Gogorrak bezain ugariak izan dira azken urteotan Mugimendu Sozialistaren eta Ezker Abertzalearen artean piztu diren mediatizatutako liskar politikoak. Liskar dei diezaiegun, horiek eztabaidatzat jotzea inteligentziaren aurkako iraina izan baitaiteke kasu gehienetan. Ideien borrokaren oinarrizko baldintza da berau termino politikoen gainean eraikitzea, aurkariak esandakoa bere horretan hartu eta kualitatiboki gailentzen zaizkion argudio propioak gaineratzen saiatu behar litzateke bere burua politikotzat duen edozein eragile. Horregatik, posizio zein hipotesi desberdinak argitzeko balio behar luke bi eragile politikoren arteko eztabaidak; bertan jaurtitako argudioak, justuki, politikoak izango direla suposatzen delako. Zintzoki jokatu nahi bada, mahaigaineratutako tesiek norberaren hipotesiak, proiektu estrategikoa edo taktika identifikatzeko balio behar lukete. Txistologiak, irainak eta difamazioak, beraz, posizio politiko bati eraso egiteko balio dezakete, baino ez dute eztabaidaren edukia norberaren posizioak argitzearen bidez betetzen. Bestea neutralizatzeko borondatea da halako jarrerek azaltzen duten posizio bakarra, miseria propioak estaltzean eta arerioa inolako printzipio etikorik gabe suntsitzean oinarritzen den kultura politikoa jariatuz.
Mugimendu Sozialistarentzat nahi eta ezin amaigabea izan da Ezker Abertzaleari argudio politiko garatuak erauztea. Erabilitako kontzeptuen arteko urruntasunagatik edo Ezker Abertzaleko egungo kultura politikoan aipatu txistologia zein irain hutsalerako nagusitzen den joeragatik, konfrontazioen gehiengoak ez ditu emaitza intelektual aberasgarriak eman. Hemen polemika horietako batzuk baino ez ditugu berreskuratuko, posizio bakoitzak esan zuenaren eta esan ez zuenaren egiaztapen partzial gisa.
GKS-REN SORRERA
Aurretiaz polemika gehiago egon ziren arren, Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) aurkezpenak mugarri bat ekarri zuen Ezker Abertzalearen eta garaian Ildo Sozialista gisa izendatzen zenaren arteko konfrontazioan, 2019ko otsailaren 17ko GKSren lehen agerraldi publikotik aurrera, ika-mikek bestelako dimentsio eta intentsitatea hartu baitzuten.
Antolakunde berriak oraindik sare sozialetako kontu ofizialik ez izateak asmo txarrenei aukera paregabeak ireki zizkien. GKSren grafia, estetika zein diskurtsoa imitatzen zituzten kontu faltsuak sortu ziren Twitterren, eta adierazpenak egin zituzten horien bidez. Maniobra horrek antolakundearen ospea hasieratik kolokan jar zezakeenez, GKSk ohar ofizial bat argitaratu behar izan zuen GEDAR LANGILE KAZETAren bitartez, iritzi publikoaren nahasmendua saihestu eta ondoko puntuak argitzeko: oraindik ez zuela sare sozialik, kontu guztiok faltsuak zirela, GKS ez zela kontu horiek argitaratu zezaketen edukiaren erantzule, eta «joku zikin» horrek GKSri eraso egiteko interes politikoei erantzuten ziela.
Bien bitartean, aurkezpen-prentsaurrekoko irudiekin egindako meme eta parodia zaparrada bat iritsi zen Twitterren, Instagrameko meme kontuetan zein Whatsapp taldeetan. Besteak beste, militanteen irudiak erabili zituzten, haietaz pertsonalki trufatu eta antolakundea bera irrigarri uzten saiatzeko. Horren egiletza zuzena Ezker Abertzaleari leporatzea teknikoki zaila den arren, eduki guztion zabalpenean horko militante ezagunek jarrera aktiboa izan zutela publikoki nabarmendu zen.
Eneko Compains Sortuko kidearen eskutik heldu zen argudiaketaren itxura izan zezakeen elementu bakarra. Gaztetxes y lucha obrera en Euskal Herria deituriko artikulu «kritikoa» argitaratu zuen [1], bere irakurleei GKSren sorreraren berri eman ez zien Gara egunkarian. Compainsen erantzunak aurreko eztabaidetan modu nahasiagoan aurkezturiko ideiak eta Sorturen korridoreko elkarrizketa pribatuetan eratutako topikoak kondentsatzen zituen. Bertan definitu zen Ezker Abertzaleak aurrerantzean Mugimendu Sozialista konfrontatzeko baliatuko zuen diskurtsoa: «espainolismoa», «ezkerkeria», «obrerismoa» eta «dogmatismoa». Kasu hartan, gainera, euskal preso politikoekiko «desatxikimendua» ere leporatu zitzaion gazte antolakunde sozialistari. Akusaziook, Twitterreko hariez gain, puntuz puntuko erantzun garatuak jaso zituzten Gezurrak eta burges metodologia: errebisionismoaren porrota. Eneko Compainsi erantzuna [2] eta Socialismo o barbarie, respuesta a Eneko Compains y a la burocracia de Sortu [3] bezalako artikuluetan. Kritikatutako objektuaren eta baliatutako kontzeptuen gaineko ezagutza urria nabarmendu zen Ezker Abertzalearen partetik, ez baitzioten militante sozialisten azken kontraargudiaketari bestelako erantzunik eskaini. Horren ordez, aipatutako akusazioak sare sozialetan mantra baten modura errepikatzen jarraitu zuten aldiro.
