ARTEKA / Pertur
Pertur: iraultzaile baten desagerpena
Dagoeneko bost hamarkada igaro dira ordutik, eta galdera nagusiak bere horretan dirau: zer gertatu zitzaion Perturri?
Pertur: iraultzaile baten desagerpena

El 26 de Agosto de 1976...

el 26 agosto de 1976

mi hijo Marcelo Ariel y

su mujer Claudia, encinta,

fueron secuestrados en

buenos aires por un

comando militar. El hijo

de ambos nació y murió en

el campo de concentración.

como en decenas de miles

de otros casos, la dictadura

militar nunca reconoció

oficialmente a estos

“desaparecidos”, habló de

“los ausentes para siempre”.

hasta que no vea sus cadáveres

o a sus asesinos, nunca los daré por muertos.

Juan Gelman

Espainiako Estatuko trantsizioak oraindik izenik ez zuen sasoian, 1976ko uztailaren amaieran, Eduardo Moreno Bergaretxe –“Pertur” goitizenez– ETA politiko-militarreko militante eta ideologo gaztea, arrastorik utzi gabe desagertu zen Biriatun (Lapurdi). Orduz geroztik, ez da haren berririk izan: ez gorpurik, ez gertatutakoa argitzen duen froga erabakigarririk ere.

Dagoeneko bost hamarkada igaro dira ordutik, eta galdera nagusiak bere horretan dirau: zer gertatu zitzaion Perturri? Urteotan hainbat hipotesi eta ikerketa metatu dira –batzuk ofizialak, beste batzuk alternatiboak–, baina inork ez du lortu gertatutakoa modu frogagarrian ixtea. Hala ere, bertsio guztiek ez dute pisu bera izan: susmo hutsetan oinarritutako kontakizun batzuk botere instituzional eta mediatikoz indartu dira, eta beste batzuk, berriz, bazterretan geratu dira, zantzu solidoagoak eta ikerketa-ildo posibleak mahaigaineratu dituzten arren.

Erreportaje honek, desagerpenaren 50. urteurrena aitzakia hartuta, egiaztatutako gertakarietatik abiatuta berreraiki nahi du kasuaren ibilbidea. Abiapuntua da aztertzea zer dakigun ziurtasunez, eta zer ez; ondoren, urteetan eraikitako bertsio eta ikerketa desberdinak zuhurtziaz kontrastatzeko.

Testuingurua eta Perturren figura

1976ko uda nahasia izan zen Euskal Herrian: erregimen frankistaren erreformak masa borroka eta aukera politiko ugari piztu zituen. Ondorioz, ETAren barruan ere eztabaida estrategiko sakonak izan ziren, eta Pertur, justuki, horien erdian kokatzen zen, ale honetako 50 urte Otsagabia ponentziatik: Perturren eta KASen arteko elkarrizketa bat erreportajean xehatzen denez.

Pertur militante komunista eta abertzalea izan zen, 1950eko urriaren 13an Donostian jaioa, ETAren baitan 1970eko hamarkadaren erdialdean piztutako eztabaida estrategikoetan buru-belarri aritua eta erakundearen barruan eragin handienetarikoa zuen kidea. 25 urte besterik ez zituela, ETAren VII. Asanbladarako Otsagabia ponentzian eta Euskal Iraultzarako Alderdiaren (EIA) Arnasa, Reagrupamenduko taldeetarako aztergaiak dokumentu teorikoan egin zituen ekarpenek erakusten dute zenbaterainokoa zen haren pisu teoriko eta politikoa. Bere ibilbidean, etengabeko kezka izan zuen sozialismoa, nazio askapena eta borroka moldeak nola uztartu testuinguru historiko aldakorrean. Trantsizioaren hasierako une nahasi haietan, bereziki, erakundearen norabidea birpentsatzeko ahalegin handia egin zuen.

Susmo hutsetan oinarritutako kontakizun batzuk botere instituzional eta mediatikoz indartu dira, eta beste batzuk, berriz, bazterretan geratu dira, zantzu solidoagoak eta ikerketa-ildo posibleak mahaigaineratu dituzten arren

Askok historia berridatzi eta Pertur “posibilistatzat” aurkeztu nahi izan badute ere, bere planteamendua ez zen jardun armatua bertan behera uztea, baizik eta hura egokitzea. Perturrek proposatzen zuen borroka armatuak momentu historiko hartan funtzio instrumental eta subordinatua izan behar zuela, estrategia politiko zabalago baten barruan. Aldi berean, beharrezkotzat jotzen zuen langile klasearen alderdi iraultzaile bat eratzea, prozesu iraultzailearen zuzendaritza politikoa hartzeko gai izango zena, borroka molde desberdinak –armatua, politikoa eta soziala– modu artikulatuan uztartuz. Trantsizioa bera ere prozesu irekitzat jotzen zuen, non borroka ez zen desagertzen, baizik eta beste esparru batzuetara hedatzen zen; horregatik, eremu sozial eta instituzional berriak ere borrokarako eremu gisa ulertzen zituen. Baina horrek ez du esan nahi Perturrek armak uztea eta demokrazia burges espainiarra baikortasunez besarkatzea proposatzen zuenik; ezta gutxiagorik ere. Hori desagerpenaren inguruko kontakizun edo susmo jakin bat a posteriori zabaltzeko desitxuraketa funtzionala izan da, besterik ez.

