ARTEKA / Gerra zibila

1936: altxamenduaren aliantzak eta oinarriak

Altxamenduak, alde batetik, erreformismo errepublikanoari erantzun zion, eta, bestetik, ezarritako ordenaren kontra zeuden hamaika matxinada, eskaera eta liskarri.
1936: altxamenduaren aliantzak eta oinarriak

1936ko uztailaren 17an Francisco Franco Dragon Rapide hegazkinean joan zen Marokora, bertan zeuden tropa afrikarren buru izateko asmoz, laster etorriko zen Errepublikaren aurkako estatu kolpea emateko. Armadaren zati handi baten eta konspirazioaren aldekoak ziren sektoreen babesarekin, zenbait mando militar lurraldeko hainbat toki estrategikotan kokatu eta porrot egindako interbentzioari ekin zioten 18 goizaldean.

Altxamenduak, alde batetik, erreformismo errepublikanoari erantzun zion, eta, bestetik, ezarritako ordenaren kontra zeuden hamaika matxinada, eskaera eta liskarri. “Ordena” horrek antzinako erregimenarekin lotura handiak zituen hainbat aspektutan, eta Eliza, armada eta lur jabe klaseak botere posizioetan mantendu zituen. Aro errepublikanoak, sozialki ekarri zuen garapen eta modernizazioagatik ezaguna izan arren, lekua eman zien hiriko burgesia indartzeko saiakera etengabeei ere, langile klasearen eskubideen kontura.

Hala ere, Azañaren biurtekoan bultzatutako erreforma askok beldurra eragin zuten ekoizpen eta arma bitartekoak zituztenen artean. Aldi berean, ezinbestekoa da Ricardo Robledo Hernándezen gisako historialariek diotena kontuan hartzea, estatu kolpeak bultzatutako eskubideen galeraren magnitudea ulertzeko, seinalatzen baitute Bigarren Errepublikan zehar martxan jarritako hainbat erreformek ez zutela Estatu mailako nekazarien eta proletarioen errealitate materialean ia eraginik izan.

Armada

Bi faktoreren ondorio gisa uler daiteke interbentzio militarraren aurretik armadaren barne-sektore handi batek izandako erradikalizazio prozesua: sektore afrikanisten eragina eta biurteko erreformistan armadak izandako birmoldaketa. Afrikanismoa Afrika iparraldean Espainiako Estatuaren interesak defendatu zituen korronte ideologiko eta militarra izan zen eta, besteak beste, ideia gerrazaleek eta klase politikaren nahiz ideia ezkertiar eta demokratikoen kontrako jarrerek ezaugarritzen zuten. Aldi berean, 1931. urtean indar armatuek izandako berregituraketak instituzioan bertan zeuden kargu altuen kopurua nabarmen apaldu zuen, eta estamentuaren boterea murriztu egin zen. Neurri horien artean zegoen gelditzen ziren buruzagiek ezin izango zutela aurrerantzean justizia militarra armadatik kanpo aplikatu, eta horrek Gerra Ministerioak zuen helburu nagusia argi utzi zuen: klase militarra ordena publikotik aldentzea, armada politikatik urrundu nahian. Jakina, neurri horien kontrako jarrerek Errepublikaren aurkako eta konspirazioaren aldeko ideien gorakada ekarri zuten.

Espainiako Estatuan hamarkadetan zehar iraun zuen tradizio kolpistak helburutzat izan zuen elite ekonomikoen zerbitzura egotea, zeinak armada bere pribilegioak bermatzeko elementutzat ulertzen zuen

Faktore horiekin batera, kontuan izan behar dugu, oro har, Espainiako Estatuan hamarkadetan zehar iraun zuen tradizio kolpistak helburutzat izan zuela elite ekonomikoen zerbitzura egotea, zeinak armada bere pribilegioak bermatzeko elementutzat ulertzen zuen.

Aurreko mendean armadak gauzatutako estatu kolpeak normalizatu arren, beharrezkoa da 1936ko altxamendua eta ondoren etorri zirenen artean egondako arrakala aipatzea: desorekatua izan arren, instituzio armatuaren barruan banaketa eman zen Errepublikako garaian zehar, eta horrek nolabaiteko erresistentzia bati ere bide eman zion kolpearen unean.

