Bigarren Errepublika, 1931ko apirilean aldarrikatu zenetik, interes kontrajarriak eta, are gehiago, bateraezinak izan zituen proiektu bat izan zen. Alde batetik, burgesia bere pribilegioei eusten saiatu zen, hala behar izan zen kasuetan errepublikano bihurtuz, eta, besteak beste, jabetza pribatua eraso ez zedin lan egin zuen. Bestetik, langile klasea zegoen, erreforma batzuen bidez bere bizi-baldintzak hobetzeko bitarteko gisa ikusten zuena Errepublika; erreforma horiek, hainbat arrazoirengatik, ez ziren iritsi edo paperean idatzitakotik haratago ez zuten garapenik eduki. Baina erreformez gain, langile klasearen zati handi batek uste zuen posible zela Errepublikari norabide iraultzaile eta emantzipatzailea ematea, eta hori ez zen gertatu artikulu honetan aztertuko diren hainbat arrazoirengatik.
Josep Fontanak gogora ekartzen du 1931n gobernu berriak barne arazo batzuei aurre egin behar ziela, eta arazo horiek konpontzea beharrezkoa zela, nahiko modu urgentean gainera. Lehena, eta garrantzitsuenetako bat inolako zalantzarik gabe, lurraren jabetza eta nekazarien egoera zen. Arazo horri konpondu gabeko beste gai batzuk gehitu zitzaizkion, hala nola Catalunyako aldarrikapenak, Elizaren boterearen mugatzea eta erreforma militarra. Hala ere, esan daiteke Errepublikaren hasierako politika ekonomikoek saihestu egin zutela, neurri handi batean, garai hartan mundu mailan bizi zen krisi ekonomikoa Espainiara hedatzea, eta indize ekonomikoak egonkortzea lortu zen eta sektore batzuetan haztea ere bai. Gainera, nazio-errenta %10 igo zen eta lan-baldintzak nabarmen hobetu ziren, besteak beste, jarduera sindikalaren aurkako errepresioa amaitu baitzen. Horrek soldaten igoera eta biztanleen kontsumo-ahalmena edo erosahalmena handitzea ekarri zuen.
Lurjabeek eta jauntxoek benetan borrokatzen zutena ez zen ‒soilik, behintzat‒ nekazaritza-erreformak eta haren edukiak berez zekarten mehatxua. Gehien kezkatzen zituena zen lurra lantzen zuten langileen artean indar-harremanaren haustura bat ari zela gertatzen, oso modu progresiboan
Alde horretatik, esan beharra dago lurjabeek eta jauntxoek benetan borrokatzen zutena ez zela ‒soilik, behintzat‒ nekazaritza-erreformak eta haren edukiak berez zekarten mehatxua. Gehien kezkatzen zituena zen lurra lantzen zuten langileen artean indar-harremanaren haustura bat ari zela gertatzen, oso modu progresiboan. Haustura horren ondorioz, nekazariei sindikatzeko eta lan-baldintzak negoziatzeko askatasuna eman zitzaien. Modu horretan, landa-jabeek kolokan ikusi zuten urteetan aplikatzen zuten tokiko bizitzaren kontrola, betiere Estatuko funtzionarioen, epaileen eta Guardia Zibilaren beharrezko lankidetzarekin aurrera eramandakoa momentura arte, garaiko legeak neutralizatzera ere iritsita. Izan ere, Espainiako zatirik handienean, jabeek lasaitasunez hartu zituzten bai Bigarren Errepublikaren etorrera eta bai Nekazaritza Erreformaren Legea, ohituta baitzeuden gobernuak aldatzera beren ingurune soziala aldatu gabe, eta oraingo honetan ere berdina izaten jarraituko zuela uste zuten. Izan ere, Francisco Espinosak dioenez, Badajoz, Jaen eta Cádizeko zenbait zonaldetako kasuak alde batera utzita, ia ez zen ezagutu nekazaritza-erreformaren aplikaziorik Errepublika garaian, ez eta lurraren arazoak markatutako inguruetan ere, Andaluziako gainerako lurraldeetan eta Gaztelako probintzietan, esaterako.

