ARTEKA / Pertur
Pertur, 50 urte zain
1976ko uztailaren 23az geroztik ez du inork ikusi Pertur. Desagerrarazi egin zuten.
Pertur, 50 urte zain
1976ko uztailaren 23az geroztik ez du inork ikusi Pertur. Desagerrarazi egin zuten

Urteurren garaiak datoz. Franco hil zenetik 50 bira eman zituen lurrak eguzkiaren inguruan iaz; Ogro operaziotik 53 aldiz oihukatu da “urte berri on”. Zerrendak jarrai lezake. Egutegietan atzera begiratzeko garai hauetan, badaude ahantzi diren kasuak ere. Batzuetan erabat ahaztu ez badira ere, ondorengotza politikoek gizabanakoen oroimena korapilatu dute.

1976ko uztailaren 23az geroztik ez du inork ikusi Pertur. Desagerrarazi egin zuten. Aipatutako egunaren aurretik gertatutakoak behatuz, in crescendo joan ziren Perturren eta bere ingurukoen aurkako ekintzak. Ematen du, beraz, zorigaitza aurreikusten zela, idatzia zegoela nonbait. Hariaren korapiloa uztailaren 23an estutu zen, baina lehenagotik ere ari ziren hariak nahasten.

La Voz de España egunkariak maiatzaren bostean argitaratu zuenez, mertzenarioek hamar milioi pezeta jasoko zituzten etakideak hiltzeagatik: “Diez millones para matar a quienes mataron”

1976ko martxoan, ABCk, ETA politiko-militarrak zerga iraultzailea eskatzeko bidalitako gutun bat atzeman ondoren, gutun horren edukiaren berri eman zuen. Bertan jasotzaileari eskatzen zioten Perturrekin, Ezkerrarekin, Mark-ekin edo zehaztutako beste etakideren batekin harremanetan jartzeko. Hilabete berean, Perturren eta J.L. Echegaray “Mark”-en erretratuak argitaratu zituen ABCk, eta Angel Berazadi enpresaburuaren bahiketaren erantzuletzat jo zituen. Bahiketaren oihartzunaz haratago, argazki harekin Pertur pertsonifikatu egin zuten eta haren aurpegiak tokia hartu zuen iritzi publikoan. Jada ez zen soilik ETA (pm)-ko buruzagitzaren izena, baizik eta itxura zehatzeko gizabanakoa.

Garai haietan, ETA (pm)-k bi polizia-inspektore bahitu zituen Hendaian; Jesús María González eta José Luis Martínez. ABCk 1976ko apirilaren 7an ETA (pm)-ri egotzi zion erantzukizuna eta, gainera, ekintza estrategikotzat definitu zuen, momentu hartan bahituta zegoen Angel Berazadi askatzeagatik Espainiako Gobernua 200 milioi pezeta ordaintzera behartzeko.

1976ko uda betean, Perturren familiak egoera larriak bizi izan zituen. Lehendabizikoz, ekainean, familiak mehatxu idatziak jaso zituen eta etxea metrailaz erasotu zuten. Uztailaren 15ean, Pertur bahitu baino zortzi egun lehenago, Marta Bergaretxe, Perturren ama, atxilotu eta giltzaperatu egin zuten

1976ko apirilaren 8an, Espainiako Estatuak negoziatzeari uko egin ondoren, ETA politiko-militarrak Berazadi hil zuen, hiru astez bahituta izan ondoren. Unidad egunkari donostiarrak azalean atera zuen berria: “Berazadi, asesinado”. Enpresaburua hilda, Pertur ETA (pm)-ren zuzendaritzan kokatu zuten bai egitura polizialek eta bai prentsa orokorrak –erakunde armatuaren eta berazaditarren arteko zubia izan omen zen negoziaketan–. Erailketak eragindako astinaldi politikoaren aurrean, Fraga Iribarnek mehatxu garbia jaurti zuen, “Si quieren guerra, la tendrán”. Esan daiteke Fraga ez zebilela oker, gerraren logikak harrapatu baitzuen Pertur handik hilabete batzuetara.

Hurrengo hilabeteek ere ekaitz-giroan jarraitu zuten: odoltsu, berunak eraginda. Testuinguruaren adierazle esanguratsuenetakoa izan zen La Voz de España egunkariak maiatzaren bosgarrenean zabaldutako datua: mertzenarioek hamar milioi pezeta jasoko zituzten etakideak hiltzeagatik: “Diez millones para matar a quienes mataron”. Albiste hartan, Pertur fronte militarreko buru kokatu zuten. Giroa bortitza zen, eta, horri ordainsari kodiziatsua gehituta, gezi guztiek norabide berdintsua zuten.

