Babacar Wellen erailketa salatzeko eta justizia galdegiteko, ehunka lagun elkartu ziren Hondarribian (Gipuzkoa) larunbat arratsaldean: astearteko mobilizazioaren antzera, beste behin ere, jende andanak egin zuen bat Manko Senegal herriko senegaldarren elkartearen deialdiarekin.
Martxoak 8 plazan elkartu ziren manifestariak, arratsaldeko 17:00etan, eta leku ugaritatik heldutako senideek eta lagunek hitza hartu zuten bertan. Artean, hunkituta, Wellen anaiek eskerrak eman zizkieten bertaratutako herritar guztiei, eta euren anaiaren erailketa ekidin zitekeela nabarmendu zuten. Hala, gertatutakoa instituzioen porrot bat izan dela adierazi zuten: "Denek zekiten buruko arazoak zituela, baita Poliziak ere, eta haren lekua ez zen kalea". Geroago, Bilboko (Bizkaia) Afro Colectiva hedabide antiarrazistako kideek hitza hartu zutenean, "arazo estrukturaltzat" jo zuten azken asteko gertakaria. Izan ere, oroitarazi zuten etorkinek eta biztanleria arrazializatuak indarkeria poliziala pairatzeko probabilitate nabarmen handiagoa duela, eta adierazpenok sostengatzeko, azken urteotako hainbat kasu ekarri zituzten gogora.
Ondoren, berriro ere abiatu ziren San Pedro kalean barrena, "justizia Babacarrentzat" oihupean, Itsargi eta Zuloaga kaleak elkartzen dituen biribilguneraino: bertan erail zuten Babacar joan den astelehenean, irailaren 28an. Biribilgunera iritsi orduko, omenaldia egin zioten: manifestariek eserialdia egin zuten bertan, otoitz ondoren, eta bukaeran Txoriak Txori abestu zioten, den-denek batera.
Omenaldia amaituta, Martxoak 8 plazara itzuli ziren ehunka lagunak, aldarrikapen artean. Mobilizazioari amaiera eman aurretik, mezu argi bat luzatu zuten senegaldarren komunitateak eta Babacarren senideek: justizia eskatzeaz gain, argi utzi zuten urteak direla Hondarribian bizi direnetik, eta hondarribitarrak direla.