1933. urtean sortu zen, alde batetik, UME (Unión Militar Española), Gobernu errepublikanoak ekarritako nahigabeak eta garaiko tentsioen ondoriozko erradikalizazioak gidatuta. Haien ezaugarri nagusien artean zeuden soilik armadako ofizialez osatuta egotea eta atsekabea interbentzioaren beharretara bideratzen jakin izana. Taldearen barruan, aldi berean, boterea hartzeko moduak markatutako bereizketa bat zegoen: batzuek boterea bide politikoaren bitartez hartzeko apustua egiten zuten; besteek, berriz, ez zuten estatu kolpetik haratago inolako aukerarik ikusten. Azkenik, 1936ko Fronte Popularraren garaipenaren ostean, bide politikoa baztertu egin zen. Bestalde, UMRA taldea egon zen (Unión Militar Republicana Antifascista), baina oso jarraipen txikia izan zuten tropen artean.

Faktore horiek guztiek instituzio militarraren zatiketa ekarri zuten. Honako hauek dira Espainiako armada osatzen zuten 12.610 aginte koadrok (buruzagi, nagusi eta ofizialak) erakutsitako jarreren ehunekoak: agintarien %46,97k argi hautsi zuen hitzematea; beste %23,63k kolpearen lehen ofentsibak baztertu zituen, gero soldadu eta milizianoez osatutako tropen agintari postuak hartzeko; %5 fusilatua izan zen, edo kasu batzuetan, armadatik bota zituzten, Fronte Popularraren Gobernuaren aldeko jarrera erakusteagatik kolpeak arrakasta izan zuen hirietan. Azken %24,24 estatu kolpeak arrakastarik izan ez zuen lekuetan ez lerratzeagatik kartzelara bidali ala Errepublikaren alde borroka egitea eskaini zitzaion.

Azkenik, ezin da aipatu gabe utzi kanpoko laguntzaren garrantzia. Interbentzio militarra Europako faxismoarentzat gune erosoa zela kontuan izanda, ez da arraroa Europako erregimen nazi-faxistak armada espainiarrari babesa eman izana. Gainera, penintsula kontrolpean izatea oso interesgarria zen Italiarentzat eta Alemaniarentzat, Frantzia arerio baitzuten, eta Mediterraneoko kontrola izatea eta kolonia galiarrak zokoratzea ondo etorriko baitzitzaien.

CEDA-ren papera, karlismoa eta falangismoa

Beharrezkoa da gogoratzea kolpean parte hartu zuen edozein sektoreren inplikazioa ezin dela modu zurrunean ulertu, baizik eta kolaborazio ekonomiko-ideologiko bati erantzun ziola parte-
hartzaile guztiak elkarlanera bultzatuz, gurutzatutako interesak zeudelako artean.

Interbentzio militarra Europako faxismoarentzat gune erosoa zela kontuan izanda, ez da arraroa Europako erregimen nazi-faxistak armada espainiarrari babesa eman izana

Eszenatoki horretan, ez da harrigarria José María Gil-Roblesek (CEDAko burua) goi-karguen eta joera antierrepublikanoen arteko topaketak sustatzea kolpea helburu izanik, adibidez, 1936ko martxoaren 8an Madrilen egindakoa. Aldi berean, hainbat politikari kontserbadorek eta monarkikok arlo zibilean baldintzak jarri zituzten, esaterako, prentsaren bitartez Gobernu berriaren konstituzio-kontrakotasunaren berri emanez. ABC egunkariak 1936ko abenduaren 20an ondoko hitzak argitaratu zituen, Calvo Sotelok esanak: “autoritatearen printzipioa ezbaian dago [...] Erabateko anarkian bizi gara, anarkiaren taifek gidatutako erregimen batean, asiar kantonalismo batean”. Horren ostean “betebehar militarra” aipatzen zuen; zehazki, beharra zegoela “bortizki erreakzionatzeko legezkotasunetik kanpo eta Aberriaren kontra agintzen denean”.

Zentzuzkoa den moduan, aipatutako tendentzia konspiratzaile hori guztia monarkia autoritarioaren parte ziren sektoreek bultzatua izan zen hasieratik. Haien ustez, onartezinak ziren 1931ko Konstituzioan jasota zetozen hainbat printzipio; besteak beste, botereen banaketa eta sufragio unibertsala.

