKRAZIAREN AIRERATZEA
Marko politiko demokratiko liberalak pixkanaka ezartzea garapen industrial kapitalistarekin batera gertatu zen. Garapen horrek modu masiboan txertatu zuen industriaurreko eskulana ekoizpen dinamikan (batez ere nekazariak eta artisauak), eta langile klaseak hiri eta industria-gune berrietan kontzentratzea eragin zuen. Beste estratu sozial batzuen aurkako klase espezifiko bat hedatzeak fenomeno politiko berri bat agertzea ekarri zuen: antolakuntza nazionala eta izate jarraitua zuten langileen masa-alderdiak, beren indarrak zentralizatu eta esparru politikoan eragiteko gaitasuna zutenak gobernuak presionatuz edo berenjarduna eremu parlamentariora zabalduz.
1880ko eta 1890eko hamarkadetatik aurrera, sozialdemokrazia Europa mailako masa-mugimendu politiko gisa agertu zen, nahiz eta haren garrantzia eta gizarte ezarpena ez ziren homogeneoak izan. Gobernu konstituzionalak zituzten herrialdeetan, Britainia Handian eta Frantzian kasu, langile alderdiek zailtasunak izan zituzten indar politiko nagusi bihurtzeko eta leialtasun errepublikarrei zein tradizio liberalei nagusitzeko. Aitzitik, sozialdemokraziak gaitasun handia izan zuen Europa ekialdeko herrialdeetako (Errusia, Balkanak eta habsburgotarren eremu hungariarraren zati handi bat) muturreko errepresiora eta klandestinitatera egokitzeko. Alemana hitz egiten zen Europa erdialdeko lurraldeetan eta Eskandinavian ere nukleo sozialdemokrata indartsua eratzea lortu zuten.
Sozialdemokratek miresmenez jaso zituzten arau parlamentarioen pixkanakako ezarpena eta mekanismo demokratikoen sendotzea, hala nola bozka eskubidearen hedapena. Sufragio hedatua proletarioen "arma zorrotzena" zen, aukera ematen baitzien baldintza hobeetan sartzeko borroka-fronte berri batean: lehia parlamentarioan. Esparru horretan posizioak irabazteak hau ekar zezazkeen: gobernuei erreformak erauztea, bai ekonomikoak eta bai legearen esparrukoak; berme demokratiko eta eskubide zibil gehiago konkistatzea; parlamentua bera tribuna modura erabiltzea; klase gidarien maniobrak agerian jartzea eta, modu horretara, geruza berrietara heltzea; jarraitzaileak ugaritzea; eta gero eta hauteskunde-indar handiagoa izatea.
Programa itxaropentsua zen. Sufragioa handitzea lortu zen leku askotan sozialdemokratek aurrera egin zuten hauteskunde esparruan eta aurrera egite hori ez zen mugatu maizen aipatzen den Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) esperientziara. SPDk hainbatetan lortu zituen emaitza egiazki ikusgarriak eta Alemaniar Inperioko alderdi bozkatuena izatera heldu zen –esate baterako, 1912an, bozken %34,8 lortu zuen–. Habsburgotarren Inperioaren eremu austriarrean Austriako Alderdi Sozialdemokratak (SPÖ) 1.040.000 boto eta 87 ordezkari lortu zituen 1907ko hauteskundeetan.
Dena den, parlamentuetako aurrerapen horrek muga argiak zituen. Lehena, hauteskundeetako aritmetikaren muga, 1914 aurreko urteetan argi ikusi baitzen iritsiak zirela mobiliza zezaketen gehieneko babes-mailara, hots, kasurik onenean hautesleen laurdena edo herena lortzera. Baina, are garrantzitsuagoa dena: masa-elektoralismoaren politikaren eraginez, alderdiak sistemaren baitan integratu ziren pixkanaka. Mitin antolatuek, kontu handiz planifikatutako manifestazioek eta hauteskunde kanpainek antolatu baino gehiago ordeztu egin zituzten altxamenduak eta matxinadak; horren erakusle da sozialdemokrata alemanek eta austriarrek gero eta nabarmenago arbuiatzen zutela beren antolakundeen egonkortasuna kolokan jar zezakeen parlamentuz kanpoko ekintza oro.
