Espainiako Trantsizioa une erabakigarria eta kontraesankorra izan zen Euskal Herriarentzat: ez zen frankismoaren itxiera soila izan, baizik eta baita menderakuntza politikoaren berreraketa ere, klase borroka azkartuaren testuinguruan. Agertoki horretan, Eduardo Moreno Bergaretxe “Pertur”-ek, ETA (pm)-ko ideologo gazteak, testamentu politiko baliotsua utzi zuen desagertu aurretik: erakundearen VII. Batzarreko Otsagabia ponentzia eta Arnasa dokumentua, Euskal Herrian gehien garatu den alderdi iraultzailearen teoria leninista, gerora faltsutua eta ahaztua izan bada ere.
PERTUR ETA OTSAGABIA PONENTZIA
Eduardo Moreno Bergaretxe “Pertur” ETAko militante komunista eta abertzalea izan zen, frankismoaren azken aldian eta Trantsizioaren hasieran aktibo egon zena. Donostian jaio zen, eta bere militantziaren hastapenak errepresio frankistaren testuinguruak eta klandestinitateko jarduera politikoak markatu zituen, zirkulu marxistetan lehenik eta, ondoren, ETAn. Bere ibilbidearen ezaugarri nagusia nazionalismoaren, sozialismoaren eta ekintza armatuaren arteko harremanari buruzko etengabeko kezka izan zen, bai eta garai hartako antolakuntza-modu sakabanatuek eskaintzen zituztenak baino antolaketa-metodo sendoagoak bilatzea ere. Burkide ohiek profil teoriko gisa ez ezik, “ekintza-gizon” gisa ere deskribatzen zuten, eta erakunde armatuaren barruan eragin handia zuela adierazten zuten.
1976ko udan, lehenbiziko eztabaidak ireki ziren ETAren bi adarretan estrategiari eta bi adar horiek batzeko saiakerei buruz. Momentu horretan, Perturrek, ETA (pm)-ko Bulego Politikoko kideak, Otsagabia ponentziaren hiru zatietatik lehena aurkeztu zuen erakundearen VII. Batzarrean. Historiografiak Otsagabia ponentzia osoa balitz bezala hartu ohi du lehen zati hori, oso-osorik Perturrek idatzia; hala ere, badira bigarren eta hirugarren zati bana ere. Bigarren zatia fisikoki desagertu zen 1976ko uztailaren 23an, eta Perturren ekarpenetan oinarriturik berreraiki behar izan zen, eta hirugarrena, berriz, Javier Garayalde “Erreka”-k egin zuen.
Planteamendu hori ETAko militantziaren aurrean aurkeztu zuen Perturrek, 25 urte besterik ez zituela, tentsio politiko goreneko testuinguruan: diktadura frankista irekiera-zantzuak erakusten ari zen, masen mobilizazioek Erregimenaren legezkotasuna gainditzen zuten, legezko eta erdi legez kanpoko erakunde berriak sortzen ari ziren, oposizioko ordezkari politikoak behin-behineko bat-egite instituzionala negoziatzen ari ziren, Estatuarekiko konfrontazioak bizia izaten jarraitzen zuen eta kuarteletan sable-zarata ez zen ixiltzen. Ur nahasi horien erdian, ponentziak estrategia argi bat laburbildu nahi zuen garai berri eta kontraesankorretara egokitutako alderdi-mugimenduarentzat; hain zuzen ere, klandestinitatean zein legezkotasun partzialeko espazioetan esku hartu ahal izateko eta, bizi zuten sakabanaketaren aurrean, ENAMi eta indar langile eta abertzaleei proiektu koherente bat emateko. Perturren esku-hartzea, beraz, ez zen gutizia teorizista bat izan; kontrara, militantziak baldintza oso zail eta aldakorretan nola jokatu behar zuen orientatzen saiatzen zen, borroka klandestinoan eta frankismo berantiarreko masa-borrokan metatutako indarrak zapuztu zitzaketen akatsak eta urrats faltsuak saihesteko. Hala, jarraian azalduko ditugunak izan ziren Perturren eskemaren ideia nagusiak Otsagabia ponentzian.

Koiuntura historikoaren azterketa: Trantsizioa, une historiko ireki eta kontraesankorra
Perturrek koiuntura historiko zehatz baten irakurketan oinarritu zuen bere proposamen estrategikoa: Trantsizioa. Ideologo donostiarrak ez zuen inoiz ukatu Trantsizioaren izaera telegidatua eta burgesa; eta, hala ere, egoera ireki, kontraesankor, klase-borrokaren emaitza zuzen eta, beraz, eztabaidagarri gisa ulertzen zuen. Haren aburuz, Trantsizioa ez zen frankismoari jarraipena ematen zion maniobra burutua soilik, eta prozesuaren ikuspegi askoz dialektikoagoa planteatu zuen. Hala, Francoren heriotzak ez zuen gatazka ixten, baizik eta dominazio modu berrietara lekualdatzen zuen premia historikoak eta masen presioak bultzatuta, non adostasunean, askatasun formaletan eta demokrazia burgesaren erakundeetan oinarritutako elementu politikoak erantsi zitzaizkien dominazio modu horiei, eta horien aurrean ez zegoen geldirik geratzeko paradarik.
Perturrek, ETA (pm)-ko ideologoak, ohartarazi zuen zetorrena ez zela diktaduraren jarraipen hutsa, ezta ezkutuko faxismoa ere, baizik eta frankismotik jasotako elementuak zein berezitasunak zituen demokrazia burgesa. Beraz, Euskal Herrian egiteke zegoen iraultza ezin zen iraultza demokratiko-herrikoi bat izan, non Estatua negoziatzera behartu behar zen; iraultza horrek iraultza proletarioa izan behar zuen
Bada Otsagabia ponentzia bera baino dokumentu ezezagun eta, ziur aski, garrantzitsuago bat: Arnasa, Reagrupamenduko taldeetarako aztergaiak, EIAk 1976an argitaratutako seriearen lehen alea. Dokumentu horretan, Perturrek, beste gai estrategiko batzuen artean, Trantsizioari buruzko ikuspegi hori modu garatuagoan azaldu zuen: berehalako koiunturatik haratago zihoan argitasunez azaldu zuen bere ikuspegia, eta aurrerapen teoriko-politiko garrantzitsua egin zuen. Perturrek, ETA (pm)-ko ideologoak, ohartarazi zuen zetorrena ez zela diktaduraren jarraipen hutsa, ezta ezkutuko faxismoa ere, baizik eta frankismotik jasotako elementuak zein berezitasunak zituen demokrazia burgesa. Beraz, Euskal Herrian egiteke zegoen iraultza ezin zen iraultza demokratiko-herrikoi bat izan, non Estatua negoziatzera behartu behar zen; iraultza horrek iraultza proletarioa izan behar zuen. Arnasa dokumentuan, Perturrek argudiatzen zuen masa-izaeradun nekazari-klaserik ez zegoenez, klase popularren blokea ia osorik proletarizazio prozesuan zeuden soldatapeko langileek osatzen zutela, eta, beraz, egiteke zegoen iraultza bakarra sozialista zela ordurako. Bereizketa hori ez zen txikia, ezta akademikoa ere: helburu estrategikoa eta zeregin horretarako behar zen antolaketa mota zehazten zituen.