PARANOIA KOLEKTIBOA
Hutsune analitikoaren eraginez, bazirudien Ezker Abertzalearen munduan Mugimendu Sozialistaren inguruko ulerkera paranoidea nagusitu zela une batez. Zenbait kasutan, tesi sozialisten hedapena nahiz gorpuzte politikoa atzerriko konplot baten parte zirela esatera edota sinestera ere iritsi izan dira euskal sozialdemokraziaren buru zein guru ugari; eta horien hitzarekiko kortesiaz, baita militante arruntak nahiz oinarri soziala ere. Bere momentuan Euskal Herriko komunitate sozialistaren arreta handirik deitu ez zuen arren, Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendariak «Espainiako komunisten finantzazioa jasotzea» egotzi zion norbaiti 2019ko iraileko Erria aldizkarian, honako izenburu iradokitzailea duen elkarrizketa batean: «Gure belaunaldiaren borroketariko bat bizipen politikoei lotuta egon da gehiago, eztabaida intelektualari baino» [4].
Zenbait kasutan, tesi sozialisten hedapena nahiz gorpuzte politikoa «atzerriko konplot» baten parte zirela esatera edota sinestera ere iritsi izan dira euskal sozialdemokraziaren buru zein guru ugari; eta horien hitzarekiko kortesiaz, baita militante arruntak nahiz oinarri soziala ere
Akusazio larria zen, gainera, ez zuen frogarik eskaintzen, ezta subjektua zuzenean interpelatzen ere. Hala ere, Ildo Sozialistaren agerpenak Ezker Abertzalearen baitan sortu zuen nahasmena ulertzen laguntzen digu. Bestelako azalpenik gabe eta analogia pobre baten laguntzarekin, baieztapen hau egin zuen Jule Goikoetxearekin «klase diskurtsoaz» eta ustezko «ezkerreko erreakzionarioez» mintzo zen bitartean: «Bestalde, Julek esan duenari erantzunez, ez daudela finantzatuta ez da erabat egia. Eztabaida hau ere ez da berria. Krutwigek oso argi detektatu zuen espainolismoa, Espainiako Alderdi Komunistak finantzatutako espainolismoa, hain zuzen ere». Ezker Abertzalearen zuzendaritzak nazionalki zabaldutako zurrumurru horrek harrera ona izan zuen militante egoskor eta jarraitzaile despistatuen artean. Horren ondorioz, Twitterren «espainolista» hitza tekleatzen zuten militante-bot batzuk ugaldu ziren, Ezker Abertzalearen baitan gorroto klima irrazional bat sortzeraino. Horrek tesi sozialistekin bat egiten zuten pertsona konkretuak sistematikoki seinalatuak eta mehatxatuak izateko testuinguru aproposa sortu zuen Euskal Herriko hainbat txokotan.
Denborak eta jardun sozialistak aurrera egin ahala, «espainolismoaren» akusazioaren eta konspirazioaren teoriak zertxobait apaldu direla esan daiteke. Mugimendu Sozialistak nazionalismo espainolarekiko antagonismo zuzena adierazi du ekintza bakoitzean, eta, kontzeptu ideologiko zein estrategiko desberdinen baitan, begitan izan ditu euskararen diglosia egoera, zapalkuntza nazionala, joan den ziklo politikoaren kontzientzia historikoa nahiz preso politikoak. Konplotaren mitoari dagokionez, auto-antolakuntzarako ustekabeko gaitasunek eta aliantza murritzek ezaugarritu dute Mugimendu Sozialistaren posizioa gaurdaino. Ondorioz, bi baliabideon sinesgarritasuna eta eraginkortasuna propagandistikoki agortuz doa Ezker Abertzalearentzat. Iraganeko mamuak astintzea nahikoa izan zitekeen mugimendu berri eta ezezagun bat deabrutzeko, baina lau urteko jarduera solidoaren ostean ez dirudi horren erraza denik. Sare sozialetan edota komunikabideetan egindako adierazpen berriagoak bilatu ahala, Mugimendu Sozialistaren existentzia zerbait «normala» edota «naturala» dela entzungo dugu Ezker Abertzaleko militanteen ahotan [5]. «Espainolismoaren» sententziari edo bestelako eldarnio konspiraziozaleei eusten dioten txiolari asaldatuak tarteka azaldu arren, kontzeptuak ez du liskarrean lehen zuen zentraltasun bera, eta ez dator Ezker Abertzaleko kide organikoen teklatutik. Bistan da eusko sozialdemokraziaren bozeramaile eta txiologoek diskurtsoan moldaketak egin behar izan dituztela, eta horrek guztiak badu zerikusirik garatu den testuinguru politikoarekin.
ERRONDAKO EGOITZA
2019ko uztailaren 5ean Sortuk Bilboko Erronda kaleko egoitza lapurtu ziola salatu zuen Ikasle Abertzaleakek (IA). Aurretik ere, 2018-2019 ikasturte hasieran, emana zuen alderdiaren asmoen berri: egoitzaren jabetza zuen Euskal Ikasleen Erakundearen zuzendaritza batzordetik ordura arteko izenak kendu eta alderdiko kideenak erregistratu zituen Sortuk ezkutuan. Jabetza bereganatu ostean, egoitza husteko adierazi zien IAko kideei. Hori egin ezean, «erreparorik gabe» botako zituztela esan zieten.
