Errakiko zenbait kide
@Errakibabes
2022/09/02

0. SARRERA

Gaur egungo prozesu sozialen gainean izan daitekeen jakintza teoriko eta politikoa ez da egungo gizartearen indar, mugimendu eta baldintzen azterketa sakonaz soilik elikatzen. Beharrezkoa izaten da iraganaren ikerketa historikoa eta ondorio politikoen balorazio ahalik eta zehatzena egitea. Berdin dio auzi estrategiko orokor zein bide-orri taktikoen azterketa izan. Berdin dio borroka kulturalari, askotariko zapalkuntzen genesi eta eraldaketei edota espazioaren gaineko kontrolaren problematikari buruz ikertzen den. Hausnarketa kritikoaren elementu nagusietako bat aurreko esperientzien ikerketa eta posizio kritikoan datza.

Era berean, espazioaren gaineko auzian murgiltzeko behar-beharrezkoa da aurreko mendeetan sistema kapitalistako klase-borrokari berezkoak zaizkion talkek zein ondorio ekarri dituzten hausnartzea: zeintzuk eta nolakoak izan diren jabetza pribatuaren eta proletariotzaren baldintza sozialen artean berezkoak diren gatazkak, zein talka sortu zuten langileriaren lehenengo antolakuntza-formek ekoizpenaren espazio estrategikoak blokeatzeko gaitasuna hartu zutenean, edota Mugimendu Komunistaren teorizazio eta inteligentzia kolektiboak espazioaren eta lurraldearen gaineko kontrolaren eginbehar politikoranzko norabide estrategikoa hartu zutenean.

Okupazioaren kontrako ofentsibak ezaugarritzen duen egungo testuinguruan espazio espropiatuen oraina latza da, baita etorkizuna ere. Espazio okupatuen legitimitatea nabarmen jaitsi da azken bi hamarkadetan, aurreko paradigma politikoa agortu den seinale. Baina joera horri buelta eman eta espazioaren gaineko kontrolaren auzia norabide askatzailean birkokatzeko, beharrezkoa da espazioaren okupazioak izan dituen ulerkera ezberdinak eta haren eraginkortasun zein eraginkortasun eza aztertzea. Kasu honetan, azken paradigma aztertzeko ezaugarritze kritiko orokor bat aurkeztuko dugu, gaur egun okupazioaren praktikaren egoera nabarmen determinatzen duelako eta funtsezko ondorio politikoak eskaintzen dizkigulako.

1. OKUPAZIO-MUGIMENDUAREN PARADIGMARI BURUZKO HAUSNARKETA

1.1 «Okupazio-mugimendua» kontzeptuari sarrera

Azken hamarkadetan militantzia politikoarekin kontaktua izan dugun belaunaldiontzat espazioen okupazioak gauzatu eta espazio horietan jarduera politiko zein kulturala antolatu izan duten taldeak, orokorrean, «okupazio-mugimendu» izenpeak barne hartu izan ditu. 70eko hamarkadatik aurrera sortu eta ezagutarazi zen fenomenoa; kapitalismoaren historian zehar espazioaren gaineko kontrolaren jardunarekin loturiko fenomeno bakar gisa iritsi zaigu, bere baitan gauza ugari biltzen dituen kontzeptu gisa, hain zuzen. Esan beharra dago, hala ere, okupazio-mugimenduak ez dituela gizarte kapitalistan gertatu izan diren eta gertatzen diren espazioen espropiatze guztiak barne hartu eta barne hartzen, hots, soilik garai historiko konkretu batean gertatu zen fenomeno bat identifikatzen duela.

70eko hamarkadatik aurrera sortu eta ezagutarazi zen fenomenoa; kapitalismoaren historian zehar espazioaren gaineko kontrolaren jardunarekin loturiko fenomeno bakar gisa iritsi zaigu, bere baitan gauza ugari biltzen dituen kontzeptu gisa, hain zuzen

Ulerkera hori fenomeno horrek izan zuen zabalpen nabarmenaren ondorio zuzena da, eta egiari zor, espazioen okupazio-prozesuekin loturiko momentu hori paradigmatiko izatera iritsi zen 70eko hamarkadatik XXI. mendearen lehenengo hamarkadara arte.

Fenomeno horrek, oso heterogeneoa izan arren, identifikaziorako elementu komun batzuk izan ohi ditu: gizartearen ulerkera zehatz bat, espazioen apropiazio eta kudeaketarako eskema bat, autoidentifikaziorako elementu batzuk… Egungo egoerara zein eratan iritsi den ikusteak, berriz, paradigma agortutzat jotzera behartzen gaitu. Azkenengo bi hamarkadetan gainbehera nabarmena izan dute «okupazio-mugimendu» deituriko hainbat esperientziak, eta espazio okupatu isolatu batzuk mantentzeaz harago, ez dute espazioaren auzia modu iraultzailean antolatzeko gaitasunik erakutsi.

Okupazioaren praktikarekin loturiko esperientzia multzo hori mundu osoan zehar hedaturik egon izan den arren, hurrengo lerroetan aztertuko dugun prozesua Europako lurralde ezberdinetan izen berdintsua hartu zuten esperientziekin lotua dago. Horren harira, fenomenoaren azterketaren nolakotasunari buruz esan behar da okupazio-mugimenduaren ezaugarritze orokor bat garatzen saiatuko garela, eta ez garela hainbeste esperientzia konkretuetan eta paradigmaren bilakaera historikoan zentratuko; batasun bat erakusten duten oinarri orokorgarriak aztertuko ditugu eta horri buruz hausnartuko dugu.