Mitin antolatuek, kontu handiz planifikatutako manifestazioek eta hauteskunde kanpainek antolatu baino gehiago ordeztu egin zituzten altxamenduak eta matxinadak
Jardun elektoralista hori gorabehera, ortodoxia sozialdemokrata argia zen. Izan ere, behe-ganberetan zegoen botere maila mugatua zela eta, parlamentuko ordezkaritza handi batek ez zuen gobernura edo eragin politikoko posizioetara sartzea bermatzen, eta koherentea zen doktrina sozialdemokrataren oinarria gobernu kapitalistan ez parte hartzea izatea. Baina, hala ere, sozialdemokratek ez zuten kasu guztietan parlamentuko politika mugatua boikoteatu. Batzuetan, gobernu eta alderdi burgesen ekimenei babes parlamentarioa eman zieten. Britainia Handian, Alderdi Laboristak, 1906an jada Alderdi Liberalarekin hauteskunde-koalizioa osatzeaz gain, 1910etik aurrera liberalen gobernua babestu zuen, langile mugimenduarentzat kontrapartida garrantzitsurik eskuratu gabe ordainetan. Italian, Italiako Alderdi Sozialistaren talde parlamentarioak babesturiko gobernuek mugimendu sindikalak eta nekazarien altxamenduak bortizki erreprimitu zituzten eta aurrerapausoak eman zituzten karrera kolonialean, Libia okupatuz eta Turkiari gerra deklaratuz. Alderdi burgesekiko intrantsigentzia printzipioari uko egitea gero eta praktika ohikoagoa bihurtu zen sozialdemokraten artean; hala frogatzen du Frantzian, Italian edota Suedian ministro-karguak sozialdemokratei hainbatetan eskaini izanak.
Hala ere, sozialdemokratek ez zuten kasu guztietan parlamentuko politika mugatua boikoteatu. Batzuetan, gobernu eta alderdi burgesen ekimenei babes parlamentarioa eman zieten
ESTATU KAPITALISTAN INTEGRATZEA
1914ra arte, gobernu burgesetan parte hartzeari uko egiten jarraitu zuten, nahiz eta babes parlamentarioa ematea ez zen modu berean zalantzan jartzen. Bien bitartean, kapitalismo gorakorraren aldeko baldintzek lagunduta, sozialistek seguru egiten zioten aurre beren etorkizunari; izan ere, testuinguru hark berme konstituzional gero eta zabalagoak, hauteskunde erreformak eta langile klasearekin onberago ziren lege sozialak ekartzen zizkien (hala nola, gizarte segurantzako planak, zahartzaroko pentsioak, lan-poltsak eta gaixotasun- eta langabezia- aseguruak).
Lehen Mundu Gerra hasi zenean, estatu burgesarekiko kontziliazio-dinamikaren sustraitzea eta inplikazioak agerian geratu ziren. Europako sozialdemokrata gehienak beren gobernuekin eta klase agintariekin ezkondu ziren. Hainbat estatuk kontsentsu nazionalistan parte hartu zuten beren aspirazio belizistak zuritzearren, eta langile klasearen interesen defentsaren izenean, aldarrikatu zuten aberria atzerriko erasoetatik babesteak konpentsazioa ekarriko ziela gerra amaitzean. Sozialdemokrata alemaniarrek hainbatetan bozkatu zuten Alemaniako gobernuaren gerra-kredituen alde (Reichstagean berretsi behar zen erabaki gutxietako bat). Sozialdemokrata frantsesak, parlamentuan gerra-aurrekontuak onartzeaz gain, gobernuan sartu ziren 1914ko abuztuan, Marcel Sembat eta Jules Guesde alderdiko buruen bidez. Alderdi Laboristako beste hiru kidek (Arthur Henderson, William B. Brace y G. H. Roberts) gobernu-karguak hartu zituzten.
Errusiako Iraultzak 1917ko otsail eta urri artean izan zuen garapenak aukera eman zuen gerra-garaietan sozialdemokratek harturiko jarrera orokorra islatzen duten zenbait dinamika ikusarazteko: gobernuek indar sozialdemokraten bidez mantentzen zuten ordena matxinada-egoeretan. Otsaileko altxamenduaren ondoriozko gobernu "oktubrista-demokrata”, zeinari boterea transferitua baitzioten gehiengo eserista eta mentxebikea zuten sobietek, berehala sartu zen krisi politiko batean. Orduan, aipatutako alderdiek hari babesa ematea erabaki zuten gobernu horretan sartuz. Hasiera batean gerraren aurkako jarrera erakutsi bazuten ere (mentxebikeak talde garrantzitsua ziren Zimmerwaldeko mugimendu antibelizistan), haiek parte ziren gobernuak alemaniarren eta austriarren aurkako ofentsiba berrartu zuen uztailean. Errusiako langile klaseek eta nekazari gazteek jasan zuten basakeria militarraren konplize izan ziren, eta sistematikoki eman zieten bizkarra beren programa politikoaren puntu zentralei, hala nola Asanblea Konstituziogilea eratzeari (mentxebikeen kasuan) eta nekazarien auziari konponbidea emateari (sozialista iraultzaileak).
