AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gabriel Rufianek eta Emilio Delgadok, ERC eta Mas Madrid alderdietako politikariek, hitzaldi bat emango dute PSOEren ezkerrera dagoen ezkerra berregituratzeko asmotan. 2027ko hauteskunde orokorretara begira, ahalik eta gehien indartu nahi dute Espainiako Estatuko ezkerreko espazio elektorala, bestela ezinbestean eskuinak gehiengoa lortuko duelakoan. Hala ere, ez dirudi espazio "konfederal" hori gauzatzeko erraza izango denik, interpelatutako alderdi gehienetako kideak mugimendu horren aurka agertu baitira: IU, Podemos, EH Bildu edo ERC bera.

Kontua da Rufian edo Delgado jabetu direla egungo ezker instituzionalak erakargarritasuna galdu duela eta, egun, joera soziologiko nagusia eskuin muturra bilakatzen ari dela. Ezker instituzionala konpartsa pertsonalisten multzo bat bilakatu dela jakinekoa da, PSOEren makulu izatera kondenatuta eta inongo ikuspegi hegemonikorik gabe. Moda ideologikoen mende eta militantziaz hustuta. Delgadoren eta Rufianen proposamenak berdina eragingo luke, ordea: PSOEren makulu izango litzakeen alderdi berri baten eraketa, urte batzuen buruan higatuko litzatekeena, berriro ere hasierako puntura itzuliz. Horretarako baino zerbait gehiagorako ari gara lanean milaka militante, bueltan ezertxo ere jaso gabe.

Ezkerraren erabateko porrotari sakoneko aldaketekin eta epe luzerako begiradarekin egin behar diogu aurre:

Hasteko, PSOE ez da alderdi aliatu bat. Egungo ezkerraren porrotaren erantzule nagusia da eta estatuaren erreforma autoritarioaren bultzatzailea. Ezkerra sistemaren eta estatuaren adierazpen gisa proiektatzen den egoera batean gaude, eta eskuin muturra, aldiz, antisistema eta eraldatzaile bezala. Hargatik, bistakoa da gauzak ez doazela ondo langile-klasearentzat. Ezkerrak bere buruari sinesgarritasuna kentzen dio horrela.

Bigarren, politikari ikuspegi elektoralista hutsetik begiratzea akats larria da, oinarri militantearen sakoneko eraikuntza albo batera uztea eragiten baitu. Horrela daude aipaturiko ezkerreko alderdi gehienak: oinarri militanterik gabe eta goranahiz zein pertsonalismoz lepo.

Hirugarren, ideologia politikoz hustuta eta moda ideologikoen menpe ageri dira aipaturiko alderdiak. Hitz gutxitan esanda, ikuspegi marxista eta klase-ikuspegia falta zaizkie erabat.

Badago gauzak egiteko beste modu bat, eskuin muturraren hazkunde soziologikoari aurre egiteko gai dena. Egungo gauzen egoerari aurpegira begiratzea, hasteko, eta hazkunde militante kuantitatiboan eta kualitatiboan oinarritutako mugimenduen eraikuntzan sakontzea. Egungo krisialdi kapitalistari aurre egiteko gai izango den alternatiba bakarra Estatu Sozialistaren eraikuntza da. Oinarritik kapitalismoaren injustiziei aurre egingo dion mugimendua eratu behar dugu. Faxismoari kalean eta oinarri ideologiko sendoekin aurre egiten zaiola ikusi baitugu: GKSren mobilizazio handiak horren erakusle dira, baita Vito Quilesen aurkako Iruñeko mobilizazioa edo Badalonako alkate faxistaren aurkako indar-erakustaldia ere, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren partetik. Gazteen zein helduen artean sistema honekiko desatxikimendua ezkerrera biratzea dagokigu, eta hori ez da etorriko agorturiko formula elektoralen bidez, militantzia iraultzaileari esker baino.

EZ DAGO IRUZKINIK