ARTEKA / Gerra zibila

Langile antolakundeek nola “geldiarazi” zuten estatu-kolpea

Defentsa-komiteak, langile zein nekazarien milizia antifaxistak, eta kolpea nola bilakatu zen gerra zibil
Langile antolakundeek nola “geldiarazi” zuten estatu-kolpea
— ARGAZKIA Sofía Raposo

1936ko abuztuaren 5ean, Franz Borkenau behatzaileak, Barcelonara iritsita, adierazi zuen mugan topatu zuen erregimen bikoitza –alde batetik, administrazio arrunta eta, bestetik, komiteak– hiriburuan ere existitzen zela. Válencia eta Levantetik pasatu ondoren, bere egunkarian idatzi zuen Barcelonan esaten zutela Válencian “langileek boterea hartu zutela” eta Levanten “bertako proletariotzaren nolabaiteko diktadura” bat zegoela zirudiela.

1936ko uztaileko estatu-kolpearen aurrean, sindikatuak eta langile indarrak “armak herriarentzaako” leloaren pean mobilizatu ziren. Hasiera batean ezezkoa eman bazuten ere, herriaren presioak eta negoziazioen porrotak autoritate errepublikanoa behartu zuten armen banatzea baimentzera. Fronte Popularraren Gobernuaren hasierako pasibotasunaren aitzinean, gaizki hornitutako langileek altxatutako kuartelak erasotu zituzten eta biztanleria-gune nagusienetako zenbaitetan matxinada geldotzea lortu zuten. Konspiratzaileek, herri klasearen erresistentzia gutxietsiz, altxamendua hemeretzigarren mendeko jazarraldi militarren antzera garatuko zutela uste zuten; alegia, boterea azkar hartuko zutela uste izan zuten. Kolpeak, baina, partzialki porrot egin zuen lurraldearen eremu adierazgarri batean, matxinada ez baitzen modu orokorrean arrakastatsua izan. Lurraldea aurrez aurre jarritako bi eremutan zatitua gelditu zen. Altxatutakoen esku zeuden eskualdeetan, klase izaera garbia zuen neurrigabeko indarkeria piztu zen. Indar errebeldeak garaituak izan ziren eskualdeetan, herri komite iraultzaileak, langile miliziak, sindikatuak eta antolakunde herrikoiak Gobernu errepublikanoarekin batera existitu ziren eta eskualde horietan proletariotza antolatuak oso eginkizun garrantzitsua izan zuen. Prozesu horrek agerian utzi zuen estatuaren boterea desegiten ari zela eta kolpea gerra ireki bihurtzen ari zela. Paradoxikoki, altxamenduak klase borroka zolitu zuen eta eutsi nahi zen iraultza soziala bizkortu zuen. Botere zentralaren antolakuntza falta eta kolpea zapuztua izan zen eremuetako enpresetako nagusien eta lurjabeen ihesa baliatuz, langileak eta nekazariak bizimodu ekonomiko zein sozialaren erdigunean kokatu ziren.

Tras el golpe de Estado, el territorio quedó dividido en dos zonas enfrentadas. En las regiones en manos de los sublevados se desató una violencia desenfrenada con un marcado carácter de clase. En los territorios en los que fueron vencidas las fuerzas rebeldes, el Gobierno republicano coexistió con comités revolucionarios populares, milicias obreras, sindicatos y organizaciones populares en las que el proletariado organizado asumió un papel muy activo

Gerra Zibilaren bezperetan, klase sindikatu nagusiek errotze handia zuten langileen eta nekazarien artean, eta milioika behargin batzen zituzten. Antolaketa tradizio luzea izanik, langile klasearen zati zabal batek euren errepresentaziorako tresna natural gisa entenditzen zituen sindikatuok. Langileen eta iraultzaileen indar nagusien artean, UGTk, CNT-FAIk, PCEk eta POUMek eragin erabakigarria izan zuten gerran eta iraultza sozialean. 1931tik nagusi ziren bi sindikatuek, UGTk eta CNTk, altxamenduaren ondoko hilabeteetan euren nagusitasunari eutsi zioten. Sozialistak zatituta zeuden Indalecio Prietoren eta Francisco Largo Caballeroren jarraitzaileen artean eta horrek zaildu egin zuen estrategia komun bat artikulatu ahal izatea. Gainera, UGTko gidaritzarekiko harremanei ere eragin zien horrek, nahiz eta hainbat arlotan CNTko eta UGTko langile basearen arteko dinamika bateratzaileek hainbat esparrutan iraun zuten. 1938tik aurrera, areagotzen ari ziren higadura militarra eta erretagoardia errepublikanoaren desmoralizazioa; testuinguru horretan, Juan Negrín sozialistaren Gobernuak erresistentzia indarberritzea helburu zuten hainbat ekimen abiarazi zituen. Besteak beste, UGT eta CNTren arteko lotura komite nazionala (Comité Nacional de Enlace UGT-CNT) sortzen saiatu zen, UGT eta CNT hubilarazteko asmoz. Halarik ere, lortutako aurrerapausoak gorabehera, proiektua ez zen bateratze sindikal eraginkorra lortzera ailegatu.