Ondorioz, borroka-eremua ere handitu eta aldatu beharra zegoen. Perturrek behin eta berriz zioen Trantsizioa ezin zela irakurri ez garaipen, ez behin betiko porrot gisa. Herri-borrokak abiarazitako impasse bat zen, baina, aldi berean, oligarkiak eta Erregimenak instrumentalizatua zegoen, frankismoaren aurkako erresistentziak murriztutako klase boterea berrosatzeko. Hortik dator bere ohartarazpen nagusia: eszenatoki berri horretan iraultzaileek ez bazuten esku hartzen estrategia egoki batekin, beste batzuek egingo zuten haien ordez, mobilizazioa irteera moderatu, integratzaile eta, azken buruan, desmobilizatzaileetara bideratuz. Irakurketa horrek ondorio politiko eta organizatibo zuzenak zituen: ENAM ezin zen mugatu aurreko ziklo politikoko logikara, klandestinitate armatuan eta ekintza-errepresioan oinarritzen zena. Perturrek behin eta berriz esan zuen sindikatuek, herri-mugimenduek, hauteskundeek eta tokiko erakundeek borroka-eremu emankor gisa funtzionatu behar zutela langileak antolatzeko, haien kontzientzia handitzeko eta prozesu iraultzaile baten aldeko hegemonia lehiatzeko.
Ekintza-errepresio dinamikak gailurra jo zuen, espero zen matxinada orokorra ez zen gertatu, Erregimena ez zen erori, eta, Franco hil geroztik, erreforma erabakigarri baterantz urratsak ematen ari zen
Hala ere, era horretan jokatzeak ez zuen esan nahi demokrazia burgesean sinistea, ezta demokrazia burgesean integratu behar zenik ere. Aitzitik, espazio berri horietan parte hartzea ikusten zuen betiere autonomia politikoa eta iraultzaren ortzi muga alde batera utzi gabe. Sistemaren pitzadurak herri-antolaketa indartzeko eta gatazka bizirik mantentzeko erabili behar ziren, eta Trantsizioa burgesiaren aldeko itxiera historiko berri gisa finka zedin saihestu. Frankismoaren amaieran dominazio sisteman egiten ari ziren aldaketen azterketa objektiboa egin zuen Otsagabian eta Arnasan; horixe izan zen Perturren meritua. Trantsizioa Erregimenaren jarraipena ez ezik, menderatze-modu sofistikatuagoetaranzko aldaketa kualitatiboa ere bazela irakurtzen jakin zuen. Aitzitik, KAS/ETA (m)-k, berehalako herri-anbizioei lotuago eta nolabaiteko subjektibismo sutsuarekin, ez zuen horrela ikusten: Estatuaren errepresioa eta forma autoritarioak faxismoarekin automatikoki berdintzeko joera zuen, eta zioen ezin zela demokrazia burgesaz hitz egin KAS Alternatiba onartzen ez zen bitartean. Hala ere, polimiliek aurreikusi ez bazuten ere, KASen eta milien ikuspegi horrek masen atsekabe zabalarekin konektatu zuen, eta horrek asko baldintzatu zuen ondorengo garapen politikoa. Polimilien zirriborroak malgutasun taktiko handiagoa zuen baina, aldi berean, aukera handiagoa zegoen instituzioek hura azkar asimilatzeko –gero Euskal Iraultzarako Alderdiarekin (EIA) eta Euskadiko Ezkerrarekin (EE) aztertuko dugun bezala–. Nolanahi ere, gertakarien nondik norakoa ez zen izan ez batzuek ez besteek aurreikusi zutena.
Euskal Langileen Alderdia: behar estrategikoa
Koiunturari buruzko irakurketa horrekin, Perturrek Euskal Langileen Alderdia sortzea proposatzen zuen Otsagabian eta Arnasan: ez beste aukera batzuen arteko proposamen gisa, ez eta epe ertainerako hipotesi lauso soil gisa ere, baizik eta zeregin zehatz batzuk ezartzen zituen premiazko behar gisa. Premia hori ETAk frankismoan izandako jardunaz eta 1975-1976ko bilakaera politiko erabakigarriaz Perturrek egiten zuen balantzetik ondorioztatzen zen zuzenean. Abiapuntua argia zen: ETAk arrakastaz bete zuen bere lehen zeregin historikoa, erregimen frankistaren kontraesanak areagotzea eta Euskal Herri Langilea politizatzen eta erradikalizatzen laguntzea. Hala ere, praktika horrek berak muga estruktural bat erakutsi zuen: ekintza-errepresio dinamikak gailurra jo zuen, espero zen matxinada orokorra ez zen gertatu, Erregimena ez zen erori, eta, Franco hil geroztik, erreforma erabakigarri baterantz urratsak ematen ari zen.
Testuinguru hartan, Perturrek Otsagabia ponentziaren bidez adierazi zuen ETA ez zegoela masa-mugimendua politikoki zuzentzeko moduan. Tinko adierazi zuen ENAMen prestigio politikoa haziz zihoala, masa-erakundeak zabalduz, baina jendea ez zela ETAn sartzen ari espero zitekeen bezain azkar. Ez gero eta erradikalizazio txikiagoa zuelako, baizik eta euskal langile klaseko sektore handi batzuek modu antolatu, egonkor eta publikoan parte hartu nahi zutelako borroka politikoan, eta hori ezin zuen eskaini erakunde politiko-militar klandestinoak. Proposamen zehatza borroka politikoa eta borroka armatua banatzea zen antolakuntzari zegokionez. Kontua ez zen biolentzia iraultzailea alde batera uztea –Perturrek argi zioen hori–, baizik eta onartzea irekitasun demokratiko-burgeseko egoera horretan prozesu iraultzailearen zuzendaritza politikoa ezin zuela gauzatu erakunde armatu profesionalizatu batek. Beraz, Perturrek proposatutako alderdiak erakunde hertsiki politikoa izan behar zuen, euskal prozesu iraultzailearen zuzendaritza politikoa gauzatzera bideratua, borroka armatu klandestinoa egoera hartarako beharrezko dimentsio gisa mantentzen zen bitartean, baina alderditik kanpo eta baldintza berrietara egokituta. Banaketa horrek ez zuen prozesu osoaren izaera politiko-militarra ukatzen, baina ordura arte ETAren ezaugarri izan zen alderdiaren eta aparatu armatuaren arteko identifikazio organikoarekin apurtzen zuen. Hausnarketa hori, jatorrian, ETA (m)-k egin zuen, eta Perturrek eta polimiliek bere egin zuten azkenean.