Erreformak ez ziren benetan gauzatzen edo irudikatzera heltzen, eta, pixkanaka, babesleen zati handi bat galduz joan zen Errepublika, batez ere langile klasearen artean, aldarrikatua izan eta hilabete gutxira. Testuinguru horretan, gizarteko sektore batzuetan Gobernuaren proiektu erreformistek frustrazioa eta itxaropenaren galera eragiten zituzten bitartean, eta beste batzuetan, aldiz, tentsio eta erreakzio handiak, iritsi ziren 1933ko hauteskundeak. Eskuineko alderdi autonomikoen federazioa, CEDA (Confederación Española de Derechas Autónomas) izan zen hauteskunde horietan alderdirik bozkatuena, eta 115 eserleku lortu zituen Gorte berrietan; ondoren Lerrouxen erradikalak gelditu ziren eta, askoz urrunago, PSOE. Alcalá Zamorak, hautestontzietatik ateratako emaitza horiekin gobernu-koalizio egonkor bat lortzea zaila izango zela jakitun, azkenean Lerrouxi eskatu zion zentroko gobernu bat eratzeko, errepublikano hutsa. Horrela, eskuina 1933an iritsi zen boterera, eta lurjabe eta jauntxoek berriro ezarri zuten beren autoritatea soldatak jaitsita edo aurreko urteetan sindikatuetan afiliatu ziren nekazariak kanporatuz, zeinak jazarriak eta seinalatuak izan baitziren.
Erreformak ez ziren benetan gauzatzen edo irudikatzera heltzen, eta, pixkanaka, babesleen zati handi bat galduz joan zen Errepublika, batez ere langile klasearen artean, aldarrikatua izan eta hilabete gutxira
Urte horren hasieran, hauteskundeak baino lehen, Bloc Obrer i Camperol (BOC) erakundeak Langile Aliantzak eratzea proposatu zuen, eta Catalunyan sortu ziren urte horren amaierarako, behin eskuineko Gobernu berria osatuta zegoela. 1934ko urtarrilean, Constitución de la Alianza Obrera (Langile Aliantzaren Eraketa) izeneko dokumentu bat argitaratu zen, eta bertan elkarte hori sortzeko arrazoiak azaldu eta Catalunyako erakundeei elkarte horrekin bat egiteko eta lankidetzan aritzeko deia egin zitzaien. Dokumentua UGT, Unión Socialista, Izquierda Comunista de España (ICE), BOC, PSOE, Sindicatos de Oposición eta Unió de Rabassaires sindikatuetako ordezkariek sinatu zuten. Gauzak argitze aldera, langileen fronte bat baino ez zela azpimarratzen zen, eta, beraz, klasekoak ez ziren erakunde politikoek eta alderdiek moralki bat egin beharko zuten, baina ezin izango ziren aliantzako kide eraginkor izan.
Langile Aliantzek, Espainiako gazte sozilistak biltzen zituen JSEren (Juventudes Socialistas de España) prentsa-organo zen Renovación egunkariaren arabera, biztanleriaren masa gehiena bildu eta mugiaraztea zuten helburu, baita haien borondatean iraultza finkatzeko tresna izatea ere. Haien hitzetan, Alderdiak (zehazki, PSOEk) zuzendutako iraultzaren organo bat izango ziren. Gainera, Langile Aliantzek Errusiako Iraultzan sobietek izan zuten papera bete beharko luketela ere aipatzen da. Aldizkariaren arabera, langile marxistak ez ezik, sindikalistak, alderdirik gabekoak eta, ahal den neurrian, burgesia txikiaren masa proletarizatuak bildu beharko lituzkete euren inguruan, oraindik klaseko alderdi batean militatzeko adina hezkuntza iraultzaile eskuratu ez zutenak.