Langile antolakunde nagusiak 1936an

Langile antolakundeen eta alderdi politikoen arteko aliantzen eta lehien arteko sistema konplexuak kolpeari emandako erantzuna zein gatazkaren bilakabidea baldintzatu zituen. Prozesu hori hobetu ulertu ahal izateko, beharrezkoa da ibilbide motz bat egitea, glosario moduan, garaiko langile antolakunde nagusietan zehar:

UGTk (Unión General de Trabajadores, Langileen Batasun Orokorra), historikoki PSOEri lotutako antolakunde sindikalak, milioi bat bazkideen langa gainditu zuen Errepublika garaian. Gerra Zibilean zeregin erabakigarria izan zuen bai frontean, baita erretagoardian ere. Bere militanteetako askok kolektibizatutako enpresen eta industrien gidaritza hartu zuten. Gerrak iraun bitartean, tentsioak sortu ziren iraultzaileenen eta esfortzu belikoa eraldaketa sozialaren gainetik paratu zutenen artean.

Mugimendu anarkista bi antolakunderen baitan artikulatu zen. Alde batetik, CNT (Confederación Nacional del Trabajo, langileen konfederazio nazionala), milioi bat eta erdi bazkideren bueltan zebilena, eta, bestetik, FAI (Federación Anarquista Ibérica, iberiar federazio anarkista), zeinaren helburua mugimenduaren norabide iraultzailea bermatzea eta CNTn eragitea baitzen. Fronte Popularrean ez ziren ez CNT ezta FAI ere integratu, Estatuan eta gobernu burgesetan parte hartzea errefusatzen baitzuten. 1936ko uztaileko kolpeari erantzuteko, euren milizia propioak mobilizatu zituzten, gatazkaren lehenbiziko hilabeteetan paper erabakigarria izan zutenak.

PCE (Partido Comunista de España, Espainiako alderdi komunista) guztiz desantolatua zegoen Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, eta zientoren bat militante baino ez zituen une hartan. Antolakunde sindikal sozialisten eta CNTri loturikoaren errotzearen aurrean, haren papera arrunt mugatua izan zen Bigarren Errepublikan, Gerra Zibilean zehar haren eragin politikoa eta antolaketarakoa nabarmen hazi bazen ere. PCEri lotutako eta langile eta nekazariek osatutako langileen eta nekazarien milizia antifaxistak (MAOC, Milicias Antifascistas Obreras y Campesinas) 1933an sortu ziren. 1934ko Urriko Iraultzaren ondoko errepresioaren ondorioz, guztiz desartikulatuta gelditu ziren, eta, gero, 1936ko hasieran berriz antolatzea lortu zuten. Bosgarren Erregimentua delakoaren hainbat unitateren eraketarako oinarri gisa balio izan zuten lehen milizia komunisten nukleoa osatu zuten, Errepublikaren Herri Armadaren ernamuin gisa hartuak.

Azkenik, POUMek (Partido Obrero de Unificación Marxista, langileen bateratzerako alderdi marxista), eragin sobietikoarekiko kritiko eta 1935ean sortua, Andreu Ninen gidaritzapean, bi antolakunde komunista txikiago aglutinatzen zituen: BOC (Bloque Obrero y Campesino; langileen eta nekazarien blokea) eta ICE (Izquierda Comunista de España; Espainiako ezker komunista). Catalunyan eta Aragoiko frontean izan zuen eragina, batez ere, non bere milizia propioak antolatu baitzituen.