Errusiako Iraultzak 1917ko otsail eta urri artean izan zuen garapenak aukera eman zuen gerra-garaietan sozialdemokratek harturiko jarrera orokorra islatzen duten zenbait dinamika ikusarazteko: gobernuek indar sozialdemokraten bidez mantentzen zuten ordena matxinada-egoeretan
Alemaniari dagokionez, langile gatazkak probestu beharrean, SPD gatazkak marko konstituzional berrien bidez bideratzen eta horien erradikaltasuna baretzen saiatu zen zenbait erreforma sozial gauzatuz ordena politiko berriaren oinarriak sendotu bitartean. Alderdia 1918ko urri hasieran igaro zen gobernu alemaniarraren parte izatera. 1918ko Konstituzio-erreformarekin hasi zen trantsizioa onetsi zuten; erreforma harekin, Alemania monarkia parlamentario bihurtu zen. Urte hartako azaroan, Wilhelm II.a Kaiserrak abdikatu egin behar izan zuen, eta kantzilerrak Friedrich Ebert gobernuburuari eman zion bere postua –gehiengo sozialdemokrataren buru izan zena azken Reichstagean–. Herritarrek gobernu probisional berria onartuko zutela ziurtatu behar zen, eta langileen eta soldaduen kontseiluen zuzendaritza haren mende jarri zutenean lortu zuten hori.
1919ko urtarrileko Asanblea Nazionalerako hauteskundeetan SPDk eskuratu zituen boto gehien (%38) eta zentroko alderdiek ondoren (Zentroko Alderdi Katolikoa eta Alderdi Demokratikoa). Horiekin koalizio gobernu bat osatu, eta 1920ko hauteskundeak arte mantendu zen. Ebert 1925era arte estatuburu izendatu zuten, eta, 1920rako, zenbait SPDko buruzagi izanak ziren gobernuko presidente karguan. Hortaz, sozialdemokrazia alemaniarra agente zentrala izango zen Weimarko Errepublika berrian. Ordea, haren politika erreformistaren atzean estatu kapitalistaren oinarriak berreraikitzeko programa bat ezkutatzen zen: iraultza testuinguruan administrazio publikoaren eta epailetzaren integritatea mantentzea eta estatuaren gaitasun errepresiboa berreraikitzea, boluntarioen miliziak sortuz (Freikorps).
SPD ez zen izan gerra bukatzean gobernu burgesean parte hartu zuen alderdi sozialdemokrata bakarra. 1918ko azaro bukaeran, Habsburgo dinastia kargugabetu zutenean eta Austro-hungariar Inperioa zatitu zenean (lurralde hungariarrek eta eslaviarrek estatu independenteak sortu zituzten), sozialdemokratek balizko iraultza demokratiko bat gidatu zuten probintzia austroalemaniarretako muga estuetan. Sozialdemokrazia zen lurralde hartako indar politiko nagusia, 1919ko otsaileko Asanblea Konstituziogilerako bozketak erakusten duenez: sozialdemokratek milioi bat pertsona baino gehiagoren atxikimendua lortu zuten (hautesleen %40,75). Haien babesa batez ere Vienan biltzen zen. Sozialdemokratek koalizio nazional bat sortzea erabaki zuten sozialkristauekin eta pangermaniarrekin, errepublika parlamentario berria indartzeko helburarekin. Nolanahi ere, Austriako estatu berria gidatzeko eginkizunak hilabete gutxi iraun zien; segituan utzi zioten zeregin hori alderdi sozialkristau handiari.
