Euskadi Ta Askatasuna (ETA) antolakundea bitan banatu zen 1974an: ETA militarra eta ETA politiko-militarra. Bi antolakundeek garapen desberdina izan zuten, eta urte gutxitan nabarmen aldatu zituzten bakoitza ezaugarritzen zuten tesi politikoak. Testu honetan, haustura horren testuinguraketa xume bat egingo dut, sarrera moduan..
ETAren lehen urteak
1958an, EAJk frankismoaren aurrean erakusten zuen immobilismoak bultzatuta, Euskadi Ta Askatasuna (ETA) antolakundea sortu zen. Antolakunde horrek hasieratik erakutsi zituen EAJrekiko desberdintasun politikoak. Abertzaletasuna irmo defendatzen zuen, eta borrokarako determinazio handia eta Euskal Herriaren alde modu aktiboagoan jarduteko borondatea erakutsi zuen. Ordura arte abertzaletasunaren oinarrian zegoen “arraza” kontzeptua berrikusi zuen, eta kultura eta hizkuntza gisako kontzeptuen bidez ordeztu. Erlijioari zegokionez, akonfesionaltzat aurkezten zen. Gainera, EAJrena baino programa sozial aurrerakoiagoa zuen, nahiz eta oraindik komunismotik urrun kokatzen zen.
Hirugarren munduko askapen mugimenduek garbi eragin zuten antolakundearen garapenean. Vietnam, Aljeria edo Kubako esperientziak erreferentziazkoak izan ziren. Gainera, 60ko hamarkadan langile mugimenduak Euskal Herrian izan zuen garapenak antolakundea ezkerreko ideologietara gerturatzea ekarri zuen.
Horrela, antolakunde barruan hiru joera egon ziren. Alde batetik, “tercermundistak”, hirugarren munduko esperientzien eraginik handiena jaso zutenak ziren. Bestalde, “obreristak”, zeinak langile borroken eragin nabarmena izan zuten. Azkenik, “kulturalistak”, askapen nazionala aldarrikatzen zuten arren, sozialismo ez-marxista bat defendatzen zutenak.
1964an egin zen ETAren III. Asanbladan, borroka armatua antolakundearen helburuak lortzeko bitarteko egokiena zela erabaki zen. Behin estrategia birpentsatuta, “ekintza-errepresioa-ekintza” eskema onartu zuten. Horren bidez, talde armatu txiki batek Estatua garaitzeko izan zezakeen modua zehaztu zuten. Haren arabera, gutxiengo iraultzaile batek Estatua kolpatu behar zuen, hark errepresioarekin erantzun zezan; horrela, gutxiengo iraultzaileak babes sozial handiagoa eskuratuko zuen.
Asanblada horren ostean, joera obreristakoek Bulego Politikoaren eta Zutik aldizkariaren kontrola eskuratu zuten; horren ondorio izan zen aldizkariko zenbakiek geroz eta izaera obreristagoa hartu izana. 1966an ezohiko Komite Exekutibo batek Bulego Politikoa osatzen zuten kideak antolakundetik kanporatzea proposatu zuen. Kanporatuek ETA-Berri antolakundea sortu zuten; beste antolakundeari, bereizteko, ETA-Zaharra deitzen hasi ziren. Gerora, ETA-Berrik Euskadiko Mugimendu Komunista (EMK) osatu zuen, Movimiento Comunista-ren (MC) Euskal Herriko atala.
Hirugarren munduko askapen mugimenduek garbi eragin zuten ETAren garapenean. Vietnam, Aljeria edo Kubako esperientziak erreferentziazkoak izan ziren. Gainera, 60ko hamarkadan langile mugimenduak Euskal Herrian izan zuen garapenak antolakundea ezkerreko ideologietara gerturatzea ekarri zuen
1966an egin zuen ETAk bere V. Asanblada. Asanblada horren bigarren zatiaren ondoren, kulturalistek antolakundea utzi zuten, ETA talde marxista-leninista bilakatu zela gaitzetsiz. Kulturalisten taldea Branka aldizkariaren inguruan antolatu zen. Horrela, joera tercermundista nagusitu zen antolakundean. Asanblada horren ondoren, ETAk bere ideologia nazionalismo iraultzailea zela adierazi zuen. Askapen prozesu hori aurrera eramateko subjektua Euskal Langile Herria zela zehaztu zen. Vietnamgo ereduari jarraituz, antolakundearen egitura lau frontetan banatu zuten: kulturala, politikoa, militarra eta ekonomikoa (gerora, Langile Frontea izango zena). Maoismoaren ildo beretik, momentuko kontraesan nagusia oligarkiaren eta herriaren artekoa zela zioten; “herria” proletariotza, burgesia txikia eta oligarkikoa ez zen burgesia nazionala barnebiltzen zituen terminoa zen. Horregatik, iraultza sozialistaren aurretik, nahitaezkoa zen iraultza herrikoi bat egitea. Iraultza hori bideratzeko Fronte Nazionala eraikitzea ezinbesteko eginkizuna zen; Fronte Nazionala aurrez aipaturiko gizarte sektore herrikoiek osatutako fronte gisa irudikatzen zen.