Desagerpena eta egiaztatutako gertakariak

Aurreko gaua eta huts egin zuen hitzordu bat

1976ko uztailaren 22tik 23rako gauean Pertur errefuxiatu politiko gisa bizi zen apartamentuetako batean egon zen Donibane Lohizunen (Lapurdi). Egun batzuk lehenago, Hendaiako Mugalde liburu dendan mezu bat jaso zuen: uztailaren 23an, 10:00etan, Donibane Lohizuneko Consolation kafetegian agertu behar zuen, “duela hilabete ezagutu zenuen eta berriro ikusi nahi zaituen pertsona batekin” elkartzeko. Kafetegiko langileen testigantzaren arabera, Pertur ez zen inoiz bertara iritsi. Inork ez du argitu zergatik huts egin zuen hitzordu hark.

Askok historia berridatzi eta Pertur “posibilistatzat” aurkeztu nahi izan badute ere, bere planteamendua ez zen jardun armatua bertan behera uztea, baizik eta hura egokitzea. Perturrek proposatzen zuen borroka armatuak momentu historiko hartan funtzio instrumental eta subordinatua izan behar zuela, estrategia politiko zabalago baten barruan

Pakitorekin eta Apalarekin topaketa

Goizeko 09:40 aldera, Donibane Lohizuneko bidegurutze batean, Pertur Francisco Mujika Garmendia “Pakito” eta Miguel Angel Apalategi Ayerbe “Apala”-rekin elkartu zen, ETA (pm)-ko Komando Berezietako kideekin. Topaketa haren lekuko izan zen Eleuterio Jauregi Beloki “Troski”. Troskiren arabera, Pertur bera izan zen Pakitori eta Apalari galdetu ziena ea Hendaia aldera zihoazen, eta ea Behobiaraino eramango ote zuten. Haiek onartu egin zuten, eta hirurak Renault 5 urdin batean abiatu ziren. Lekukoak adierazi zuen ez zuela ezer arrarorik sumatu: Perturrek normaltasunez jokatu zuen eta, alde egin aurretik, txantxetan aritu zen.

Bi ordu iraun zuen ibilbidea

Donibane Lohizune eta Behobia arteko distantzia 12 kilometro ingurukoa da, eta normalean 15-20 minutuan egiten da. Hala ere, Pakitok 1976ko uztailaren 24an Frantziako Poliziaren aurrean egindako deklarazioaren arabera, ez ziren 11:30ak arte iritsi. Pakitok adierazi zuen Pertur “Irun ondoko mugatik gertu dagoen bidegurutze batean” utzi zutela, eta ondoren bideari ekin ziotela berriro. Lehen deklarazio hartan, ordea, Pakitok ez zuen aipatu Apala beraiekin zihoanik; urte batzuk beranduago, Fernando Andreu epailearen aurrean aitortu zuen biak bertan zeudela. Apalak, bere aldetik, 1977ko ekainaren 2an epaile frantsesaren aurrean adierazi zuen Pertur “pare bat alditatik” baino ez zuela ezagutzen, eta ez zuela “zerikusirik kasu honekin”. Halaber, ez zuen aipatu autoan eraman zuenik. Familiak eta zenbait ikerlarik bi orduko atzerapen horren “justifikazio falta” eta Apalaren kontua azpimarratu eta kasuko “kontraesan garrantzitsuenetariko bat” izan dela adierazi izan dute. Hala ere, kontuan izan behar da Apala, Pakito eta Pertur bera erakunde armatu bateko militanteak zirela, eta testuinguru hartan ez zela ezohikoa segurtasun eta operazio arrazoi desberdinengatik autoritateen aurrean informazioa ezkutatzea edota autoko ibilbideak bihurritzea.

Desagerpena eta lehen salaketak

Une horretatik aurrera, adierazpen publikorik egin duen inork ez zuen Pertur berriro bizirik ikusi. Uztailaren 24ko eguerdian, haren izebak dei anonimo bat jaso zuen –emakumezko ahots batekin–, Donibane Lohizunera joateko esanez, "Eduardo desagertu zelako". Arratsalde berean Frantziako Poliziaren aurrean salaketa aurkeztu zuen. Gau berean, Pakito Telesforo Monzonekin batera Jendarmeriaren aurrean aurkeztu zen borondatez, eta bere bertsioa eman zuen –Apala aipatu gabe–. Fernando Andreu epailearen aurrean adierazi zuenez, uztailaren 23ko arratsalde osoan ez zen etxetik atera, eta ETA (pm)-ko buruzagi batek ohartarazi zion deklaratzera joan behar zuela, desagerpena dagoeneko salatuta zegoelako.