Aldi berean, boterearen aurkako erasoaldia bultzatzeko funtsezkoak izan ziren beste bi agente politiko egon ziren “eskuineko” ideologiaren espektroaren barruan: talde karlistak eta falangistak. Bi taldeek bete zuten paperari dagokionez, hasiera batean, biek ala biek egin zuten beren ikuspuntua eta planifikazioa mantentzearen alde, beste interes edo goi-kargu batzuen esanetara ibili ordez, bi taldeen oinarrian baitzegoen konplota hastearen ideia. Euskadiko eta Nafarroako kasuetan, lurraldean zehar errekete ugari egoteak konspirazioari bide eman zion. Konplotaren zuzendari Emilio Molaren esku-hartzearen ondoren, akordio batera iristea lortu zen: estatu mailako militantzia karlistaren zati handi bat armadako konspiratzaileen menpe gelditzea.

Falangea, Italiako faxismoaren eta Alemaniako nazionalsozialismoaren pausoak jarraituz, ez zetorren erreakzioak zuen izaera tradizionalistarekin bat; horren aurrean, ikuspuntu berritzaile bat defendatzen zuen, katolizismotik eta monarkiatik aldenduta

Bi kasuetan akordioa azken aukera bezala iritsi zen, alde bakoitzak ez baitzuen kolpea bere printzipioen arabera emateko ez bitartekorik, ezta babesik ere. Garai hartan goraka zihoan antiklerikalismoa oldarraldi militarra babesteko pizgarri nagusienetariko bat izan zen. Hala eta guztiz ere, erreketeen antolakundeek espero zuten emaitza politiko eta organizatiboa Falangeak eta indar armatuek bultzatutako horretatik urrun zegoen, karlisten helburua monarkia tradizional eta katoliko bat ezartzea baitzen. Era berean, Falangea, Italiako faxismoaren eta Alemaniako nazionalsozialismoaren pausoak jarraituz, ez zetorren erreakzioak zuen izaera tradizionalistarekin bat; horren aurrean, ikuspuntu berritzaile bat defendatzen zuen, katolizismotik eta monarkiatik aldenduta (hasierako oinarri teorikoen arabera, behintzat). Emilio Molaren negoziaziorako gaitasuna erabakigarria izan zen “Errepublikaren aurkako alderdi” guztien arteko harremanak eta indarrak altxamenduko ofizialen agindupean batzeko orduan. Babes ekonomikoa CEDA osatu zuten alderdietatik lortu zen, eta babes militarra milizia karlista eta falangistetatik.

Azken horiei buruz, aipatu beharra dago uztailaren 18an emandako babesetik haratago joan zela erregimen errepublikanoaren gainbeheran egindako ekarpena. Altxamenduaren aurreko gobernu-eredu errepublikanoa desegonkortzeko eta zilegitasuna kentzeko eginbeharrak kalean gauzatu zituzten: lider eskuindarrek emandako diskurtsoek nahiz erreakzioaren bozgorailu bihurtu zen prentsak eguneroko egoera bortitzetatik edaten zuten, non etengabeak ziren falangisten eta komunisten (besteak beste) arteko liskarrak. Fenomeno hori bereziki bizirik egon zen II. Errepublikaren azken hilabeteetan, eta are gehiago suspertu zen Falangearen parte ziren taldeek egiten zuten kaleko terrorismoaren ondorioz. Horren guztiaren aurrean, langile elkarteek zalantzarik gabe erantzun zuten, eta Fronte Popularreko lerroetan izua suspertu zen, kolpea aurreikusten hasiak baitziren. Berandu zetorren neurri desesperatu moduan, martxoaren 14an Falange alderdiaren jarduna debekatzea onartu zen, hainbat lider falangista kartzelara sartzearekin batera, José Antonio Primo de Rivera, besteak beste. Horrek, kolpea saihestetik urrun, are testuinguru egokiagoa ekarri zuen berau gauzatzeko.

Babes zibila

Indar konspiratzaileak deskubrituak ez izateko neurriak, jakina, maila zibilera ere hedatzen ziren, non mezuak zabaltzeko zailtasunak gero eta agerikoagoak baitziren. Oso zaila da benetan altxamenduak herri mailan izan zuen jarraipena ezagutzea, baina, hala ere, historialari askok Nafarroa seinalatzen dute Estatu mailan altxamenduak babes zibil orokortua zuen nukleo bakar gisa. Era berean, kolpearen jarraitzaileak ziren herritarrak momentu hartako egitura politikoko taldeetara mugatu ziren, izan falangisten, karlisten edo Acción Popular taldeko (CEDAko nukleoa) ideiekin bat egiten zuten taldeetara.

