KOLABORAZIOAK / Pertur
Perturren auziaren inguruko ke-laino mediatikoa
ETA (pm)-ko ideologoaren desagerpenetik 50 urtera, hainbat komunikabidek barne-garbiketaren hipotesia elikatzen jarraitzen dute oinarri sendorik gabe; ikerketa independenteek, ordea, kontakizun hori zalantzan jarri eta Espainiako zerbitzu sekretuen operazio batera daramaten zantzu berriak plazaratu dituzte.
Perturren auziaren inguruko ke-laino mediatikoa
— ARGAZKIA La hemeroteca del buitre

1976ko uztailaren 23an, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur desagertu zen Donibane Lohizunen (Lapurdi). 25 urte zituen, ETA politiko-militarreko ideologoa zen, eta berriki idatzia zuen Otsagabia ponentzia. Bertan, erakundearen norabide estrategikoa berrantolatzea proposatzen zuen: ez borroka armatua uztea, baizik eta estrategia politiko zabalago baten mende jartzea. Borroka armatuak tresna taktiko eta instrumental izan behar zuen, herri-mugimendu zabal batean oinarritutako estrategia politikoaren menpe, euskal langile-klasearen alderdi iraultzailea eraikitzeko helburuarekin. Harrezkeroztik ez da haren berririk izan.

50 urte igaro dira, eta auzia oraindik zabalik dago. Historiako isiltasun handiekin gertatu ohi den bezala, egia falta den tokia kontakizunek eta espekulazioek bete dute. Batzuk besteak baino hobeto dokumentatuak; batzuk deserosoagoak; batzuek, berriz, oihartzun mediatiko handiagoa izan dute.

Erreportaje hau aurretik Arteka-n argitaratutako beste bi lanen jarraipena da: Pertur: iraultzaile baten desagerpena eta Otsagabia ponentziak 50 urte: Pertur eta KASen arteko elkarrizketa. Lehenengo erreportajea UPV/EHUko Giza Eskubideen Katedraren 2017ko txostenean oinarritu zen, eta auziaren irakurketa kritikoa eskaini zuen. Bertan azpimarratzen zen ikerketa hasieratik bertatik eskasa izan zela, eta hamarkadetan hedabide nagusiek zabaldu duten ETAren ustezko "barne-garbiketaren" hipotesia zantzu ahul eta, askotan, interesatuetan oinarritu dela. Kontakizun hori nagusitu den bitartean, estatuaren aparatuetara, eskuin muturrera eta neofaxista italiarrengana seinalatzen zuten arrastoak sistematikoki baztertu edo isilarazi dira.

Bigarren erreportajearen helburua Perturren proiektu politikoa berreskuratzea izan zen; izan ere, ez zetorren bat hedabideek eta zenbait sektore politikok geroago egotzi zioten irudiarekin. Perturrek ez zuen armak uztearen alde egiten, ezta demokrazia burgesaren baitan txertatzearen alde ere; borroka armatuaren eginkizuna testuinguru historiko berrira egokitzea proposatzen zuen, ikuspegi iraultzaileari uko egin gabe. Haizea eta Sustraiak elkarteak gogorarazi berri duenez, Perturrek "desagerpen bikoitza" pairatu du: fisikoa ez ezik, politikoa ere bai. Haien hitzetan, "Perturren memoria militantea ere desagerrarazi nahi dute".

Hirugarren erreportaje honek ez du misterioa behin betiko argitzeko asmorik. Bere xedea da 50. urteurrenaren harira hedabide ofizialistek egindako estalduraren kontraesanak eta hutsuneak agerian uztea, eta kontakizun nagusia dokumentatutako zantzu berriekin alderatzea. Izan ere, hedabide handiek "barne-garbiketaren" kontakizuna —eta harekin batera inoiz existitu ez zen Perturren karikatura politikoa— eskura dauden frogak kontrastatu gabe errepikatzen duten bitartean, Perturri buruzko egia lurperatuta egongo da. Eta egia hori ez da haren familiaren eskubidea bakarrik; euskal langile-klaseak bere memoria historikoarekin duen zorra ere bada.

1. Hiru hedabide, kontakizun bakarra

Perturren desagerpenaren 50. urteurrenak artikulu, erreportaje eta ikus-entzunezko edukien oldea ekarri du. Horien artean, hiru hedabide nabarmendu dira, bai duten zabalkundeagatik, bai iruditeria kolektiboan nagusi den kontakizuna indartzeko duten gaitasunagatik: El País, El Diario Vasco eta elDiario.es. Hiru hedabideek erreportaje luzeak argitaratu dituzte, eta, tonuan, estiloan eta ikuspegian aldeak izan arren, eskema narratibo bera partekatzen dute: hirurek Perturren pentsamenduaren interpretazio oker bera errepikatzen dute, eta hirurek sistematikoki bazter uzten dituzte azken urteotan datu berriak ekarri eta kontakizun horren sendotasuna zalantzan jarri duten ikerketak.

Hirurek ikuspegi bera partekatzen dute: Lourdes Auzmendiren —Perturren bikotekidearen— testigantza da kontakizunaren ardatza, eta ETAren barruko "kontu-garbitzearen" hipotesia aurkezten dute "sinesgarriena" balitz bezala. Hirurek aipatzen dute trama parapolizial edo neofaxista baten aukera, baina bigarren mailako hipotesi huts gisa aurkezten dute, ez dute garatzen, eta ez dute kontrastatzen norabide horretan dauden froga eta zantzu ugariekin. Hirurek, era berean, sistematikoki isilarazten dituzte azken urteotan datu berriak ekarri eta kontakizun horren oinarriak kolokan jarri dituzten ikerketak. Eta, are larriagoa dena, hirurek aurreko erreportajeak salatu zuen Perturren pentsamenduaren desitxuratze bera errepikatzen dute: armak utzi eta erregimen demokratiko berrian integratu nahi zuen "posibilista" gisa aurkezten dute, haren proposamen politikoa askoz ere konplexuagoa eta erradikalagoa zenean. Martin Auzmendi abokatu eta militantekide ohiak, Berria-k uztailaren 23an argitaratutako elkarrizketa batean, hedabideen egun hauetako estaldura kritikatu du: "Aste hauetan ikusten ari naizena ikusita, tristura eragiten dit... Hipotesien arteko lehia bat ikusten ari naiz, eta hori penagarria da niretzat. Nor bere hipotesiaren defentsan tematuta dago, eta kasu batzuetan espekulazio hutsak erabilita".

'El País': memoria pertsonalaren epika

Joan den uztailaren 5ean, Pablo Ordazek El País egunkarian 50 años buscando a Pertur erreportajea argitaratu zuen. Testu luzea da, tonu literario eta hunkigarrikoa, Lourdes Auzmendiren bizitza gaztetatik gaur egunera arteko kronika gisa eraikia. Ines Moreno Bergaretxeren, Perturren arrebaren, testigantza ere jasotzen du; hark xehetasunak ematen ditu familiari eta Eduardoren militantziaren ondorioz pairatutako errepresaliei buruz.

Hala ere, Auzmendi da kontakizun osoan benetako pisua duen lekuko bizi bakarra. Ez dago bestelako testigantzekin edo hipotesi alternatiboak defendatzen dituzten ikerlariekin kontrasterik. Pista neofaxista eta estatuaren balizko inplikazioa aipatzen dira, baina ez dira garatzen: ez dira Concutelli edo Izzo aipatzen, ezta Italiako sumarioa edo 1977an Segurtasun Zuzendaritza Nagusiak Frantziari igorritako txostena ere. Era berean, ez da gogorarazten egunkari berak 1976an bertan beste norabide batzuk iradokitzen zituzten polizia-iturrien informazioak argitaratu zituela.

Eta, are larriago, Perturren pentsamendua berriz ere faltsutzen da. Artikuluak hitzez hitz dio: "Francoren heriotzaren ondoren, ETA erakunde terroristak armak uztea eta alderdi politiko bihurtzea defendatzen zuen buruzagi gaztea". Horrenbestez, El País-en bertsioak Perturren benetako proiektu politikoa sinplifikatu eta desitxuratu egiten du, inoiz izan ez zen zerbait bihurtuz, haren desagerpenari buruzko kontakizun jakin batean kabitu dadin.