Sortuk ikasle mugimenduaren jarduna apaltzen den uda garaira arte itxaron zuen sarraila aldatu eta segurtasun sistemak jartzeko. Horren aurrean, egoitza «determinazio osoz» defendatzeko borondatea adierazi zuen IAk. Sortuk egindakoa salatzeko, Euskal Herri osoan barrena, «Sortu, utzi IA bakean!» zioten pankartak eskegi zituen IAk. Ezker Abertzaleko kideek Donostian jarri zuten erantzun-pankartak nahiko ongi laburtzen du gatazka osoan zehar izan zuten jarrera, kalean nahiz sare sozialetan: «Segi ikastera eta utzi Sortu pakean, peeesaus!!!». Gertatutakoaren inguruan azalpenak eman edota tentsioaren sorreran zuten ardura aitortzetik urrun, egoitza Ezker Abertzalearena dela esatera eta IAri barre egitera mugatu ziren Twitterren zein euren inguru sozialean, inolako argudiorik eskaini gabe. Ondorioz, iritzi zehatz bat eraikitzen aritu ziren: zalaparta guztia «IAren umekeriaren» emaitza zela, eta ikasle antolakundearen jarduna «Sorturi aurka egitean» oinarritzen omen zela. IAk, kontrara, prentsaurreko bat [6] eta hainbat idazki [7] eskaini zituen gertakarien kontaketa kronologiko zehatza eta jabetzaren nahiz erabileraren inguruan duen ulerkera gizarteratzeko. Horrekin guztiarekin justifikatu zuen ikasle antolakundea eta ikasle mugimendua zirela egoitzaren ondorengo legitimoak, eta ez azpiegitura ugari dituen Sortu alderdi milioiduna.
Ezker Abertzaleko militante gazteenek IAren prentsaurrekoko irudiekin bideo-muntaketa iraingarriak eta memeak zabaldu zituzten sare sozialetan, GKSren sorreran bezalaxe. Gorte osoak bufoiekin barre egin zuen orduan ere. Sortuk egoera konpontzeko zuen prestutasun falta eta Bilboko ikasle mugimenduak azpiegiturarik gabe jarraitzen zuela ikusita, IAk mahai gainean kolpe bat ematea erabaki zuen. 2019ko azaroaren 17an, Ikasle Abertzaleaken 31. urteurrenean, hainbat kide egoitzan sartu ziren hura berreskuratzeko. Sorturi txantxetarako gogoa kendu zitzaion bat-batean, eta Ertzaintzarekin batera bertaratu zen. «Atea bota eta atxilotzearekin» mehatxatu zituzten, baita «autoritatea desobeditzeagatik 300 eta 600 euro arteko isunak» ezartzearekin ere. IA tinko mantendu zen, egoitza berreskuratu zuen eta ordutik ez du gai horren inguruan hautsak harrotzeko beharrik izan.
ERRAKI
Gatazka berehala bihurtu zen esplizitu gaztetxe zein bestelako Langile Kontrolpeko Espazioen eremuan, jarduera politikora bideratutako azpiegituren inguruan ere ulerkera desberdinak azaleratu ziren-eta. Mugimendu Sozialistak espazioon zaurgarritasunari modu antolatuan aurre egiteko tresna bat mahaigaineratu zuen 2019ko martxoan: Erraki. Baliabide analitiko, estrategiko, material zein juridikoak garatzen eta espazioen defentsa eraginkorra artikulatzen aritu da ordutik. Hala, Errakirekin bat egin dute Euskal Herriko hamaika gaztetxek zein bestelako gunek, modu desberdinetan. Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarearen arabera, «elkar-laguntza konprometitu eta desinteresatua» oinarritzat dituen «elkartasun antolatuaren» printzipioaren baitan jardun dira.
Ezker Abertzaleak eta Herri Mugimendua delako zenbait eragilek hasieratik mehatxutzat jo zuten Errakiren proposamena, eta polemikak berandu baino lehen egin zuen jauzi sare sozialetara. Erraki sortu eta denbora gutxira, ohar anonimo bat zabaldu zen haren aurka Euskal Herriko hainbat gunetan; modu pribatuan lehenbizi, publikoki ondoren. Funtsean, «gune autogestionatuen autonomiaren aurka» aritzea, «homogeneizazio ideologikoa inposatzea» edota «martxan diren antolakuntza markoak kontuan ez hartzea» egotzi zioten tresnari. Errakik bere funtzionamenduaren inguruan argipenak emanez erantzun zuen, eta ondoko erronka jaurti zien solaskide anonimoei: «egin ditzatela proposamen politiko zehatzak» [8]. Ezker Abertzaleko militanteek eta autonomiaren interpretazio jakin batzuk egiten dituzten norbanakoek gutun anonimoari zabalpena eman zioten sare sozialetan. Errakiren oharrari inork ez zion erantzun ordea, ezta hark jaurtitako erronkari ere.
Gasteizko Arkillos 10 etxe okupatuaren inguruan piztu zen gatazkak, tokiko izaera zuenak izatez, antzeko patroi kontzeptuala jarraitu zuen, bizilagun ohi batzuek 2020ko abenduan argitaratutako gutunaren harira [9]. Bertan, Errakik aurretik mahaigaineratu zituen argudioei entzungor egin, haren funtzionamenduaren inguruan zituzten aurreiritziak zabaldu eta Arkillos Errakiri lotzearen auzia ondoko terminoetan kokatu zuten: «hamar urtez, bizilagunez eta kolektiboz oso anitza izan den etxe bat, non, besteak beste, ildoko kideek ere beren bilerak eta bestelako erabilerak egin izan dituzten, lau egunetan pasatu da Errakirekin lotu den etxe bat izatera. Une zehatz bateko gehiengoak inposaturik bai, ez kontsentsuz». Horren bidez, «bizilagun anitzak eta Gasteizko Herri Mugimendua vs Ildo Sozialista» dikotomia eraiki zuten, Erraki espazioaz «bidegabeki jabetu» zela aditzera emanez.