1970eko VI. Asanbladan, berriz ere, joera desberdinen arteko tentsioak azaleratu ziren. 1969an egon ziren atxiloketen ondoren osatu zen zuzendaritzak joera obrerista zuen. Asanblada horretan, Bosten Taldeak –V. Asanbladaren ondoren antolakundeko Biltzar Ttipia osatu zuen taldea– eta Fronte Militarrak ez-legitimotzat jo zuten asanblada. Horrela, haustura berri bat gertatu zen.
V. Asanbladaren ondoren, ETAk bere ideologia nazionalismo iraultzailea zela adierazi zuen. Askapen prozesu hori aurrera eramateko subjektua Euskal Langile Herria zela zehaztu zen
Fronte Militarrak eta Bosten Taldeak ETA-V sortu zuten, euren aburuz V. Asanbladaren parametroei leial zitzaien antolakundea. Bestalde, ETA-VI deitu zitzaion zuzendaritza berria eta antolakundearen gehiengoak osatzen zuen taldeari. 1973an, ETA-VIren gehiengoa Liga Comunista Revolucionaria (LCR) antolakundera batu zen, eta Liga Komunista Iraultzailea (LKI) sortu zuten Euskal Herrian.
Hurrengo urteetan ETA-V hazten joan zen. 1972an, EGI-Batasuna antolakundea batu zitzaien eta indar militantea nabarmen handitu zen. Egondako haustura desberdinen ondoren, aipatu antolakundea ETA izena hartu zuen.

Miliak eta Polimiliak
1972an, ETAren V. Asanbladan antolaketa ereduaren baliagarritasunaren inguruan zalantzak sortzen hasi ziren. Alde batetik, Fronte Militarrak (FM) urte haietan aurrera eramandako dinamikak beste fronteak bere jardueraren menpe egotea ekarri zuen. FMren beharrak gainerako fronteenen gainean inposatzen zirelako sentsazioa zabaltzen joan zen antolakundeko kide batzuen artean. Jardun militarrari lehentasun berezia ematen zitzaiola zirudien.
Gainera, antolakunde batek ekintza armatuak gauzatzeak beste motatako jardunak modu iraunkorrean egitea galarazten zuen. Langile Frontekoek (FO gaztelaniazko sigletatik) ziotenez, FMren jardunak zekarren errepresioa zen hain zuzen ere masekin lan politiko iraunkorra egitea eragozten zuena. Izan ere, ekintza armatuak gauzatzeak sortzen zuen errepresio gogorrak FO behin eta berriro desegiten zuen. Hori zela eta, antolakundeari intentsitate handiko borroka armatua egiteak asko zailtzen zion langile mugimenduan parte hartzea.
Langile Frontekoek (FO gaztelaniazko sigletatik) ziotenez, FMren jardunak zekarren errepresioa zen hain zuzen ere masekin lan politiko iraunkorra egitea eragozten zuen
Bestalde, ezker abertzalea sortzen ari zen oinarri soziala enkoadratzeko arazoak nabarmenak ziren. ETAk gero eta babes sozial handiagoa zuen arren, ez zen horri etekin nahikoa ateratzeko gai. Izan ere, antolakundearekin sinpatia zuten askok ETAren aldeko ekarpen bat egin nahi zuten arren, ez zeuden prest borroka armatuak eskatzen zuen sakrifizioa onartzeko. Pertsona horientzat naturala zen espazioa FO izan beharko luke. Hala ere, praktikan, FOk FMren errepresio maila berdina jasaten zuen, biak ETA izenaren pean antolatzen baitziren. Horregatik, FOn parte hartzeak, militantzia legal edo erdi-ilegal bat eskaini beharrean, errepresio gogorra zekarren. Funtsean, ETAk geroz eta babes sozial handiagoa zuen arren, ez zen gai bere ideologiarekin identifikatzen ziren pertsona askori ekarpen bat egiteko espazio egokia eskaintzeko.