Helburua zen herritarrek, beldurraren beldurrez, esku-hartze armatua onartu ez ezik, goraipatu ere egin zezatela

Estatuko egoera orokorra azaltzeko saiakeran, esan beharra dago iraultza eta gerra zibila etortzeko beldurrak nahitaez ekarri zutela errepresaliaz jositako koiuntura soziala. Helburua zen herritarrek, beldurraren beldurrez, esku-
hartze armatua onartu ez ezik, goraipatu ere egin zezatela. Egoera horren erantzukizunaren zati handi bat eskuineko prentsari dagokio, izan ere, norabide gerrazale eta gogor batek gidatuta, herritarrak instituzio errepublikanoen aurka jartzen saiatu zen. Horretarako, informazio faltsua, nahasia eta osatugabea erabili zen, azken hauteskundeetako emaitzen egiazkotasuna zalantzan jartzea lortzeko, eta horrek, gerora, Gobernuarekiko konfiantza falta zabaldu zuen herritarren artean. Ideia hori behin eta berriz errepikatzea ez zen kasualitate hutsa, zalantzan jartzen baitzituen ordena errepublikanoaren oinarri ziren zutabeak –sufragio unibertsala eta herri-subiranotasuna–, herriaren parte-hartzea ordenamendu politikotik baztertua izan zela baieztatzen baitzuten.

Esanak esan, beharrezkoa da berriro nabarmentzea elite finantzarioen babesak fenomeno hori guztia zeharkatzen duela, eta horrek ekarri zuela bando nazionalak arrakasta izatea, baita altxamenduaren aurretik ere. Bi espektro ideologikoek bultzatuta giroa gero eta polarizatuago bazegoen ere, landako eta industriako burgesiaren finantziazioak abantaila eman zion eta zurruntasuna nahiz jarraikortasuna ekarri zizkion eskuineko diskurtso apokaliptikoari.

Bestalde, biztanleriaren zenbait sektorek altxamenduari babesa eman zioten Elizarekin eta latifundista handiekin partekatutako ezaugarri batzuk tarteko: katolikoen sektore batek edo lur partzela txikien jabetza zuten biztanle batzuek kolpearen aldeko maniobra babestu zuten iraultza sozialistaren beldur zirelako.

Auzi nazionalekin edo erregionalekin bat egiten zuten hiritarrei dagokienez, ikus daiteke kultura politiko horien baitako liderrek bi estrategia erabiliz mobilizatu zituztela altxamenduaren aurka: beren hautesleengan iragarki bitartez eraginez edo, modu subliminalean, diskurtso patriotikoak erabiliz.

Anekdota bat bada ere, Cádizeko gobernadore zibilaren kasua daukagu, herritarrek kolpearen alde ala kontra egiteak izan zezakeen paper erabakigarria erakusten diguna: Cádizeko lurraldean estatu kolpeak arrakasta izan zuen arren, gobernadoreak Radio Cádiz-en biztanleei armak hartzeko eta erresistentziarako deia egitea lortu zuen. Aldi berean, aipatu beharra dago langile nahiz nekazari antolakundeek jarrera iraultzailea hartu zutela, XIX. mendean emandako estatu kolpeen aurrean nagusitu zen herritarren pasibotasunari kontrajarrita. Aipatutako polarizazioak bere fruituak eman zituen, kasu horretan, klase mendeku forman. Horrela, uneko ordena ekonomikoa kolokan jartzea helburu zuten hainbat ekimen jarri ziren martxan, izan kale mailan, izan landa eremuan, eta, besteak beste, fabrikak, merkataritza guneak edo lur sail handiak kolektibizatu zituzten.

Eliza

Elizako erakundeek kolpeari emandako babesa bi ideiatan oinarritu zen nagusiki: eskubideen galera, zeinak, kasu gehienetan, gerora sekularizatutako auzi edo eginkizunen monopolioa bermatzen zien, eta ideia honen aldeko borroka: “Espainia eta katolizismoa banaezinak dira”. Monopolioarekin zerikusia duten ideiei dagokienez, hainbat izan ziren konspiraziorako tendentzia bultzatu zuten gai sozialak: ezkontza zibilak onartzea, dibortzioak, hilerriak sekularizatzea, Elizak hezkuntzan zuen esku-hartzea deuseztatzea, eta, bereziki, Estatuaren eta Elizaren banaketa. Aldi berean, lursail handien jabe zirenez, nekazaritza-erreforma aplikatu zieten bertan, eta ez zuten onura iturri horrek ekartzen zizkien eskubide juridiko-ekonomikoei uko egitea beste aukerarik izan. 1931ko azaroan eta abenduan Azañaren gobernuak onartutako xedapenek ondorengoa onartu zuten: “Elizaren lur eta landa-jabetzak desjabetuko dira Errege Etxeari jabetzak kendu bezain laster, baina Elizaren kasuan ez da kalte-ordainik izango ”. Modu horretan, lurjabeen klasea eta Eliza ezin dira bi kategoria ekonomiko-sozial bereizi moduan ulertu, izan ere, biek elkarrekin eraiki zuten klase herrikoiek bultzatutako ofentsibaren erreakziorako bidea, beren eskubideen defentsan.