PSOEk eta Largo Caballerok, alderdiaren hegal ezkertiar eta erradikalena ordezkatzen zuenak, uste osoa zuten beren mehatxuek Alcalá-Zamora konbentzituko zutela CEDAri gobernura sartzeko gonbidapenik ez egitera. Ondorioz, POUMek sozialistei kritikatzen zien bezala, ez ziren boterea hartzeko prestatu
POUMek ere, bere aldetik, 1936ko otsailean bere Batzorde Exekutiboak argitaratutako testu batean, Langile Aliantzak aldarrikatzen zituen, eta JSEren bide beretik, Errusiako sobietek izan zuten eginkizun bera betetzeko sortuak zeudela ulertzen zuten: lehenik, fronte bakarreko organoak (defentsiboa eta ofentsiboa); gero, matxinatuak; eta, ondoren, botererako tresnak. Haientzat, Langile Aliantzek ekintzarako batasuna esan nahi zuten, eta langile mugimenduaren historian garrantzi handiko gertaera gisa izendatu zuten hori; eta, gainera, uste zuten Langile Aliantzen bidez indar kontzentrazio hori antolakundeen independentzia suntsitu gabe egiten zela. Kasu batzuetan Langile Aliantzak osatzen zituzten alderdi eta erakundeen arteko ikuspuntuak hurbilekoak iruditu arren, berehala sortuko ziren hainbat interpretazio, bai teorian, bai praktikan, zer izan beharko luketen benetan, zer funtzio bete beharko lituzketen edo nola jokatu beharko luketen. Adibidez, POUMek zioen sozialistek uste zutela Langile Aliantzek matxinadarako tresna izaera baino ezin zutela izan, eta, hala, fronte bakarraren fasea eta botere organoaren fasea ukatzen zitzaizkiela. Haien ikuspegian, lehenik eta behin, Langile Aliantzak ezin ziren matxinadarako tresna izan, aurretik ekintzarako batasunik izan gabe, eta, bigarrenik, matxinada hori botere organo egokirik prestatu gabe gertatuko balitz, estatu kolpe bat besterik ez litzateke izango, eta ezingo litzateke konkistatutako boterea oinarri sendo eta suntsiezinetan oinarritu.

Bestalde, ICEk kritikatu egiten zituen sozialistek ‒bai Prietok, bai Largo Caballerok‒ masek iraultzan zuten lidergoari buruz zuten ulermena, tradizio burokratikoetan oinarritua, eta horiek gainditzea ez zen erraza. ICEren ustez, ez zen alderdiaren lidergora mugatu behar, baizik eta zabalagoa behar zuen izan, eta horrela ulertzen zituen Langile Aliantzak, eta ez inplikatutako erakundeetako zuzendaritzen arteko koordinaziorako batzorde huts gisa. Norabide horretan, langile kontseiluak eraikitzearen garrantzia defendatzen zuten, alderdi eta sindikatu guztien ordezkariz osatuak egon arren, langile guztiak izango zituztenak helburu nagusi gisa. Haien ikuspegiaren arabera, hori ez zen kasu gehienetan gertatu, Langile Aliantzak goitik zuzendutako batzordeetara mugatu baitziren.
Praktikan, Langile Aliantzek parte hartu zuten gertaera garrantzitsuenetako bat 1934ko Urriko Iraultza izan zen, zalantzarik gabe, nahiz eta parte hartze hori oso heterogeneoa izan zen eta lurralde bakoitzean berezitasunak izan zituen. Une batez denboran atzera joz, lehenago aipatu da 1933ko hauteskundeen ondoren Lerrouxek zentroko Gobernu bat osatzeko enkargua jaso zuela. Baina CEDAk indarkeriarekin mehatxu egin zuen Gobernuan sartzen uzten ez bazitzaion, eta bestetik, arrisku horren aurrean, sozialistek iraultza lehertzeko asmoa aldarrikatu zuten Gil Roblesen alderdia sartuko balitz. PSOEk eta Largo Caballerok, alderdiaren hegal ezkertiar eta erradikalena ordezkatzen zuenak, uste osoa zuten beren mehatxuek Alcalá-Zamora konbentzituko zutela CEDAri gobernuan sartzeko gonbidapena ez egiteaz. Ondorioz, POUMek sozialistei kritikatzen zien bezala, ez ziren boterea hartzeko prestatu. Aurrerago, 1934ko urriaren 3ko gauerdia baino lehen, CEDA dagoeneko sartu zela zioten lehen zurrumurruak zabaldu zirenean, Largo Caballerok ez zituen sinetsi, eta ekintza iraultzaileari ekiteko aukera geldiarazi zuen. Hurrengo goizean, urriaren 4an, zurrumurruak baieztatuta, sozialistak hasi ziren ekiten, baina oso modu mugatuan eta ikuspegi defentsibo batekin: 1931tik 1933rako aurreko aldi erreformistan garatutako Errepublikaren kontzeptua edo ideia defendatzea.