Uztailaren 24ko eguerdian, Perturren izebak dei anonimo bat jaso zuen –emakumezko ahots batekin–, Donibane Lohizunera joateko esanez, "Eduardo desagertu zelako". Arratsalde berean Frantziako Poliziaren aurrean salaketa aurkeztu zuen

Bien bitartean, Perturren gurasoak –Álvaro Moreno eta Marta Bergaretxe– Iparraldera zihoazen haren bila. Uztailaren 24ko gauean, Biriatuko mugan atxiki zituen Espainiako Poliziak. Dokumentazioa arauzkoa izan arren, ez zieten pasatzen utzi; arrazoia “gehiegizko zeloa” omen zen. Gurasoek gertatutakoa salatu zuten Donostiako agintarien aurrean.

Aurrekari egiaztatuak: poliziaren mehatxuak, presioak, ultraeskuinaren atentatuak eta ordainsariak Pertur harrapatzearen truke

2017an iritsi zitzaion EHUri Eusko Jaurlaritzaren ikerketa enkargua, eta idazlanaren ondorioak argiak izan ziren: ikerketa akatsez josia izan zen hasieratik, desagerpena delitu iraunkorra da eta egiletzaren inguruko zaratak aurrerapenak oztopatu ditu


1975eko azaroaren 20a: Moreno Bergaretxe familiaren etxebizitzak atentatua jasan zuen Batallón Vasco Español taldearen eskutik.

1976ko martxoaren 25a: Perturrek berak mehatxu-gutun bat salatu zuen, eskuin muturreko talde batek sinatua, non Ángel Berazadi enpresaria askatzea eskatzen zuten.

1976ko martxo amaiera: Marta Bergaretxe, Perturren ama, atxilotu eta hiru egunez eduki zuten inkomunikatuta, Eduardo López Maturana komisarioaren etxean. Hark beranduago aitortu zuen “goi agindu bati jaramon eginez” jardun zuela.

1976ko apirila: bi polizia espainiar desagertu ziren Hendaian, eta polizia frantses batzuek truke bat proposatu zuten: haiek askatzearen truke, Marta Bergaretxe askatzea.

1976ko maiatzaren 30a: La Voz de España egunkariak 10 milioi pezetaren truke Pertur harrapatzea eskatzen zuen artikulu bat argitaratu zuen, Enrique Sanz Martínek sinatua.

Zer ez dakigun

1978 eta 2007 artean, kasua artxibatuta eduki zuten, eta familiaren iniziatiba partikularrak baino ez ziren izan sasoi hartan. 1977ko Amnistia Legea, "borroka antiterrorista" eta borondate politiko falta zirela medio, hiru hamarkadako geldialdi judiziala izan zen. 2008an Andreu epaileak kereila onartu zuen, eta lau urteko instrukzioa izan zen Pakitoren, Antxonen, Lourdes Auzmendiren eta neofaxista italiarren testigantzekin. Epaileak, lau urteko instrukzioaren ondoren, 2012ko irailaren 20ko ebazpenean ondorioztatu zuen ez zegoela inor inputatzeko adina zantzurik. Ez da gorpurik aurkitu, ez dago aztarnarik, ez aitortzarik, ezta bahiketaren edo hilketaren lekuko zuzenik ere. Ondorioz, auzia behin-behinean artxibatu zuten, hau da, froga berriak agertzen badira berriro ireki daiteke. 2017an iritsi zitzaion EHUri Eusko Jaurlaritzaren ikerketa enkargua, eta idazlanaren ondorioak argiak izan ziren: ikerketa akatsez josia izan zen hasieratik, desagerpena delitu iraunkorra da eta egiletzaren inguruko zaratak aurrerapenak oztopatu ditu. Gauzak horrela, adituek kanpaina instituzionala bultzatzea eskatu zuten datu berriak biltzeko, baina ez du emaitzarik eman oraingoz.

Bertsioak eta interpretazioak, aurrez aurre

Berrogeita hamar urtez, bi hipotesi nagusi zabaldu dira Perturren bahiketa eta desagerpenaren egiletzari buruz. Haietako bat bera ere ez da modu erabakigarrian frogatu; zantzu eskuragarriak, ordea, askoz gehiago doaz Estatu aparatuen egiletzaren norabidean, erakundeek eta masa komunikabideek garrantzia gutxiago eman badiote ere. Jarraian modu ordenatuan aurkezten dira, Eusko Jaurlaritzaren txostenak testuinguruan hobekien dokumentatutzat jotzen duenetik hasita.