'El Diario Vasco': tokiko kronika, doinu bera

Bi egun beranduago, uztailaren 7an, Iñaki Beobidek El Diario Vasco egunkarian Mende erdia galderaz eta zauri irekiz betea izeneko erreportajea argitaratu zuen. El País-ekoa baino kazetaritzazkoagoa eta literatura gutxiagokoa bada ere, eskema narratibo bera errepikatzen du. Ikuspegia tokikoagoa da, Pertur hazi zen lurraldeari eta haren familia bizi den inguruneari lotuagoa; hala ere, Euskal Herrian auziaren erreferentzia bihurtzeko asmoa nabaria du.

Erreportajeak familiaren eta Perturren ingurukoen testigantzak biltzen ditu, kasua Trantsizioaren testuinguru historikoan eta ETAren bilakaeraren baitan kokatzen du, eta aipatzen ditu ikerketa judizialak izan zituen zailtasunak. Hala ere, kontakizunaren ardatza berriz ere Lourdes Auzmendiren testigantza da ia erabat, eta azpimarratzen du Pakito eta Miguel Angel Apalategi Apala izan zirela Pertur bizirik ikusi zuten azken pertsonak, ia auziko froga nagusia balitz bezala. Ez du aipatzen Egañaren eta Etxeberriaren ikerketa, eta gezur bera errepikatzen du: Pertur armak uztearen aldeko ideologoa bailitzan aurkezten du.

Erreportaje honen berezitasuna da 2016an familiaren gutuna argitaratu zuen egunkari berean argitaratu izana. Gutun hartan, Moreno Bergaretxe familiak ez zuen inor seinalatzen; egia baino ez zuen eskatzen. Honela zioten: "Hasierako nahasmena, ziurgabetasuna, amorrua, bertsio desberdinak, pista faltsuak, manipulazioa, omenaldiak eta huts egindako ikerketak; urrats bakoitzarekin itxaropen izpi bat eta, berehala, etsipen berri bat". 2026ko erreportajeak, ordea, ez du azaltzen familiak 1978ko jarreraz geroztik egin duen ñabardura.

Uztailaren 17an, 50. urteurrena baino lau egun lehenago, El Diario Vasco-k kontakizun nagusiaren oinarriak pitzatzen hasten den beste informazio baten berri eman zuen: Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren (GEBehatokia) txostena. Txosten horren ondorio nagusia argia da: Perturren desagerpena Espainiako Estatuaren zerbitzu sekretuen operazioa izan zen, eta baztertu egiten du Berezien egiletza.

Txostenaren arabera, "zerbitzu sekretuek baino ez zuten halako operazio bat prestatzeko gaitasuna: infiltrazioa, tranpa-hitzordua antolatzea, bahiketa gauzatzea eta frogak ezabatzea". Horrenbestez, hipotesirik sinesgarriena litzateke zerbitzu horiek neofaxista italiarrak edo bestelako mertzenarioak erabiltzea Eduardo Moreno Bergaretxe Espainiako lurraldera eramateko. 

GEBehatokiaren txostenak hiru argudio nagusi ematen ditu Berezien hipotesia baztertzeko. Lehenik eta behin, ez zukeen inolako zentzurik operazioa erakundeko bi kide ezagunenek —Pakitok eta Apalak— gauzatzea; hala izan balitz, Pertur desagerrarazi aurretik harekin inolako topaketa ikusgarririk ez izaten saiatuko ziren. Bigarrenik, tamaina horretako operazio batek plangintza, baliabideak eta estaldura behar ditu; nekez izan zitekeen ekintza inprobisatu bat. Hirugarrenik, eta agian garrantzitsuena, Sabin Atxalandabasok ere garai berean eta antzeko baldintzetan tranpa-hitzordu bat jaso zuela dokumentatzen du.

Perturrekin batera ETA (pm)-ko Bulego Politikoko kidea zen Atxalandabaso Aljeriara joana zen aste batzuk lehenago, FLNko zuzendaritzarekin elkartzera eta ETAko militanteen prestakuntza Aljeriako Poliziaren instalazioetan zehaztera. Txostenaren hitzetan, Espainiako Poliziak eta Espainiaren enbaxadak harreman horiek zelatatu zituzten; hori litzateke biei, aldi berean eta barne-bideetatik, tranpa-hitzordu bana helaraztea azaltzen duen lotura nagusia.

Behatokiak, halaber, 1976ko maiatzeko batzarrean Perturri egindako atxikipena bere testuinguruan kokatzen du. Haien iritziz, helburua diziplinazkoa zen, Perturren eragina ahultzea eta eztabaida baldintzatzea; ez, ordea, hilketa baten entsegu bat. Era berean, Perturrek Lourdes Auzmendiri bidalitako gutunean aipatzen zituen "konspirazioak" eta "maniobra zikinak" ez dituzte bere kideek hiltzeko beldurraren frogatzat hartzen, baizik eta barne-giroari egindako kritika politiko gisa.

Hala ere, txosten horrek ia ez du oihartzunik izan. El Diario Vasco-k argitaratu zuen, baina egun berean Perturren arrebarekin egindako beste erreportaje batek arreta bereganatu zuen, tonu zuhurxeagoa izan arren ikuspegi bera mantentzen zuena. El País-ek eta elDiario.es-ek, berriz, ez zioten GEBehatokiaren txostenari inolako garrantziarik eman. Azken horrek gainetik baino ez zuen aipatu, "asmo txarreko buloa" zela esanez, ondorioak eztabaidatu gabe; El País-ek, aldiz, ez zuen aipatu ere egin.

Adierazgarria da hedabide nagusiek erakutsitako isiltasuna giza-eskubideen behatoki batek egindako eta eskuragai dauden frogak berrikusten dituen txosten sendo baten aurrean. Arazoa ez da txostena garrantzirik gabea izatea; arazoa da 50 urtez eraiki duten kontakizunean ez dela kabitzen. Eta kontakizun horretan tokirik ez duen oro isilarazi egiten da.

'ElDiario.es': bertsio ofizialaren defentsa oldarkorra hedabide "kritiko" batean

Uztailaren 19an, Iker Rioja Anduezak elDiario.es egunkarian Mende erdia Pertur gabe, ETA politiko-militarreko buruzagia: "Herrialde honetan oso merke atera da hiltzea" izeneko erreportajea argitaratu zuen. Hiruren artean, alde handiz, Berezien hipotesiaren alde modu esplizitu eta oldarkorrenean egiten duena da. Izenburuak berak balio-epai bat ezartzen du irakurketaren hasieratik: Auzmendiren "herrialde honetan oso merke atera da hiltzea" esaldiak salaketa moralaren eremura eramaten du kontakizuna, gertakarien eta ikerketaren azterketara baino gehiago.

ElDiario.es-ek GEBehatokiaren txostena aipatzen du. Era berean, Yoyesen (Dolores Gonzalez Katarain) kasuarekin paralelismoa egiten du, ETA militarrak 1986an hil zuen buruzagiarekin, "ETAk bere disidenteak ezabatzen ditu" tesia indartzeko. Hala ere, xehetasun garrantzitsu bat isilarazten du: atentatu hura ETAk berak aldarrikatu zuen.

Bestalde, Perturren ustezko "ondare politikoa" ere testuinguruan kokatzen saiatzen da, ETA (pm)-ren ondorengo armagabetzearekin eta Euskadiko Ezkerra alderdiaren sorrerarekin lotuz —gerora PSErekin bat egingo zuen alderdia—. Historiografiaren ikuspegitik zalantzaz beteriko kontakizun teleologikoa da hori, aurreko Otsagabia ponentziak 50 urte: Pertur eta KASen arteko elkarrizketa erreportajean xeheki azaldu bezala.

GEBehatokiaren txostena aipatu arren, elDiario.es berehala indargabetzen saiatzen da: "asmo txarreko bulo" gisa izendatzen du, baina azalpenik eman gabe. Ez ditu haren ondorioak azaltzen, ezta aurkeztutako frogekin kontrastatzen ere.

Ikerketa independenteek pista interesgarriak eskaintzen dituztenean, hedabideek eztabaidarik gabe baztertzen dituzte, aurrez ezarritako kontakizunean kabitzen ez badira. Horrela mantentzen dute hipotesien tratamendu desorekatua: estatuari begira aurkezten den oro bazterrean uzten da sistematikoki; ETAri begira jartzen dena, aldiz, albiste bihurtzen da, oinarriak ahulak izan arren.