Bi dinamika esanguratsu piztu ziren sare sozialetan, gutuna argitaratu aurretik eta argitaratu ondoren. Lehenbizi, Mugimendu Sozialista babesten omen zuen troll kontu anonimo bat azaldu zen gaia oraindik Gasteizko zirkulu txikietan baino ezagutzen ez zenean. Erabiltzaileak Errakiren posizioa aurretiaz baldintzatzeko saiakera egin zuen, babes sarea zoriondu baitzuen «Arkillosko bizilagunak kanporatu izanagatik». Bigarren elementu azpimarragarria gutuna plazaratu ostean iritsi zen, Ezker Abertzaleko txiolarien eta oinarri sozialaren artean izandako zabalpenarekin. Haietako batzuen inspirazio sortzailea ere piztu zuen polemikak, Arkillosko bizilagun sozialisten erantzunaren aurretik meme eta muntaiak iritsi baitziren. Errakiren pankarta baten argazkian, adibidez, «Espazioen gaineko GKSren kontrola» zioen muntaketa egin zuten, «Espazioen gaineko langile kontrola» ordezkatuta.
Eztabaidarako prestutasun falta agerikoa zen arren, Arkillosko bizilagunen asanbladan gehiengoa osatzen zuten militante sozialistek gertakariak azaldu eta ondorio politikoak atera zituzten beste ohar batean [10]. Akusazio-oharraren sinatzaileetako bat Ezker Abertzaleko militantea zela ezagutzera emateaz gain, Errakira batzeko benetako prozedura eta baldintzak zeintzuk izan ziren argitu zuten, baita barne-jardueraren inguruko mitoak gezurtatu ere: «Errakik ez du gune binkulatuen eguneroko jarduna baldintzatzen eta guk dakigula, gaur-gaurkoz inork ez du kontrakorik frogatu. Erraki espazioen defentsari begira lanaren banaketa eraginkor bat egiten duen eragilea da. Errakik ez ditu ildo politiko batekiko "subordinazio eta diziplina" exijitzen, arriskuan dauden gainerako gune binkulatuen defentsarako lan banaketan parte hartzeko konpromisoa baizik: elkartasun pankartak egin, lan egunak…». Bestalde, «Langile Kontrolpeko Espazio» kategoria analitiko bat dela azaldu zuten, ez militantzia sozialistak esleitu edo ken dezakeen estatus bat. Etxebizitza Errakira lotzeko erabakiari dagokionez, kontsentsua ezinezkoa zen egoera batera heldu zirela azaldu zuten bigarren gutunean. «Horren aurrean bi aukera zeuden: gutxiengoak nahi zuena onartzea etxearen gehiengoak, edota, gehiengoak nahi zuena onartzea gutxiengoak», ondorioztatu zuten. Orduan ere ez zuten erantzunik jaso, eta Ezker Abertzaleak lehen bertsioa zabaltzen jarraitu du.
U30-EKO GREBA
ELA eta LAB sindikatuek greba orokor batera deitu zuten 2020ko urtarrilaren 30erako. Mugimendu Sozialista kritikoki batu zen deialdira, «heziketa politikorako eta koiunturaren gaineko irakurketa propioa plazaratzeko aukera egokia» izan zitekeela iritzita. Tokian tokiko indarrekin, beraz, greba batzordeetan parte hartzen, piketeak egiten eta manifestazioetan bloke propioak osatzen aritu zen militantzia sozialista. Hala ere, hiru ohartarazpen egin zituen: batetik, greba orokorrak «klase ertainaren alderdi eta sindikatuen hegemonia indartzeko nahiz bestelako mugimenduek haiekiko izan dezaketen dependentzia areagotzeko» balio zezakeela. Bigarrenik, sozialdemokraziak «pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak hauteskundeetan kapitalizatzeko» helburuarekin sustatutako greba zela. Hirugarrenik, «hauteskunde-dinamika elikatzen zuela, ekoizpen-harremanak zalantzan jarri gabe eta ekoizpenaren ohiko jarduera mehatxatu gabe». Ondorioz, GKSk ohar bat argitaratu zuen greba egunaren biharamunean, kritikaren lerro nagusiotan sakonduz.
Sortuk, beste behin, Eneko Compainsi jarri zion «komunista zentzudunaren» lana. Zuzenbide irakasleak otsailaren 3an GKSren adierazpena kritikatu zuen Twitterreko hari batean. Bertan, irakurketa «Maravillas gaztetxean ibilitako lagun batek» bidali ziola esan zuen ezer baino lehen; «haiekin (GKS) oso haserre». Iruñeko Maravillas gaztetxea zenaren kontuak zuzenean erantzun zion, formen inguruko ohartarazpena eginez: «Errespetu falta izugarria iruditzen zaigu proiektu politikoa (Maravillas) armatzat erabiltzea gure artean bandoak eratzeko. Gainera, aipatu beharra dago jende zehatza zuzenean seinalatzearen larritasuna». Edukian sartuta, «gezurra esatea», «grebarekiko konpromiso falta», «zatiketa sustatzea» edota «sektarismoa» egotzi zizkion GKSri Compainsek, besteak beste. Ezker Abertzaleko txiolariek txalotu egin zuten hari horren bidez GKSri eman omen zion «astindua», baina militantzia sozialistaren erantzunak ez zuen luze jo, ez Twitterren ez GEDAR LANGILE KAZETAn [11]. Ondoko puntu orokorretan laburtu daiteke eztabaidan eskainitako azken erantzuna:
• Kritika teorikoa, politikoa eta organizatiboa ezin da greba orokorraren aurkako sabotajetzat jo.