Hala ere, Perturrek planteatzen zuen alderdia ez zen ohiko hauteskunde-alderdia, erreformistek eta historiografia ofizialak diotena diotela. Zehaztasun handiz definitu zuen: “Langile-klasearen alderdi iraultzailea. Euskal herri langilearen abangoardia. Independentista da; izan ere, Euskadi (zazpi herrialdeekin) errekonozitzen du klase borrokaren esparru nazional autonomo gisa. Teoria, estrategia eta ildo politiko propioak ditu, eta oraindik era kolektiboan lantzeke dago”. Gainera, elementu nagusi bat agertzen zen: Perturrek uste zuen ETAk ez zituela guztiz ordezkatu langile klasearen interesak, eta bere baitan beti egon zirela burgesia txikiaren klase posizioak. Ondorioz, Perturrek proposatzen zuen alderdi berriak modu kontziente eta argian formulatu behar zituela langile klasearen interes objektibo horiek; izan ere, praktika armatuak ezin zuen hori berak bakarrik egin.
Antolakuntza mailan, alderdia ez zen aparatu zibil itxi edo klandestinoa izan behar. Garai hartan legez kanpokoa izanik ere, erabat politikoa izango zenez, egitura malguagoak izango zituen, talde lokal, bilera eta asanbladetan oinarritutako funtzionamendua, eta euskal langileriaren eguneroko gatazketan esku hartzeko gaitasun handiagoa. Hau da, Kapitalaren aurka, masa borroka politikorako prestatutako alderdia, ez bakarrik erregimen frankistaren edo parlamentarismoaren aurkako hiri-gerrilla klandestinoa.

Borroka armatuaren eginkizun berria
Zeregin politiko berriei termino horietan ekin ahal izateko, ENAMek borroka armatuaren posizioa eta zeregina birpentsatu behar zituen. Perturren pentsamendua batez ere alde horretatik desitxuratu dute prentsak eta diskurtso ofizialak. Izan ere, donostiarrak ez zuen planteatzen borroka armatua bertan behera uztea –batez ere buruan izanik preso politikoen auzia, errepresio odoltsua eta inboluzio-arrisku erreala –; aitzitik, uste zuen armek funtzio erabat desberdina bete behar zutela fase berrian, bai funtzioan, bai posizioan, bai intentsitatean. Perturrek uste zuen borroka armatuak eginkizun instrumentala eta mendekoa izan behar zuela: beste bitarteko bat izango zen, estrategia politiko orokorraren mendekoa, eta onura sozial eta politiko zehatzak baldintzatua egongo zen beti. Hau da, ekintza armatu batek mugimendua isolatuko balu, espazio politikoak itxiko balitu edo indar politikoen metaketari kalte egingo balio, baztertu egin beharko litzateke, nahiz eta militarki eraginkorra izan eta etsaiari baja esanguratsuak eragin. Bete behar zuen eginkizun nagusia, beraz, presioa egitea eta babestea izango zen, eta ez ETA (m)-k mahai gainean jartzen zuen higadurazko herri-gerra luzea.
Otsagabiak markatzen zuen ortzi mugak, beraz, talde militante armatu klandestino profesionalaren ekintzen protagonismoa pixkanaka murriztea zekarren. Hala ere, nabarmendu behar da dokumentu horretan ez zela inoiz borroka armatua ezabatzea aipatu
ETA (pm)-k uste zuen erakunde armatuak ez zuela eraldaketarako motor nagusia izan behar. Beraz, disuasio- eta laguntza-funtzioak esleitzen zizkion, hala nola Estatuari presioa egitea askatasun politiko eta ekonomikoetan irekierak eta kontzesioak behartzeko, errepresioaren aurrean herri-mugimendua autodefentsaz hornitzea eta bermeak ematea irekiera-prozesu politikoa neutralizatu ez zezaten edo modu baztertzailean artikulatu ez zedin. Taktika armatuak, beraz, selektiboa eta neurritsua izan behar zuen: kalkulu politiko zehatzaren ondorio. Horretarako, intentsitate txikiko ekintza selektiboak egitea defendatzen zuen Perturrek, biktima zibilak eta eskalada automatikoak saihesteko. Betiere estrategia politikoarekin bat etorriz egin behar zen, eta ez aparatu armatuaren eta komandoen kanpainen barne logika autonomoak gidatuta.
Perturrek uste zuen ekintza armatuak alderdiaren eta mugimenduaren hazkundeari lagundu behar ziola; ezin zuen, aitzitik, lehenak bigarrenaren eremua baldintzatu, eta are gutxiago protagonismo bila harekin lehiatu. Ildo horretan, ekintza bakoitzaren kostu politikoa zehatz-mehatz ebaluatu behar zen, herriaren iritzietan, aliantzetan eta, oro har, proiektuaren zilegitasunean zuen eraginagatik. Ekintza armatu baten kostu politikoak onura estrategikoa gainditzen bazuen, buruzagiak ondorioztatu behar zuen ez zuela zentzurik, etika iraultzailearen ikuspegitik bidezkoa izanik ere.
Otsagabiak markatzen zuen ortzi mugak, beraz, talde militante armatu klandestino profesionalaren ekintzen protagonismoa pixkanaka murriztea zekarren. Hala ere, nabarmendu behar da dokumentu horretan ez zela inoiz borroka armatua ezabatzea aipatu; horren ordez, kuantitatiboki murriztea eta bestelako zentzu estrategiko batez hornitzea zen ideia, bere papera pixkanaka bigarren mailan gera zedin, alderdi-mugimenduak Estatuari beste termino batzuetan aurre egiteko indarra irabazi ahala.
Antolamendu-aldaketak: egiturak partzialki desmilitarizatzea
Perturrek barne militarismoari egindako kritika ez zen abstraktua edo moralista, borroka armatuaren zentraltasunak ETAri ezarritako muga zehatzen azterketa materiala baizik. Frankismoaren fase jakin batean eraginkorra izan zen ekintza-errepresio zurrunbiloa bere azkenera iritsi zen: abangoardia iraultzailea desegin egin zen zuzendaritza politiko egonkorra premiazkoena zen momentuan, Pertur, Argala eta beste hainbat militante fisikoki ezabatu izanak erakusten duen bezalaxe. Perturrek deitoratu egiten zituen borroka armatuaren zentralitateak sortutako arazo estrukturalak: muturreko klandestinitatea, konpartimentalizazioa, zurruntasun hierarkikoa, erabakiak zirkulu murritzetan hartzea eta kideen arteko mesfidantzak. Errepresioari aurre egiteko dinamika horiek oztopo bihurtu ziren gero eta handiagoa zen masa-politika aurrera eramateko. Erakunde politiko-militarrak ezin zituen eguneroko gatazkak bere gain hartu, ezta batzar irekiak egin edo ageriko egiturak mantendu ere, langile klaseak modu aktiboan eta irekian parte hartu nahi zuenean, hainbat hamarkadatako izu faxistaren ondoren.