Perturren gurasoak semearen bahitzaileei zuzendu zitzaizkien, etsipenak jota eta emozioak eraginda: “Bizirik badago, esaiguzue; hilda badago, entregatu gorpua”.  Erregu horren ondoren, BVEk gutun bat eman zuen argitara, exekuzioa eta lurperatzea bere gain hartuz. “Ojo por ojo, ¡Viva la unidad de España!” esanez bukatu zuten idazkia

1976ko uda betean, Perturren familiak egoera larriak bizi izan zituen. Lehendabizikoz, ekainean, familiak mehatxu idatziak jaso zituen eta etxea metrailaz erasotu zuten. Uztailaren 15ean, Pertur bahitu baino zortzi egun lehenago, Marta Bergaretxe, Perturren ama, atxilotu eta giltzaperatu egin zuten Irunen, Eduardo López Maturana inspektorearen agindupean. Galdeketa gogorra egin zioten, apirilaren 4an Hendaian desagertutako bi polizia-inspektoreen harira. Desagertutakoen egonlekuaz informazio bila zebiltzan.

1976ko uztailaren 23an, azken aldiz ikusi zuten Pertur. Hurrengo egunetan, familiak salaketa jarri zuen Frantzian –handik gutxira Gipuzkoan– eta Triple Ak ekintza egin izana erreibindikatu zuen. 27an azaldu ziren aurreneko albisteak prentsan, denak antzeko titularrekin: Perturren desagerpen misteriotsua, mende erdia igaro duena argitu gabe, gaur egunera heldu arte. Unidad arratsaldeko egunkari donostiarrak jakinarazi zuen “ETAko aktibista” Perturrek Behobian zuela hitzordua ostiralean, eta, harrezkero, bere jardunbidea lainotu egin zela, arrastorik utzi gabe. Perturren gurasoak semearen bahitzaileei zuzendu zitzaizkien, etsipenak jota eta emozioak eraginda: “Bizirik badago, esaiguzue; hilda badago, entregatu gorpua”. Erregu horren ondoren, BVEk gutun bat eman zuen argitara, exekuzioa eta lurperatzea bere gain hartuz. “Ojo por ojo, ¡Viva la unidad de España!” esanez bukatu zuten idazkia. Horren aurrean, justizia-gosea Euskal Herri osora hedatu zen eta, uztaila bukaeran, manifestazioa egin zen Donostian, “Salba dezagun Pertur” lelopean.

ETA (pm)-k eginiko ikerketa sakonak José María Escudero Tejada seinalatu zuen Perturren bahiketaren erantzule gisa. Bahiketaren arduradunari izen-abizenak jartzeak ezegonkortasuna eragin zuen eta Espainiako prentsak Perturren hurbileko zirkuluei egotzi zien erantzukizuna. La Voz de Españak Migel Angel Apalategi “Apala” jarri zuen erdigunean. ABCk, irailaren 5ean, erailketaren ustezko xehetasunak ere eman zituen. Egunkariaren esanetan, Pertur Apalaren autora sartu zen eta hark bi tiro jo zizkion, burua zaku batekin estali ondoren.

ETA (pm)-k eginiko ikerketa sakonak José María Escudero Tejada seinalatu zuen Perturren bahiketaren erantzule gisa. Bahiketaren arduradunari izen-abizenak jartzeak ezegonkortasuna eragin zuen eta Espainiako prentsak Perturren hurbileko zirkuluei egotzi zien erantzukizuna

Informazio horren aurrean, gutxitan ikusi den bezala, Apalak berak indibidualki sinatutako gutuna eskuz idatzi eta zabaldu zuen, bere errugabetasuna defendatuz eta prentsa espainiarraren bertsioa gezurtatuz. “A todo el pueblo vasco” tituludun eskutitzean, hilketaren erantzuleak Montejurrako eta Santurtziko gertakarien erantzuleen parekoak zirela adierazi zuen, hots, Espainiako Estatuko errepresioaren adarretakoak. Bere seinalamendua kanpaina bat zela salatzen zuen aldi berean. Apalak ez zuen zalantzarik Euskadi barnetik zatitzeko eta konfrontazioa hedatzeko ereindako informazioa zela eta, horrenbestez, herri osoari dei egin zion gezurra salatzeko eta Euskadiren askatasun osoaren alde borrokatzeko.

Urteurren garaia da, 50 urte, justiziaren zain. Korapiloa ez da laxatu.