Lurjabeen klasea eta Eliza ezin dira bi kategoria ekonomiko-sozial bereizi moduan ulertu; izan ere, biek elkarrekin eraiki zuten klase herrikoiek bultzatutako ofentsibaren erreakziorako bidea, beren eskubideen defentsan

Ildo beretik, antiklerikalismoaren auzi polemikoa elkar-hartze makurra bultzatzeko abiarazle nagusia izan zen: garai hartan eman zen korrontearen unerik indartsuena, Elizak monarkiarekiko eta tradizioarekiko zuen gertutasunagatik eta nukleo latifundista handienetariko bat izateagatik. Oinarri horiek horrela izanda, Antonio Moliner Prada historialariak ondorengoa baieztatzen du: “antiklerikalismoa nahitaezko ezaugarri bat izan zen postura liberal, demokratiko, errepublikano, sozialista, anarkista eta marxistentzat”. Modu horretan uler daiteke langile militantziako hainbat korrontek entitate hori beren interesen arerio moduan identifikatzea, Elizak berak instituzio errepublikanoaren kontra izan zuen jarreraren aurretik. Areriotasun horrek marko koiuntural bat ezarri zuen urteetan zehar biziagotu zen amorru orokortu batentzat, eta Elizaren aurkako etengabeko biolentzian hezurmamitu zen Errepublika hasieratik. Esan beharra dago kleroaren aurkako zitalkeriak, berez, Gerra Zibilaren hasierara arte iraun zuela, haien gurtzarako espazio eta sinboloen aurka, antzinako erregimenaren ikurtzat hartzen baitziren (1934ko garai iraultzailea salbu).

Zeremonia nahiz landa eremuko jabetzetatik jasotzen zituzten diru-sarreren beherakadak, sozialki zuten funtzioa desagertzearekin batera, kleroko kideak bizilagun arrunten gisara tratatzea ekarri zuen, haien dokumentazioan jasotzen denaren arabera. Elizaren boterea mendeetan mantendu zuten dinamika eta eguneroko bizitzaren kontrol erritualetatik urrun, izaera zibilak hartu zuen bizitza publikoa, eta alor espirituala hautazko kontu bilakatu zen.

Atsekabe horren guztiaren baitan, beste babes erreakzionario bat sortu eta “koalizio antiraultzailea” izeneko konplotari atxikituta zeuden gainerako sektoreei lotu zitzaien, modu batez edo bestez. Lurraldekako kasuistikak erabiliz hobeto ulertuko dugu dinamika: Catalunyako kasuan, hainbat prelatuk eta klase altuko kidek bazuten konspirazioaren berri; Válencian, altxamenduaren gutxi gorabeherako data jakin zuten kolpearen hilabetean bertan, eta Nafarroan, berriz, haratago joan ziren, Fronte Popularraren hauteskunde bidezko garaipenaren ostean konplotean parte hartu baitzuten era aktiboan.

Bestalde, haien parte-hartzea justifikatzeko moduari dagokionez, “gurutzadaren” edo “gerra santuaren” narratiba sortu zen, eta katolizismoaren defentsan oinarritu ziren. 1937ko uztailera arte Carta Colectiva del Episcopado (gotzainen gutun kolektiboa) idatzi ez bazen ere, non kolpearen babesa maila orokorrean ziurtaturik geratuko zen, Elizaren erakundeek ez zuten zalantzarik egin hasiera-hasieratik tokiko nahiz eskualde mailan altxamendua babesteko.