Estatuaren edo eskuin muturraren egiletzaren hipotesia (lotura neofaxistekin)

Berehalako erreibindikazioak (1976ko uztailaren 26–31)

Triple A (Alianza Apostólica Anticomunista): uztailaren 26an Cifra albiste agentziara deitu zuen bahiketa bere gain hartzeko. Triple A izaera parapolizialeko egitura zen, frankismoaren segurtasun aparatuetako kideen estaldura gisa jarduten zuena. Haren izena ez da bitxikeria hutsa: Argentinako sarraskietan nabarmendu zen Alianza Anticomunista Argentinaren eta Kolonbiako Alianza Anticomunista Americanaren sigla berberak zituen izua sortzeko. Gainera, Espainiako Gobernuak baimendu egin zuen Argentinako Triple A-ri lotutako erakundeen diaspora bat herrialdean ezatzea.

Batallón Vasco Español (BVE), “Emilio Guezala” komandoa: uztailaren 31n komunikatu bat bidali zuen El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkarira, Pertur “exekutatua eta Nafarroako herri batean lurperatua” izan zela esanez.

Angelo Izzo neofaxistak adierazi zuen bere kide Pierluigi Concutellik kontatu ziola 1976ko udan ETAko militante bat bahitu zutela Iparralden, eta segidan narkotizatu, Espainiako Estatura eraman eta poliziaren menpeko talde bati entregatu ziotela. Izzoren arabera, taldeko arduradunak esan zuen “euskalduna torturatu eta desagerraraziko” zuela

Eusko Jaurlaritzaren txostenak “adierazgarritzat” jotzen du gertakaria, hura izan baitzen BVEren lehen agerraldi publikoa. Bi erakundeek ekintza bera erreibindikatu zuten, eta horrek ikerlariei pentsarazi die siglen atzean pertsona edo sare koordinatu bera egon zitekeela.

Neofaxista italiarrekin lotura (Ordine Nuovo)

11305/88 zigor sumario italiarrak –Vittorio Occorsioren hilketa eta Bernardo Leightonen aurkako atentatuaren kasuekin lotua– jaso zituen hainbat neofaxistaren deklarazioak. Haiek aitortu zuten Ipar Euskal Herrian euskal errefuxiatuen aurka jardun zutela, Espainiako Estatuko polizia zerbitzuen enkarguz edo oniritziarekin.

1976ko azaroaren 15ean, Marta Moreno Bergaretxek gutun bat jaso zuen: “Zure nebarekin egin genuen bezala desagerraraziko zaitugu eta bala-zuloz josiko zaitugu”. “VI Comando Adolfo Hitler de ORDEN NUEVO”-k sinatua zegoen. Frantziako epaileak ez zuen mehatxu hura ikertu

Angelo Izzok adierazi zuen bere kide Pierluigi Concutellik kontatu ziola 1976ko udan ETAko militante bat bahitu zutela Iparralden, eta segidan narkotizatu, Espainiako Estatura eraman eta poliziaren menpeko talde bati entregatu ziotela. Izzoren arabera, taldeko arduradunak esan zuen “euskalduna torturatu eta desagerraraziko” zuela.

Sergio Calorek informazio horren zati bat berretsi zuen.

Fernando Andreu 2009an Italiara joan zen Concutelli deklaratzera deitzeko, aurretik horri uko egin ostean, baina hark iktus bat izan zuen eta bere testigantza osatu gabe eta baliogabe geratu zen.

Perturren arrebari egindako mehatxua

1976ko azaroaren 15ean, Marta Moreno Bergaretxek gutun bat jaso zuen: “Zure nebarekin egin genuen bezala desagerraraziko zaitugu eta bala-zuloz josiko zaitugu”. “VI Comando Adolfo Hitler de ORDEN NUEVO”-k sinatua zegoen –Ordine Nuovoren gaztelaniazko izena–. Frantziako epaileak ez zuen mehatxu hura ikertu.

Espainiako Segurtasun Zuzendaritza Nagusiaren erantzuna Frantziari

1977ko otsailaren 19an, Dirección General de Seguridad (DGS) ordena publikoko organo espainiarrak Frantziako epailearen eskaerari erantzun zion. Eskuin muturrari edo sare italiarrei buruzko pistarik eman ordez, txostenak Apala seinalatu zuen “susmagarri nagusitzat”, “ETAren barne desadostasunak” aipatuz eta “antolakundearen hegal erradikalak Perturren ezabaketan zuzenean parte hartu zuelako” hipotesia indartzen saiatzeko. Eusko Jaurlaritzaren txostenak azpimarratzen du dokumentu ofizial horrek erabat baztertu zituela Triple Aren eta BVEren erreibindikazioak, eta Apalaren aurka oinarri sendorik gabeko akusazio bat eraikitzera mugatu zela. Hura izan zen Espainiako Estatuak nazioartean ETAren aurkako susmoa bideratu zuen lehen aldia.