1977an egindako II. Asanbladan hautatu zuten EIAren zuzendaritzak norabide aldaketa nabarmena eragin zuen alderdian: Perturren tesiak atzean gelditu ziren eta norabide aldaketak zenbait kidek alderdia uztea eragin zuen. Beraz, ezin zaie egotzi deriba horren erantzukizun politikoa ez Perturri, ez ETA (pm)-n militatu zuten komunistei, ezta lehen EIAri ere
Hori ikusita, Perturrek ETAren birmoldaketa politikoa planteatu zuen: aparatu armatuak erabaki estrategikoetan zuen pisua murriztea eta antolamenduaren aldetik praktika militarra eta zuzendaritza politikoa bereiztea. Ez borroka armatua suntsitzeko, baizik eta borroka armatuak dena zehazteari utz ziezaion. Proposatutako alderdiak tokiko batzordeekin, batzarrekin eta barne-eztabaidarekin funtzionatzea zen asmoa. Aparatu klandestino militarraren logikaren aurrean, zentralismo demokratikoaren eredu bat defendatzen zuen, oinarrietatik abiatuta kohesio ideologikoa eta iniziatiba zuena. Ohartarazten zuen erradikaltasuna ez zela ekintza armatua edo obedientzia akritikoa, eta zuzendaritza eraginkorrak taldekako elaborazioa, egoeraren etengabeko azterketa eta masa-kontzientzia eskatzen zituela. Perturrek zalantzan jartzen zuena ez zen aparatu armatua bera, baizik eta haren papera eta politikoki zuzentzeko gaitasuna. Izan ere, ziur zegoen desoreka horri eusteak paradoxa bat sortuko zuela: erakunde armatuak sinbolikoki ospe handia izango zuen, baina, aldi berean, ez zen gai izango borrokan ziharduen langile-klasea modu eraginkorrean zuzentzeko.

EIA-EE ALDERDIAREN JARRAITUTASUNIK EZA
Otsagabia ponentzia, gerora, EIAren sorreran gorpuztu zen, baina hori Pertur desagertu ondoren izan zen. Beraz, ezin zaio esperientzia horren erantzukizun politikoa hari egotzi, bereziki kontuan hartuta EIAk Otsagabia ponentzian proposatutako eskema hautsi zuela. Francisco Letamendia “Ortzi” zendu berriak bere El no vasco a la reforma obran, zehazki Ezker Abertzalearen garapen historikoari buruzko atalean, zehazten zuenez, Arnasa dokumentuaren zatirik handiena Perturrek berak idatzi zuen, eta EIA sortzeko oinarri teorikoa izan zen, nahiz eta Gallartako azken manifestua Gregorio López Irasuegik eta Ortzik idatzi. Beraz, lehen EIAk –artean eurokomunismora biratu gabeak– Perturrek sartutako inspirazio leninista ortodoxo samarra zuen. Adierazpenak argi eta garbi esaten zuen EIA “alderdi langile abertzalea” zela, “Euskadiko langileen alderdi iraultzailea eraikitzeko bidean” zegoena. Arnasan, gainera, zehaztu egiten zen ideologo polimiliak erabiltzen zuen herri-iraultzaren kontzeptua: euskal testuinguruan, nekazarien klase masiborik gabe, iraultza ezin zen izan aurretiko fase demokratiko-herrikoi bat, KASek eta miliek planteatzen zuten bezala, baizik eta zuzenean sozialista, langile klaseak zuzendua. Eta ohartarazten zen diktaduratik demokrazia formalera igarotzeak bide legalak aprobetxatzeko beharra zekarrela, baina haien mende erori gabe, joera erreformistak zainduz eta herri-botereko organoak indartuz.
Aurrerago, EIAk uko egin zion KASek 1977ko ekainean proposatutako hauteskunde boikotari, eta organo kolektiboa utzi zuen. Euskadiko Mugimendu Komunistarekin (EMK) batera Euskadiko Ezkerra koalizioaren pean aurkeztu zen, eta hainbat eserleku eskuratu zituen Kongresuan eta Senatuan. Hauteskundeen ondoren, II. Batzarra egin zuen 1977ko urriaren 8an eta 12an. Bertan, lehen Komite Zentrala, Komite Betearazlea eta idazkari nagusi bat aukeratu zituen, Mario Onaindia, Burgosko Prozesuko auzipetuen aurpegirik nabarmenetakoa. EIA-ren zuzendaritza horrek norabide aldaketa nabarmena eragin zuen alderdian: Perturren tesiak atzean gelditu ziren eta norabide aldaketak zenbait kidek alderdia uztea eragin zuen. Beraz, ezin zaie egotzi deriba horren erantzukizun politikoa ez Perturri, ez ETA (pm)-n militatu zuten komunistei, ezta lehen EIAri ere. Besteak beste Gregorio López Irasuegik edo Iñaki Manerosek, Burgosko presoen nukleotik zetozenek, jarrera iraultzaileak defendatu zituzten, eta horregatik baztertu zituen Mario Onaindia buru zuen zuzendaritza berriak, Errekaren (Otsagabiaren beste ideologoa) babesa zuenak. Ortzi, parlamentuaren instrumentalizazio leninista entseatu zuena, laster atera zen alderditik, eta Herri Batasunaren lerroetara pasa zen zuzendaritzaren deriba oportunista hautematean.
Beraz, Dani Askunzek Klase-borroka ezker abertzalearen baitan 70eko hamarkadan (16. Arteka) artikuluan gogorarazten duenez, Perturrek zirriborratutako tesi komunistak EIAren zuzendaritzako gutxiengo batek egin zituen bere, eta ez zuen korrelaziorik ETAren erresistentzia antifrankistaren ospeak erakarritako oinarrietan. Hala, Askunzek zioen bezala, ez zen gehiegizko komunismoa izan EIA desbideratu zuena, baizik eta haren aplikazio eza. Azken batean, desbideratze erreformista goiztiarraren ondorioz, ezin izan zen ikusi zer gertatuko zen EIA iraultzailea izan balitz.
Gaur-gaurkoz esan dezakeguna da Perturrek eta ETA (pm)-ko komunistek alderdi iraultzailea masa-borrokaren antolatzaile eta herri-boterearen dinamizatzaile gisa ulertzen zuten bitartean, EIAk parlamentarismoan kokatu zuela berehala estrategia, marxismo-leninismotik eurokomunismora eta eurokomunismotik sozialdemokrazia hutsera igarota. Gainera, alderdiak erakunde armatuari bizkar emanez bukarazi zuen tentsio politiko-militarra, ez borroka armatua norabide politikoaren menpeko eginez; izan ere, Espainiako Estatuarekin itun bat sinatu zuen. Ildo horretan, EIAren bilakaera irtenbide partzial, aldebakar eta erreformista gisa uler daiteke, Perturrek termino iraultzaileetan adierazitako arazoaren aurrean; desberdintasun estrategiko esanguratsu hori, alta, sistematikoki utzi da bazter.