Bere burua "kritikotzat" eta "alternatibotzat" aurkezten duen hedabide batek komunikabide tradizional handien topiko berak errepikatzeak agerian uzten du kontakizun horren zeharkakotasuna.

Gainera, Perturren pentsamenduari buruzko gezur bera berriz ere errepikatzen du: "borroka armatua pixkanaka baztertu eta bide politiko hutsen alde egin nahi zuen ideologo" gisa aurkezten du.

2. Memorialaren txostena: bertsio instituzionala

Barne-garbiketaren hipotesia ez dute hedabide nagusiek bakarrik bultzatu; erakunde ofizial baten babesa ere badu: Terrorismoaren Biktimen Memorialaren Zentroarena. Haren ikertzaile nagusiak, Gaizka Fernandez Soldevillak, argitaratutako ikerketa batean dio, "ia erabateko ziurtasunez", Pertur Bereziek hil eta itsasora bota zutela.

Txostenak "berritasunak" bailiran aurkezten ditu Baionan txalupa baten lapurreta eta gorpuaren ustezko kokalekuari buruz egiaztatu gabeko hainbat lekukotasun. Hala ere, haren argudio nagusia hedabideetako erreportajeen zutabe berean oinarritzen da: gatazka ideologikoan. Baina ikusi dugu tesi hori Perturren proiektu politikoaren funtsezko desitxuratzean oinarritzen dela; "moderatu" gisa aurkezten du, armak uztearen aldekoa balitz bezala. Irudi sinplifikatu hori, ordea, gezurtatu egin dute bai hura ezagutu zutenek, bai Perturrek berak utzitako idazkiek.

Gainera, Memorialaren txostenak erabat baztertzen du estatuaren inplikazioa, gerra zikinaren hipotesia "asmakizun" huts gisa sailkatuz. Ondorio horrek talka egiten du GEBehatokiaren ikerketekin eta Egañak dokumentatutako hainbat zantzurekin ere, hala nola amarruz prestatutako hitzorduarekin edo Aljeriako loturarekin.

Memorialaren jarrerak agerian uzten du "barne-doikuntzaren" kontakizuna ez dela kazetaritza-erabaki hutsa, baizik eta aukera politiko eta instituzionala ere badela; eta horrek, neurri handi batean, auzia argitzea oztopatzen du.

3. Zantzu berriak eta eguneratutako pista zaharrak: hedabideek kontatzen ez dutena

Hedabideetako zarata gorabehera, ikerketa independenteak ere existitzen dira. Iñaki Egaña historialariak eta Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko auzi-medikuak urteak eman dituzte auzia ikertzen. Egaña ezker abertzaleko historialaria da, euskal gatazkari eta frankismoaren errepresioari buruzko lan ugariren egilea. Etxeberria, berriz, Aranzadi Zientzia Elkarteko auzi-medikua da; Gerra Zibileko eta frankismoko hobi komunen indusketetan parte hartu du, baita Euskal Herriko behartutako desagerpen ugari ikertzen ere. Bere lanik ezagunenen artean daude Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak identifikatzea eta berreskuratzea. Perturren auzian egin duten elkarlana funtsezkoa izan da. Horren emaitzak bildu ditu Egañak Objetos perdidos (2021) liburuan; bertan, 2017ko UPV/EHUren txostenean agertzen ez ziren iturri eta lekukotasun berriak argitaratzen ditu. Bertan defendatzen du Perturren desagerpena ez zela ez krimen pasionala, ezta mendeku hutsezko barne-ekintza ere; aitzitik, litekeena dela Espainiako zerbitzu sekretuek —eta agian Frantziakoek ere— antolatutako inteligentzia-operazio bat izatea, motibazio geopolitikoekin. Egañak bildutako aurkikuntza berriek, ondoren xeheago azalduko ditugunek, garrantzi berezia dute:

  • Perturrek desagertu zen egunerako jasotako hitzordua faltsua zen; ez zuen ustezko iturriak bidali. Mugalde liburudendaren bidez prestatutako tranpa-hitzordua izan zen, eta konfiantza osoko militante batek, Joseba Aulestia Zotza-k, helarazi zion. Beste errefuxiatu batek, Sabin Atxalandabasok, antzeko hitzordu bat jaso zuen, baina susmagarria iruditu zitzaionez baztertu egin zuen.

  • Donibane Lohizunetik Behobiako mugara benetako joan-etorria 20 minutu ingurukoa izan zen, eta ez Francisco Mujika Garmendia Pakito-k Frantziako Poliziari adierazitako bi ordukoa. Horrek gezurra esan zuela frogatzen du, nahiz eta horrek ez duen nahitaez Perturren desagerpenarekin loturarik izan behar.

  • Desagertu baino aste batzuk lehenago, Pertur Sabin Atxalandabasorekin batera Aljeriara joana zen ETA (pm)-ko militanteentzat prestakuntza militarra negoziatzera, Mendebaldeko Saharako krisi betean. Horrek erakundea eta bere buruzagiak Espainiako zein Frantziako zerbitzu sekretuen jomugan jarri zituen.

  • Frantziako espioitza-zerbitzuetako agente batek Atxalandabasori Perturren truke Carlos Txakalari buruzko informazioa eskaini omen zion, Frantziak bilatzen zuen nazioarteko militante palestinazalearen ingurukoa.

Azken pista horiek, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren (GEBehatokia) txostenarekin batera —desagerpena "hain eraginkortasunez eta zehaztasunez" antolatzeko gaitasuna zerbitzu sekretuek baino ez zutela ondorioztatzen duen txostenarekin—, oso bestelako agertokia marrazten dute hedabide nagusiek eskaintzen dutenarekin alderatuta. Hedabide nagusiek frogarik gabe "barne-garbiketaren" kontakizuna errepikatzen duten bitartean, Egañaren eta Etxeberriaren ikerketek, urtez urte, pista berriak ekarri dituzte. Pista horiek kontakizun nagusia zalantzan jarri dute, eta bestelako hipotesi bat indartu da: motibazio geopolitikoa zuen inteligentzia-operazioarena.

Aurkikuntza hauek garrantzi handia izan arren, ez El País-ek, ez El Diario Vasco-k, ez elDiario.es-ek, ez Terrorismoaren Biktimen Memorialak ez dituzte beren erreportajeetan aipatu ere egin. Aurrez ezarritako kontakizunarekin bat ez datorren guztia baztertzeko estrategia bera errepikatzen dute. Azter dezagun, beraz, zeintzuk diren ekarpen berri horiek: zer argitzen duten, zer berrantolatzen duten eta zein elementu komeni den berriz mahai gainean jartzea.

Tranpa-hitzordua: aurrez prestatutako operazioa

Egañaren aurkikuntza garrantzitsuenetako bat da berrestea Perturrek 1976ko uztailaren 23rako jaso zuen hitzordua faltsua zela. Ez zen benetako kontaktu batek deitutako bilera, baizik eta tranpa-hitzordu bat, segurtasun-etxebizitzatik atera eta arrisku egoeran jartzeko prestatua. Egañak gogorarazten du hitzordua Hendaiako Mugalde liburu-dendaren bidez antolatu zela, garai hartan Ipar Euskal Herrian ETAko militanteen topaleku eta mezularitza-gune ohikoa zena. Baina benetako berritasuna ez da tokia, baizik eta erabilitako metodoa: oharra Joseba Aulestia Zotza-k, Perturren konfiantza osoko militanteak, bere etxean bertan eman zion, uztailaren 23ko goizean goiz. GEBehatokiaren txostenak datu hori berresten du: "1976ko uztailaren 23rako egiaztatutako hitzordu bakarra Pausun (Behobiako mugan) goizeko 11:30erako ezarria zegoena zen. Era berean, baieztatu ahal izan dugu Joseba Aulestia Zotza-k goiz hartan bertan, lehen orduan eta Perturren etxean, ohar bat eman ziola eskura. Beraz, bi komunikazioak Perturrentzat erabateko konfiantzazko kanal baten bidez iritsi ziren, Bereziek kontrolatzen ez zuten kanal baten bidez".

Datu horrek kolpe handia ematen dio Berezien hipotesiari. Izan ere, Bereziek benetan Pertur bahitu eta desagerrarazi nahi izan balute, ez lukete Aulestia bezalako konfiantzazko militante bat erabiliko; are gutxiago Perturren ildo politikokoa zen militante bat, eta ez Berezien ingurukoa. Tranpa-hitzordua Perturrek inolako susmorik izan ez zezan diseinatu zen, segurtasun-etxetik inori ezer esan gabe atera zedin. Eta mezulari lanetarako Aulestia aukeratzeak erakusten du operazioa antolatu zuenak ETAren barne-funtzionamendua ezagutzen zuela, baita Perturren konfiantzazko ingurunea ere.

