Ez dezagun sekula ahaztu: etsaia mende hartzean datza politika, eta politikoak dira azken helburu horretan laguntzen duten bitarteko guztiak. Horien artean, jakina, argudio onenak izatea edota teoria jakintza gorena izatea garrantzitsua da, horiek ere indar material erraldoi bilakatu daitezkeelako indar antolatu batez jabetzen badira edo, zuzenago, indar modura antolatzen badira. Ez ditzagun, ordea, neurri gabe goraipatu, bere horretan, gaitasun errealekin duten erlazioa kontuan izan gabe. Argudio batek gal dezakeelako etsaiaren ukabilkada baten aurrean, noiz eta nola erabili behar den ulertu ezean.
Ezin uka, ordea, argudiaketa gaitasunak eta maila teoriko altuak garrantzia handia izan dutela gaitasun politikoen antolakuntzan. Baina hori guztia bezain benetakoa, halako latza izan da ere hainbat belaunaldi komunista faxisten fusilaren aurrean erortzen ikustea eta egiaztatzea belaunaldi horien faltan argudiaketak eta jakintzak heldulekurik izan ez dutela, eta atzera egin dutela. Ez zaigu aski arrazoia, bera errealitate bihurtzeko indarra antolatu behar dugu.
Halakoetan, sarri aipatu izan dugun teoria eta politikaren arteko lotura –edo berdina izatea– errealitatearen aurpegi krudelenarekin inposatzen da: gaitasun politikorik ezean, mugimendu errealaren faltan, teoriak ez du izaterik. Argudioak ere antzu dira gorputz sozialik ez badute. Zorionez, etsaiari ez diogu soilik hitzez aurre egin, eta egun, komunismoa, ideia bat baino gehiago, bada egitasmo antolatu bat bereziki, potentzia erreal bat. Esan dezakegu argudioa memeari gailendu zaiola, errealitate krudela fikzio erreala baino argudio hobea baita. Eta eskerrak serio hartu dugun, ona den umorez, txisteak kontatzen dituzten umore txarreko horiek baino gehiago.
Errealitate dosi esan ohi zaio gertatutako atsekabeko egoerari. Krudelkeria ez den arren erreala den bakarra, errealitateak sarri egoera krudel baten beharra izan ohi du ameskeria ez dela argi azaltzeko. Askok dio bromak direla edota sare sozialetan gertatzen direnak ez direla errealitatea; zaplazteko batek sortzen duen mina, ordea, guztiz erreala da, eta erreal egiten du gure kide bakoitzari jaurti dioten irain bakoitza ere, gure kideak irrigarri utzi asmoz egin duten txiste bakoitza. Zaplaztekoa tresna politikoa da, halakoetan. Memea ere bai.
Askok dio bromak direla edota sare sozialetan gertatzen direnak ez direla errealitatea; zaplazteko batek sortzen duen mina, ordea, guztiz erreala da, eta erreal egiten du gure kide bakoitzari jaurti dioten irain bakoitza ere, gure kideak irrigarri utzi asmoz egin duten txiste bakoitza
Eta azkeneko hori ez dugu ahaztu behar. Lau paragrafo gorago esan da. Memea ez da ondo pasatzea helburu duen praktika indibidual soila. Memeak funtzio politikoa du, eta bere helburua etsaia politikoki desaktibatzea da, haragizko egitea, mundu honek sortzen duen gizabanako haragizkoa, zeina kontraesanez beteta omen dagoen eta zeinari ez omen zaion kasu gehiegirik egin behar, esaten duena ere haragia bezain inperfektua baita. Memearen bitartez militante politikoa desegiten da; desegiten da estrategia politiko baten arabera jarduteak ematen dion koherentzia, bere izaera militantea eta bere hitzak, kolektibo baten hitzak diren hitz horiek. Memea subjektibatze-estrategia bat da, hau da, estrategia politiko bat gizabanako isolatu baten buru okerretik datozen ideia kaotiko bilakatzeko tresna da, politika erlatibizatzen duena eta egia desegin, dena efimeroa baita memearen irudirako. Militantea haragizko bilakatzea bere potentzia politikoetatik eta antolakuntza objektibotik erauztea da, azken finean.