Hala ere, sozialdemokratek ahalbidetu zituzten konkista sozial eta politikoen benetako garrantzia neurtzeko, gerraosteko testuinguruak sortu zuen aurrerapen iraultzailerako aukerarekin harremanean aztertu behar da. Langile klaseen erradikaltasun politikoa hazten ari zen gerra bukatu aurretik ere. Gizarteko hainbat sektoretara iritsi zen: soldatapeko langileak eta langabeak, nekazari txiroak eta baita armadako soldaduak ere. 1919an, Hungarian (martxoak 21 - abuztuak 1) eta Bavarian (apirilak 7 - apirilak 15), besteak beste, langileek antolaketa sozial eta politiko independentea eratu zuten: kontseilu errepublikak. Bitartean, buruzagi sozialdemokratek, proletariotzaren aurrerapenaren beldur, berehala jarri zioten galga haien aldaketa-goseari demokrazia parlamentarioaren eta estatu burges berriaren baitan.
Sozialdemokratek ahalbidetu zituzten konkista sozial eta politikoen benetako garrantzia neurtzeko, gerraosteko testuinguruak sortu zuen aurrerapen iraultzailerako aukerarekin harremanean aztertu behar da
Boltxebikeen joera politikoa izan zen alderdi burgesekiko kolaborazionismoa ukatzeari gogor eutsi zion bakarra. Are gehiago, 1917ko otsailean hasitako iraultza burgesa garatzen jakin zuen proletariotzaren eta nekazari txiroen esku zegoen botere politiko bat eratuz: kontseiluak. Horrek, azken batean, eraldaketa sozialista ekarriko zuen. Urriko Iraultza proletarioen esperientzia historiko aurreratuena izan zen, eta kontzientzia politikoa zuten sektoreengan katalizatzaile-funtzioa bete zuen aspaldidanik ildo politiko sozialdemokratarekiko eta horien buruzagi kolaborazionistekiko sentitzen zuten ukazioari dagokionez.
ESPERIENTZIA BOLTXEBIKEA
Urriko Iraultza eta, bereziki, boltxebismoak parlamentuarekiko eta instituzio politiko burgesekiko izan zuen jokatzeko modua ulertzeko, ezinbestekoa da hura proposamen politiko bereizi moduan sortu zen garaia aztertzea.
Errusiar Inperioko iraultzaren lehen faseak hartu zuen forma eskubide politiko eta berme zibilik gabeko testuinguru batean jardungo zuen masa alderdi sozialdemokrata handi bat antolatzeko eginbeharrarena izan zen. Prozesu horretan, beharrezkoa izan zen aurreko belaunaldi iraultzailea kritikoki berrikustea (narodnikiak eta hainbat talde terrorista); ordea, errepresioa gainditu nahi bazuten, aurreko iraultzaileen bereizgarri ziren ezaugarri konspiratibo batzuk mantendu beharko zituzten. Horrez gain, haien aurkari ekonomizistek ziotenaren aurka, Leninek defendatzen zuen proletarioen emantzipazio ekonomikoaren aldeko borrokak borroka politikoa izan behar zuela. Eskubide politiko eta askatasun zibil batzuk konkistatu gabe (eztabaidatzeko, biltzeko, prentsarako askatasuna, etab.), aurrerapen ekonomiko oro irudimenezkoa izango zen, langile klaseak ahalmenik gabe egongo baitziren estatuaren eta haren administrazioaren auzietan, arbitrariotasun tsaristaren menpe.
Zentzu horretan, askatasun politikoaren defentsa (tsarraren erregimena bukatuko zuen demokrazia burges bat ezartzearen parekoa) puntu zentrala izan zen programa boltxebikean. Alabaina, Europako homologoek ez bezala, ez zituzten beren itxaropenak demokratizazio burgesean jarri. Autokrazia abolitu eta gobernu konstituzional bat ezartzeko nahia izatearekin batera, ulertzen zuten kapitalismoaren baitan esfera politikoa erabat demokratizatzea ezinezkoa zela, eta estratu sozialen artean hori lortzeko erabateko interesa zuen bakarra proletariotza zela.
Autokrazia abolitu eta gobernu konstituzional bat ezartzeko nahia izatearekin batera, ulertzen zuten kapitalismoaren baitan esfera politikoa erabat demokratizatzea ezinezkoa dela eta estratu sozialen artean hori lortzeko erabateko interesa duen bakarra proletargoa dela
Posizionamendu horrek gidatu zuen boltxebikeen jarduna 1905etik 1907rako iraultzako urteetan. Fakzioak salatu zuen Bulygin Duma (tsarrari atxikitako erakunde aholku emailea) ezartzeko proposamena ez zetorrela bat gizarte errusiarrean greba forman piztu zen demokratizazio-nahiekin, eta hura boikot bidez konfrontatzeak aurrerapausoak ematea erraztuko zuela erregimen konstituzional bat eratzera bidean. Dena den, gutxieneko berme demokratiko eta konstituzional batzuk lortu ostean (hala nola langile eta nekazari klaseen boto-eskubidea, nahiz eta oso mugatua izan), parlamentua propaganda politikoa egiteko eta borroka ideologikoa gauzatzeko esparru berri bat bihurtu zen boltxebikeentzat.