Baina bada beste elementu esanguratsu bat ere. Egañak eta GEBehatokiak dokumentatu dutenez, Sabin Atxalandabasok, Perturren lankideak Bulego Politikoan eta ETA (pm)-ren nazioarteko aparatuaren arduradunak, ia aldi berean antzeko beste tranpa-hitzordu bat jaso zuen. Atxalandabasori, ordea, oharra berandu iritsi zitzaion, eta susmagarria iruditu zitzaionez, baztertu egin zuen. ETA (pm)-ko zuzendaritza politikoko bi kideri ia une berean bidalitako hitzordu faltsu bana ezin da kasualitate hutsez azaldu. Norbait Bulego Politikoko buruzagitza bahitu edo desagerrarazi nahian zebilen. GEBehatokiaren arabera, "Perturren heriotzaren inguruabarrak 50 urte igaro ondoren ere argitu ez izanaren arrazoia da hura atxilotzeko informazioa Poliziari eman zion pertsonaren anonimotasuna babesteko nahia".

Joan-etorriaren benetako iraupena: 20 minutu, ez bi ordu

Egañaren liburuan jasotzen den beste aurkikuntza garrantzitsu batek Donibane Lohizune eta Behobia banatzen dituzten hamabi kilometroak egiteko behar izan zen denborarekin du zerikusia. Pakitok Frantziako Poliziaren aurrean adierazi zuen Renault 5 hartan bi ordu eman zituztela bidea egiteko, goizeko 09:40etatik 11:30era arte. Denbora-tarte hori izan da urte luzez hedabideek "autoan zerbait arraroa gertatu zelako" froga nagusitzat aurkeztu dutena.

Egañaren ustez, ordea, baieztapen hori gezurrezkoa da. Lekukoak elkarrizketatu eta datuak gurutzatu ondoren, ondorioztatu zuen bidaia 20 minutu ingurukoa izan zela, distantzia horretarako ohikoa den denbora, alegia. Lekukoen bidez egiaztatutako datu bat eskaintzen du: 11:50ean Pakito eta Apala jada Hendaiako La Poste tabernan zeuden, beste militante batzuekin elkartuta. Horiek beraiek baieztatu zuten han ikusi zituztela. Horrek esan nahi du, Behobiara 11:30ean heldu eta handik Hendaia aldera itzuli baziren, 11:50ean tabernan egotea guztiz bateragarria dela 20 minutuko joaneko eta beste hainbesteko itzuliko bidaiarekin.

Zergatik esan zuen gezurra Pakitok? Horrek ez du zertan esan nahi Pertur bidean hil eta desagerrarazi zutenik. Baliteke gezurra beste jarduera klandestino batzuk estaltzeko esan izatea, Poliziari azaldu nahi ez zizkioten bestelako kontuak babesteko. Edonola ere, hamarkadetan Berezien aurkako salaketaren zutabeetako bat izan den "ordu eta erdiko hutsune susmagarria" ere erori egiten da.

GEBehatokiaren txostenak ez du xehetasun hori zuzenean aztertzen, baina beste ondorio garrantzitsu bat azpimarratzen du: egileak Bereziak izan balira, "ez zuketen operazioa beren bi aurpegirik ezagunenekin gauzatuko", Perturrekin desagertu aurretik inolako lotura ikusgarririk izatea saihestuko baitzuten. Izan ere, Pakito eta Apala benetan egileak izan balira, ez luke zentzurik Perturrekin Donibane Lohizuneko kaleetan denen bistan ibiltzeak, beste militante batzuek elkarrekin ikusi zituztela baieztatu izanak, edo beraiek aitortu izanak Perturrekin egon zirela. Eta, hain zuzen ere, hori guztia gertatu zen.

Aljeriako lotura: motibo geopolitikoa

Egañaren ikerketako aurkikuntzarik garrantzitsuena —eta, agian, operazio osoari zentzua ematen diona— Perturren eta Aljeriaren arteko lotura da, Mendebaldeko Sahararen krisiaren testuinguruan. Historialariak dokumentatzen du Pertur eta Atxalandabaso Aljeriara joan zirela desagertu baino aste batzuk lehenago, Aljeriako Nazio Askapenerako Fronteko (FLN) zuzendaritzarekin elkartzera. Helburua zen adostea ETA (pm)-ko hamarnaka militantek Aljeriako Poliziaren instalazioetan, Souman, prestakuntza jasoko zutela.

Garai hartan Aljeria nazio-askapen mugimenduen eta Sobietar Batasunaren aliatu nagusietako bat zen. Era berean, Mendebaldeko Sahararen askapen-gerran Fronte Polisarioaren babesle nagusia zen. GEBehatokiaren txostenak ere berretsi egiten du hori: "Espainiako Poliziak eta enbaxadak harreman horiek zelatatu zituzten, eta horixe da biei aldi berean, barne-bideetatik, tranpa-hitzordu bana helarazi izana azaltzen duen lotura nagusia".

Aljeriako loturak Perturren desagerpena Gerra Hotzaren eta Afrika iparraldeko tentsio geopolitikoen testuinguruan kokatzen du. Espainiak, Mendebaldeko Sahara oraindik de iure administratzen zuen estatu gisa, interes zuzena zuen ETA (pm)-k Aljeriarekin harreman militar iraunkorrak ez ezartzeko. Horrelako akordio batek Madrilentzat porrot diplomatikoa ez ezik, arrisku militarra ere izango zukeen.

Frantziak ere mesfidantzaz ikusten zuen bere eragin-eremuan jarduten zuten mugimendu independentista eta sozialistek atzerritik jasotzen zuten edozein babes. Horregatik, Egaña urrats bat harago doa, eta Frantziako zerbitzu sekretuen balizko inplikazioa ere aipatzen du. Haren ikerketaren arabera, Pertur desagertu ondoren, Frantziako inteligentzia-zerbitzuetako agente batek Sabin Atxalandabasori honako trukea proposatu zion: "Perturren berri emango dizuegu, baldin eta Carlos Txakalari buruzko informazioa ematen badiguzue". Carlos Txakala —Palestinaren aldeko militante internazionalista venezuelarra, Parisek "terrorismoa" leporatuta lehentasunezko jomuga bihurtua— Frantziako zerbitzu sekretuen helburu nagusietako bat zen. 1975ean, ETA (pm)-ko hainbat militantek prestakuntza militarreko ikastaroak jaso zituzten Yemenen, eta han Carlos Txakalarekin topatu ziren. Egañak ezin du erabat baieztatu Frantziako zerbitzu sekretuek egindako ustezko eskaintza hori benetakoa izan zenik. Hala ere, hala izan balitz, orain artekoei hirugarren ikerketa-ildo osagarri bat gehituko lieke.

Kontakizun ofiziala kolokan jartzen duen kontraesana

Aljeriako auziak badu beste garrantzi bat ere, hedabide nagusiek inoiz planteatu ez duten galdera bat mahai gainean jartzen baitu. Pertur benetan "posibilista" bat bazen, borroka armatua utzi eta "demokrazia besarkatu" nahi zuena —hedabide eta sektore politiko nagusiek aurkezten duten bezala—, zergatik joan zen Aljeriara desagertu baino aste batzuk lehenago Berezientzako goi-mailako entrenamendu militarrak negoziatzera? Erantzuna sinplea da, eta errotik eraisten du urte luzez eraiki den kontakizunaren oinarria: borroka armatua uztea inoiz ez zen izan Perturren helburua. Aljeriara egindako bidaiak, FLNrekin antolatutako entrenamenduak eta Aljeriako Gobernuarekin izandako harremanek argi erakusten dute Perturrek borroka armatuaren alde egiten jarraitzen zuela, tresna politiko gisa ulertuta. Borroka armatua zuzendaritza politiko baten kontrolpean eta haren estrategiaren menpe egon behar zuen tresna zen haren ustez.

Ez zen bakezalea, ez erreformista, ezta "posibilista" ere; marxista iraultzailea zen, eta bere estrategia testuinguru historiko berrira egokitzen saiatzen zen, baina gizartearen eraldaketa iraultzailearen helburuari uko egin gabe. Horretarako, Espainiaren eta Frantziaren interes inperialistak Afrika iparraldean kolokan jartzen zituzten aliatuengan bilatu zuen babesa, eta horregatik bihurtu zen jomuga.