Urriaren 5ean deitutako greba orokorraren ostean, agerian geratu zen erabateko kontraesana zegoela PSOEk hilabetetan zehar esan zuenaren eta une erabakigarria iritsi zenean egin zuenaren artean, plan iraultzaile baten zantzurik ez zegoela berretsi zen era horretan eta mehatxu hutsa zela erakutsi, burgesiak susmatzen zuen bezala
Bederatzi hilabetez aldarrikatutako matxinada antolatzetik urrun, PSOEk greba orokorra deitu zuen; Madrileko kasuan, adibidez, hogeita lau ordu lehenago jakinarazi zion UGTk Gobernuari. Hori gutxi balitz bezala, gainera, baketsua izango zela azpimarratu zuen. Mugimendu horren helburu nagusia presidenteari iritzia aldatzeko denbora ematea zen, hausnartu zezan. Helburu hori lortu beharrean, keinu horrek aukera eman zion Gobernuari langileen zenbait buru atxilotzeko, baita Poliziaren eta Armadaren kide susmagarriak ere, balizko obedientzia ukatzeak gerta ez zitezen. Atxilotu ez zituzten buruzagi sozialistak, berriz, Largo Caballerok egin zuen era berean ezkutatu ziren, edo Indalecio Prietoren bidetik erbestera egin zuten ihes. Hala, agerian geratu zen, Antonio Rubiraren hitzetan, erabateko kontraesana zegoela PSOEk hilabetetan zehar esan zuenaren eta une erabakigarria iritsi zenean egin zuenaren artean, plan iraultzaile baten zantzurik ez zegoela berretsi zen era horretan eta mehatxu hutsa zela erakutsi, burgesiak susmatzen zuen bezala.

Hala ere, egia da urriaren 5eko greba orokorrerako egindako dei hori matxinada iraultzailerako dei gisa ulertu zuela langileen militantziak. Urriaren 4tik 5erako gauean, Espainiako hiriburu nagusietako lan-jarduera guztiak bertan behera geratu ziren, eta hiri askok jarraitu zuten bide hori aho batez. Baina sugar iraultzaile hori, itxaropen hori, laster itzali zen greba orokorra deitu zutenek, PSOEk eta UGTk, ez baitzuten hainbeste irrikatutako eta aldarrikatutako matxinadarako planik, denbora asko zeramaten arren horren alde mintzatzen. Ondorioz, hiri askotan, langile militantziak ez zuen argibide zehatzik jaso eta beren etxeetan geratzera mugatu ziren, kaleetan indar erakustaldirik egitera iritsi gabe. Rubiraren hitzetan, Langile Aliantzak eraginkorrak baino gehiago formalak ziren lekuetan, hau da, indar hegemonikoa PSOE eta UGT ziren lekuetan, greba orokor batera mugatuta geratu zen matxinada, eta hiriak geldiarazi zituen. Eta hori kasurik onenean; izan ere, Madrilen, adibidez, armadak oinarrizko zerbitzuen ardura hartu zuen ‒okindegiak, egunkariak eta garraio publikoa, besteak beste‒, eta horiek ia normaltasun osoz funtzionatu zuten.
Matxinada porrotera kondenatua geratu zen, besteak beste, matxinada zentzu iraultzaile batean gidatzeko gai zen alderdi iraultzaile indartsu baten faltagatik; hura gabe matxinatutako langile klasea babesgabe aurkitu zen
Eduardo Gonzalezek baieztatu zuen, ildo horretatik, matxinada eraginkorragoa izan zela zuzendaritza sozialistak Langile Aliantzak esklusiboki kontrolatzea lortu ez zuen tokietan, PSOEren burokrazia ahulagoa zen tokietan: Asturies, Catalunyako industria guneetan, EAEko zenbait herritan (Bilbo, Meatzaldea, Pasaia, Eibar edo Arrasate) edo Leongo eta Palentziako meatzaritza eremuetan. Zalantzarik gabe, Asturiesen egin zen greba orokor iraultzailea, nahiz eta, era berean, erakundeek hartutako askotariko portaerak edo jarrerak gehien nabarmendu ziren lurraldea ere izan zen. Hala, Asturies izan zen Langile Aliantzak langileen erakundeen aniztasun osoaren benetako ordezkari ziren leku bakarra, edo bakarrenetakoa, izan ere, Estatuko beste lurraldeetan ez bezala, anarkistak horietan parte hartu zuten. Eta, hain zuzen ere, Asturiesen lehen unetik nagusitu zen langile mugimendua.