• Ezinbestekoa da langile guztien grebarako aukerak bermatzea eta langileria grebaren antolaketaren parte izateko mekanismo eraginkorrak sortzea.
• Greba orokorrak ez dira mugimendu bat edo besteren jabetza, langile klase osoaren tresna estrategikoa baizik.
• Greba deialdia ez zen ELA eta LABen eragin esparruetatik askoz harago heldu.
ITAIA
Emakume Sozialisten Sare gisa aurkeztu zen Itaia, 2018ko urriaren 20an. Tesi sozialistak emakumeen auzian ere lurreratzen hasteak ezinegona sortu zuen Euskal Herrian. Itaia blog batean artikuluak, irakurketak, kolaborazioak eta analisi politikoak argitaratzen hasi ahala, edukien gaineko interpretazio interesatuak eta euren egileen inguruko difamazioak ere biderkatu egin ziren.
Ezker Abertzalearen eta Mugimendu Feministaren zirkulu jakin batzuetan, adibidez, emakume sozialisten gaitasun politiko zein intelektuala gutxiesten zuten zurrumurruak zabaldu ziren, Itaiako kideak «euren mutil-lagunen esanetara» zeudela ziotenak; «komunisten neska-lagunak» deitzen zieten. Konfrontaziorako etikaren marra gorri guztiak gainditzen zituela jakitun, ez ziren irain hori sare sozialetan zabaltzera ausartu.
Ezker Abertzalearen eta Mugimendu Feministaren zirkulu jakin batzuetan, adibidez, emakume sozialisten gaitasun politiko zein intelektuala gutxiesten zuten zurrumurruak zabaldu ziren, Itaiako kideak «euren mutil-lagunen esanetara» zeudela ziotenak; «komunisten neska-lagunak» deitzen zieten
Aurrekoak Itaiaren inguruan sortutako iruditegi interesatuaren inguruan ideia bat egiten lagun diezaguke. Egun Emakume Sozialisten Antolakundea denaren aurkako gorrotoak, gezurrak eta irainak ez dute etenik izan. Formazio sozial kapitalistan emakumeen zapalkuntzak hartzen duen forma zehatza aztertzen eta horri aurre egiteko klase batasunean zein klase independentzian oinarritutako estrategia mahaigaineratzen diharduen antolakundeari «matxismoaren kolaboratzailea» izatea leporatzen diote hamaika modutara, eta sare sozialak horren isla izan dira.
2020ko azaroaren 27an, Ezker Abertzaleko militante batek Itaiaren aurkako akusazio ugari bildu zituen Twitterreko hari batean. «Patriarkatuaren existentzia ukatzea», «erasotzaileen erantzukizuna ezeztatzea», «biolentzia matxista justifikatzea», «espazio ez-mistoen kontra egotea» eta «zapalkuntza anitzak sinplifikatzea» leporatu zion antolakundeari, besteak beste. Bere komunitatearen txalo zaparrada birtuala jaso zuen, espero bezala. Itaiako kide batek baieztapenok gezurtatzen zituzten oinarri ugari luzatu zizkion. Hasteko, akusazioa egin zuenak «patriarkatu» kontzeptuaren inguruko definizio zehatzik ez zuela agerian utzi zuen, eta bestetik, patriarkatua kontzeptu analitiko gisa ez erabiltzetik erasotzaileen figura zuritzera salto handia dagoela ohartarazi zuen, beraz, «erasotzaileen figura zuritzea edota defendatzea trikimailu politiko miserablea» dela adierazi zuen Itaiako kideak. Langile klasearen batasun politikoa ardatz izateak «norabide estrategikoaren logikari» erantzuten diola argitu zuen bestetik; zeinak eraso matxistak «norma kultural bilakatzen dituen errealitatea aztertzea eta fenomeno horien zergatia azaltzea» galdegiten duen. Espazio ez-mistoek, berriz, estrategia sozialistaren baitan lekuren bat izan dezaketela argitu zuen, «ez aldiz, banaketa politikoaren printzipiopean», «auziaren lanketa jarraikorra bermatzeko helburuz eta sexuen arteko banaketa sozialaren ondorioz espazio mistoek sor ditzaketen oztopoak gainditzeko asmoz» baizik. «Ah, eta alua jan iezadazue» izan zen bestearen erantzuna.
PANDEMIA ETA SALBUESPEN EGOERA
Muturreko egoerek posizio politikoak modu gardenagoan ikusteko balio dutela esan ohi da, eta COVID-19aren testuingurua ez zen gutxiagorako izango. EH Bilduk Espainiako Gobernuak ezarritako «alarma egoeraren» alde bozkatu eta «osasun kolektiboaren» izenean ezarri ziren neurri murriztaile guztiak onartzen zituen bitartean, Mugimendu Sozialistak bestelako posizio batetik heldu zion koiunturari. Desmobilizazioan hondoratu beharrean, agitazio eta antolaketa politikorako etapa sendoa zabaldu zen bertako antolakunde guztientzat. Konfinamendua ezarri eta berehala, GKSk kanpaina politiko bat jarri zuen martxan, ondoko puntu kardinalekin [12]:
1) Burgesiaren salbuespen neurri politikoak bertan behera uzteko eta askatasun politikoak berrezartzeko premia.
2) Sozialdemokraziaren izaera kolaborazionista alarma egoeraren aurrean.
3) Koronabirusaren kausen, efektuen eta eraginen egia ezagutzeko premia.
4) Berehalako zeregin politikoak alarma egoeraren aurrean.