Koherentzia eta argitasun horiexekin azaltzen zituen Perturrek bere helburuak Otsagabia ponentzian. Testuak ez du inon ere —ez modu esplizituan, ez inplizituan— armak uzteko aipamenik egiten. Bere egitasmoa euskal langile-klasearen alderdi iraultzailea eraikitzea zen, ez Espainiako demokrazia burgesaren baitan integratzea. Aldiz, badirudi kazetari batek baino gehiagok ez duela ponentziaren edukia irakurtzeko ahaleginik ere egin. Bertsio ofizialistaren alde eraikitako interpretazio-esparru orokorra, eta hura sostengatzen duten hainbat zantzu, behera datoz.

Martin Auzmendik, Perturren burkide eta familiaren abokatu ohiak, hala argitu du Berria-n uztailaren 23 honetan: "Hark ez zuen borroka armatua zalantzan jartzen; ez genuen, ni ere hor nintzen eta. Adierazten genuen egokitzapen bat egin behar zela, eta borroka armatuak herri-mugimenduen lorpenak babesteko egon behar zuela, norabide politikoaren pean. Hortik, batzuek azkenerako esan dute, lasai esan ere, Pertur Bereziek desagerrarazi zutela, borroka armatua bukarazi nahi zuelako. Eta hori ez da horrela; desadostasunak beste batzuk ziren". GEBehatokiak ere hala baieztatu du bere azken txostenean.

Txirrita: falta zen katebegia

1976. urte berean, ETA (pm)-ko beste militante bat ere desagertu zen, eta haren kasuak, paralelismo hutsa edo testuinguru orokorra baino gehiago, Perturren auziarekin lotura operatibo zuzena iradokitzen du. Bernardo Bidaola Txirrita zuen izena; 22 urte zituen eta Lizartzakoa (Gipuzkoa) zen. 1976ko apirilaren 25ean, ETA (pm)-ko komando bat —Gregorio Garitaonaindia Borda, Eulogio TalaveraTala eta Txirrita bera, 18 urteko Iñaki Hernandez mugalari gaztearekin batera— Sara (Lapurdi) eta Etxalar (Nafarroa) arteko muga zeharkatzen saiatzen ari zen. Haien egitekoa Martuteneko espetxetik (Donostia, Gipuzkoa) aurrez prestatuta zegoen ihesaldi bati babesa ematea zen, baina operazioa okertu egin zen. Hitzordura berandu iritsi ziren eta, egunsentian, Guardia Zibilaren patruila batekin egin zuten topo. Tiroketa batean Hernandez zauritu eta atxilotu egin zuten; Talak eta Bordak ihes egitea lortu zuten, eta Donibane Lohizunera itzuli ziren; Txirritak, orkatilan zaurituta, kideei aurrera jarraitzeko esan zien, eta desagertu egin zen. Hori izan zen bere kideek bizirik ikusi zuten azken aldia.

Hilabete baino gehiago igaro ondoren, maiatzaren 28an, haren gorpua Sarako baso batean agertu zen. Espainiako Barne Ministerioaren bertsio ofizialaren arabera, "buruan tiro eginda bere buruaz beste egin zuen". Eta hala eutsi zion bertsio horri hamarkadetan, harik eta 2018an Paco Etxeberria auzi-medikuak —Perturren gorpuzkiak bilatzeko lanean ere aritu den berak— autopsia berria egin eta suizidioaren hipotesia erabat baztertu zuen arte. Estatuak gezurra esan zuen, eta hamarkadetan airean egon den galderak erantzunik gabe jarraitzen du: non egon zen Txirrita denbora horretan guztian, eta nork hil zuen?

Eta zer lotura du horrek guztiak Perturrekin? Egañak kasu honetan xehetasun esanguratsu bat argitzen du, hedabide handiek sistematikoki baztertu dutena: Txirrita Aljeriatik itzuli berria zen harrapatu zutenean. Perturrek eta Atxalandabasok negoziatzera joandako entrenamendu berberetan parte hartu zuen. Hortaz, Bidaolak bazekien nortzuk izan ziren parte-hartzaileak, zein izan ziren datak, zer harreman izan zituzten FLNrekin eta operazioaren xehetasun logistikoak zeintzuk ziren. Guardia Zibilak, bere aldetik, zehazki zekien non eta noiz atzeman behar zuen komando hura.

Egañak argi azaltzen du:

"Espainiako zerbitzuek atxiloketaren eta torturaren bidez lortuko zuten milien entrenamenduei buruzko informazioa. Aljeriara joandakoen datuak eta izenak hilabete batzuk geroago argitaratuko ziren, Alberto Semprunek sinatutako sakoneko erreportaje batean. Baina, itxura guztien arabera, Poliziak oso informazio gutxi zuen ETA (pm)-ri buruz. Salbuespen bakarra Bernardo Bidaola Txirrita-ren bidez lortutako informazioa izan zen; ETA (pm)-ko militante hura 1976ko apirilaren 25ean atxilotu zuten Etxalarko mugan. 42 egun geroago agertu zen hilik, atxilotu zuten lekutik gertu. ETA (pm)-ko zuzendaritzaren arabera, Iruñeko Guardia Zibilaren kuartelera eraman zuten, eta han hil zen tortura-saio batean. Atxilotu aurretik, Bidaola Aljeriako entrenamenduetatik itzuli berria zen".

Dirudienez, Txirritari torturapean ateratako informazioari esker, inteligentzia-zerbitzuek Pertur eta Atxalandabaso identifikatu ahal izan zituzten Aljeriarekin egindako negoziazioen arduradun gisa, eta haiek ezabatzeko operazioa prestatzen hasi ziren. Hilabete batzuk geroago Alberto Semprunek argitaratutako artikuluan Aljeriara joandako militanteen izenak plazaratu ziren, baina ez zen ikerketa-kazetaritzaren emaitza izan; aitzitik, filtrazio bat izan zen Perturren aurkako "ehiza" zilegiztatzeko eta hura jomuga bihurtzeko diseinatua. Beste behin ere, prentsak polizia- eta inteligentzia-aparatuen bozgorailu lana egin zuen, eta beste diana bat jarri zion Perturri.

Gainera, Txirritaren eta Perturren kasuek agerian uzten dute agintariek eta hedabide nagusiek desagerpenen aurrean jokatzeko eredu berbera erabili dutela. Txirritaren kasuan, Barne Ministerioak bere buruaz beste egin zuela asmatu zuen; Paco Etxeberriaren lan forentseak, ordea, gezurtatu egin zuen bertsio hori. Perturren kasuan, Poliziak lehenik trukearen zurrumurrua zabaldu zuen, eta ondoren prentsak "barne-kontuen garbiketaren" hipotesia finkatu zuen, Bereziak errudun seinalatuz. Zergatik sinetsi behar zaie Perturren desagerpenari buruz? Zergatik eman behar zaie sinesgarritasuna mende erdiz bertsio bera behin eta berriz errepikatu dutenei?

Etxalarko leizeak 

Hala ere, Egañaren ikerketa ez zen artxiboetan eta lekukotasunetan amaitu; landa-lanean jarraitu zuen. 2016an, pista batek Txirrita desagertu zen tokiraino eraman zuen. Ordurako hilda zegoen kontrabandista ohi batek, hil aurretik, aitortu zuen Txirritaren gorpua Etxalar inguruko leize batera botatzeko asmoa zutela, eta hainbat kontrabandistak parte hartu behar zutela operazio hartan. Baina ustekabeko gorabehera batek plana zapuztu zuen, eta gorpua zuhaitz baten ondoan utzi behar izan zuten; han aurkitu zuten gero. Aitorpen horretan benetan egonezina sortzen duena da kontrabandista berberek, hilabete batzuk geroago, beste gorpu bat desagerrarazteko enkargua jaso zutela. Oraingo hartan, bai: gorpua Txirritarentzat prestatutako leize berean behera bota zuten. Egañak ez du espekulatzen, baina galdera airean uzten du: 1976an dokumentatutako beste desagerpenik ez bazegoen, baliteke bigarren gorpu hura Perturrena izatea?