Arrazoi horiengatik, langile munduko beste antolakunde batzuk (PCE, Comisiones Obreras, ORT, MCE…) ETA baino azkarrago hazten ari ziren. Izan ere, ETAk gazte askoren kontzientzia politikoa piztu zuen arren –bere militantziak egiten zuen sakrifizio erraldoiari esker–, horietako askok beste antolakunde batzuetan parte hartzen bukatzen zuten.
1972ko urrian antolatu zen aurreasanblada batean, fronteen antolaketa sinplifikatzea adostu zen, Fronte Kulturala eta Langile Frontea batuz, Langile Frontea (FO) izenpean. Horrela, FO ETAren fronte politikoa izango zen, jardun ez-militar ia osoa bere kargu izanik.
Antolakundean ez zen borroka armatuaren erabilera zalantzan jartzen, baizik eta hark izan beharreko funtzioa. Borroka armatuaren eta masa borrokaren arteko harremanaren eta koordinazioaren ingurukoak ziren eztabaidak
1973ko abuztuan egin zen VI. Asanbladaren lehen zatian FOren eta FMren artean hainbat eztabaida egon ziren. Eztabaida horien atzean antolakundearen izaera ulertzeko bi modu zeuden: FMk borroka armatuan zentratutako ETA nahi zuen; FOk, ordea, langile munduari irekiago zegoen antolakunde bat nahi zuen, borroka armatua lehentasun berezirik gabeko beste tresna bat bezala ikusiz. Antolakundean ez zen borroka armatuaren erabilera zalantzan jartzen, baizik eta hark izan beharreko funtzioa. Borroka armatuaren eta masa borrokaren arteko harremanaren eta koordinazioaren ingurukoak ziren eztabaidak. VI. Asanbladan ez ziren eztabaidak ebatzi eta bigarren zati batera atzeratu ziren.
1974an, zuzendaritzak ikusi zuen FOrekin haustura ukaezina zela. Horregatik, egoera horri aurre hartzeko, antolakuntza eredu berri bat probatzen hasi zen. Horrela, “eremu pilotu” desberdinetan, gerora modelo politiko-militarra gisa ezagutuko zena ezartzen hasi ziren. Hartara, lurralde bateko lan politikoa eta militarra arduradun berdinaren zuzendaritzapean batzen zituzten, nahiz eta bi borroka lerroak berain arteko egitura banatuetan aurrera eramaten ziren. Beraz, lurralde bakoitzeko militante legalak eta ilegalak egitura banatuetan zeuden arren, arduradun berdinaren gidaritzapean antolatzen ziren. Hori guztia ez zitzaion FOri helarazi.
FO ohartu zen beraiek albo batera utzita langile zelulak antolatzen ari zirela. FO baztertzeko mugimenduak zirela pentsatu zuten, eta, gainera, akordio asanblearioaren haustura zirela. 1974ko ekainean, III. Biltzar Ttipian, FOk antolakundea uzten zuela adierazi zuen, argudiatuz bertatik ezin zuela lan politiko egokirik egin. Bestalde, FMri leporatu zitzaion fronteetako egituratik kanpo langile komiteak sortu izana.
FOko gehiengoa (Gipuzkoako ia aparatu osoa eta Bizkaiko zati bat) antolakundetik irten zen eta 1974ko abuztuan LAIA (Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia) sortu zuen. Antolakunde sozialista, abertzale eta iraultzailea zen. Horrela azaldu zuen LAIAk haustura emateko arrazoia Sugarra aldizkarian: “La imposibilidad de romper con el activismo separado de las masas que nos atenazaba, está en el origen de nuestra ruptura con ETA”. Eta horrela deskribatu zuen berak gorpuztu nahi zuen eredu politikoa: “Así, pues tanto a nivel táctico como estratégico, el brazo armado de la organización deberá estar en función de la política obrera definida por nuestro aparato. La diferencia con ETA es obvia, ya que allí se supedita toda la práctica al militarismo activista”.