Antolakunde sare horri gazte antolakundeak eta emakumeen antolakundeak batu zitzaizkion. Gazteei dagokienez, gazte sozialistak batzen zituen JSU (Juventud Socialista Unificada) nabarmendu zen, 1936ko martxoan gazteria sozialistaren eta komunistaren bateratzearen karietara sortu zena. Emakumeen antolakundeen egiteko nagusiak emakumeak mobilizatzea, frontean laguntza sanitarioa ematea eta produkzioaren alor guztietan parte hartzea izan ziren. Antolakunde horien artean bereziki nabarmendu ziren JSUk bultzatutako Unión de Muchachas, Agrupación de Mujeres Antifascistas (AMA), PCEri lotua, eta Mujeres Libres antolakunde anarkosindikalista; azken horrek emakumearen emantzipazioa landu zuen eta hainbat ekimen jarri zituen martxan, besteak beste emakumeak prostituziotik askatzeko ekimenak.

Langile antolakundeen zeregina

Altxamendua arrakastatsua izan ez zen hainbat eremutan Estatu errepublikanoak guztiz gainezka egin zuen. Nahasmendu egoera horren aurrean, langile antolakundeek eta sindikatuek komiteak sortzea bultzatu zuten kolpisten aitzinamenduaren kontrako erresistentzia antolatzeko asmoz. Tokian tokiko botereen sorrera ezin da erantzun espontaneo gisa ulertu, autoritate politikoaren berregituraketa azeleratu gisa baizik. Haren funtzioen artean milizia armatuen antolaketa, auzoen eta errepideen zainketa, garraiobideen hornidura eta kontrola, eta bosgarren zutabeko kideen mehatxua neutralizatzea zeuden.

Komiteetako batzuek funtzio militarra baino ez zuten izan; beste eskualde batzuetan, berriz, bertako botere iraultzaile gisa jardun zuten, autoritate tradizionalak aldi baterako ordezkatu baitzituzten. Aldi berean, gatazkaren eboluzioak erregularizazio progresibo bat ekarri zuen eta, horren ondorioz, Errepublikaren Herri Armada sortu zen, askoz ere izaera konbentzionalagoa zuena. Hala, Gobernuaren eskuetan zegoen lurraldea defendatzen zuten indar armatuen izaera nabarmenki aldatu zen 1936ko urriaren eta 1937ko udaberriaren artean, James Matthews historialariak adierazi duen bezala.

Gobernu errepublikanoak gainezka egitearen ondorioz nagusi zen nahasmendu egoeraren aurrean, langile antolakundeek eta sindikatuek komiteak sortzea bultzatu zuten kolpisten aitzinamenduaren kontrako erresistentzia antolatzeko asmoz. Tokian tokiko botereen sorrera ezin da erantzun espontaneo gisa ulertu, autoritate politikoaren berregituraketa azeleratu gisa baizik. Haren funtzioen artean milizia armatuen antolaketa, auzoen eta errepideen zainketa,  garraiobideen hornidura eta kontrola, eta bosgarren zutabeko kideen mehatxua neutralizatzea zeuden

Catalunyan, Estatuko beste eskualde batzuetan gertatuko zen moduan, altxamendu militarraren porrotak Administrazio errepublikanoaren kolapsatzea ekarri zuen. Gako izan ziren uztailaren 17an eta 18an, langile antolakundeek iniziatiba hartu eta oldarraldi faxista gelditu zuten. Catalunyan, altxamendu militarraren porrotaren ondoren armadaren desantolatze handia etorri zen, eta alderdi politikoei eta sindikatuei loturiko miliziek bete zuten hutsune hori. Horrek ez zuen legalitate errepublikanoa berrezarri; aitzitik, Errepublikaren instituzioekiko langileen desatxikimendua mahaigaineratu zuen prozesu iraultzaile gisa uler daite gertatutakoa. Dinamika horrek Catalunyan lortu zuen bere puntu gorena, eta ehunka komite eratu ziren, udaletxeen administrazio lanak hartu zituztenak. Gerrako lehenengo hilabeteetan, CCMA (Comité Central de Milicias Antifascistas de Cataluña; Catalunyako milizia antifaxisten batzorde zentrala) sortu zen, zeinak, Lluís Companysen bultzadaz, Generalitatearen eta altxamenduari aurre egin zioten langile antolakundeen arteko koalizioa taularatu zuen. Hasieratik desadostasunak izan ziren antolakunde honen eta Generalitatearen artean. Iraultza bor-bor zegoen une horretan, CCMAk Durruti militante anarkistari agindu zion bere milizia sortzeko. Milizia hori, CNT-FAI eta POUMeko militanteez osatutako beste bederatzirekin batera, Aragoiko fronterantz abiatuko zen. Zaragozatik hogei kilometrora, Durrutiren zutabeak askatu berri ziren herrietan kolektibizaziorako deia egin zuen eta milizien “militarizazioaren” aurka egin zuen. Gobernu burgesetan parte hartzeko anarkistek zuten errezeloa gorabehera, azaro hasieran Largo Caballerok bere gobernua berregituratu zuen CNTko lau ministro sartzeko. Izendatze horren ondotik, Durrutiren zutabea Madrilgo frontera bidali zuten eta pixkanaka komiteen boterea desaktibatzen joan zen.