Hipotesi horrek bultzatuta, Egaña Etxalarrera joan zen Paco Etxeberria auzi-medikuarekin batera. Metal-detektagailua eta eskaladako materiala hartuta, ingurua miatu zuten Gorka Endazarekin batera; hark jaso zuen kontrabandistaren lekukotasuna. Hainbat leize aztertu zituzten, baina inork ez zuen emaitza argirik eman: bata estuegia zen, eta bestea urez gainezka zegoen; horregatik, bilaketa bertan behera utzi behar izan zuten, arrastorik aurkitu gabe. Egañak eta Etxeberriak Etxalar bisitatu eta aste batzuetara, Endazak datu harrigarri baten berri eman zien: aztertutako leizeetatik gertu zegoen beste bat hainbat zementu-palakadaz itxita agertu zen. Hori guztia haiek handik igaro ondoren gertatu zen, norbait urduri jarri izan balitz bezala.

Mugalarien arrastoaren atzetik

Etxalarren agertutakoa ikusita, Egañak orain arte behar bezala aztertu ez den ikerketa-ildo bat seinalatzen du: mugalariena, mugako pasabideetan aditu zirenena. Txirritaren taldeak Iñaki Hernandez mugalari gaztearen laguntza zuen; mendiko bideak ondo ezagutzen zituen, eta komandoa gidatzeko kontratatu zuten. Kontrabandistak ziren mugako pasabideak benetan ezagutzen zituzten bakarrak, eta bai ETAk bai Guardia Zibilak erabiltzen zituzten. Baina Etxalarko gertakariek agerian utzi dutena lankidetza hutsetik harago doa: mugalari batzuk ez ziren informazioa ematera mugatzen; desagerpen-operazioetan zuzenean parte hartu zuten. Gorpu bat leize batera eramatea edo hilabete batzuk beranduago beste gorpu bat desagerraraztea ez zen edonork egin zezakeen lana: lurra ondo ezagutzea, diskrezioa eta, batez ere, isiltasuna eskatzen zituen.

Eta bigarren gorpu hura Perturrena izan balitz? Egañak ez du galdera horri erantzuterik, baina ez du aukera baztertzen ere. Hipotesi horrek mugalariak kokatzen ditu Txirritaren kasutik harago doan trama baten erdigunean. Bidaolaren gorpua eramaten parte hartu zuten kontrabandista berberak izan zitezkeen, agian, Perturren gorpua desagerrarazteko arduradunak ere. Zerbitzu sekretuek inteligentzia-operazio baten arrasto oro ezabatu nahi bazuten, eta horretarako leizeak erabiltzea erabaki bazuten, mugalariak ziren gorpu bat sekula ager ez zedin bermatzeko gai ziren bakarrak. Nolanahi ere, gaur-gaurkoz, hori hipotesi hutsa baino ez da.

Txirrita hil ondoren, inguruko mugalari askok ibilgailuen eta pertsonen mugimendu susmagarriak ikusi zituzten hurrengo egunetan. Hala ere, orain arte oso gutxi mintzatu dira. Isiltasunak hamarkadetan iraun du; denborak aurrera egin ahala, sekretu asko hilobira eramaten dira. Endazak jaso eta Egañari helarazitako hildako kontrabandistaren aitortzak ikerketa-ildo berri bat irekitzen du, orain arte ia landu gabea: nork eman zuen Txirritaren gorpua lekualdatzeko agindua? Nork agindu zuen, hilabete batzuk geroago, bigarren gorpu bat leize berera botata desagerraraztea? Zer harreman zuten mugalariek Perturren bila ari ziren inteligentzia-zerbitzuekin eta poliziekin?

1976an inguru hartan jardun zuten kontrabandistak galdekatzea eta Poliziaren artxiboak desklasifikatzea giltzarri izan liteke Txirritaren gorpua nork eraman zuen, "suizidioa" muntatzea nork agindu zuen eta torturapean zer informazio atera zioten argitzeko. Baina, aldi berean, Perturren aztarnari buruzko arrasto berriak ere eman litzake. Mugako bideak, leizeak eta isiltasunak ezagutzen zituzten mugalariak dira, agian, estatuak mende erdiz giltzapean gorde duena argitara atera dezaketenak. Badirudi hau ere estatuarentzat deserosoa den beste auzi bat dela: ezkutuko operazioak ikertzen direnean, harimutur batetik tiraka mataza osoa ateratzen da sarri.

Pancorbo Operazioa eta Ameyugoko pista

Txirritaren eta Perturren kasuak Pancorbo Operazioa izenez ezagutzen denaren testuinguru historiko berean kokatzen dira. Gerra zikinaren plan sekretu hori Jose Antonio Saenz de Santa Maria jeneralak berak aitortu zuen, eta Pau Cassenellesek bere doktorego-tesian sakon aztertu du. 1975ean diseinatutako operazio haren helburua Burgosko Pancorbon euskal militanteak atxilotzeko, galdekatzeko eta desagerrarazteko zentro bat —chupadero bat— ezartzea zen, Argentinako diktaduraren metodoen antzera. Garai hartan bertan Argentinako buruzagi militar batzuk Madrilen izan ziren beren esperientzia partekatzen, eta haietako batzuek, lankidetza horrengatik, dominak jaso zituzten; izendapen horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) ere argitaratu ziren.

Saenz de Santa Mariak bere oroitzapenetan azaldu zuenez, Pancorboko Operazioa gauzatzeko agindua Manuel Fraga Iribarne ministroak eman zuen. 1975eko ekainetik aurrera, 30 atentatu inguru egin zituzten Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen aurka. Estatuaren inpunitatearekin jarduten zuen sare antolatu horren barruan, Txirritaren desagerpena eta ondorengo heriotza estrategia errepresibo beraren entsegu orokorra edo beste atal bat izan zitezkeen; hilabete batzuk geroago, modu are isilpekoagoan eta metodo finduagoekin, Perturren kasuan berriro errepikatuko zena. Gorpua agertu izanaren aldeak —Txirritarena ustekabe baten ondorioz azaldu zen desagerrarazten saiatzen ari zirenean; Perturrena, aldiz, ez zen inoiz agertu— desagerpen-metodoen bilakaeraren ondorio izan zitezkeen: gero gezurtatutako "suizidio" gisa mozorrotutako exekuzio estrajudizialetik, arrastorik gabeko bahiketara igaroko ziren, iritzi publikoa beste susmagarri batzuengan jarrita.

Pancorbo Operazioa ustekabeko modu batean gurutzatu zen Perturren auziarekin. 2019an, Etxalarren huts egin zuen bilaketatik hiru urtera, Egañak eta Etxeberriak Ameyugoko (Burgos) hilerrian Perturren deskribapenarekin bat zetorrela zirudien gorpu bat hobitik atera zuten: 25 urte inguruko gizon gazte bat, eskuak lotuta zituena, buruan bi tiro eta tortura-zantzuekin. Aste batzuetan, Egaña eta haren taldea sinetsita egon ziren azkenean desagertuaren gorpuzkiak aurkitu zituztela. Baina DNAren azterketak hipotesi hura ezeztatu zuen.

Hobitik ateratako gorpua ez zen Perturrena. Hala ere, aurkikuntza hark, Pancorbo Operazioaren testuinguruan kokatuta, errepresio-aparatuek erabilitako metodoak hobeto ulertzeko balio du. Nortasuna ezin izan zitzaion egiaztatu, baina litekeena da Gerra Zibilean hildako pertsona batena izatea, 1950eko hamarkadan hilerri berrira eramana. Hilkutxarik gabe lurperatua zegoen, hil-oihalik gabe, eskuak elkartuta eta oinetako behatzak anputatuta; xehetasun horiek guztiek aurretiaz torturak jasan zituela iradokitzen dute.

Egañak gorpuzki horiek Pancorbo Operazioarekin lotzen ditu: Ameyugo Pancorbotik kilometro gutxira dago, eta inguru hura hamarkadetan preso politikoak exekutatzeko eta desagerrarazteko erabili zen; lehenik Gerra Zibilean eta diktadura frankistan, eta gero Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren aurkako gerra zikineko operazioen barruan.

Zer egiten zuen ezaugarri horiek zituen gorpu batek Pancorbo Operazioaren eremutik hain gertu? Galderak zabalik jarraitzen du, baina eredua nabarmena da: ezkutuko operazio bat inguru berean, exekuzio estrajudizial bat, arrastorik gabeko desagerpen bat, eta historia historiaren gainetik gainjartzen den leku bat; toki bat non Gerra Zibilean faxismoak exekutatutakoen eta Trantsizioan desagerrarazitakoen gorpuak itzal beraren azpian, ahanztura beraren pean, elkarren ondoan datzaten.