ETAko kideen artean desberdintasunak zeuden oraindik ere. Bi joera bereiz zitezkeen: baziren etorkizunean “polimili” deitzen hasiko zirenak, eremu pilotuetan praktikan jarritako antolaketa ereduaren aldekoak. Besteek, gerora “mili” deituak, antolakunde militarra antolakunde politiko eta popularretatik banatu behar zela uste zuten.
Antolakundearen gehiengoa hasiera batean politiko-militarren taldearekin lerratu zen, eta beren buruari ETA politiko-militarra edo ETA (pm) deitu zioten. ETA (pm) taldeak egindako VI. Asanbladako bigarren zatian antolaketa eredu berria berretsi zuten. Bestalde, ekintza armatu konplexuak gauzatzeko Komando Bereziak sortu zituzten, esperientzia gehien zuten liberatuekin
IV. Biltzar Ttipian eman zen milien eta polimilien arteko haustura, 1974ko urrian. Rolando kafetegiko atentatuan antolakundeak hartu beharreko posizionamendu publikoaren inguruan tentsio handiko eztabaida egon zen. Gero, eremu pilotuetan aplikatzen ari ziren antolaketa eredua eztabaidara plazaratu zutenean, miliek bilera utzi zuten.
Antolakundearen gehiengoa hasiera batean politiko-militarren taldearekin lerratu zen, eta beren buruari ETA politiko-militarra edo ETA (pm) deitu zioten. Horiek VI. Asanbladako bigarren zatia 1975eko urtarrilean egin zuten. Bertan antolaketa eredu berria berretsi zuten. Bestalde, ekintza armatu konplexuak gauzatzeko Komando Bereziak sortu zituzten, esperientzia gehien zuten liberatuekin.
Miliek antolakundea uztea erabaki zutenez, ETA militarra edo ETA (m) deitutako antolakundea sortu zuten. Haien aburuz, ekintza armatuak gauzatzen zituen antolakunde batek jasotzen zuen errepresio maila zela-eta, antolakundeak ezin zuen beste zereginik egin. Horregatik, ideologikoki ETAren alde zeuden kide desberdinak antolatzeko zailtasunak zeuden. Ondorioz, haien ustez, beharrezkoa zen antolakunde armatua antolakunde politiko eta popularretatik bereiztea, azken horiek beren jarduna aurrera eramateko askatasun handiagoa izan zezaten. Hortik aurrera, beraz, bi ETA egon ziren: militarra eta politiko-militarra.
Hausturatik Gernikako Estatutura
Banaketaren ostean, polimiliak izan ziren antolakundearen kontrola eskuratu zutenak. Beraz, bi antolakundeen artean, ETA (pm) indartsuena zen eta ekintza ugari egiten hasi zen. Hala ere, laster aldatu zen egoera. 1975ean errepresioak gogor kolpatu zuen ETA (pm); “El Lobo” infiltratuak erantzukizun handia izan zuen. Hainbat polizia operazioren bidez, komando asko desegin zituzten. Errepresio kolpe horien ostean, liberatuen ehunekoa nabarmen igo zen antolakundean. Horregatik, Komando Bereziek pisu handiagoa hartu zuten antolakunde barruan.
1975ean asanblada berri bat deitu zuten polimiliek. Asanblada horretarako, Eduardo Moreno Bergaretxe “Perturrek” eta Javier Garayalde “Errekak” Otsagabia ponentzia idatzi zuten. Bertan autokritika sakona egin eta antolaketa eredu politiko-militarra alboratzeko beharra ondorioztatu zuten. Horregatik, antolakundearen erdibitzea proposatu zuten, alderdi politikoa eta antolakunde armatua antolaketa mailan banatuz
1975ean polimiliek jasandako atxiloketek eta egindako ekintzek eragindako errefusak antolakundearen norabidea birpentsatzera bultzatu zituen. Hori zela eta, asanblada berri bat deitu zuten. Asanblada horretarako, Eduardo Moreno Bergaretxe “Perturrek” eta Javier Garayalde “Errekak” Otsagabia ponentzia idatzi zuten. Bertan autokritika sakona egin eta antolaketa eredu politiko-militarra alboratzeko beharra ondorioztatu zuten. Horregatik, antolakundearen erdibitzea proposatu zuten, alderdi politikoa eta antolakunde armatua antolaketa mailan banatuz. Horrela, maila formalean behintzat, antolakunde politikoak eta armatuak ez zuten lotura organikorik eduki behar.