Válencia eta Levante inguruan, bi astez egoera ziurgabea izan zen, baina matxinatuen ofizialek ez zuten beste pausorik eman indar nahikorik ez zutela ikusirik. Lidergo argirik ez izateak, ofizialen kolpearekiko oposizioak eta Madrilgo eta Barcelonako altxamenduaren porrotaren berri izateak Levante inguruko konspiratzaileak gogogabetu zituen.

Válenciaren kasuan, langile mugimendua, batez ere UGTk eta CNTk gidaturik, kaleetara atera zen altxamenduaren inguruko lehen berriak ezagutu eta berehala. Uztailaren 19an, bi sindikatuek greba orokorrerako deia egin zuten eta militanteak mobilizatu zituzten hiria kontrolatzeko leku estrategikoak hartzeko. Grebaren Komitea militanteak armaz hornitzen saiatu zen, baita hirian ordena mantentzen ere. Errepublikako buruzagiak ezgauza ziren egoera kontrolatzeko eta gatazkari irtenbidea emateko eta, ondorioz, klase antolakundeek protagonismo politiko handia lortu zuten.

Madrilen antzeko zerbait gertatu zen: defentsa egitura militar eta administratibo berrietan antolatu zen, baina zentralizazio politiko handiagoz. Desegonkortasunezko testuinguru horretan, uztailaren 22an CEP (Comité Ejecutivo Popular; herri batzorde exekutiboa) sortu zen, sindikatuez eta ezkerreko alderdiez osatua, Errepublikaren defentsa koordinatzeko eta herri ekimenak zuzentzeko asmoz. CNTk eta UGTk menderatua, CEPek botere alternatibo gisa jardun zuen, neurri iraultzaileak bultzatuz eta izaera federalista eta deszentralizatzailea zuen autogobernu proiektua sustatuz.

Gerra Zibila piztutakoan, Aragoi bitan zatituta gelditu zen, alde bat matxinatuen esku eta bestea errepublikanoen kontrolpean. Errepublikanoen aldean, CNT eta FAI antolakunde anarkistek garrantzia hartu zuten eta Consejo Regional de Defensa de Aragón (Aragoiko Eskualdeko Defentsa Kontseilua) osatu zuten; gerora, kontseilu horrek Aragoiko zati handi bat gestionatuko zuen, 1937an desegin zen arte. Zutabe anarkistek aurrera egin ahala, Aragoiko eskualdeek nekazaritzaren kolektibizazio-saio labur bat bizi izan zuten.

Madrilgo altxamenduak porrot egin ondoren, Montaña eta Campamento kuartelak erortzearekin batera, hiriburua hartzea bilakatu zen altxatuen helburu nagusia, eta aldi berean, hiriburua gerra-ahalegina berrantolatzeko gune politikoa ere bihurtu zen. Gatazkaren lehen hilabeteetatik bosgarren zutabeko kideen rolak berebiziko garrantzia izan zuen. Ez ziren sabotatzaile hutsak: sabotajeak egiteaz gain, elikagaiak harrapatu zituzten, informazio militarra bidali zuten, milizianoei frankotiratzaileekin tiro egin zieten eta argiak piztu zituzten, bonbardeaketak errazteko.