Ildo horretan, Espainiako Gobernuak hartutako salbuespen-neurriak «burgesiaren ofentsibatzat» jo eta tokian tokiko indarrekin aurre egiteari ekin zion. Aholkularitza zein babeserako lan-ildoak ireki zituzten etxebizitzaren, jazarpen polizialaren eta soldatapeko lanaren alorretan. Hori ez ezik, itxiera perimetralak, etxeratze-aginduak, COVID ziurtagiria eta askatasun politiko zein zibilen aurkako bestelako erasoak salatzeko mobilizazio ziklo osoak ere martxan jarri zituen gazte antolakundeak Euskal Herrian barrena. Ikasle Abertzaleakek ikastetxeetako zein unibertsitateetako ikas-baldintzak borrokatzeko proposamen zehatzak mahaigaineratu zituen hezkuntza esparruan, eta Unibertsitateko Indar Batasunak apunte-banku digitala nahiz doako klase partikularren sarea osatu zituen.
Ekoizpen teoriko-politikoari erreparatuz gero, ugariak, sakonak eta formatu anitzetakoak izan ziren militantzia sozialistak horren denbora-tarte laburrean koiunturari erantzuteko eskaini zituen irakurketak. Gedar.eus atarian, hilabetekari honetan, Twitterreko harietan, prentsako kolaborazioetan, Gedar Telebistan-n... hamaika eduki mahaigaineratu dira. Mugimendu Sozialistako antolakundeek zein norbanakoek gertatzen ari zenaren gaineko euren ikuspuntua azaldu zuten, horren aurrean hartu beharreko posizio politikoak justifikatu zituzten. Bestelako eragileen argitalpenei ere arreta jarri zioten, beharrezkoa izatekotan kritikatzeko. Ezker Abertzaleko militantziak eta oinarri sozialak, oro har, ez zieten gehiegi erreparatu Mugimendu Sozialistak eskainitako argudioei, bai ordea argudio horien inguruan eurek sortu zituzten ideiei. Gehien-gehienek EH Bilduren hautu politikoa zalantza izpirik gabe justifikatu zuten. Horretarako, kritika sozialista «negazionismoarekin, ultraeskuinarekin eta liberalismoarekin» alderatu behar zuten; euren irakurleak «azalpen luzeegiekin» gehiegi aspertu gabe, hori bai.
Kritika sozialista «negazionismoarekin, ultraeskuinarekin eta liberalismoarekin» alderatu behar zuten; euren irakurleak «azalpen luzeegiekin» gehiegi aspertu gabe, hori bai
Salbuespen egoeraren luzapen mugagabeak ondorioak izan zituen, ordea, aginte politikoarentzat. Gazte-altxamendu espontaneoak jazo ziren Euskal Herriko hamaika txokotan, batzuk parranda giroan. Alderdi instituzional guztiak, Ezker Abertzalea barne, ezustean harrapatu zituen fenomenoa izan zen ordukoa. Iñaki Egaña historialari beteranoak Naiz atarian «gazte nihilistatzat» zituen bitartean [13] eta Mertxe Aizpurua EH Bilduko legebiltzarkideak «poliziak prebentiboki esku hartu behar lukeela» zioen une berean, Ernaik «gazte kriminalizazioa» zein «kontrol poliziala» salatzen zituen. GKSri, ordea, «osasun publikoa bost axola zaien parrandazale indibidualistak» justifikatzea egotzi zioten behin eta berriz Twitterren.
IPUIN KONTALARIAK ETA MANIFESTARI KONTULARIAK
2021-2022 ikasturte politikoan Ezker Abertzaleari beste alde batera begiratzea galarazi dioten bi gertakari eragin ditu Mugimendu Sozialistak: Altsasuko Gazte Topagune Sozialista eta GKSk urtarrilaren 29an Bilbon eta Iruñean egindako manifestazioak. Lehenengoari dagokionez, 1.500 gaztetik gora bildu ziren bost egunez Sakanako herrian, eduki politikoak lantzeko eta aisialdiaz gozatzeko. Azken urteetan Mugimendu Sozialistaren aurkako Twitterreko erasoetan aktiboenak izan diren zenbait erabiltzaile «Euskal Herriko gazte mugimenduaren aniztasunagatik» poztu omen ziren, Topagunearen arrakasta ikusi ostean.
Topagunea burutu eta handik gutxira, El Mundo egunkariak Mugimendu Sozialista kriminalizatzeko erreportaje bat argitaratu zuen: «La gran convocatoria de los nuevos cachorros» [14]. Bertan, Mugimendu Sozialistaren eta ETAren arteko loturak egiteaz gain, militante jakinen aurpegiak eta datu pertsonalak plazaratu zituzten. Horren aurrean, artikulua «euskal gazteriaren aurkako eraso» gisa definitu zuten Ezker Abertzaleko kide ugarik Twitterren. GKSk ohar bat atera zuen, eta kriminalizazio saiakera salatzeaz gain, bestelako marko batean kokatu zuen gertakaria: «Politikoki interesatuta dauden batzuk ulertzera eman nahi dutenaren kontrara, gertatutakoa ez da euskal gazteriaren aurkako eraso soila. Proletariotzaren antolakuntza independenteari eman zaion abisua eta egin zaion mehatxua da». Ondorioz, antolakuntza forma jakin hori munduko edozein txokotan era berean erasoko luketela argudiatu zuten GKSko kideek; «nahiz eta, kasuan kasu, egunkariek, politikariek, mafiosoek eta poliziek gezur eta nahaste desberdinak erabiliko lituzketen».