Memea estrategia bat da: batzuetan kontzienteki egiten dena, antolatua. Beste batzuetan, estrategia hori ez da gizabanakoen ekintza ez-antolatuaren emaitza baino, hau da, gizabanakoak gizabanako egiten dituen indar sozialaren adierazpena da estrategia hori, zeina gizabanakoek euren praktikan ez ezagutu arren arren, guztien arrazoibidean gailentzen den, gizarte kapitalistako gizabanako antikomunistak baitira. Halakoetan justifikatuta dago komunistei eraso egitea, haietaz trufa egitea eta hori orgasmo kolektiboa bailitzan bizitzea. Agian ez dute aurretiaz pentsatu, baina ondoren ere pentsatu ez dutelako goza dezakete egoera horretaz. Emaitza berdina da, memea kontrairaultzailea da.
Memea ez baita txiste bat, ustezko umoredunek soilik uler dezaketena. Memea arrazoiketa-forma bat da, ez dena argudio sistematizatuan oinarritzen, zentzu komun abstraktuan baizik, baina oinarri politikoa duena, bere emaitza militante politikoen desegitea eta desegite horren bidezko politikaren desartikulazioa zein mespretxua baita. Horrelako eraso zuzenak, norbanakoen gaineko praktika ankerraren itxura hartzen duten eraso horiek dira politika bere formarik gordinenean, biolentziaren eta ukazio bortitzaren forman, eraso horren bidez ez baitute norbanako bat soilik jipoitzen; horren bitartez, hautu politiko bati egiten diote eraso.
Hasierako arrazoiketa-saiakera, etsaia gutxiestea helburu duena, ondoren bilakatzen da broma, eta mugatzen du bromaren hedapena: erantzuna jasotzen deneraino heltzen da txistea, ondoren datorrena ez baita broma soil bat umorez gainezka egiten duenarentzat. Pentsa zein irrigarria litzatekeen pailazokeriak egiten dituen pailazo bati pailazoarena eginez erantzun eta haserretuko balitz. Eta orain pentsa zein irrigarriak diren umorearen atzean ezkutatzen direnak argudio politikoei argudioekin ez erantzuteko, umore ez direlakoan.
Komuniston aurka egiten den memeak ez baitio lehen instantzian politikari muzin egiten, giro alai batean murgiltzeko. Ez da barre egitea bere lehen helburua, etsaiari eraso egitea baizik. Grazia bera, edo txistea, ez dira hargatik memea ezaugarritzen dutenak; memea prozesu bat da non irekita dagoen iheserako aukera: inork argudioekin erantzunez gero, hartarako aukera ixten saiatzen da memea, soilik ondoren, erantzuna jaso denean. Memea saihesbide bat da, lehen instantzian politika bere forma zakarrenean egin duen horrek ondoren baliabide bat izan dezan, bere izaera politikoari uko egiteko: «ez zen nire asmoa argudioak ematea, broma bat egitea baizik», edo «Twitter ez da eztabaidarako gunea». Baina, errealki, inon ere ez dute beren burua ez den beste inorekin eztabaidatzen, edo arrazoia ematen ez dien inorekin, alegia, beren memea onartzen ez duenarekin. Zuzenago esan dezakete: «memetik kanpo dagoena ez da eztabaidarako gunea, eta memea bera ez da eztabaidagarri, broma bat baino ez baita».
Menderakuntza-saiakera politiko irrazional eta bortxazkoaren prozesua agerian geratzen da: lehen urratsa auzi politiko bati mespretxuz erantzutea da, solaskidea gutxietsiz, bera irrigarri uzten saiatuz edota zentzu komuna bere egiten duen mezua zabalduz. Ondoren dator txistea, jatorrizko mezu horrek erantzuna jaso eta zer erantzun ez dakitenean.
Menderakuntza-saiakera politiko irrazional eta bortxazkoaren prozesua agerian geratzen da: lehen urratsa auzi politiko bati mespretxuz erantzutea da, solaskidea gutxietsiz, bera irrigarri uzten saiatuz edota zentzu komuna bere egiten duen mezua zabalduz. Ondoren dator txistea, jatorrizko mezu horrek erantzuna jaso eta zer erantzun ez dakitenean
HEMEN ARGITARATUA