Langile klasearen helburua ez zen 1931-33ko biurteko erreformistaren egoerara itzultzea, edo Errepublikaren “benetako esentzia” berreskuratzea
Langile Aliantzak osatzen zituzten erakundeen arteko jarrera desberdin horiek, era berean, eremuaren arabera nabarmendu ziren, sozialistek horietan zuten eragiteko ahalmenaren arabera. Adibidez, meatze arroetan grebak izaera matxinatu nabarmena hartu zuen, eta langile mugimenduak herrien kontrol politikoa zein militarra hartzea lortu zuen, Guardia Zibila desarmatzeraino eta kuartelak okupatzeraino. Asturieseko bi hiri nagusietan, Xixónen eta Uviéun, aldiz, greba baketsua izan zen, eta azken horretan, gainera, PSOEk eta UGTk uko egin zioten gainerako Langile Aliantzei armak emateari, eta, ondorioz, arma kopurua huskeria bat izan zen mobilizatutako langile kopuruarentzat. Ildo beretik, Rubirak dio Asturiesen ‒eta lehenago Catalunyan‒ langile-klasearen porrota ez zela izan Estatuak antolatutako langile mugimenduarekiko zuen indarraren ondorio, edo ez hori bakarrik, baizik eta sozialistek mobilizazioa desegin eta bertan behera uztearen ondorio garbia izan zela, kontuan izanda, egilearen arabera, ez zekitela eta ez zutela iraultza sozialista egin nahi. Matxinada porrotera kondenatua geratu zen, besteak beste, matxinada zentzu iraultzaile batean gidatzeko gai zen alderdi iraultzaile indartsu baten faltagatik, eta Sergi Aliagak azaltzen duenaren arabera, hura gabe matxinatutako langile klasea babesgabe aurkitu zen. Izan ere, oro har, CEDA Gobernuan sartzea hartu izan da greba orokorraren elementu bultzatzaile nagusi, edo bakar gisa, baina bistan da langile klasearen helburua ez zela 1931-33ko biurteko erreformistaren egoerara itzultzea, edo Errepublikaren “benetako esentzia” berreskuratzea ere ez, nolabait esatearren. Lehen aipatu bezala, heltzen ez ziren edo benetan gauzatzen ez ziren erreformen ondorioz, frustrazioa nagusitu zen langileengan eta Errepublikan nahiz erreformetan jarritako itxaropena txikitu egin zen pixkanaka.

Era berean, gogoratu beharra dago errepresioak zeresan handia izan zuela greba orokorrean, bereziki Asturiesen, nahiz eta ez bakarrik lurralde horretan. Asturieseko kasuan, meatze-
arroek errepresio gogorra jasan zuten militarren partetik, eta ondoren Guardia Zibilaren aldetik ere bai. Armadak, milizianoen posizioetan ez ezik, meatzarien herrietan ere bonbak jaurti zituen, eta Mathieu Corman erreportari belgikarraren ikuspuntuaren arabera, helburu argi batekin: herrietatik alde egin eta frontera borrokatzera joan ziren gudari iraultzaileen morala suntsitzea, konturatzen baitziren beretarren bizitza arriskuan zegoela. Gainera, Asturieseko hiriburuan armada kolonialak Afrikan erabilitakoaren antzeko basakeria erabili zuen, izuaren bidez etsaia geldiarazteko asmoz. Gizonak, emakumeak eta haurrak ausaz fusilatu zituzten, preso asko gogor galdekatu eta gero hil, emakume asko bortxatu, tortura ere presente egon zen, eta presoei lepoa moztera edo urkatzera ere iritsi ziren. Orotara, huts egindako Urriko Iraultzaren errepresioan 2.000 asturiar inguruk bizia galdu zutela uste da. Azkenik, errepresioak triskantzak eragin zituen une batean eta langile klase iraultzailea guztiz desmoralizatuta eta erretiratuta zegoenean, buruzagi sozialistek errendizioa negoziatu zuten Lopez Ochoa jeneralarekin.