Elizaren boterea mendeetan mantendu zuten dinamika eta eguneroko bizitzaren kontrol erritualetatik urrun, izaera zibilak hartu zuen bizitza publikoa, eta alor espirituala hautazko kontu bilakatu zen

Hala ere, estatu mailan zegoen koiuntura politikoaren aniztasun erlijiosoak eta ideologikoak hainbat egoera zail bultzatu zituen, eta gerora alde kolpistak bortizkeriaz eta sinpleki eman zien irtenbidea horiei guztiei: Euzko Alderdi Jeltzalearen proposamen politikoarekin bat egiten zuen elizjendea, oro har, Errepublikako legezkotasunarekin, baina batez ere, euskal subiranotasunarekin bat egiten zuena, fusilatua eta espetxeratua izan zen. Horren adibide ezagunak dira, adibidez, José Ariztimuño “Aitzol” apaiz eta kazetariaren kasua, altxamenduko kideek fusilatu zutena 1936ko urrian, edota diktadura garaian bereziki kleroko sektore antifrankistak erreprimitzeko sortu ziren konkordatuzko kartzelak.

Nekazari-burgesia

Beste behin, ezin da ulertu nekazari-burgesiak kolpeari eman zion babesa, aurretiaz klase herrikoiak indartu zirela ulertu gabe. Nekazarien haserrea eta haien emantzipaziorako prozesu progresiboa bi elementutan oinarritu zen: alde batetik, lan eta bizi baldintza iraingarrietan, latifundisten kapritxoei azpiratuta zeudelako, eta, beste aldetik, batik bat andaluziar jatorriko jornaleroen artean, ideia anarkistak zabaldu zirelako.

Industria Iraultzaren aurreko testuinguru sozial eta ekonomikoan kokatu behar dugu geure burua, hau da, biztanleria aktiboaren %45,5 nekazaria zen testuinguruan. Errealitate horretan, lurjabe klaseak neurriz kanpoko boterea zuen, eta kazikismoa nahiz antzeko fenomenoak bultzatzea ekarri zuen horrek. Elizari buruz aurretik aipatutakoarekin lotuta, funtzionatzeko modu latifundistak antzinako erregimenetik zetozen botere egiturak erreproduzitzen zituen: lursailen jabetza belaunaldiz belaunaldi oinordetzan jasotako lurrak zituzten dukeen, markesen eta nobleziako beste hainbeste kideren esku zegoen.

Legeria berria aplikatzeko patroien ezezko sistematikoaren aurrean, langile mobilizazioak ezinbesteko tresna izan ziren, greba eta protestak erabili baitzituzten presio mekanismo moduan

Nahiz eta egia izan burgesia lurjabearen grin konspiratzailea II. Errepublikak bultzatutako lehen erreformetako baten erreakzio moduan sortu zela, nekazari-erreformaren ondorio gisa, nekazariek beren eskubideen alde betetako paperak ere kolpera atxikitzera eraman zituen lurjabeak: langabezia goraka zihoan garaian, batik bat 1932. urtetik aurrera, ohikoa bihurtu zen jornalariek beren patroien etxebizitzak edota lursailak okupatzea. Gaian gehiegi sartu gabe, beharrezkoa da fokua ideia honetan jartzea: nekazarien matxinadek lursailez jabetzea “bakarrik” bilatzen zutela bazirudien ere, errealitatean jabetza ulertzeko modua birmoldatzea zuten helburu eta ekoizpen-bitarteko horiekin harremantzeko modua aldatzea, momentu hartan nagusi zen ekonomiari aurre eginez. Paul Preston historialariak “nekazaritzan oinarritutako kapitalismoa” deitu zion uneko ekonomiari.

Erreformaren gaira bueltatuz, saihetsezina bilakatu zen kontu hori Gobernu berriarentzat. Izan ere, latifundismoaren fenomenoa azken muturreraino iritsi zen penintsularen hegoaldean, non egoerak eragindako krisi ekonomikoak bata bestearen atzetik zetozen hamarkada batzuk lehenagotik. Erreformaren helburu nagusia lurren banaketa egitea eta landa eremuko langile klasearen lan baldintzak hobetzea zen: zortzi orduko lanaldia ezarri zen, eta, negoziaketen kasuan, patroi eta langilez osatutako epaimahai mistoak ezarri ziren. Ez zen harritzekoa izan nekazariek Errepublikako lehen erreformak esperantzaz hartzea, beren eskubideen alde borrokatzeko neurriak hamarkada luzez deuseztatu baitzitzaizkien.