Pistolari neofaxisten lotura eta seinalatze-kanpaina

Egañak, halaber, Perturren desagerpenaren aurretik haren aurka abiatu zen jazarpen- eta seinalatze-kanpaina dokumentatu eta berriz ekartzen du gogora. Hedabide nagusiek, ordea, isilarazi egiten dute testuinguru hori, arreta guztia ETA (pm)-ren barne-tentsioetan jarrita. Hala ere, ezinbestekoa da giro hori kontuan hartzea bahiketa zein indarkeria- eta mehatxu-testuingurutan gertatu zen ulertzeko:

  • 1975eko azaroan, Moreno Bergaretxe familiaren etxebizitzaren aurkako atentatua: bi granada jaurti eta metrailatu egin zuten.

  • 1976ko martxoan, prentsan argitaratu zuten Pertur omen zela Ipar Euskal Herrian zerga iraultzailearen arduraduna, eta horrela jomuga ikusgarri bihurtu zuten.

  • 1976ko martxoaren 25ean, ABC egunkariak Perturren bi argazki argitaratu zituen, Berazadi industrialariaren bahiketaren ustezko antolatzaile gisa aurkeztuz.

  • 1976ko maiatzaren 30ean, La Voz de España egunkariak Pertur eta Apala hiltzearen truke 10 milioi pezetako saria eskaini zuen.

  • 1976ko apirilaren hasieran, Perturren ama bahitu zuten, eta hiru egunez atxikita eduki zuten Lopez Maturana komisarioaren etxean, Segurtasun Zuzendaritza Nagusiko goi-kargudun baten aginduz.

Muturreko jazarpen-kanpaina horrek —polizia-jazarpena, hedabideen manipulazioa eta talde paramilitar faxisten mehatxua uztartzen zituenak— arrisku larria eragin zuen Perturrentzat eta haren familiarentzat. Eta testuinguru horretan bertan, tranpa-hitzorduak zentzu osoa hartzen du: norbait lurra lantzen ari zen Pertur ezabatzeko.

Hipotesi alternatiboa: inteligentzia-operazio bat

Zantzu horiek guztiak kontuan hartuta, Egañaren hipotesitik eta GEBehatokiaren txostenetik ondorio hauek atera daitezke:

  • Pertur eta Atxalandabaso, ETA (pm)-ko Bulego Politikoko kideak, Aljeriara joan ziren militanteen prestakuntza instalazio militarretan negoziatzera.

  • Espainiako zerbitzu sekretuek —eta, baliteke, baita Frantziakoek ere— harreman horien berri izan zuten, eta mehatxu geopolitikotzat jo zituzten.

  • Zerbitzu sekretuek bi buruzagiak ezabatzeko operazioa prestatu zuten, bereziki Perturren aurka. Horretarako, tranpa-hitzorduak antolatu zituzten, segurtasun-etxetik susmorik piztu gabe irten zedin.

  • Baliteke operazioak Italiako neofaxisten laguntza ere izatea; garai hartan Ipar Euskal Herrian jarduten zuten Espainiako Poliziaren babespean. Italiako 11305/88 sumarioak bahiketa- eta desagerpen-aginduei buruzko aitorpenak jasotzen ditu, Perturren kasuarekin bat datozenak.

  • Pakito eta Apala distrakzio gisa erabili zituzten, edo, besterik gabe, kasualitatez elkartu ziren Perturrekin; haien adierazpenak manipulatuta erabili ziren arreta ustezko barne-garbiketara desbideratzeko.

Hipotesi horrek azalduko lituzke Bereziak erruduntzat jotzen dituen kontakizunak oraindik argitu ezin izan dituen elementu guztiak:

  • Zergatik zen hitzordua faltsua, eta zergatik helarazi zitzaion konfiantzazko kanal baten bidez? Inteligentzia-operazio bat zelako, ez barneko kontu-garbiketa bat.

  • Zergatik ez zen inoiz gorpua agertu? Zerbitzu sekretuek bazutelako gorpu bat arrastorik utzi gabe desagerrarazteko gaitasuna.

  • Zergatik esan zuten gezurra Pakitok eta Apalak? Erakunde armatu klandestino bateko kide izanik, Poliziari gezurra esateko bestelako arrazoiak ere izan zitzaketelako.

  • Zergatik aldarrikatu zuten bahiketa Triple Ak eta Batallón Vasco Españolek? Sigla horiek estatuaren agindupean jarduten zuen sare parapolizialaren parte zirelako.

  • Zergatik seinalatu zuen Segurtasun Zuzendaritza Nagusiak Apala Frantziari bidalitako txostenean? Ikerketa desbideratzeko desinformazio-operazio baten barruan.

Susmo horietako batek ere ez du ia lekurik hedabide nagusien erreportajeetan. Ez dituzte aipatzen Egañaren eta Etxeberriaren ikerketak, ez tranpa-hitzordua, ez Aljeriako bidaia, ez Frantziaren balizko inplikazioa, ezta Perturren aurkako aurretiazko seinalatze-kanpaina ere. Ondorio horietako asko jasotzen dituen GEBehatokiaren txostena ere sistematikoki baztertu edo isilarazi egiten dute.

Egia da Egañak eta Etxeberriak aurkeztutako zantzuak ez direla froga erabakigarriak. Baina nahikoa sendoak dira ikerketa-ildo berri bat zabaltzeko, eta hedabideek, informatzeko duten ustezko betebeharra beteko bazuten, gutxienez bide hori aztertu beharko zuketen. Zentzu horretan, haien isiltasuna eta zantzuen trataera desorekatuak konplizitate-keinu gisa uler litezke, egia argitzea interesatzen ez zaienen mesederako. UPV/EHUren txostenak ohartarazten zuen bezala, "egiletzaren itzalak eta haren ondorio politikoek harlauza baten gisan zapuztu dute ikerketa, erabat eraginkortasunik gabe utzi arte".

4. Estatuaren eta hedabideen arteko aliantza historikoa kontakizuna eraikitzeko

Hedabide nagusiek kontakizun bera partekatzea ez da gaur egungo fenomenoa. Hamarkadetan eraikitako estrategia baten emaitza da, non Estatuak eta komunikabideek eskuz esku jardun duten biei baliagarria zaien gertakarien bertsio jakin bat finkatzeko: estatuari, gerra zikinaren operazio batean izan zezakeen inplikaziotik arreta desbideratzen zaiolako; hedabideei, berriz, kontakizun sinple, ulergarri eta sentsazionalista eskaintzen zielako. Kasu honetan estatuaren eta hedabideen arteko tandemak historikoki nola funtzionatu duen ulertzeko —Pertur aurretik jomugan jarri izanaz gain—, nahikoa da kontakizuna ondoren eraikitzeko funtsezkoak izan ziren bi une gogoratzea.

Segurtasun Zuzendaritza Nagusiaren txostena (1977): bertsio ofizialaren sorrera

Bereziak erruduntzat jotzen dituen bertsioa ez da ez Lourdes Auzmendiren, ez Moreno Bergaretxe familiaren jatorrizko hausnarketa. Izan ere, 1977ko otsailaren 19ra egin behar da atzera: egun hartan Segurtasun Zuzendaritza Nagusiak (DGS) txosten bat bidali zion Jean Michel Larque epaile frantsesari, Perturren desagerpena ikertzen ari baitzen. Espainiako DGSren txostena izenburua zuen dokumentuak, eta epaile frantsesak nazioarteko erregu bidez auziari buruz eskatutako informazioari emandako erantzuna zen.

DGSren txostenak argi erakusten du Espainiako Estatuak, lehen hilabeteetatik bertatik, ikerketa bideratu nahi izan zuela barne-kontuen ustezko garbiketaren hipotesira. Triple Ak eta Batallón Vasco Españolek Perturren bahiketa eta exekuzioa aldarrikatu bazituzten ere, txostenak ez zituen bide horiek ikertu; aitzitik, Apala seinalatu zuen susmagarri nagusi gisa. Horretarako, hiru argudio erabili zituen: 1976ko maiatzeko aurrebatzarrean Perturren eta Berezien artean izandako desadostasun politikoak; Bereziek Berazadi industrialaria exekutatu izanari Perturrek egindako kritika; eta ETA (pm)-ren VII. Batzarra egiten ari zen bitartean desagerpenaren inguruan izan omen zen "isiltasun esanguratsua". Txostenaren ondorioa honakoa zen: "Zantzu horiekin badirudi erakundearen hegal erradikalak zuzenean parte hartu zuela Perturrek bere jarduera terroristak jarraitzeko zekarren oztopo larria ezabatzen".