Frankistak iristear zeudela ikusirik, Gobernu errepublikanoko kabineteak Madrildik alde egin zuen. Miaja eta Vicente Rojoren gidaritzapean, Defentsa Batzordea sortu zen, hiriburua “no pasarán” edo “ez dira pasako” leloaren pean babesteko ardurarekin. Madril defendatzen hildako pertsonaia sinbolikoenen artean Buenaventura Durruti dago. 1936ko azaroan hil zen, eta bere heriotzaren inguruabarrak oraindik ez dira guztiz argitu. Egoera horretan bertan borrokatu zuten Brigada Internazionalek, eta baja asko izan zituzten.

Kolpea nola bilakatu zen gerra zibil

Santiago Casares Quiroga moderatuak zuzendutako Gobernuak azken momentura arte pentsatu zuen altxamendua kontrola zitekeela. Gertakariei garrantzia kendurik, langile antolakundeei armak ematea saihestu zuen masak mugimenduan jar ez zitezen. Hilabeteak ziren konspirazio militarra antolatzen hasiak zirela Jose Sanjurjo eta Emilio Mola jeneralak, besteak beste. Konspiratzaileen jarduna erraztu zuten faktoreen artean, nabarmentzekoa da Gobernuaren jarrera, konspirazioaren inguruko etengabeko abisua guztiak (ondo funtsatuak, gainera) gutxietsi baitzituen.

Molak, “zuzendaria” izengoitiaz ezagutzen zutenak, hain zuzen ere, 1936ko uztaileko estatu kolpea ekarri zuen konplotaren zati handi bat koordinatu zuen; horrekin, hasiera eman zitzaion Espainiako Gerra Zibilari. Paul Preston historialariaren aburuz, 1936ko uztailaren 17an eta 18an izandako kolpea ekarri zuen konspirazioa lehenagoko beste edozein jazarraldi militar edo kolpe baino xehekiago prestatua izan zen; izan ere, abuztuaren 10eko sanjurjadak porrot egin ondotik, argi gelditu zen ohiko jazarraldi militar bat ez dela eraginkorra proletariotza greba orokorra arma gisa erabiltzeko prest delarik.

Prestonek adierazi bezala, Molak kolpea arrakastatsua izan zedin nahitaezko baldintzatzat zituen berrogeita hamar probintzietako tropen gidaritza modu koordinatuan erasotzea eta langile mugimenduaren desartikulazio azkarra. Altxamendu militarrak ezin izan zituen proposatutako helburuak bete: Madrilen boterea hartzea eta Gobernu errepublikano zentrala boteretik botatzea, bai eta 1931n garatutako ekimen sindikalak eta politikoak deuseztatzea eta indargabetzea ere. Konspiratzaileek uste zuten garaipen azkarra lortuko zutela eta jarraian direktorio militar bat ezarri ahalko zutela, baina ez zuten herriaren erresistentzia antolatuaren indarra aurreikusi, batez ere langile klaseak eta haren antolakundeek zuzendutakoa. Hain zuzen ere, Gerra Zibilaren berezitasunetako bat konfrontazio armatua izan zen, Europan izandako beste mugimendu kontrairaultzaile eta faxistek demokrazia burgesen indargabetze mailakatuari ekin baitzioten, ia inolako erresistentziarik topatu gabe boterera iritsiz. Prestonek adierazten duenez, kolpe militarraren garaipena edo porrota herrialdeko geografia elektoralaren araberakoa izan zen.

Casares Quirogak dimisioa eman ondoren, Manuel Azañak kabinete berria eratzeko eskatu zion Martinez Barriori uztailaren 18ko gauean, larunbatez. Ziurrenik, hura hautatu zuen ez zuelako herriari armak emateko prest zegoen hautagai sozialistarik aukeratu nahi. Altxatuen eskaera nagusiak asetuko lituzkeen koalizio-gobernu bat osatzen saiatu zen Martinez Barrio, baina bere saiakera ezinbestean porrotera kondenatuta zegoen. 19ko goizaldean, hainbat telefono dei egin zuen matxinada noraino iristen zen jakin nahian eta jeneralik zalantzatienak konbentzitzeko asmoz. Molarekin izandako elkarrizketa argigarria da: “Eratzeko eskatu dizuten gobernua ez da saiakera bat baino gehiago izango. Eta eratzen bada ere, gutxi iraungo du, eta konponbiderako baino, egoera okertzeko balioko du”.