Eugenio Etxebeste “Antxon”-en testigantza Audientzia Nazionalean

2008an, kasua berriro irekita, Eugenio Etxebeste “Antxon” ETAko buruzagi ohiak Fernando Andreu epailearen aurrean deklaratu zuen. Bertan, Perturren desagerpena Espainiako Estatuko inteligentzia-zerbitzuek antolatutako operazioa izan zela adierazi zuen, ETA barruan “barne kontuen doikuntzaren” irudia nahita sortzeko, “pertsona kualifikatu” bat ezabatzeko eta ETAren barruko zatiketak elikatzeko. Antxonen arabera, ez ETA (pm)-ko kideek ezta Bereziek ere ez zuten zerikusirik izan desagerpenarekin. Metodoei dagokienez, Lasa eta Zabalaren kasuarekin alderatu zuen gertatutakoa.

ETAren egiletzaren hipotesia

Susmoaren jatorria

ETAren aurkako hipotesiak –zantzu ahul edo zirkunstantzialetan oinarrituta– tratamendu pribilegiatua jaso du; aldiz, Estatuaren edo eskuin muturraren egiletzaren hipotesia –erreibindikazio zuzenetan, nazioarteko testigantzetan, dokumentatutako mehatxuetan eta testuinguru historiko sendoago batean oinarritua– sistematikoki gutxietsi edo bigarren mailako xehetasun gisa isilarazi da

Hipotesia ez zen erabat hutsetik sortu; esan bezala, Pertur bizirik ikusi zuten azken bi pertsonak Pakito eta Apala izan ziren, ETA (pm)-ren Komando Berezietako kideak, Perturrek defendatzen zuen ildo politikoaren kontrakoak. Bi hilabete lehenago (1976ko maiatzean), Bereziek Perturren aurkako neurri diziplinario bat betearazi zuten egun batzuetan, buruzagien bilera batera joan zedin eragozteko. Eugenio Etxebeste “Antxon”-ek aitortu zuen epailearen aurrean “atxiloketa prebentibo” bat izan zela. Hala ere, neurri hark huts egin zuen, erakundearen gehiengoak Pertur askatzea eskatu baitzuen. Militanteen aurkako halako neurri diziplinarioak ez dira oso ezohikoak erakunde armatu klandestinoetan, ezta ETAn ere.

Lourdes Auzmendiri idatzitako gutuna (1976ko uztailaren 11)

Desagertu baino hamabi egun lehenago, Perturrek bere bikotekideari idatzi zion: “Basati hauek halako giroa sortu dute non ETA […] estatu polizial bihurtu duten, non bakoitzak ondokoaz susmatzen duen […] Ez naiz gai konspirazio, infundio eta gezur dinamika infernal honetatik ihes egiteko”. Gutunak frogatzen du barne tentsio handia zegoela, baina ez du frogatzen Bereziek hil zutenik. Erakundearen barruan giroa gaiztotuta zegoela adierazten du, besterik ez.

Familiaren akusazio publikoa (1978ko urtarrila)

Desagerpenetik urte eta erdi igaro ondoren, bere ikerketa propioen ostean, Moreno Bergaretxe familiak publikoki seinalatu zituen Bereziak ustezko arduradun gisa. Prentsaurrekoan gutunaren pasarte gogorrenak plazaratu zituzten, eta komunikabideek zabalpen handia eman zieten.

ETA militarraren erantzuna

ETA militarrak familiaren 1978ko lehen prentsaurreko hari erantzun zion, “euskal eskuinaren sektoreek manipulatuta” zegoela esanez.
ETA (pm)-ko zuzendaritzak, bere aldetik, adierazi zuen barne ikerketa egin zuela, baina “ez zirela nahikoa elementu edo froga bildu akusazio zehatzik formulatzeko”.

ETAren aurkako hipotesiak azaldu ezin duena

Alde desberdinetatik ETAri egin izan zaizkion akusazioek, ordea, badituzte hainbat hutsune:

Inolako gorpuzkirik edo aztarnarik topatu ez izana.

ETAk inolako erreibindikaziorik ez egitea, bestelako barne-gatazketan ez bezala.

Ageriko desproportzioa bi orduko hutsune horren eta kontrako norabideko zantzu kopuruaren eta haien pisuaren artean.

Pakito eta Apala zantzu faltagatik inoiz epaitu ez izana, Estatuak haietako bat hasieratik seinalatu eta haien aurkako ikerketa bat irekitzeko borondatea izan zuen arren.