KAS/ETA (M)-REKIKO DESADOSTASUNAK
Perturren proposamena Otsagabiako eskema estrategikoaren eta KAS/ETA (m)-ren geroko planteamenduaren arteko kontrastean nabarmentzen da, eta, aldi berean, ezin hobeto ikusi daiteke zergatik izan zen ezinezkoa ENAMen bi adarrak bateratzea. Haien arteko desberdintasuna ez zetzan ñabarduretan; aitzitik, bi logika politikoak bateraezinak ziren, bai boterearen kontzepzioan, bai politikaren, jarduera armatuaren eta erakundearen arteko artikulazioan.
ETA (m), José Miguel Beñaran “Argala” buru zuela, Perturren alderdi iraultzailearen aldeko tesietara hurbildu zen
Hala ere, komeni da bi eredu horiek argazki finko gisa ez aurkeztea: bai ETA (m)-k eta bai ETA (pm)-k barne bilakaera bat jasan zuten, kontraesanez eta birdefinizioz betea, eta bi estrategien arteko eztabaida prozesu luzea izan zen. Milien eta polimilien arteko zatiketa eragin zuten hasierako desadostasunak gorabehera, ETA politiko-militarra bere antolaketa-eredua modulatzen joan zen: borroka armatuaren eta masen borrokaren arteko bereizketari buruzko milien kontzepzioetara partzialki hurbildu, eta hasiera batean miliek proposatutako bikoizketaren kontzeptua onartu zuten. Miliek, beren aldetik, euskal langileriaren alderdi iraultzaile bat sortzeko apustua onartu zuten Otsagabia eta Arnasa dokumentuetan jasotako terminoetan, aldi baterako behintzat: ETA (m), José Miguel Beñaran “Argala” buru zuela, Perturren alderdi iraultzailearen aldeko tesietara hurbildu zen, eta bilakaera hori Zutik aldizkariaren 65. eta 67. zenbakien artean jaso zen. Hala, 1976ko ETA (pm)-ren VII. Batzarrean, bi adarren arteko hurbiltasunik handiena lortu zen, Txomin Iturbe eta Argala bertan zirela, eta ekarpenak egin zizkioten azken testuari. Batzar hartako ondorioak txalotu egin zituen adar militarraren Zutik aldizkariaren 67. zenbakiak, eta, une baikor labur batez, posible ikusi zen bi ETAk bateratzea, langileen alderdi iraultzaile baten alde egiteko. Horren ondorioz, miliek zein polimiliek KAS osatu zuten hasiera batean, harik eta ETA (pm)-ko zuzendaritzak mahaia uztea erabaki zuen arte, EIAk Estatuarekin negoziatu eta hauteskundeetan parte hartu ondoren. Momentu horretan, Ezker Abertzalearen batasunerako aukerak lurperatu, eta alderdi iraultzailearen hipotesia zapuztu egin zen.
Beraz, bi adarren arteko aurkakotasuna ez zen abiapuntu aldaezina izan, prozesu historiko azkar, konplexu eta aldakor baten emaitza baizik. Perturren eredua miliena baino garbiagoa zen hasieratik, baina praktikan ez zuen garapen politikorik izan. Sakoneko desberdintasunak gaindiezinak izan ziren azkenean: batetik, miliek borroka armatuari izaera ofentsiboa ematen zioten, abangoardiatzat hartzen zuten eta instituzioetan parte hartzeko baldintza eta helburu oso mugatuak zituzten; bestetik, polimiliek armak disuasio tresnatzat hartzen zituzten eta legezko espazio guztiak aprobetxatzearen aldeko apustua egin zuten. Ideien arteko norgehiagoka hori Zutik aldizkariaren 68. eta 69. zenbakietan islatu zuten.
Lehen desadostasunak politikaren eta aparatu armatuaren arteko harremanari eragiten zion. Perturren planteamenduan, politika orokorrak agindu behar zuen. Ikusi dugunez, borroka armatua ez zen desagertzen polimilien lehen planteamenduan, baina estrategia politiko zabalago baten mende geratzen zen, erabilgarritasun zehatzaren eta kostu politikoaren arabera ebaluatua, itzulgarria eta murritz zitekeena. Hipotesi gisa formulatzen zuen alderdi iraultzaileak benetako autonomia izan behar zuen aparatu armatuaren aurrean, norabide politiko eraginkorra izateko egoera aldakor batean.
KAS/ETA (m)-n, aldiz, ENAM osoa ETAren inguruan mugitzen zen, 1974ko ETA militarraren Agiri fundazionalean islatu zenez. Aurrerago, ikuspegi hori bera berretsi egin zuten 1977an, mili-berezien fusio-dokumentuan, non planteatzen baitzen borroka armatua “burgesiak benetan asimilatu ezin duen elementu bakarra” zela. Beraz, aparatu militarra ez zen beste tresna bat, baizik eta proiektua egituratzen zuen tresna. Hori dela eta, historikoki Ezker Abertzaleak ETAri erakundea deitu izan dio, nahiz eta ENAMek hainbat erakunde izan. Arlo politikoak arlo militarra laguntzen, legitimatzen eta handitzen zuen, baina ez zuen zuzentzen. KASek bloke estrategiko gisa funtzionatzen zuen, eta haren kohesioa, azken batean, erakundearen zentraltasunaren eta hark ezartzen zuen diziplina sendoaren mende zegoen. Hori ez zen antolakuntza-xehetasun hutsa; izan ere, uste zuten desbideratze likidazionistak saihesteko bermea zela aparatu armatuak gainerako mugimenduetan zuen kontrola.
Desberdintasun hori bereziki argi adierazten zen borroka armatuaren ikuskeran. Perturrek esplizituki zioen herri-gerra luzea edo eskalada automatikoa ez zela prozesu iraultzailearen eragile. Indarkeria iraultzaile profesionalizatuak aipatutako funtzio mugatuak bete behar zituen, eta progresiboki desaktibatu, indar-korrelazioak eta masen antolaketa politiko iraultzaileak baldintzatuta.