Urtarrilaren 29ko manifestazioekin, Mugimendu Sozialistaren masa izaera agerian geratu zen. 7.000 lagun inguru mobilizatu ziren Burgesiaren diktadura gelditu, ofentsiba ekonomiko eta politikoari aurre egin! lelopean. Bada, Ezker Abertzaleko zenbait militanteri ideia ona iruditu zitzaien manifestariak zenbatzen hastea. LAB sindikatuko kazetari bat, adibidez, Bilboko manifestazioaren amaierako ekitaldiko argazkian buruak banan-banan zenbatzen aritu zen. Buru bakoitzaren gainean puntu berdeak jarriz atera zituen bere ondorioak, eta Twitterren argitaratu zituen. Beste batek «metro koadroko estimazioa» egiten duen programa informatiko bat baliatu zuen. Naiz.eus atariak manifestazioaren inguruko albiste bat atera zuen, Mugimendu Sozialistaren inguruan berririk argitaratu gabe hiru urte igaro ondoren [15]. Zenbaketa propioa baino ez zuen jarri albiste horretan, antolatzaileekin kontsultatu gabe eta iturri ezezagunekin. Beste biek bezala, Ezker Abertzalearen hedabideak gutxietsi egin zuen manifestari kopurua, eta «gezurra esatea» egotzi zion antolakundeari. Naiz-eko zuzendari Iñaki Altunak, esate baterako, «GKSk zifrak puztu zituela» txiokatu zuen. Gauzak horrela, Mugimendu Sozialistako kideek manifestaziora joandako jende kopuruaren estimazioaren oinarria justifikatu behar izan zuten, ohikoa ez dena. Auzi funtsezkoenaren gaineko arreta desbideratzea izan zen Ezker Abertzalearen nahia: azken hamarkadetan ezinezkoa zirudiena bete dela, posible dela milaka lagun aldarri komunista baten atzean biltzea.
GASTEIZKO TXOSNAK
Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak eta GKSk ohar bat argitaratu zuten 2022ko otsailaren 6an, Gasteizko Txosna Batzordeak txosna jartzea debekatu ziela salatzeko. Batzordeak ezarritako araudiaren arabera, «oinarri politiko ez baztertzaileak eta irizpide oso zabal batzuk betetzen dituzten eragile guztiek» omen dute txosna jartzeko eskubidea. Mugimendu Sozialistako eragileok baldintzak betetzen dituzten arren, betoa ezarri zieten, hiru «arrazoirengatik»: «agenda mobilizatorio eta estrategia politiko propioak izatea», «eragile gatazkatsuak izatea», eta azkenik, «eraso matxisten protokoloa ez betetzea edota Txosna Batzordea kontrolatzea» bezalako difamazioak.
Eragile sozialistek argitu zutenez, eurei baino ez zaizkie ezarri baldintza horiek, beraz, txosnen espazioa, dirulaguntzak eta finantzazio iturria «ildo politiko jakin baten eskuetan» geratu dira, hots, Ezker Abertzalearen eskuetan. Izan ere, militantzia sozialistak Twitterren eta GEDAR LANGILE KAZETAn aurrerago azaldu zuen moduan, gertakariok agerian uzten dute Herri Mugimendua delako eragile ustez «independenteek» Ezker Abertzalearen erabakiekin bat egiten dutela auzi funtsezkoenetan.
Mugimendu Sozialistak salaketa lau haizeetara zabaldu zuen arren, ez zirudien Ezker Abertzaleak erantzuteko asmorik zuenik. Joseba Permach Sortuko militanteak otsailaren 8an Twitterren egindako adierazpenak ezin hobeto adierazten du Ezker Abertzalearen sektore autokontzienteen logika: «Ba txio inpopularra idatziko dut, baina nire ustez akatsa da beste batzuk etengabe jartzen dizkiguten gai/amuen bueltan ibiltzea... Haiek albora begiratzen dutelako, ez dezagun guk gauza bera egin eta parez pare ditugun arazoei aurre egin eta baldintzatu dezagun guk agenda...». Esan eta egin. Militantzia sozialistak gertakarien inguruko salaketan Herri Mugimenduaren auzia zeharka aipatu arte itxaron zuen Ezker Abertzaleak, eta orduan baino ez zuen lokatzetara salto egin. Militante sozialisten adierazpen jakin batzuk hautatu zituzten, «Herri Mugimendua iraintzen» ari zirela eman zezan. Terminook oinarritzat zituen liskar bat haientzat onargarria zenez, halaxe hasi zen meme, txantxa, muntaketa, irain, gezur eta txisteen ohiko artilleria. Bereziki larriak izan ziren bi elementu gailendu ziren horien artean: batetik, ELAren finantzaketa jasotzea egotzi zioten Mugimendu Sozialistari. Bestetik, militante sozialisten argitaratu gabeko irudiak lortu eta horiekin Twitterreko kontu faltsuak sortu zituzten, burla zein seinalamendurako. Gaurko egunez oraindik ez dute beto politikoaren inguruko azalpen publikorik eskaini, bere momentuan Arabako Alea hedabidean argitaratuko zutela esan zuten arren.