Arazoa da DGSren txostena, gutxienez, oso lerrokatua dagoela. UPV/EHUren txostenak berak zioenez, "dokumentua nahasgarria da eta ez dator bat errealitatearekin aldarrikapenei eta familiak aurkeztutako salaketari dagokienez". Txosten akademikoaren hitzetan, "interes jakin bateko interpretazioa" zen, faxisten egiletzari sinesgarritasuna kentzea eta barne-kontuen hipotesia indartzea helburu zuena.

DGSk beste argudio zalantzagarri bat ere erabili zuen: ETA (pm)-k desagerpenaren inguruan erakutsitako "isiltasun esanguratsua". Baina isiltasun hori ez zen existitu. ETA (pm)-k hainbat komunikatu plazaratu zituen ondorengo egunetan, Espainiako Polizia eta talde parapolizialak erantzule eginez. DGSk, ordea, nahita ez ikusiarena egin zuen. Izan ere, haren txostenak ez zuen soilik ikerketa Bereziengana desbideratzen; atea ere ixten zuen estatuaren edo talde parapolizialen balizko inplikazioa ikertzeko. Trama neofaxistak ikertzeko bide bat zabaldua zuen epaile frantsesak, baina Espainiako bere solaskideak irtenbide askoz errazagoa eskaini zion: errua ETAri egoztea. DGSk ordurako ezarria zuen kontakizun ofiziala.

Espainiako Irrati Nazionala: trukearen zurrumurrua

Desagerpena gertatu eta egun gutxira, 1976ko uztailaren 28an, Unidad arratsaldeko egunkariak kontakizuna eraikitzeko eragin handia izango zuen gezurrezko albiste bat argitaratu zuen. Perturri buruzko berritasunik ez izenburupean, azpitituluak honela zioen: "ETAko kidea bahitutako bi polizien truke?". Lehen egunetatik polizia-inguruneetan zabaltzen ari zen trukearen hipotesia Espainiako Irrati Nazionalak hedatu zuen; erregimenaren bozgorailu ofiziala zen. 

Trukearen zurrumurrua, egiaz, desinformazio-operazio bat izan zen. Perturren bahiketa 1976ko apirilaren 4an Hendaian bahitutako Espainiako bi poliziaren truke egiteko antolatu zela esatea, gutxienez, espekulazio hutsa zen. Hala ere, polizia-iturriek etengabe zabaldu zuten hipotesi hori, eta hedabideek inolako kontrasterik gabe jaso zuten. UPV/EHUren txostenak dioenez, "informazio horrek aurkezten duen hipotesia esanguratsua da, iturria Espainiako Irrati Nazionala dela kontuan hartuta; izan ere, ohikoa zen polizia-jatorriko informazioak hedatzea". Gezur horrek bi helburu zituen. Batetik, Triple Aren eta Batallón Vasco Españolen aldarrikapenetatik arreta desbideratzea, haiek talde parapolizialak seinalatzen baitzituzten. Bestetik, Pertur truke-joko baten peoi gisa aurkeztea, eta ez estatuaren inteligentzia-operazio baten biktima gisa. Trukearen kontakizunak, inoiz frogatu ez bazen ere —eta, gainera, Berezien hipotesiarekin kontraesanean bazegoen ere—, Perturren bahiketak berezko logika bat zuelako ideia zabaldu zuen, negoziazio baten parte izango balitz bezala. Horrela, zurrumurruak Pertur bera eta ETA kriminalizatzen zituen, bi polizien bahiketaren erantzule gisa aurkeztuz. Pertur polizien askatasunaren "prezioa" zela iradokitzeak biktima bere zoritxarraren eragile bihurtzen zuen. Propaganda ofizialaren mekanismo klasikoa zen: biktima bera desprestigiatzea.

Apalaren erantzuna

1976ko uztailaren 31n, desagerpena gertatu eta astebete eskasera, La Voz de España eta Pueblo egunkariek Apala susmagarri nagusitzat jotzen zuten informazioa argitaratu zuten. GEBehatokiaren arabera, presioa hain handia izan zen, non Apalak gutun ireki baten bidez erantzun behar izan baitzuen. Euskal Herriari izenburupean, bere jarduna eta militantzia defendatu zituen honako hitzekin: "[...] nire jarduna beti gure Herriaren askatasunaren alde zuzendu dut, eta hala izaten jarraitzen du. Beti jakin izan dut nor diren lagunak eta nor etsaiak".

Urteurren guztietan errepikatzen den kontakizun ofiziala

Eredu bera errepikatu da urteurren guztietan: 1996an, 2006an, 2016an eta orain, 2026an ere, hedabide berberek, argudio berberak erabiliz, argitaratu dituzte barne-kontuen ustezko garbiketaren bertsioa errepikatzera mugatu diren erreportajeak. Iturria ia beti bera izan da: Lourdes Auzmendiren testigantza, Perturren gutuna, ETA (pm)-ko zuzendaritzak Perturren aurkako diziplina-neurriak kentzearen alde egindako 33-30 bozketaren emaitza... Estatua, eskuin muturra eta neofaxistak seinalatzen dituzten pistak, berriz, zeharka baino ez dira aipatzen; haien sinesgarritasuna zalantzan jartzen da, eta airean uzten dira. Interes falta hori ez da epaileena bakarrik izan; hedabideena ere izan da. Izan ere, ikerketan sakontzeko presioa egin beharrean, polizia-iturriek eskaintzen zieten bertsioa errepikatzera mugatu dira.

Oraingoz, 50. urteurreneko estaldura ere beste aukera galdu bat izaten ari da. Kasua berriz ireki, GEBehatokiaren txostenak estatua zergatik seinalatzen duen galdetu, Aljeriako loturaren, inteligentzia-zerbitzuen eta neofaxisten inplikazioa ikertu beharrean, hedabideek aukeratu dute lehendik sinesten zutena errepikatzea. Horretarako Lourdes Auzmendirengana jotzen dute, badakitelako zer kontatuko dien. Ines Moreno Bergaretxeren zuhurtziak ez du lerrobururik saltzen. Eta horrela jokatuta, lagundu dute egiak lurperatuta jarrai dezan, familiak erantzunik gabe segi dezan eta estatuari konturik ez eskatzen. Familiak 2016ko gutunean zioen bezala: "Ez dugu ezer, min eta atsekabe izugarri bat baino ez". Hedabideek urteurren bakoitzean lerroburu sentsazionalistekin elikatzen duten bertsio ofizialak ez du ezer argitu. Aitzitik, gero eta sostengaezinagoa bihurtzen ari den kontakizun bati eusteko baino ez du balio izan.

Martin Auzmendik, Berria-n argitaratutako elkarrizketan, galdera zorrotza egin dio Espainiako Estatuari: "50 urte hauetan zer egin dugu egia jakiteko? Tamalez, ikusi dut Espainiako Estatuak ez duela ikerketa seriorik egin. Eta galdera bat badago hor: Espainiako Estatuak zergatik ez du egin ikerketa serio bat gai honen inguruan? [...] Eskatu nahi dugu estatuak bete dezala Memoria Demokratikorako Legea. Perturren kasua bete-betean sartzen da, 1978ra arteko kasuez hitz egiten baitu".

Ondorioa

Dakitenen isiltasunak mende erdia iraun du. Baina isiltasuna ez da betierekoa. Egañaren eta Etxeberriaren ikerketek, GEBaren txostenak eta hedabideek beren buruari egin nahi ez dizkioten galdera deserosoak pixkanaka arrakalak irekitzen ari dira kontakizun ofizialean. Galdera bera da oraindik ere, 50 urte beranduago: nork desagerrarazi zuen Pertur? Baina bada beste galdera bat, kazetariek beren buruari egin beharko lioketena: zergatik nahiago izan dute 50 urtez gezur bera errepikatu, egia ikertzea baino? Martin Auzmendik bidea erakusten du: "Gure bitarteko eskasekin, baina egia topatzeko egin daitekeena egiten jarraituko dugu, eta ez itxaron estatuak ea zer egingo".