Negoziazio kolektiboaren bidea agorturik (besteak beste, Sevillako patronatuak debekatuta), baita atzerriko jornaleroen etorrerak (Guardia Zibilak bultzatuta langabezia zegoen lekuetan) ekarritako geldialdi nahiz greben bidea ere amaiturik, interbentzionismo errepublikanoaren eraginkortasunean sinetsi zuten. Errealitatea, ordea, bestelakoa izan zen: nahiz eta, nagusiki, hegoaldeko nekazariek sustatutako aldarrikapenak paperean jasota gelditu (egun osoko jornalaren amaiera, adibidez), landa-eskualde gehienetan ez ziren errespetatu.

Testuinguru horretan, masek latifundismoaren boterearen aurka egindako borroka gutxietsia izan zen eta, kasu askotan, baita erreprimitua ere, Sevillako Casas Viejaseko gertakariekin bezala. Gainera, geldotasunaz nazkaturik, mobilizatutako nekazarien zati handi batek Gobernu berriak ezarritako lege laboral berria bete zedila eskatu zuen.

Nekazarien borroka leku askotan FNTT (Federación Nacional de Trabajadores de la Tierra) sindikatuaren bueltan gorpuztu zen, UGTren baitan antolatutako sindikatua zena. 1931. urtean 100.000 afiliatu izatetik, 1932ko udan 450.000 afiliatu izatera pasatu zen, antolatuta egoteak lurjabeei erantzuteko ematen zien gaitasunak motibaturik. Badajoz probintziako kasuak oso ondo islatzen du nekazarien altxamenduen eta ondoren etorritako errepresioaren arteko korrelazioa: kalkulatzen da, dagoeneko 1932. urterako lursailetako langileen %45 greban zegoela, eta horri 1936ko martxoaren 26an FNTTk bultzatutako lur-okupazio maniobra gehitu behar zaio, zeinetan 60.000 jornalari inguruk parte hartu baitzuten. Langile klaseak bultzatutako ekintzaren tamainaren parekoak izan ziren aplikatutako errepresio neurriak: Badajozko 1930eko erroldaren arabera, probintzian 41.122 pertsona zeuden erroldatuta, eta haietako 4.000 fusilatu zituzten gero, gehienak Badajozko Sarraskian.

Argitu beharra dago, gainera, jabe txikiaren figura ere existitu zela, zeinak, kazeta eskuindarrek hainbestetan aipatutako “langileriaren berehalako iraultzak” larriturik, altxamenduaren alde egitea hautatu baitzuen.

Burgesia industriala

Garaiko langile klasearen nahigaberako arrazoiak momentu hartako gertaera edo neurrietatik haratago zihoazen. Esan beharra dago ordena ekonomikoari zegokion bide alternatibo bat egon zela industria jabe handiak burges talde nagusia izan aurreko fasean. Adibide moduan, deigarria da langile klaseak bitartekoak eskuratzeko aukera zutenean emaitzak hauek izatea: 1934ko iraultzan komite iraultzaileek kudeatutako fabrikak eta meatzeak, 1936. urtean Extremaduran eta Andaluzian lurrak okupatu eta birbanatzea, eta Gerra Zibilean langile kontrolpeko eremuetako desmonetizazioa eta jatetxe kolektiboak. Nekazari oligarkiak eta oligarkia industrialak kolpearekin bat egin izana azaltzen duten faktore asko egonda ere, aipatutako birmoldaketarako beldurra izan zen konspiraziora jotzeko arrazoi nagusienetariko bat.

Langile borroka 1890eko hamarkadatik aurrera biziki indartu zen Espainiako Estatuan, eta besteak beste, lan-istripuetako asegurua lortu zen 1900. urtean. Langile masek zuten nahigabea nabarmen igo zen nekazari- nahiz industrializatutako guneetan Errepublikako garaira heldu zen arte; 1931ko landa grebetan ikusi zen argi hori, adibidez. Francisco Comín Comín historialariak esaten duen moduan, Gobernuak hainbat politika sozial eraman zituen aurrera “gatazka sozialeko olatu orokortu batek bultzatuta”. Politika horien isla Lan Kontratuaren Legeko 91. artikuluko grebarako eskubidean edo zortzi orduko lanaldian jaso zen.