KONFRONTAZIORAKO TAKTIKA BERRIA
Liskar berrienei erreparatuz gero, Ezker Abertzalearen sare sozialetako propaganda-taktika berriaren norabidea hautemango dugu. Lehen eztabaida teoriko-politikoak kasu gehienetan saihesten bazituzten, orain ia inoiz ez dira esparru horretan sartzen. Bestalde, duela gutxi arte ezerezetik sortutako akusazio ugari zabaltzeko iniziatiba nabarmena izan dute, eta orain ez horrenbeste. Moldeon eraginkortasuna, oro har, urria izan da eta Mugimendu Sozialistaren artikulaziorako joera, berriz, gorakorra. Hori ikusita, militante sozialistek (ustezko) hanka-sartzeren bat egiteari itxaron eta berau mediatikoki puztea lehenetsi dute azkenaldian. Argudiaketaren erdian tonua zertxobait igotzea, kritikaren bat egiterakoan hitz gogorragoak erabiltzea, ezezagunek preso politikoen aldeko pintaketak ezabatzea, pankartaren bat gaizki jartzea... Edozerk balio izan du. Emozio subjektiboen zelaira desertatu, neurrigabe eskandalizatu, oinarri soziala batuta mantendu; dena Mugimendu Sozialista bakartzen saiatzearren.
Zentzu horretan, Ezker Abertzalearen sare sozialetako jokamoldearen oinarri «teorikoa» nahiko argi laburtzen du Peru Azpillagak Ernairen martxoko Alea-n [16]. Gaiaren abiapuntua, justuki, duela hilabete batzuk emozioen eta arrazoiaren harira Twitterren sortu zen liskar bat da. Ernairen Klak proiektu komunikatiboaren programa batean Eraitz Saez EH Bilduko legebiltzarkideak egindako adierazpenak seinalatu zituen militante sozialista batek, Saezek «arrazoia patriarkarra da» esan eta subjektibismo irrazionalaren gorazarrea egin zuenean. Ideia horiek doktrina faxistaren oinarri filosofikoa direnez, militante sozialistak halako adierazpenen arriskua ohartarazi zuen. Legebiltzarkideak kritikarekin «eraso» egin ziotela sentitu zuen ordea, eta Ezker Abertzalearen komunitate politiko osoak ez zuen akatsik ikusi adierazpenetan, alderantziz, itsu-itsuan babestu zuten legebiltzarkidea; «faxista» deitu omen ziotelako intzirika. Bada, halako pasarteek praktikoki berresten dute irrazionaltasun faktoreak Ezker Abertzalearen kultura politiko garaikidean duen zentraltasuna, Azpillagak nahiko modu esplizituan aditzera ematen duen moduan: «Markoa kokatzeak eztabaida bat zuk nahi duzun terminoetan eta zuk nahi duzun ideia horren inguruan ematea dakar. Eta berdin du oinarrian egia edota gezurra egon: markoa kokatzen bada, eztabaida irabazita dago, eta horretan emozioek funtsezko papera jokatzen dute. Hori dela eta, hobe genuke zurrunbilo honen erdian, inguratzen gaituen horri erreparatuko bagenio, gure tradizioari eutsiz, baina jendearekin konektatzeko bide berriak bilatzeari ekin behar diogu, ezkerraren sinbologia eta komunikazio bide klasikoak aspaldi agortu baitziren».
ERREFERENTZIAK
1 Compains, E. (2019). Gaztetxes y lucha obrera. Sobre el naciente izquierdismo en la Eukal Herria de hoy. naiz.eus.
2 Orratz (2019). Gezurrak eta burges metodologia: errebisionismoaren porrota. Eneko Compainsi erantzuna. burdinhesia.wordpress.com
3 Kolitza (2019). Socialismo o barbarie, respuesta a Eneko Compains y a la burocracia de Sortu. borrokagaraia.wordpress.com
4 Soto, I. (2019). Gure belaunaldiaren borroketariko bat bizipen politikoei lotuta egon da gehiago, eztabaida intelektualari baino. erria.eus
5 Servier, A., García, P., Hernando, I., Zabarte, P. (2021). Gurea izan da termino estrategikoetan zailtasun handienei aurre egin behar izan dien belaunaldietako bat. erria.eus
6 GEDAR LANGILE KAZETA (2019ko irailaren 24a). [Prentsaurrekoa] Egoitzaren auziarekin eragindako «arazo larria» konpon dezan exijitu diote Sorturi. YouTube.com
7 Ikasle Abertzaleaken komunikatuez gain, gatazka haren inguruko ulermen politikoan sakontzeko, ikus Ander Goiatxeren Bilboko erronda kaleko egoitzaren lapurretaz kolaborazio artikulua eta Beñat Aldalurren Bestearen egia koiuntura politikoko analisia, biak gedar.eus atarian irakurgai.
8 GEDAR LANGILE KAZETA (2019ko ekainaren 26a). Errakik bere aurkako eraso anonimoa salatu du. gedar.eus
9 Maite, Ruben eta beste etxekide ohi batzuk (2020). Arkillos 10: Autogestioa, asanblada eta auzolanaren balioak ezberdin ikusten ditugu guk. halabedi.eus.
10 Arkillos 10eko asanblada (2020). Arkillos 10: Bizilagun ohi batzuek publiko egin duten irakurketaren asanbladaren erantzuna. halabedi.eus.
11 Beñat, A. Urtarrilaren 30eko greba orokorraren inguruan, sakontzeko elementuak. gedar.eus
12 GEDAR LANGILE KAZETA (2020ko martxoaren 20a). Burgesiaren ofentsiba gelditu, GKSren kanpaina politikoa salbuespen egoeraren aurrean. YouTube.com
13 Egaña, I. (2021). Violencia poligonera. naiz.eus.
14 Iglesias, L. (2021eko urriaren 19a). Diez años sin ETA: la gran convocatoria de los nuevos 'cachorros'. El Mundo.
15 NAIZ (2022ko urtarrilaren 29a). «Burgesiaren diktadura gelditzeko» mobilizazioak egin ditu GKSk Iruñean eta Bilbon. naiz.eus
16 Azpillaga, P. (2022). Emozioak politikan. Alea 06.
HEMEN ARGITARATUA