Ordubete eskaseko dei errondaren ondoren, Martinez Barriok dimisioa aurkeztu zuen kargua hartu baino lehenago ere. Hain zuzen, Molak bere proposamen kontziliatzaileari erantzuna zionez, beranduegi zen. Elkarrizketa hori baino egun batzuk lehenago, modu espontaneoan mobilizatutako masek, CNTren, militante sozialista eta komunisten eta antolakunde txikiagoen ekimenez, hiri nagusienetako kaleak bere egin zituzten. Prestonek La Guerra Civil Española lanean esan bezala:

“Altxamenduak arrakasta izan zuen hainbat lekutan langileek erakutsitako erresistentziaren neurriak hau iradokitzen du: Gobernuak hasieratik erabaki izan balu langileei armak ematea, matxinada hasiera-hasieratik zapuztua izan zitekeen”.

Konspiratzaileek uste zuten garaipen azkarra lortuko zutela eta jarraian direktorio militar bat ezarri ahalko zutela, baina ez zuten herriaren erresistentzia antolatuaren indarra aurreikusi, batez ere langile klaseak eta haren antolakundeek zuzendutakoa. Hain zuzen ere, Gerra Zibilaren berezitasunetako bat konfrontazio armatua izan zen, Europan izandako beste mugimendu kontrairaultzaile eta faxistek demokrazia burgesen indargabetze mailakatuari ekin baitzioten, ia inolako erresistentziarik topatu gabe boterera iritsiz

Testuinguru horretan, klase borroka kontrola eskuratzeko norgehiagokan eta armak eskuratzeko aukeran ere adierazi zen. Altxamendua martxan zela, bando bakoitzaren kazetaritza-organoak prentsa-oharretan gertakarien bilakabidea argitaratzen hasi ziren. Gobernuaren eta Fronte Popularraren berehalako erantzunak argi uzten zuen beldur ziotela herritarren masek esku hartzeari; izan ere, uztailaren 19an oraindik sinetsita zeuden gobernuan ekintza nahikoa izango zela normaltasuna berrezartzeko.

Gatazkaren internazionalizazioa eta 1936ko udan zenbait politikarik hartutako jarrerak beranduxeago piztuko zen mundu gerraren iragarle gisa ulertu izan dira. Errepublikak porrot egiteak eta faxismoari ateak irekitzeak ekar zezakeenak eragindako ikara orokorrak Kominternak antolatutako Nazioarteko Brigaden mobilizazioa ekarri zuen. 50 herrialde baino gehiagotako 32.000 eta 35.000 boluntariok armada internazionala osatu zuten; aurrekaririk gabeko armada izan zen, ordura arte ez baitzen existitu hainbeste kide zituen eta mertzenarioz osatuta ez zegoen era horretako brigadarik. Nazioarteko Brigadek gudu nagusienetan parte hartu zuten. Aitzitik, 1945ean, nahiz eta Ardatzaren kontrako borroketan ere partisano internazionalak borrokatu ziren, besteak beste frankismotik ihes egindako errepublikanoak, borroka hura desesperazioz betea zen eta, batez ere, ordena zaharraren eta demokrazia liberalen defentsarekin identifikatzen zen. Espainiako Gerra Zibilean, ordea, faxismoaren aurkako borroka mundu berri eta berdinzale bat eraikitzeko lehen urrats gisa ulertzen zen.

Kolektibizazio esperientzia

Altxatuen eremuetan proletario eta nekazari antolatuek errepresio gogorra jasan bazuten ere, eskualde errepublikanoko langile askorentzat, gatazkak produkzio-bideen kolektibizazioari eta sozializazioari buruzko ideiak praktikan jartzeko aukera eman zuen. Altxamendutik egun gutxitara, nekazaritzako langileak biltzen zituen eta UGTri lotuta zegoen FNTTko (Federación Nacional de Trabajadores de la Tierra) –UGTri lotua– eta CNTko tokian tokiko antolakundeek latifundioak kolektibizatzeari eta lurjabe handien despentsak banatzeari ekin zioten komite iraultzaileen bitartez. Kolektibizazioak, oro har, langileen antolakunde politikoen kontrolpean egon ziren, logikoki, sindikatuak izan baitziren kolektibizazioaren eragile nagusiak: batzuk CNTren kolektibitateak ziren, beste batzuk UGTrenak, eta beste batzuk CNT eta UGTren artekoak. Nahiz eta kasu isolatu batzuetan kolektibizazio horiek Errepublikaren azken egunetara arte iraun zuten, 1937tik aurrera gehienak deuseztatuak, nazionalizatuak edo kooperatiba huts bilakatuak izan ziren.