Hori izan zen 1907an boltxebismoaren baitan sortu ziren ezkerkeriazko joeren aurrean Leninek defendatu zuen posizioa. Horrek ez zuen esan nahi dinamika parlamentariora, hauteskunde-lehiara edo aulki-jokora makurtu behar zenik; ez eta gainontzeko alderdi ez-sozialdemokratei kontzesioak egin behar zitzaizkienik edota alderdiaren egitura klandestinoa armadura parlamentario eta legalagatik ordezkatu behar zenik. Kontrara, borroka kultural eta ideologikorako balio zuen edozein zirrikitu mantentzea esan nahi zuen, baita Hirugarren (1907-1912) eta Laugarren (1912-1917) Dumetako testuinguru erreakzionarioan ere, harik eta proletarioen indarrak parlamentu burgesa desegiteko nahikoa potentzia lortu arte. Modu horretara, une erabakigarrian, behin-behineko gobernuak langile klasea kolpatzen zuten gaitzei aterabide bat emateko zuen ezintasunaren ondorioz, boltxebikeek Errusiako eta Europako sozialdemokraten kontrako erara jardun zuten. Izan ere, Langile eta Nekazarien Sobietak gizartea administratzeko organoak izatera iristea zuten helburua, bai eta klase politiko buruzagi bihurtzea ere. Errepublika Sozialista berriaren helburua 1918ko uztaileko konstituzioak ordezkari politikoak hautatu eta kontrolatzeko eskubide unibertsalaren printzipio demokratikoa egia bihurtzea zen, sobietetako ordezkarien bidez eta langileentzako adierazpen eta bilkura eskubideak lortuz.
Horrek ez zuen esan nahi dinamika parlamentariora, hauteskunde-lehiara edo aulki-jokora makurtu behar zenik; ez eta gainontzeko alderdi ez-sozialdemokratei kontzesioak egin behar zitzaizkienik edota alderdiaren egitura klandestinoa armadura parlamentario eta legalagatik ordezkatu behar zenik
EZKERREKO KOMUNISMOAREN ERREAKZIOA
Ofizialki 1919ko martxoan sortu zen Hirugarren Internazionalaren helburua prozesu iraultzailean aurrera egitea zen, eta, horretarako, Europako komunistei gorputz doktrinal bat ematen zien, independentea eta bateratua eta sozialchauvinisten eta zentristen eraginetik kanpokoa. 1920ko udan, erakunde internazionalaren Bigarren Biltzarrean, borroka formen inguruko eztabaida mahaigaineratu zuten. Aurreko hilabeteetan, garrantzia hartu zuten buruzagi sozialdemokrata ustelduak zeuden fronteetan (esfera parlamentarioan eta sindikatu nagusietan) parte hartzea arbuiatzen zuten talde komunistek. Ez zuten galdu Leninen begikotasuna, eta Leninek, era berean, ez zuen galdu talde horiek bere aldera hurbiltzeko itxaropena ere, baina arazo politiko bihurtzen joan ziren Hirugarren Internazionalaren baitan fakzio independente bihurtu ziren heinean.
Ideia horiek presentzia izan zuten Alemanian Alemaniako Alderdi Komunista (KPD) eta bere ondorengo eszisioa (KAPD) sortu zirenetik; PSI Italiako Alderdi Sozialistan, Amadeo Bordinga zuela buru; tribunista holandarren artean (Herman Gorter, Anton Pannekoek); ezkerreko talde sozialista eta sindikalista britainiarren artean (besteak beste, Sylvia Pankhurst eta William Gallacher ); eta Frantzian, Hirugarren Internazionaleko Komitean (Fernand Loriot) eta talde sindikalista iraultzaileetan (Raymond Pericat). Bela Kun eta Georg Lukács hungariar komunistak ere joera horren buru ideologiko izan ziren. Talde horiek gorputz organizatibo propioa lortu zuten, Amsterdam eta Vienako “Bureáus” deiturikoak; aipaturiko taldeen eta Internazionaleko Komite Ejekutiboaren (Moskun zegoen) arteko lotura modura jardun behar zuten, eta bai Erdialdeko zein Hegoaldeko Europako langile mugimenduekin kontaktuak egin ere. Kommunismus astekaria izango zen haien organo nagusietako bat.