Gainera, egoera politikoaren aldaketa dela-eta, borroka politikoak borroka armatuaren aurrean lehentasuna hartu behar zuela adierazi zuten. Ponentzian baieztatzen zutenez, borroka armatuak funtzio garrantzitsua bete zuen masen borroka urria zenean. Izan ere, klaseen arteko eta oligarkiaren barruko kontraesanak areagotzeko funtzioa bete zuen. Orain, ordea, masa mugimendua hedatzen ari zenean, ez zen funtzio bera betetzen ari. Testuinguru politiko berrian –diktaduratik demokrazia burgesera bideratutako trantsizioan–, indar errepresiboek talde armatuak kontrolpean izateko gaitasuna erakutsi zuten arren, ez zuten gaitasun bera erakutsi masen mugimendu espontaneoaren aurrean. Ponentzian adierazten zutenez, ETAren lehen urteetan ekintza-errepresioa-ekintza espirala baliagarria izan zen arren, momentu horretan espero ez zen ondorio bat sortzen ari zen: errepresioa mugimenduaren abangoardia desegiten ari zela. Adierazpen horiekin ez zuten borroka armatua albo batera utzi nahi; horren ordez, erretagoardia funtzioa esleitu nahi zitzaion. Hau da, masek borrokaren bidez lortutako baldintzak bermatzeko funtzioa izan behar zuen. Beraz, ofentsibako borroka masen borroka izan behar zela defendatzen zuten, eta borroka armatuaren funtzioa, berriz, haren bidez lortutako konkistak ziurtatzea. Hartara, alderdi politikoak gauzatu behar zuen mugimenduaren zuzendaritza, eta talde armatuak horren sostengu gisa jokatu.
1976ko irailean egin zen VII. Asanbladan Otsagabia ponentzia onartu zuten. Horrela, 1977an EIA (Euskal Iraultzarako Alderdia) alderdia sortu zen. Esan daiteke, antolakundearen erdibitzea proposatzean, milien posizioetara gerturatu zirela. Garai horretan bi antolakundeak asko gerturatu ziren, eta bien arteko batasuna posible zirudien. Hala ere, zenbait desberdintasun edukitzen jarraitzen zuten. Esaterako, borroka armatuari dagokionez, miliek abangoardia funtzioa esleitzen zioten talde armatuari.
Ofentsibako borroka masen borroka izan behar zela defendatzen zuten Perturrek eta Errekak, eta borroka armatuaren funtzioa, berriz, haren bidez lortutako konkistak ziurtatzea. Hartara, alderdi politikoak gauzatu behar zuen mugimenduaren zuzendaritza, eta talde armatuak horren sostengu gisa jokatu
1977ko hauteskundeei begira bi antolakundeak gehiago urruntzen hasi ziren. 1975ean KAS Koordinadora osatu zen, ezker abertzaleko antolakunde desberdinak biltzen zituen koordinakundea. 1976an KAS Alternatiba idatzi zuten, antolakunde independentistak batzen zituen gutxieneko programa. Bertan, marko politiko berriari zilegitasuna emateko gutxieneko baldintzak jaso ziren. 1977ko hauteskundeen aurrean KASek ez parte hartzeko erabakia hartu zuen. Izan ere, uste zuten hauteskunde horiek emateko baldintza demokratikoak ez zeudela bermatuta. Beraien ustez amnistia eta alderdi independentisten legeztatzea gutxieneko baldintzak zirenez, horiek gabe parte hartzeak marko politiko berria legitimatuko zuen. Hala ere, EIAk Euskadiko Ezkerra koalizioaren bidez parte hartzea erabaki zuen. ETA politiko-militarrak jarrera berezia hartu zuen: formalki abstentzioaren alde zegoela zioen, baina horren aldeko baldintzarik ez zegoenez, EIAren parte hartzea babestu zuen.