Fronte Popularren gobernu batek gobernu burges izaten jarraituko zuela, sistema kapitalista erreformatzea izango zuela helburu, baina inola ere ez berau suntsitzea
Langile klasearen aurkako errepresio horrek ondorioak izan zituen, eta horren erakusgarri da 1935. urtea Primo de Riveraren diktaduraz geroztik lan-gatazka gutxien egon ziren urtea izan zela. Besteak beste, hori gertatu zen hogeita hamar mila langile inguru ‒horien artean buruzagi gehienak‒ espetxeratuta zeudelako, lokal sindikal eta politiko ugari modu masiboan itxi zituztelako, baita egunkari eta prentsa-organo asko ere. Gainera, aipatu beharra dago errepresio-bolada ez zela erabat gelditu, eta behin Asturieseko iraultza garaituta, hurrengo hilabeteetan ere segida izan zuen. Horrek guztiak eragin zuzena izango zuen langile mugimenduaren norabide taktiko eta estrategikoaren aldaketan. 1934an ez bezala, non klase borrokak goranzko joera zuen eta burgesiari eta sistema kapitalistari aurre egiteko langileen fronte bakar bat sortzeko beharra planteatzen baitzen, hurrengo urtean, urriko ajeak eta errepresioak ahuldutako mugimendu batek markatuta, indarra hartu zuen izaera interklasistako fronte popular baten ideiak.
Egia da hasieran fronte popularraren proposamen horrek, molde klasista argiagatik langileen fronte bakarraren proposamenarekin talka egiten zuenak, zalantza asko sortu zituela ondoren babestu zuten alderdi askorengan, bereziki burgesia txikiarekin kolaboratzeagatik, baina baita fronte popular baten izaerako programa posible bat zelako ere. PSOEn, Prieto buru zuen sektoreak aukera hori argi eta garbi defendatzen zuen bitartean, Largo Caballerok iraultza sozialista azpimarratzen jarraitzen zuen, berriro ere modu abstraktuan eta hura gauzatzeko modua zehaztu gabe. Aurrerago, buruzagi sozialistak aldarrikatzen zuenaren eta benetan egiten zuenaren artean hain ohikoa zen talka hori agerian geratuko zen berriro. Bestetik, alderdi horietako batzuek hasieran adierazi zuten Fronte Popularraren gobernu batek gobernu burges izaten jarraituko zuela, sistema kapitalista erreformatzea izango zuela helburu, baina inola ere ez berau suntsitzea. Gainera, antifaxismo abstraktu bat bultzatzea nahikoa ez zela aipatzen zuten, eta zentzu edo norabide sozialista bat ematea beharrezkoa zela, antifaxismo koherente bakarra iraultza sozialistari lotutakoa zela ulertuta. Andy Durgan historialariak jasotzen duen moduan, salatzen zutena zera zen, fronte popularraren estrategiak ez zuela faxismoa sistema kapitalistaren beraren produktu gisara hartzen, eta ezinezkoa zela hura garaitzea sortu zuen sistema bera defendatuta.
Gobernua langileen mobilizazioen atzetik joan zen kontu askotan eta errealitateak aurrea hartu zion iristen ez zen legeari
Baina, azkenik, langile mugimenduaren egoerak eta erakunde politikoetako barne-eztabaidako prozesuek markatutako testuinguru batean, 1936ko urtarrilean Fronte Popularraren Programa sinatu zen. Hain zuzen ere, alderdi hauek izan ziren sinatu zutenak: Izquierda Republicana, Union Republicana, PSOE, UGT, Federacion Nacional de Juventudes Socialistas, PCE, Partido Sindicalista eta POUM. Esan liteke Fronte Popularraren programa 1931-33 biurtekoko gobernu erreformistaren nahiko antzekoa zela. Beraz, aldi hartan ezarritako ‒edo, gutxienez, onartutako‒ neurriak berreskuratzea izango luke helburu, eta horretarako biurteko beltz erradikal-
cedistaren kontraerreformak baliogabetu edo zuzentzea, akordioaren arabera, Konstituzioaren inperioa berrezartzeko helburuarekin; adibidez, Nekazaritza Erreformaren Legea berreskuratzea edo Catalunyako Autonomia Estatutua berrezartzea. Erreforma horiei programan jasotako beste neurri bat gehitu behar zaie, garrantzi handia izan zuena: 1933ko azaroaz geroztik egindako delitu politiko sozialen amnistia lortzea, bereziki 1934ko urrian espetxeratutako langile militanteei eragingo ziena. Azkenik, programa sinatu zuten alderdi eta langileen erakunde batzuek egindako proposamen batzuk gaitzetsi ziren, hala nola lurraren nazionalizazioa eta laborariei ematea, langabezia subsidioa edo bankaren nazionalizazioa.