Leninek testuinguru horretan idatzi zuen, hain zuzen ere, “Ezkerkeriaren” gaitz infantila komunismoan izeneko obra. Horrekin, Bigarren Biltzarrera joango ziren ordezkari komunistak interpelatu nahi zituen. Hamarkadetako esperientzia iraultzaileen sintesia eskaini nahi zien modu pedagogiko eta ulergarri batean, eta boltxebismoaren eta auzi parlamentario edo sindikalaren arteko harremanaren inguruko kontzepzio okerrak argitu nahi zituen. Maila ideologikoan, Internazionalaren 1920ko udako biltzarrean jarraitu zuen eztabaidan eta baita geroago ere, biltzarraren erabakiei erantzunez Gorterrek Gutun Irekia idatzi zuenean. Komunisten arteko iritzi ezberdintasuna ez zen ezer berria: boltxebikeak trebatuta zeuden eztabaidan eta ideen talkan, eta ezagun zitzaien ebazpen eta panfleto trukea.
Boltxebikeek ez zuten arriskuan jarri nahi 1920ko Biltzarraren osteko hilabeteetan agertzen joan ziren Europako alderdi komunisten hedapen potentziala, eta, hortaz, nola edo hala saihestu behar zuten ezkerreko komunistek hainbat formatan proposatzen zituzten praktika sektarioak garatzea. Horregatik, argipen ideologikoarekin batera, maniobra organizatibo bat egin zuten: Erdialdeko eta Hegoaldeko Europako Bureáus zirelakoak desegin zituzten eta Kommunismus astekariaren erredakzio taldea aldatu zuten. Horrela, hamargarren zenbakia izan zen Gorterrek eta Pannekoekek idatzitako azkena. Hurrengo zenbakiak Bela Kunen eta Georg Lukácsen posizio antiparlamentarioen aurkako Leninen artikulu bat jasotzen zuen, amaiera ematen ziona komunismoaren baitako desbideratze baten kontrako borroka teoriko eta politikoari.
Boltxebikeek ez zuten arriskuan jarri nahi 1920ko Biltzarraren osteko hilabeteetan agertzen joan ziren Europako alderdi komunisten hedapen potentziala, eta, hortaz, nola edo hala saihestu behar zuten ezkerreko komunistek hainbat formatan proposatzen zituzten praktika sektarioak garatzea
BIBLIOGRAFIA
Europako lehen ordenamendu parlamentario eta konstituzionalen sorrera-testuinguaren inguruan irakurtzeko:
Eley, G. (2002). Un mundo que ganar. Historia de la izquierda en Europa, 1850-2000. Crítica
Hobsbawm, E. (1998). La era del Imperio, 1875-1914. Crítica
Garai horretako Europako alderdi sozialdemokraten garapen nazionalean sakontzeko:
Cole, G. D. H. (1959-1961). Historia del Pensamiento Socialista, vol. III-V. Fondo de cultura económica
Droz, J. (1979). Historia General del Socialismo, volumen II. De 1875 a 1918. Ediciones Destino
Errusiako Iraultzaren historia sintetiko baterako:
Carr, E. H. (1981). La revolución rusa: de Lenin a Stalin (1917-1929). Alianza Editorial
Doktrina boltxebikea, hark iraultzaz zuen kontzepzioa, alderdi kontzeptua eta askatasun politikoaren auzia lantzeko:
Krausz, T. (2015). Reconstructing Lenin. An Intellectual Biography. Monthly Review Press
Lih, L. T. (2011). Lenin. Reaktion Books
Nimtz, A. H. (2014). Lenin’s Electoral Strategy. From Marx and Engels through the Revolution of 1905. The Ballot, the Streets -or Both. Palgrave Macmillan
Hirugarren Internazionalaren garapena Bigarren Biltzarraren testuinguruan eta ezkerreko fakzio komunisten aurkezpenean sakontzeko:
Hulse, J. W. (1964). The Forming of the Communist International. Standford University Press
Lazitch, B. y Drachkovitch, M. M. (1972). Lenin and the Comintern. Hoover Institution Press
HEMEN ARGITARATUA