Errepublikanoen esku zeuden lurraldeetan –Aragoi, Andaluzia, Gaztela-Mantxa, Extremadura eta Levante–, nekazariek lurraren kontrola hartu zuten. Kolektibizazioa ez zen bat-bateko ekintza espontaneo bat izan, baina ezta ekonomia eta ekoizpen osoa antolatzeko gaitasuna zuen botere zentral iraultzaile baten iniziatibaren ondorio ere. Kasu gehienetan, kolektibizatutako lursailak ihes egindako edo hildako jabeenak ziren, eta kolpe militarra eta berehala komite sindikalek okupatuak eta hartuak izan ziren.

Helen Graham historialariaren arabera, tokian tokiko ekimen horietako gehienak posible izan ziren Estatua paralizatuta zegoelako eta, ondorioz, tarte batez kolektibizazioarekiko oposizioa ere paralizatuta egon zelako. Kolektibizazio esperientzia hori gerra-ekonomiak eta lehengaien eta tresneriaren murriztapenek baldintzatu zuten, eta emaitzak oso desberdinak izan ziren toki batean eta bestean. Horrek esan nahi du inprobisazioa handia egon zela, bereziki kolektibizazio anarkosindikalistetan. Adibide argigarria da Cádizeko Grazalema herrian izandako esperientzia: Gerra Zibilaren lehen asteetan milizien kontrolpean egon zen eta hornidura komisio bat eta defentsa komisio bat arduratu ziren haren administrazioaz. Dirua abolitu zuten eta nekazaritza-produktuen bilketa eta banaketa sistema zentralizatua ezarri zuten. Esperientzia horrek argi erakusten du kolektibitate batzuk zeinen urruti iritsi ziren berrantolaketa ekonomikorako alternatibak garatzerakoan, nahiz eta tentsioak ere egon ziren, baita eskualdeko mugimendu anarkistekin ere.

Errepresio politikoaren aldia

Mendekua iristear zen Andaluziako herrietara, non errepresaliak basatiak izan ziren. 1936ko irailaren 15ean, tropa frankistak herrian sartzean, bukatu egin zen Grazalemako aldi iraultzailea. Ez da kasualitatea Grazaleman errepresioa beste herri batzuetan baino botitzagoa izatea; biktimak herriko hamabost emakume eta haiek ehorzteko hobia prestatzera behartu zuten nerabe bat izan ziren. Gizarteko sektore guztiek pairatu zituzten sarraskiaren ondorioak, baina kontuan hartuta zenbat jornalari eta nekazari erail zituzten, argi esan daiteke langileen esku-hartze politikoa desartikulatzea helburu zuen klase errepresioa aplikatu zela. Ikerketa estatistikoek frogatzen duten moduan, Andaluzian, Extremaduran, Aragoin edo Nafarroako Erriberan, alegia, landa-eremuak berebiziko garrantzia zuen eremuetan, errepresaliak hartutako jornalariak, nekazariak eta peoiak gainerako lanbideetako errepresaliatuak baino nabarmen gehiago izan ziren.

Herritarrak zigortzeaz gain, sindikatuak, ateneoak, herriko etxeak eta langileen antolaketarako egiturak sistematikoki desartikulatu zituzten. Altxamendua gerra ireki bihurtu heinean, desjabetutako lurrak lurjabeei itzuli zizkieten eta okupatutako eskualdeak altxatuen neurrian artikulatutako Estatu berri batean integratzen hasi ziren

Herritarrak zigortzeaz gain, sindikatuak, ateneoak, herriko etxeak eta langileen antolaketarako egiturak sistematikoki desartikulatu zituzten. Altxamendua gerra ireki bihurtu heinean, desjabetutako lurrak lurjabeei itzuli zizkieten eta okupatutako eskualdeak altxatuen neurrian artikulatutako Estatu berri batean integratzen hasi ziren. Testuinguru horretan, bortizkeriaren instituzionalizazioak ez zuen errepresioaren baretzea ekarri; kontrara, sistematikoki zilegiztatu zuen salbuespenezko eta atzeraeraginezko trikimailu juridikoen bidez. Helburua iraultza sozialaren aztarnak edonola eta modu bortitzean isilaraztea zen. Gauzak horrela, Estatu berriaren legeek izua babestu zuten, eta errepresio-sistema bat konfiguratu zen, gerra amaitu eta hurrengo hamarkadan exekuzioak sistematiko bihurtu zituena.