Azkenean, Fronte Popularrak otsailaren 16ko hauteskundeak irabazi zituen, eta langileak berehala atera ziren kalera milaka preso politiko askatzeko eta hiri ugaritan manifestazioak egiteko, Gobernuaren amnistia dekretuari itxaron gabe. Presoak kartzeletatik askatu ostean, kaleratutako langileak lehengo lanetara itzultzea eta haien soldatak ordaintzea exijitu zuten gainera, kalte-ordain gisa. Izan ere, bost hilabete eskaseko epe labur horretan, benetan gertatu zena zera izan zen: hauteskundeak egin ondoren, Gobernua langileen mobilizazioen atzetik joan zen kontu askotan eta errealitateak aurrea hartu zion iristen ez zen legeari; hori gertatu zen martxoaren 25ean Extremaduran, non 60.000 nekazari baino gehiagok lurjabe handien 3.000 finka okupatu zituzten. Alde horretatik, esanguratsua da 1936ko martxotik uztailera bitartean Errepublikaren aurreko bost urteetan baino askoz lur gehiago birbanatu izana eta hori langile klasearen antolaketaren emaitza izatea, eta ez erreformarena berarena. Industria, eraikuntza edo merkatari txikien esparruetan ere greba ugari egin ziren, soldata hobekuntzak edo lanaldia murriztea eskatzen zutenak, eta kasu askotan garaipen edo konkista garrantzitsuak lortu ziren.
Estatu kolpeak bide parlamentarioa langile klase antolatu batek gaindituko zuelako beldurrari ere erantzun zion. Izan ere, erreformismo errepublikanoa beren iraultza egarria asetzeko gai izan ez zela ikusi zuen langileriak, eta denborarekin Errepublikan jarritako itxaropenak zapuztuz joan ziren
Baina langile mugimendua 1931-33ko legeriara itzultzeko ideiarekin asetzen ez zen era berean, patronalak ere ez zuen begi onez ikusten, ikuspegi guztiz antagonikotik, noski. Horrela, langile klase antolatuak hobekuntzak abiatzeko ofentsiba bati ekin zion aldi berean, oligarkia eta indar kontrairaultzaileak estatu kolpea prestatzen hasi ziren. Oligarkiaren maniobra hori ez zen sortu Fronte Popularrari, hauteskundeetatik sortutako Gobernuari eta, koalizio hori babestu zuten langileen alderdiei zioten beldurragatik. Benetan beldurra sortzen ziena, Rubirak azaltzen duen bezala, langile mugimendua hartzen ari zen portaera zen, Parlamentua eta erakundeen estrategia politikoa gainditzera ere iritsi zitekeena.
Hauteskundeak egin eta bost hilabete eskasetara, uztailaren 18an matxinada militarra lehertu zen, estatu kolpe moduan, oligarkiak bultzatuta. Errepublika eraisteko helburutik harago, erakunde proletarioak, edo langile mugimendua oro har, suntsitu nahi zuten. Izan ere, beharrezkoa da argitzea Errepublikaren aurkako kolpea ez zela izan iraultzari emandako erantzuna, ezta, Fontanak gogoratzen zuen bezala, gertatuko ote zen beldurraren aurkakoa ere. Egiaz, politika erreformista eta programa moderatua zen borrokatzen zena, eta hori Espainiako gizarteko sektore batzuek ez zuten onartzen. Bazen, noski, lehen aipatu bezala, bide parlamentario hori langile klase antolatu batek gaindituko zuelako beldurra ere. Izan ere, erreformismo errepublikanoa beren iraultza egarria asetzeko gai izan ez zela ikusi zuen langileriak, eta denborarekin Errepublikan jarritako itxaropenak zapuztuz joan ziren.