Legeria berria aplikatzeko patroien ezezko sistematikoaren aurrean, langile mobilizazioak ezinbesteko tresna izan ziren, greba eta protestak erabili baitzituzten presio mekanismo moduan. Fenomeno horren aurrean, II. Errepublikako lehen Gobernuaren erantzuna masak zigortzea izan zen. Emazte nahiz umeekin batera Pasaiako portuko langileek antolatutako manifestazioan, adibidez, protesta baketsua izan arren eta pankartek “Ogia gure seme-alabentzat” zioten arren, Gobernuaren errepresioa jaso zuten: Guardia Zibilak manifestarien aurka kargatu zuen, lehen lerroan emakumeak eta umeak egonagatik ere, eta sei hildako eta hogeita hamar zauritu utzi zituzten.

Zerk motibatu zuen estrategia hori? Errepublikako testuinguruan nobleziaren klasearekin hausteak (teorian, behintzat) burgesia industrialari bidea libre utzi zion Europan bere parekoak zirenek zuten posizioa lortzeko: iraultza burgesa errazteko lehen urratsak eman ziren, eta Errepublikako Gobernuak, antzinako erregimenarekin hausteko neurriak erabiliz, klase ertainaren eta burgesia liberalaren babesa mantentzea lortu zuen, gerora ikusi zen bezala, horiek guztiak defendatzeko ahaleginak eta bi eginda.

Errepublikako testuinguruan nobleziaren klasearekin hausteak (teorian, behintzat) burgesia industrialari bidea libre utzi zion Europan bere parekoak zirenek zuten posizioa lortzeko

Ugazaba industrialen intentzioak are agerikoagoak izan ziren eskuineko errepublikanoek boterea hartu zutenean, bereziki, 1934ko greba orokor iraultzailearen ondoren. Koiuntura hori ederki aprobetxatu zuen eliteko sektoreak lan-
eskubideen atzerakada eta statu quo berria zalantzan jarri zutenen aurkako errepresio bortitza justifikatzeko. Horregatik, konplotarekin bat egiteko elementu erabakigarria izua izan zen, herri-altxamendu horietan hainbat eskualdetan aplikatutako neurri sozial-komunisten aurrean. Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi ondoren, industria patronatuak bide politikoa baztertu zuen bere egoera pribilegiatua mantentzeko, eta bide bakarra militarra izan zen.

Azkenik, Jesús Ignacio Bueno Madurgak dio fenomeno horren baitan burgesiak “‘klase borroka’ egoera baten baitako presioari esker estrukturalki heterogeneoak diren taldeak batzea” lortzen duela, eta kasu asko daudela zeinetan helburua “hegemonia-krisiari amaiera ipintzeko bide faxista hartzea” den.

Ondorioak: diktadura eta errepresioa

Altxamenduaren ondorengo garaian, Estatuko txoko guztiak pixkanaka murgildu ziren tiranian, eta “Errepublikak baztertutako” sektoreak diktaduraren erregimenaren sostengu bilakatu ziren: Eliza, armada, nekazari-burgesia eta burgesia industriala… Altxamenduaren ezaugarri taktikoei dagokionez, biolentzia eta neurriz gaineko errepresioa etengabea izan zen prozesu guztian zehar. Biolentzia hori oinarrizko baliotzat hartzen zuten gainera, helburura iristeko neurri bat baino.

Mendeku errepresiboetatik haratago, kolpearen babesleek bestelako ordainsari eta abantaila ugari izan zituzten diktadurapeko egitura berriaren parte izateagatik. Elizak, Egoitza Santuaren oniritziarekin, erlijio katolikoa diktaduraren ardatz bihurtzeaz gain, hezkuntzan zuen monopolioa berreskuratu zuen. Lurjabeen klaseak 1936tik aurrera nekazari-kontraerreforma proiektua bultzatu zuen, lur-jabetze masiboekin eta beren jabetzatik kanpoko ondasunen eskuratzearekin. Botere burgesaren beste aldean, ugazaba industrialek hobekuntzak izan zituzten Mussoliniren Gobernu faxistak onartutako 1927ko Carta de Lavoro-n oinarritutako eta lanarekin lotutako auziak erregulatzen zituen estatutu berri bati esker. Sindikatu Bertikala, jabetza pribatua nazioaren aurrerapen instrumentutzat hartzen zuena, hainbat gairi buruzko erabakiak hartzera pasa zen, hala nola greba eskubidea debekatzea.

Arlo ideologikoan, Falangeak emandako babes militarrak erregimenaren bizkarrezurra izatea ahalbidetu zion alderdiari; sektore karlistek, ordea, lan handia hartuta, frankismoaren aparatuan nolabaiteko boterea mantentzea lortu zuten.