Egungo historiografiaren arabera, 1936 eta 1943 artean, frankismoaren errepresioak 150.000 hildako inguru eragin zituen. Garaiko bi masa-sindikatu nagusiak kolpistek bultzatutako errepresioaren helburu nagusi bilakatu ziren. Julián Casanova historialariaren esanetan, Francoren garaipena nonahikoa izan zen, gerraostea amaitezina, eta bizitza politikoaren edo sozialaren alderdi guztiak diktaduraren eraketa sinbolikoaren pean gelditu ziren hasiera-hasieratik: “uztailaren 18ko altxamendua” eta haren garaipena “gurutzadan”.

Indarkeriak helburu zuen konforme ez zegoen oro isilaraztera eta edozein erresistentzia mota errotik moztea, eta bereziki bortizki kolpatu zituen politikoki inplikatutako emakumeak. Gatazkan zehar eta frankismoaren lehenbiziko urteetan, emakumeek errepresio latza jasan behar izan zuten, maiz mendeku-nahiak eragina. Militantzia politikoan edo sindikalean nabarmendu ziren emakumeek, eta baita harrapatu ez zituzten eta ihes egin zuten ezkerreko militaneen amek, emazteek eta lagunek ere, indarkeria sexuala jasan zuten, ilea larru-arras moztu zieten, eta errizino-olioarekin purgak eta erakustaldi publiko lotsamangarriak bizi izan zituzten.

Pobreziak eta bazterketak aurrekari politikoak zituzten emakumeen bizitza baldintzatu zuten, eta prostituziora edo etxeko lanetara bultzatu zituzten; azken hori, erregimen berrian, lan-irtenbide soil izateari utzi eta berrirakaspen nazionalkatolikorako osagai bilakatu zen, bi gizarte talde bereizi sendotzen zituen bitartean: zerbitzatuak ziren pertsonak eta zerbitzariak. Eider de Dios ikertzaileak nabarmentzen duenez, etxe-zerbitzua izan zen Gerra Zibilaren ostean emakumeen artean gorakada izan zuen lanbide gutxietako bat, eta 1940. eta 1950. urteen artean lanean ari ziren emakumeen erdiak baino gehiagok etxe-
zerbitzua zuten lanbide.

Errepresio frankista izugarriak ondorio latzak izan zituen langile mugimenduan. Historikoki proletariotzaren parte-hartze politikoa bideratu zuten sindukatuak eta antolakunde politikoak suntsituak eta jazarriak izan ziren gerraosteko lehenbiziko urteetan. Halarik ere, 1960tik aurrera, berriz piztuko ziren langileen gatazka zikloak, eta erregimen frankistako bizitza politikoa eta soziala inarrosi.

Estatu kolpearen ondoren, lurraldea aurrez aurre jarritako bi eremutan zatitua gelditu zen. Altxatutakoen esku zeuden eskualdeetan, klase izaera garbia zuen neurrigabeko indarkeria piztu zen. Indar errebeldeak garaituak izan ziren eskualdeetan, herri komite iraultzaileak, langile miliziak, sindikatuak eta antolakunde herrikoiak Gobernu errepublikanoarekin batera existitu ziren eta eskualde horietan proletariotza antolatuak oso eginkizun garrantzitsua izan zuen

Gobernu errepublikanoak gainezka egitearen ondorioz nagusi zen nahasmendu egoeraren aurrean, langile antolakundeek eta sindikatuek komiteak sortzea bultzatu zuten kolpisten aitzinamenduaren kontrako erresistentzia antolatzeko asmoz. Tokian tokiko botereen sorrera ezin da erantzun espontaneo gisa ulertu, autoritate politikoaren berregituraketa azeleratu gisa baizik. Haren funtzioen artean milizia armatuen antolaketa, auzoen eta errepideen zainketa, garraiobideen hornidura eta kontrola, eta bosgarren zutabeko kideen mehatxua neutralizatzea zeuden