Hedabideen rola, kontakizunaren eraikuntza eta zantzuen desproportzioa

Hutsune horiek eta mediatikoki ezarri den narratiba ikusita, hedabideek kasuaren trataeran jokatu duten rola aztertzera garamatzate. Kontua ez baita bi hipotesiek froga-pisu bera dutela eta hedabideek ausaz bat aukeratu dutela. Aitzitik, ikerketa kazetaritzak eta ikerketa-txostenek erakusten dutena oso bestelakoa da: desoreka sistematiko bat. ETAren aurkako hipotesiak –zantzu ahul edo zirkunstantzialetan oinarrituta– tratamendu pribilegiatua jaso du; aldiz, Estatuaren edo eskuin muturraren egiletzaren hipotesia –erreibindikazio zuzenetan, nazioarteko testigantzetan, dokumentatutako mehatxuetan eta testuinguru historiko sendoago batean oinarritua– sistematikoki gutxietsi edo bigarren mailako xehetasun gisa isilarazi da.

Hurrengo urteetan, Espainiako Estatuko hedabide nagusiek –haietako asko Euskal Herrian finkatuak– desagerpena “ETAren barne-garbiketa” gisa aurkeztu zuten, “ajuste de cuentas”. Titularretan garrantzia berezia eman zioten Perturren gurasoek une batean ETA seinalatu izanari, eskuin muturrari buruzko pistak testuaren amaieran ezkutatzen zituzten bitartean

a) Zer zantzu daude benetan ETAren aurka?

Pertur bizirik ikusi zuten azken bi pertsona ezagunak ETA (pm)-ko Komando Berezietako kideak ziren.

ETA (pm) barruan tentsio politiko handia zegoen, Perturren gutunak eta 1976ko maiatzeko neurri diziplinarioek erakusten duten bezala.

Elementu horietako bakar batek ere ez du erakunde armatuaren ardura frogatzen. Ez dago gorpurik, ez aitortzarik, ez lekukorik, ez armarik edo hilketa-lekurik, ez ETAren erreibindikaziorik. Hipotesia, funtsean, antolakuntzazko harremanetan eta desadostasun politikoetan oinarritzen da; oso zantzu orokorrak.

b) Zer zantzu daude Estatuaren/eskuin muturraren aurka?

Bahiketaren aurretik La Voz de España egunkarian Perturren edo ETAko bestelako buruzagi batzuen truke 10 milioi pezeta eskaintzen zituen iragarki bat argitaratu izana.

Bahiketaren ondorengo egunetan bi talde parapolizialen berehalako erreibindikazioak izan ziren (Triple A eta BVE).

Italiako sare neofaxisten lotura, testigantza judizialekin (Angelo Izzo), 1976ko udan Iparralden egindako bahiketa baten kontakizun zehatzarekin: narkotizazioa, Espainiako Estatura eramatea eta indar polizialen esku uztea.

Perturren arrebari egindako mehatxu dokumentatua, Ordine Nuovoren sinadurarekin.

Amaren aurretiazko atxiloketa, goi-mailako agindu polizialen bidez, haren jarduerak “polizia kontuak nahas” zitzakeelakoan.

Dirección General de Seguridad-en txostena Frantziari, pista horiek ikertu beharrean Apala seinalatzeko presazko jarrerarekin.

Testuinguru historikoa: 1975–1976 artean, Iparraldean ETAren aurkako gerra zikin aski ezaguna; BVE, Triple A eta Espainiako polizien jardunarekin, sarritan italiar neofaxisten laguntzaz, urte hartan bertan Montejurrako gertakarietan jazo zen bezala. Gainera, hurrengo urteetan ere euskal militante gehiago desagerrarazi zituzten: “Naparra”, “Popo”, Lasa eta Zabala…

Zantzu horien guztien pilaketak ez du Estatuaren egiletza frogatzen, baina haien kopurua, aniztasuna eta jatorria –tartean iturri judizial frantses eta italiarrak– nabarmen handiagoa da ETAren aurkako zantzuekin alderatuta. Hala ere, ia ez dute lekurik izan kontakizun publikoan. Kontrara, komunikabide nagusiek zabaldu duten bertsioan DGSk hasiera-hasieratik esandakoa errepikatu dute.

c) Hedabideen trataera: balantza desorekatua, hasieratik

Eusko Jaurlaritzaren txostenak jasotzen du nola 1976ko uztailean bertan Radio Nacional de España-k, iturri polizialekin “truke” hipotesia zabaldu zuen: “Pertur bi polizia espainiarren truke bahitua izan zitekeela”. Bertsio hark oihartzun handiagoa izan zuen hasieran Triple Aren eta BVEren erreibindikazioek baino.