EIA-EEren bidez hauteskundeetara aurkezteak eragin zuen “Bereziak” taldeak behin betiko antolakundea uztea, nahiz eta, lehendik talde horren eta antolakundeko zuzendaritzaren artean liskar garrantzitsuak egon ziren. Gerora, ETA militarrean sartu ziren, eta antolakunde hori nabarmen indartu zen. Gainera, hauteskundeetara aurkezteko erabakiak ETA (pm) eta EIA KAS bloketik kanporatzea ekarri zuen. ETA (m) eta Bereziak taldeek eskatu zuten kanporaketa, eta beste kideek erabakia berretsi zuten.
1979ko hauteskundeen aurrean, miliek posizionamendua aldatu eta Herri Batasuna koalizioa hauteskundeetara aurkeztea babestu zuten. Izan ere, aurkeztearen bidez ikusgarritasuna lor zitekeela ondorioztatu zuten. Hala ere, Diputatuen Kongresuan eta Senatuan lortu zituzten eserlekuak ez zituzten okupatu. EIAk, ordea, beste modu batera jokatzen zuen: instituzio horietan bete-betean parte hartzen zuen, lortutako eserlekuak okupatuz
1979ko hauteskundeen aurrean, miliek posizionamendua aldatu eta Herri Batasuna koalizioa hauteskundeetara aurkeztea babestu zuten. Izan ere, aurkeztearen bidez ikusgarritasuna lor zitekeela ondorioztatu zuten. Hala ere, Diputatuen Kongresuan eta Senatuan lortu zituzten eserlekuak ez zituzten okupatu. EIAk, ordea, beste modu batera jokatzen zuen: instituzio horietan bete-betean parte hartzen zuen, lortutako eserlekuak okupatuz.
1979an, Gernikako Estatutuen erreferendumean eman zen bi antolakundeen arteko behin betiko haustura. Milien arabera, estatutu hori onartzea etsaiaren aurrean amore ematea zen. Haien ustez, estatutuak ez zituen betetzen ordura arte ezker abertzaleak defendatzen zituen helburuak. Izan ere, ez zuen autodeterminazio eskubidea jasotzen eta Nafarroa autonomia erkidegotik kanpo uzten zuen. Polimiliek, ordea, kontrakoa uste zuen. Hori zela eta, “Estatutuarekin, presoak kalera” edo “Estatutuarekin, Nafarroa Euskadin” bezalako aldarriak erabili zituzten.
Hala ere, estatutuak haien aspirazioak beteko ez zituela jabetu zirenean, polimiliek jardun militarraren intentsitatea igo zuten. 1979an, UCDko kideen kontrako kanpaina bat jarri zuen martxan. UCD Estatuaren kudeatzaile politikoa kontsideratzen zutenez, haren kideen kontrako ekintzen bidez, indarrean zegoen estatutuaren garapen osoa emateko presioa egin nahi zen. Bestalde, Lemoizen zentral nuklearra ezartzeko proiektuaren kontrako kanpaina aktiboa egin zuten.
Trantsizio osteko urteak
1981ean egindako ekintza armatuek EIA-EE posizio politiko sostengaezin batean utzi zuten. UCDko kideen aurka egindako ekintzek eta Lemoizko nuklearraren proiektuaren aurka egindakoek polimilien kontraesanak agerian jarri zituzten. Izan ere, mugimendu horrek, instituzioetan bete-betean jarduten zuen alderdi bat zuen bitartean, intentsitate handiz jokatzen zuen antolakunde armatua zeukan. Hori zela eta, EIA-EEk bere eragin osoa erabili zuen polimilien ofentsiba gelditzeko eta estrategia berri baterako hausnarketa prozesua irekitzeko.
ETA (pm)-k eta EIAk osatutako mugimenduak, instituzioetan bete-betean jarduten zuen alderdi bat zuen bitartean, intentsitate handiz jokatzen zuen antolakunde armatua zeukan. Hori zela eta, EIA-EEk bere eragin osoa erabili zuen polimilien ofentsiba gelditzeko eta estrategia berri baterako hausnarketa prozesua irekitzeko
Bestalde, 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpe saiakeraren ostean, EIA-EEko zuzendaritza borroka armatuak ekarpenak baino trabak zekartzala defendatzen hasi ziren. Hori dela eta, 1981eko otsailean, ETA politiko-militarrak su-etena adierazi zuen ia urte betez, eta bahituta zituen kontsulak askatu zituen.