KAS/ETA (m)-ren ustez, ordea, bere programaren oinarria interklasista zenez eta bere helburu estrategikoa haustura demokratikoa zenez, borroka armatua zen gatazkaren motorra. Borroka armatuak soilik eragozten zuen sisteman integratzea edota “traiziorik” gertatzea. Beraz, KAS/ETA (m)-k fronte guztietan “indarrak metatzeaz” hitz egin arren, estrategia armatuaren zerbitzura zegoen, eta zentraltasun horri uko egitea askapen nazionaleko mugimendu izateari uko egitea zen, eztabaidarik gabe. Zutik aldizkariaren 1978ko 69. zenbakiak formalizatu egin zuen eskema hori, eta fronte iraultzailea zuzendaritza militarraren pean kokatu zuen. Ildo hori mili-bereziek fusio dokumentuan eta ondoren KAS Bloke Buruzagi gisa formalizatzean ere agertzen da. Ildo horren tesia HASIren eranskinetan ere jasotzen da, 80ko hamarkadan.
Alderdia eta mugimendua ere bateraezinak ziren. Perturrek alderdi-mugimendu gisa ulertzen zuen alderdia: zentralismo demokratikoan oinarritua, nolabaiteko aniztasun iraultzailea zuena, sozialki iragazkorra eta ez monolitikoa. Alderdia arduratu behar zen herri mugimendua antolatzeaz, artikulatzeaz eta bultzatzeaz, hura ordezkatu gabe eta hura blokean diziplinatu gabe. Perturren ustez, barne aniztasuna ez zen desagerrarazi beharreko arazo bat –betiere, joera antolatu forma hartzen ez bazuten–, baizik eta egoera konplexuetara egokitzeko gai zen politika bizi baterako baldintza. KAS/ETA (m)-rentzat, aldiz, ENAM mugimendu nazional-herrikoia zen, eta hori diziplina handiko bloke batean integratzen ziren fronte espezializatuetan artikulatu behar zen. Eskema horretan, barne aniztasunak zatiketarako edo desbideratze estrategikorako arriskua ekar zezakeen. Perturrentzat, berriz, aberastasun politikoa eta zuzentzeko gaitasuna zekarren aniztasun horrek.
Perturrek eta polimiliek oso arrisku zehatzaz ohartarazten zuten: ETAk intentsitate handiko estrategiari, armen zentraltasunari eta taktika instituzionalaren erabateko gaitzespenari eusten bazion, sozialki isolatuta eta gero eta itxiagoa zen dinamika militar errepresibo batean harrapatuta amaituko zuen
Trantsizioaren gainean zuten irakurketak behin betikoa bihurtu zuen bi ikuspegien arteko talka. Perturrentzat, gogora dezagun, Trantsizioa prozesu irekia eta guztiz kontraesankorra zen: bertan, etengabeko tirabiran ziharduten borrokaren bidez lortutako aurrerapen partzialek, itxiera autoritarioaren saiakerek eta menderatze burgesa termino berrietan finkatzeko arriskuak. Testuinguru horretan, Perturrek eta polimiliek eztabaidarako abagunea ikusi zuten, bai erakundeen barruan, bai kanpoan, eta gatazka birkonfiguratzeko aukera eta beharra ere bai, eskalada betikotu gabe. KAS/ETA (m)-rentzat, aldiz, Trantsizioa erreforma kontrolatua eta itxia zen funtsean, oposizioa eta indar iraultzaileak integratzeko eta neutralizatzeko diseinatua. Instituzioetan sartzea, bere ikuspuntutik, haiek legitimatzea eta Estatuaren tranpan erortzea zen. Hortaz, puntu horretan gertatu zen aurrez aurreko talka: Perturrek uste zuen aldi berean hainbat zelaitan joka zitekeela gatazkari uko egin gabe; KASek uste zuen horixe zela etsaiaren estrategia. Miliek parte-hartze instituzionalarekiko zuten mesfidantza hori Zutik aldizkariaren 68. (1977) eta 69. (1978) zenbakietan islatu zen, non argi eta garbi kritikatzen zuten baldintzarik gabe hauteskundeetako parte hartzea.
Perturrek eta polimiliek, berriz, oso arrisku zehatzaz ohartarazten zuten: ETAk intentsitate handiko estrategiari, armen zentraltasunari eta taktika instituzionalaren erabateko gaitzespenari eusten bazion, sozialki isolatuta eta gero eta itxiagoa zen dinamika militar errepresibo batean harrapatuta amaituko zuen. Perturrek ETAren etorkizunerako egindako proposamena ez zen ezkutuko porrota, baizik eta borroka armaturako irtenbide estrategikoa, ENAMen marjinalizazioa saihesteko eta eskalada politiko iraultzaile zabalagoa bultzatzeko, armei zeregin osagarria emanda. Proposamen hori zirriborratu zuen bai Arnasan, bai Otsagabia ponentzian.
ARRAZOI BIKOITZ PARTZIALA ETA ONDORENGO TRAGEDIA POLITIKOA
Perturren eskemaren eta KAS/ETA (m)-ren estrategiaren arteko bateraezintasuna ez zen istripua izan, ezta akats pertsonal edo koiunturalen ondorioa ere. Bi arrazoi partzialen adierazpena izan zen, eta, bi arrazoi horiek integratu ezin zirenez, elkar deuseztatu zuten. Perspektiba historikoak ematen duen pribilegioarekin ikus dezakegun tragedia politikoa, hain zuzen ere, partzialki asmatu zuten bi korronte horiek esparru estrategiko bateraezinetan garatu zirelako gertatu zen.
Alde batetik, neurri batean egokia izan zen KAS/ETA (m)-k egin zuen ohartarazpena, instituzioetan parte hartzeak izan zitzakeen integrazio-arriskuei buruzkoa. Zutik aldizkariaren 69. zenbakian adierazi zenez, nahiz eta hainbat indarrek haustura iraultzailea lortzeko ahaleginak egin, prozesua frankismoaren erreforma kontrolatu gisa bideratzeko arriskua zegoen, boterearen funtsezko zutabeen jarraipena bermatzeko diseinatua: sistema kapitalistaren eta Estatuaren lurralde batasunaren jarraipena, alegia. Klase egitura, monarkia, aparatu judiziala, indar errepresiboak eta “Espainiaren batasuna” bere horretan mantendu ziren, oposizioa pixkanaka integratua edo errepresioaren bidez neutralizatua zen bitartean. Ikuspegi horretatik, hauteskundeak, autonomiak eta alderdien legeztatzea ez ziren konkista neutralak izan. Estatuak bere eremuan politika egiteko aukera pozoitua eskaintzen zien bere arauak onartzen zituztenei, baina parte hartze horrek xurgapena zekarren ia ezinbestean. Gatazkari eusteko indar propiorik gabe sartzen zena, integratuta eta neutralizatuta geratzen zen. Ondorengo historiak kasu askotan eman zion arrazoia diagnostiko horri; izan ere, ezkerreko sektore zabalak ordena politiko berriaren kudeatzaile bihurtu dira edo garrantzi oro galduta desegin dira.