Hurrengo urteetan, Espainiako Estatuko hedabide nagusiek –haietako asko Euskal Herrian finkatuak– desagerpena “ETAren barne-garbiketa” gisa aurkeztu zuten, “ajuste de cuentas”. Titularretan garrantzia berezia eman zioten Perturren gurasoek une batean ETA seinalatu izanari, eskuin muturrari buruzko pistak testuaren amaieran ezkutatzen zituzten bitartean. Kasu batzuetan, hala nola El Paísen 2016ko uztailaren 23ko edizioan, bi hipotesiei ia leku bera eman zitzaien; baina ordurako kontakizunaren inertzia finkatua zegoen: irakurle arruntarentzat, “Pertur bere kideek hil zuten” baieztapen bihurtua zen, ez frogatu gabeko hipotesi bat.

Desproportzio hori, baina, ez da inondik inora neutrala. Kontakizun ofizialaren eraikuntzak ondorio zehatzak izan ditu:

Ikerketa ixtea: “Denek badakite ETA izan zela”, ez dago gorpua bilatzeko eta Trantsizioko aparatu polizialak ikertzeko presio sozialik.

Biktimaren kriminalizazioa: Pertur “bere kideen esku hil zen buruzagi” gisa aurkeztu dute, eta horrek politikoki ahuldu du familiaren ikerketa-eskaeraren zilegitasuna.

Estatuari mesede egin dio: gailendu den bertsioak hamarkadetan estali du estatu-terrorismoa eta sare parapolizialen jarduna.

Kasuaren gaineko itzala ez da neutroa izan: iturri ofizialek eta masa komunikabideek proiektatua izan da, boterearentzat erosoena zen hipotesia nagusitzeko. Beraz, baliteke zantzuen trataeraren desproportzio hori Estatuaren egiletzaren hipotesia indartu dezakeen zantzu bat gehiago izatea bere horretan.

Zauri bizia, 50 urte beranduago

Moreno Bergaretxe sendiak salatu zuten 40 urte zeramatzatela zer gertatu zen jakin gabe: "Ez daukagu ezer, min eta tristura erraldoia baizik". Dagoeneko beste hamarkada bat pasa da, eta egiak ezkutuan jarraitzen du

Mende erdi igaro da 1976ko uztailaren 23 hartatik, eta Perturrek desagerturik dirau. Haren gurasoak egia jakin gabe hil ziren, gorpurik, hilobirik eta erantzunik gabe. Urte batzuk lehenago, 2016ko uztailean, familiak beste adierazpen bat argitaratu zuen Diario Vasco egunkarian, eta dagoeneko ez zuen ezein akusazio zehatzik jaurtitzen. “Hasierako nahasmena, ziurgabetasuna, amorrua, bertsio desberdinak, pista faltsuak, manipulazioa, omenaldiak eta huts egindako ikerketak” bizi izan dituztela gogorarazi zuten, eta, “pauso bakoitzarekin, esperantza-izpi bat eta atsekabe berri bat”. Moreno Bergaretxe sendiak salatu zuten 40 urte zeramatzatela zer gertatu zen jakin gabe: "Ez daukagu ezer, min eta tristura erraldoia baizik". Dagoeneko beste hamarkada bat pasa da, eta egiak ezkutuan jarraitzen du.

2017an Eusko Jaurlaritzak berak enkargatutako eta EHUko Giza Eskubideen Katedrak egindako txostenak balorazio zorrotzak uzten ditu ikerketari buruz: “Ikerketaren bilakaera oso eskasa izan da hasieratik”, eta “egiletzaren itzalak eta haren ondorio politikoek harri astun baten moduan baldintzatu dute ikerketa, eraginkorra izatea eragotzi arte”. Hori ez da kasualitatearen ondorio, izen-abizenak dituen kontakizunaren eraikuntza estrategiko baten emaitza baizik: 1976ko uztailetik bertatik hasi zen, Radio Nacional de España-ra egindako filtrazioekin; 1977ko otsailean sendotu zen DGSk Frantziari bidalitako txostenarekin –eskuin muturraren erreibindikazioak baztertuz ETAko kide bat seinalatu zuena–; eta gaur arte luzatu da, oraindik ere hedabide askok frogatu gabeko “barne-doikuntzaren” hipotesia “bertsio probable” gisa aurkezten dutelako.