Militantziaren gehiengoarentzat, hura aldi baterako neurria zen, eta ez zuten borroka armatuarekin amaitzeko pausutzat. Hala ere, EIA-EEko zuzendaritzak ez zuen iritzi bera. Juan María Bandrés eta Mario Onaindía borroka armatuarekin amaitzeko negoziatzen hasi ziren Juan José Rosón ministroarekin. Negoziazio horietan ez zituzten gai politikoak landu, militante batzuentzako neurri indibidualak baizik. Horrela, norbanako batzuentzat “grazia neurriak” lortu zituzten, eta borroka armatua uztea erabakitzen zuten militanteak birgizarteratzeko aukera zabaldu zen.
1982an, barne mailan zituzten desadostasunak ikusita, VIII. Asanblada deitu zuten. Asanblada horren beharra argia zen; izan ere, borroka armatuaren inguruko desadostasun handiak zeuden. Asanblada horren ondorioa antolakundearen zatiketa izan zen. Antolakundearen gehiengoak borroka armatuarekin jarraitzea erabaki zuen, eta beren buruari ETA-pm (VIII) deitu zioten. Bestalde, EEren tesien aldekoak –borroka armatua alboratzearen aldekoak– beren burua ETA-pm (VII) izendatu zuten. Azken horiek urte horretan bertan armak utzi zituzten, eta EEk negoziatutako grazia neurriei heldu zieten denek. Horrela, 1982ko irailean, jendaurreko ekitaldi batean, antolakundea desegin zuten eta beren militanteak normaltasun legalera igaro ziren pixkanaka.
ETA-pm (VIII)-ren desagerpena eta gero, ETA (m) izan zen borroka armatuarekin jarraitu zuen antolakunde bakarra
ETA-pm (VIII)-k urte batzuez borroka armatuarekin jarraitu zuen. Hala ere, zatiketaren ondoren, EEk eta haren inguru sozialak bizkarra eman ziotenez, oso ahulduta geratu zen antolakundea. Haien aldeko alderdirik ez zutenez, ezta ekintzak kanalizatzeko masa mugimendurik ere, talde armatu isolatu bat bilakatu zen. Zatiketak babes politiko eta sozialik gabe utzi zuen antolakundea.
Hortik aurrera, berriz ere, antolakundean hainbat joera egon ziren. Alde batetik, ETA (m)-n integratzearen aldeko joera zegoen, “miliki” deitzen zirenak, zeina 1984an antolakunde horretan integratu baitzen. Bestalde, ETA-pm (VIII) izenarekin era autonomoan jarraitu nahi zuen joera bat zegoen. Horiek 1986 arte jarraitu zuten, praktikoki inongo influentziarik izan gabe. Hortik aurrera ETA-pm (VIII)-ek egindako ekintzek taldea isolamendu sozialean sakontzea besterik ez zuen eragin. Hori zela eta, progresiboki indarra galtzen joan, eta disoluzio komunikaturik gabe desagertu zen.
ETA (m)-k ez zuen borroka armatua intsurrekziorako estrategia baten barruan ulertzen. Horren ordez, higadura gerra edo negoziazio estrategiatzat zuen
Ordutik aurrera, ETA (m) izan zen borroka armatuarekin jarraitu zuen antolakunde bakarra. Horregatik, ETA izenez, besterik gabe, izendatzen zen. Antolakunde horrek ez zuen onartu trantsizioaren osteko marko politikoa. Hori dela eta, borroka armatuarekin jarraitzea erabaki zuen, demokraziarako gutxieneko baldintzak kontsideratzen zituenak lortu arte. Jada, borroka armatua ez zuen ulertzen intsurrekziorako estrategia baten barruan. Horren ordez, higadura gerra edo negoziazio estrategiatzat zuen. Beraz, borroka armatua ekintza-erantzuna-ekintza eskemaren bidez borrokaren eskala handitu eta boterea hartzera bideratu beharrean, etsaiak aldarrikapen konkretu batzuk onartzera bideratu zen. Horrela, Estatuari kolpe desberdinak emanaz, hura ETArekin negoziatzera behartu nahi zen. Horren guztiaren helburua Estatuak KAS Alternatiban jasotako puntuak onartzea zen. Horrela, borroka armatuaren helburua ez zen garaipen militarra lortzea, etsaia negoziatzera behartzeko presioa egitea baizik.