Puntu zehatz horretan, Pertur baikorrago agertu zen hauteskundeetako parte hartzeari dagokionez esperientzia historikoak gerora frogatu zuena baino. Hala ere, Arnasak berak jada ohartarazten zuen integrazio instituzionalaren arriskuez, instituzioetako parte hartzeak atzean ez bazuen masa-antolaketa sendorik. Horregatik, Perturren baikortasuna ez zen inozoa: ez zuen inoiz prozesuan konfiantza osoa izan, ezta haren burges izaera ukatu ere, eta perspektiba ere ez zen zentzugabea, masen bultzadaren une historikoari eta Euskal Herrian garai hartan bizi zen krisi ekonomikoari erreparatuz gero. Gainera, Erregimenaren mutazioaren azterketa egokiagoan oinarritzen zen. Haren akats erlatiboa izan zen, beharbada, gutxietsi egin zuela esparru demokratiko-burges berriak xurgatzeko zuen gaitasuna. KASek, berriz, erlatiboki bada ere, asmatu zuen ulertu eta nabarmendu zuenean erakundeetan parte hartzea, oso aldeko indar korrelaziorik gabe, tranpa bat izan zitekeela, nahiz eta ikuspegi horrek indar metaketaren bestelako kontzepzio bati erantzun. Izan ere, KASen arazoa beste bat izan zen: Trantsizioari buruzko bere irakurketak kontzesio taktikoak eta kapitulazio estrategikoa bereiztea eragotzi zien, eta borroka armatuari zentralitatea kentzen zion parte hartzeko modu oro traiziotzat hartzera eraman zituen, eta horrek, luzarora, isolamendua areagotu zuen.
Perturrentzat, Arnasan garatu zuenez, frankismotik zaurituta atera zen erregimena faxismotik jasotako berezitasunak zituen demokrazia burgesa izango zen. Ondorioz, zeregin iraultzailea ezin zen izan “iraultza demokratikoa” –askatasun formalak osatzeko edo haustura demokratiko-nazionala behartzeko bide gisa ulertua–, baizik eta iraultza sozialista bat, estatu burgesaren esparrua gaindituko zuena. KAS/ETA (m)-rentzat, aldiz, Espainiako Estatua ez zen ohiko demokrazia burgesa, ez baitzuen KAS Alternatiba onartzen. Estatua negoziatzera behartzearen bidez haustura demokratikoa lortu behar zela uste zuten, borroka armatua ardatz eta masen laguntza osagarri gisa hartuta. Independentzia eta autodeterminazioa iraultza sozialistaren aurreko prozesutzat hartzen ziren, eta ez zegoen horretarako ibilbide orri estrategikorik zehaztuta. Horrek guztiak etsaiaren, aliatu potentzialaren, instituzioen eginkizunaren eta erakundearen horizontearen kontrako ikusmoldeak zekartzan.
Zentzu horretan, ideologo polimiliak aparteko argibidetasuna erakutsi zuen KAS/ETA (m)-ren eskemaren barne-mugen azterketan. Askok baino lehenago ulertu zuen borroka armatuaren zentraltasun iraunkorra ez zela programaren erradikaltasunaren berme bat, eta higadura progresiboaren faktore bat izango zela. Perturrek hau ohartarazi zuen: ordutik aurrera, espezialistek gauzatutako indarkeria politikoak, proiektuaren ardatz egituratzaile bihurtuta, gizarte isolamendua ekarriko zuen, estatuaren errepresioa indartuko zuen eta masetatik gero eta deskonektatuago zegoen dinamika propioa sortuko zuen. Diagnostiko hori ez zen hipotesi berria, ezta abstraktua ere: ideia hori barne kritika gisa irakur daiteke Burgosko presoen dokumentuan (1971), zeinetan norabide proletario independentea hartzeko eskatzen zen. Perturrek adieraziak zituen martxan zegoen joera horren ondorio zehatzak: azkenean, aparatu armatuak zehaztuko zituen denborak eta erritmoak, politika orokorra erabaki instantzia gisa ordezkatuz eta edozein zuzenketa estrategiko blokeatuz. Ekintzaren eta errepresioaren logika helburu bihurtu zen berez, eta prozesu iraultzailean aurrerapen politiko ukigarrietan metatutako indar soziala aprobetxatzea zailtzen zuen. Urteen poderioz, dinamika hori berretsi egin zen: gatazkaren zurrunbiloa, babesen galera progresiboa, gizartearen babesa lorpen estrategiko bihurtzeko zailtasun gero eta handiagoa eta bai ETA, bai ENAM, oro har, zokoratzea. Alde horretatik, Perturren analisia ia profetikoa da.
Tragedia politikoa honetan datza: biek zuten arrazoia, neurri batean, baina bakoitzak bestea baztertzen zuen esparru batetik begiratzen zuen. KASen diagnostikoa onartzen bazen, onartzen zen Trantsizioan sartzea integrazioaren eta porrotaren baliokidea zela. Perturren diagnostikoa onartuz gero, borroka armatuaren zentralitateari mugarik gabe eusteak isolamendura eta higadurara eramaten zuen. Bi alderdien arteko sintesia gauzatzeko, beharrezkoak ziren eman ez ziren zenbait baldintza: aparatu armatuaren gaineko benetako diziplina politikoa, mugimendu sendoagoa eta elkartuagoa, eta estatuko eta nazioarteko indarren arteko korrelazio ez hain itxia.
Perturrek beste askok baino lehenago ulertu zuen borroka armatuaren zentraltasun iraunkorra ez zela programaren erradikaltasunaren berme bat, eta higadura progresiboaren faktore bat izango zela
Tentsio horri eusteko ezintasunaren aurrean, adar bakoitzak bere bidea hartu zuen: EIA-EEk ETA (pm) ezabatzea eta esparru instituzionala onartzea erabaki zuen berehala, gatazka eta haustura iraultzailearen horizontea kitatzeko prezioan. KASek eta ETA (m)-k gatazka armatuari eustea eta instituzioak baztertzea erabaki zuten, eta hainbat hamarkadatan bere nortasuna eta barne koherentzia zaindu zituen. Hala ere, kostu humanoa, politikoa eta soziala ordaindu zituen, azkenean bere bidaideen antzeko patua bere gain hartu behar izateraino. Perturrek kontraesan hori bizitzea proposatu zuen, ez berehala konpontzea, baina historiak erakutsi zuen zenbateraino zen zaila bai integrazio pasiboari bai militarizazio marjinalizatzaileari uko egingo zion estrategia bati eustea, azkenean hautsi gabe. Eztabaida hau ez dagokio soilik iraganari, Perturri, ENAMen adar ezberdinei eta desegindako nazioarteko mugimendu komunistari, orainaldiko eta etorkizuneko komunista guztiei ere badagokigu.