Instituzioek eta Espainiako Estatuko komunikabide nagusiek beste alde batera begiratzen zuten bitartean, ikerketa independenteak bidea urratzen jarraitu du. 2019an, Iñaki Egaña historialariak eta Paco Etxeberria forentseak –Aranzadi Elkartearen baliabide minimoekin, ez Estatuaren bitarteko erraldoiekin– une batez uste izan zuten azkenean Perturren gorpuzkiak aurkitu zituztela, Egañak Naizeko elkarrizketa batean azaldu zuenez. Operación Pancorbo izenez ezagututako arrasto bati jarraitu zioten ikerlari independenteek: José Antonio Sáenz de Santa María jeneralak aitortutako plan bati, alegia. Plan horren arabera, Euskal Herritik hurbil dagoen Burgosko herri batean chupadero bat ezarri nahi zuten: euskal militante bahituak galdekatu, torturatu eta desagerrarazteko gune bat, Argentinako diktaduran eta munduko beste hainbat tokitan kontraintsurgentzia operazio antikomunistetan Perturren desagerpenaren momentuaren berean, simultaneoki, egiten ari ziren bezalaxe. Ameyugoko hilerrian indusketak eginez, Pancorbo ondoan, egoera onean zegoen hezurdura bat topatu zuten. Eskuak lotuta zituen, bi tiro buruan, eta seguruenik torturatua izan zen. 25 urte inguruko gazte bati zegokion, Pertur desagertu zenean zuen adin berekoa. Ezaugarri fisikoak eta kokalekua bat zetozen. Aste luzez, Egaña eta bere taldea sinetsita egon ziren kasua argitu zutela. Azkenean, ADN probek baztertu egin zuten aukera hori. Ez zen Pertur.

Operación Pancorbo izenez ezagututako arrasto bati jarraitu zioten ikerlari independenteek: José Antonio Sáenz de Santa María jeneralak aitortutako plan bati, alegia. Plan horren arabera, Euskal Herritik hurbil dagoen Burgosko herri batean "chupadero" bat ezarri nahi zuten: euskal militante bahituak galdekatu, torturatu eta desagerrarazteko gune bat, Argentinako diktaduran eta munduko beste hainbat tokitan kontraintsurgentzia operazio antikomunistetan Perturren desagerpenaren momentuaren berean, simultaneoki, egiten ari ziren bezalaxe

Baina pasartea adierazgarria da bere esanahiagatik: ikerlari partikularrak Estatua bera baino urrunago heldu ziren, aurrekonturik gabe, nazioarteko eskakizun-batzorderik gabe eta babes instituzionalik gabe. Gerra zikinaren trama aitortu bati lotutako leku batean izan zen, eta antzera eraildako beste norbait topatu zuten bertan. Topatu zuten gorpua ez zen Perturrena, baina arrastoaren norabidea –Estaturantz, haren sareetarantz, antzinako chupaderoen ondoko hobietara– zuzena zen. Eta Estatuak bere baliabideak ETAren aurkako susmoa zabaltzera bideratu dituen bitartean, historialariak, forentseak eta kazetari independenteak izan dira egia bilatzeko lurra zulatzen aritu direnak, literalki.

Eskuragarri dauden zantzu gutxiek modu koherentean seinalatzen dute Estatuaren eta haren sare parapolizialen norabidea, nahiz eta oraindik ez den froga erabakigarririk lortu, adituek salatutako ikerketa sakonagoen faltagatik

Beraz, esan bezala, ez dago ETAren egiletza frogatzen duen zantzu sendo bakar bat ere: ez gorpurik, ez aitortzarik, ez zuzeneko lekukorik, ez erreibindikaziorik. Aldiz, eskuragarri dauden zantzu gutxiek modu koherentean seinalatzen dute Estatuaren eta haren sare parapolizialen norabidea, nahiz eta oraindik ez den froga erabakigarririk lortu, adituek salatutako ikerketa sakonagoen faltagatik. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzarentzako txostenak esaldi bakarrean laburbiltzen du abiapuntu izan beharko lukeena: “Gertakariak ez dira iraganekoak. Desagerpena gaur egungoa da”. Pertur non dagoen jakin arte, krimen iraunkorra da. Horregatik, Perturri zer gertatu zitzaion zehatz-mehatz ez badakigu ere, honezkero jakin badakigu kasuan ETAren aurkako susmo funsgabeei eusteak zer eragiten duen objektiboki: ikerketaren lekua betetzea eta arduradunen inpunitatea bermatzea. Hortik aurrera, norberari dagokio epaitzea norentzat den komenigarria egoera hau.

Galdera zabalik dago. Familiaren eta adituen eskakizuna ere bai. Behingoz hitz egingo al dute dakitenek? Aurreiritzirik gabe ikertuko al da? Perturren gorpua topatzen ez den artean, haren familiak eta ingurukoek ezingo dute itxi mende erdiko zauri bizi hau. Arduradunak eta zergatiak argitzen ez badira, Euskal Herriko memoria kolektiboari beste atal bat gehiago faltako zaio bere historia ulertzeko.

OHARRA:Kontsultagai interesgarriak

UPV/EHU – Giza Eskubideak eta Botere Publikoak Katedra (2017ko maiatzaren 17a).

«Informe sobre el caso Pertur: estado actualizado de la cuestión».

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako Idazkaritza Nagusiak eskatutako txostena. Gertakarien, ikerketen eta ondorio juridikoen azterketa sakona (preskripzioa, amnistia, nazioarteko estandarrak).