ONDORIOAK ETA IRAKASPENAK
Otsagabia ponentziatik eta Pertur desagertu zenetik igaro den mende erdia Europa mendebaldeko ezker iraultzailearen esperientzia politiko trinko, kontraesankor eta bizienetako bat izan da. Hala moduz itxitako ziklo politikoa da, asmatze, akats, porrot, sakrifizio eta ikaskuntzen metaketa historikoarekin, eta proiektu komunista europar serio bakar batek ere ezin du alde batera utzi. Ez da erabaki taktikoen sekuentzia bat, prozesu historiko bat baizik, non, muturreraino, sakoneko arazo beraren erantzun desberdinak probatu diren: nola mantendu zabalik hipotesi iraultzaile bat baldintza aldakor eta zailetan. Aldi honetako ikasgai nagusia, beraz, ez da errezeta itxi bat, ohar ireki bat baizik: ez dago lasterbide estrategikorik. Ez etengabeko militarizazioak ez integrazio instituzionalak ez dute bermatzen haustura sozialista, ezta askapen nazionala ere. Euskal historia hurbilak irakaspen hauek uzten ditu ohiz kanpoko argitasunez.
1. Estatua ulertzea nahitaezko baldintza da, baina ez da nahikoa
Estatu kapitalista ez da neutrala, ezta bere forma demokratikoan ere: integratu egiten du desaktibatzeko, egonkortzeko eta erreprimitzeko, beharrezkotzat jotzen duenean. Trantsizioak, autonomismoak eta ENAMen integrazio historikoki mailakatuak hori berresten dute. “Aurrerapauso” instituzional bakar bat ere ez da atzeraezina, legeak ez dira bermeak, hauteskunde mailako metaketa bakar batek ere ez du indar korrelazio erreal bat ordezten, eta inozotasun instituzionalak sozialdemokratizaziora garamatza.
2. Mugimendua ulertzea Estatua ulertzea bezain garrantzitsua da
Estatua ondo ulertzea ez da nahikoa hura garaitzeko. KASek integrazio mekanismoak sumatu zituen eta horien beldur izan zen, baina gutxietsi egin zituen matxinada-testuinguruetatik kanpo eutsitako konfrontazio armatuaren ondorioak. Etsaiaren ezagutzak, berez, ez du garaipena bermatzen, baldin eta horrekin batera ez bada egiten norberaren indarren eta eskala zabaleko erreprodukzio politikorako ahalmenaren irakurketa zuzena. Espezialisten borroka armatuaren zentraltasun luzeak, hasierako funtzio historikoa agortutakoan, elementu hauek sortu zituen: isolamendua, autoerreferentzialtasuna, politika aparatu militarraren logikarekin ordeztea, eta metatutako babes soziala aurrerapen estrategiko bihurtzeko ezintasuna. Programa politikoaren erradikaltasuna ezin da neurtu soilik estatuarekiko konfrontazio armatuaren mailarekin, baizik eta baita masak antolatzeko gaitasunarekin ere gizarte berri bat eraikitzeko botere politikoa lortzeko.
3. Ez dago sintesi automatikorik gatazkaren eta bide instituzionalaren artean
Behin eta berriz errepikatu da gatazka eta apustu instituzionalaren arteko trantsizio bidea harmoniatsua dela, eta hori akats izugarria da. Izan ere, azken mendeko euskal historiak kontrakoa erakusten du. Instituzionalizazioa ez da eremu neutroa edo itzulgarria, ezta hasieran jarrera erradikaletatik heltzen zaionean ere. Apustu instituzionalak, “taktikoak” zein “iragankorrak”, berezko logikak sortzera jo du, proiektu iraultzailea xurgatzeko benetako arriskua dutenak.
4. Alderdia, mugimendua eta hegemonia: konpondu beharreko gaia
Langile klasean nagusitasun sozial iraunkorra duen alderdi komunistarik ez egotea aztertu dugun garai osoan dago presente. ETAk ezin zuen; EIA-EEk uko egin zion; Ezker Abertzaleak ere bai. Alderdi-mugimendurik gabe ez dago hipotesi iraultzaile bideragarririk, eta alderdi hori ezin da izan ez aparatu militarizatu bat, ez alderdi elektoralista bat. Uste hori oso garrantzitsua izan zen, eta Perturrek modu sistematizatuan aurkeztu zuen.
5. Auzi nazionalak ez du klase-borroka ordezkatzen, baina egon badago
Euskal Herriko auzi nazionala historikoki Estatuaren eta Kapitalaren aurkako borrokaren katalizatzaile indartsua izan da, baina estrategia interklasista nazionalista batek, azkenean, zapalkuntza nazionalarekiko ebazpen sozialista blokeatu du. ENAMen kontzeptu estrategikoak, “Euskal Herriko klase borrokak nazio askapenerako borrokaren forma hartzen duela”, ez du ez independentzia ez sozialismoa ekarri, eta sarritan klaseartekotasuna justifikatzeko balio izan du. Beraz, ez dago auzi nazionalari jaramonik egiten ez dion proiektu iraultzaile bideragarririk, baina ez dago askapen nazionalik ere, estrategia iraultzaile independente eta internazionalista batetik kanpo.
6. Garai historikoak axola du: agortutako formulak ez errepikatzea
ENAMen gorakada ahalbidetu zuen testuinguru historiko nazionala eta nazioartekoa jada ez da existitzen, eta, beraz, forma horiek existitzeko baldintzarik gabe errepikatzea ez da fideltasuna, akats estrategikoa baizik. Boluntarismoaren eta derrotismoaren artean espazio estu baina erreal bat dago: hipotesi iraultzailea pazientziaz berreraikitzea. Izan ere, Euskal Herriko klase borrokaren azken mende erdiko ondare nagusia ez da eredu itxi bat, ohartarazpen estrategiko bat baizik: errealitate historikoaren ikuspegi zorrotz bat landu behar da, bai etsaiaren boterea ezaugarritzeko orduan, bai aurre egingo dion langile klasearen alderdia bera karakterizatzeko orduan. Komunisten zeregina bi dimentsio horiek estrategia koherente batean bateratzen saiatzean datza, bidezidorrik eta ilusiorik gabe. Lan hori egiteke dago oraindik.
"Herri baten bizitzaren lekuko da Herriaren Arnasa: zapalkuntza eta heriotzaren lozorrotik esnatzen ari den, bere askatasuna lortzeko burrukan ari den herri baten bizitzaren lekuko, bizitza eutsezina eta alde batera utzi ezin dena, iraultza den bizitza, hazten eta hedatzen doana, eta bere lurra eta etorkizuna bere esku hartu eta gure herriak klaserik gabeko euskal gizarte aske bat eraikiko duela aldarrikatzern duena, eta beren odola ixuri eta bizitza ahitzeraino gure lagunak bultzatu dituzten asmoek burutuko dituztela esaten duen bizitza. Bizitzaren lekuko eta, aldi berean, iraultza horretarako lagungarri."
― Arnasa: Reagrupamenduko taldeetarako aztergaiak (1976)