1.2. Testuinguruak guztiz baldintzaturiko fenomenoa

Okupazio-mugimendua 70eko hamarkadatik aurrera garatu ziren eraikinen espropiatze praktiketatik sortu zen. Praktika horiek, nola ez, ez ziren bat-batean eta garaiko testuingurutik bereizita sortu. Kontrara, hamarkada horietan lotura zuzena zuten maila globalean eta indar bereziz Mendebaldeko bloke geopolitikoan gertatu ziren aldaketa sakonekin. Hirutan banatu ditzakegu aldaketa horien dimentsioak, nahiz eta batak bestearekin lotura zuzena duten nahitaez.

1) 70eko hamarkada hasierarako, Kapitalaren egitura ekonomikoa aldaketa garai bat bizitzen ari zen, eta 1973. urtean gertaturiko Petrolioaren Krisiak egoera hori areagotu besterik ez zuen egin; 60eko hamarkadaren bukaeratik jada metaketa-­eredu fordista eta keynestarraren agorpen-zantzuak nabaritzen hasiak ziren, eta horiekin batera, «urrezko urteen» amaiera azaleratzen hasia zen.

Europako industria-ekoizpenaren geldialdiak eta inflazioak aurreko hamarkadetako ekoizpen-­estrategiak berritu beharra adierazten zuten, eta aurreko hamarkadetako klase arteko nazioarteko itunaren eta horri loturiko Ongizate Estatuaren agorpen-sintomak agertu ziren. Langabezia iraunkorra igo egin zen, eta urte gutxitan jaitsi egin ziren bizi-maila eta kontsumo-gaitasuna. Horrek, besteak beste, asko zailtzen zuen etxebizitza izateko aukera.

Krisi testuinguru hartan, enpresetan antolakuntza-logika berriak nagusitu ziren: ekoizpen-sistema malguagoak, erregularizazio gabeko lan gehiago eta lan prekarioagoa, teknologiaren garapenean are gehiago zentratua, eta inoiz baino gehiago mundu mailako korporazio handietan oinarritua. Metaketa-formula postfordistari ateak ireki zitzaizkion, eta hala, Europan, eskala orokorrean lan industriala desartikulatu zen eta lan-zentro handiak sakabanatu ziren. Gainera, tertziarizazio-prozesua gertatu zen. Espazio fisikoa ere birkatalogatu eta birdefinitu egin zen. Garai hartan, pribatizazio- eta espekulazio-prozesuen garrantzi ekonomikoa handitu zen, baina hutsik eta ez-produktibo gelditu ziren espazioak ere asko zabaldu ziren.

Aurreko ziklo produktiboaren agorpenarekin, beraz, zentro inperialistetako gizarteetan ere aldaketa sakonak gertatu ziren, inoiz baino gehiago testuinguru politikoaren eraginez.

2) Azken finean, XX. mendearen lehenengo erdian proiektu iraultzaileek –batez ere komunismoak– izandako protagonismo politiko eta soziala gainbeheran zegoen hamarkada berri horietarako. Sobietar Batasunak 1917ko iraultzarekin zein hurrengo urteetan sortutako iraultza globalaren esperantza gorriak ezintasun nabarmenak adieraziak zituen, eta Gerra Hotzaren testuinguruak eta mendebaldar gizartearen ongizate sozial eta kulturalak esperantza hori amildu zuten. Hamarkada horietarako, Europako herrialde garatuetako alderdi komunistek ere proletariotza iraultzailearen zein iraultzaren aldeko masen atxikimendu falta nabarmena sentitu zuten, Eurokomunismoaren proiektua besarkatzen eta Estatu Burgesean integratzen ari baitziren, burgesiarekin estatu-aliantza handiak sinatzeko bidean. Historikoki kapitalismoa gainditzeko antolatu ohi ziren mugimendu nazional zein internazional handiak nabarmen burokratizatu ziren edo bide horretan zeuden behintzat, eta horrek hurrengo belaunaldi gazteen gaitzespena eragin zuen. Azken mende eta erdiko prozesuen ondoren, iraultza prozesu erreal eta oso bat izateko aukerak eta esperantza ia desagertuta zeuden, eta nabarmena zen erreferentzia politikoen gabezia.

Belaunaldi berriek, aldaketa ekonomikoaren eragin zuzenaren eta proiektu iraultzaile batekiko atxikimendu falta politikoaren ondorioz, aldaketa kultural nabarmena bizi zuten.

3) Gazteria berriak intuizio eta kontzepzio berriak zekartzan berekin eta kultura ikonoklasta berria garatu zuen, aurreko ikur eta erritual kulturalekin bortizki apurtuta. Apurketa horrek, alabaina, tradizio eta kultura politiko iraultzailearekin apurtzera ere eraman zuen, eta horrek joera kultural despolitizatuagoetara gerturatu zuen. Gazteria berriak «gazte-kultura» berria eraiki zuen, iraultza kultural berriaren erro gisa. Aldaketa nabarmenena portaera indibidualaren esferan gertatu zen, non «bakoitzak berera eta kanpo injerentzia ahalik eta txikienarekin» jarduteko joerak hedapen zabala izan zuen. Horrela, azpikultura ezberdin ugari eraikitzen zituzten eta DIY («do it yourself», «egizu zuk zeuk») etika indartu zen, bakoitzak bere kabuz mikro eskalatik eragitearen ideian oinarritzen zena. Belaunaldi berrietan indibidualismoa nabarmendu zen, beraz, eta horrek, parte-hartze politikoari dagokionez, erroko aldaketak ekarri zituen berekin, esaterako, diziplina eta konpromiso militantearekiko distantzia edota estrategia eta prozesu politikoekiko mesfidantza.

Aldaketa ekonomiko, politiko eta kulturalak, horrela, fase berri bat eraiki zuen gizarte kapitalistan, eta horrek aurreko tradizio sozialista antolatutik nahiko aldenduta zeuden joera politiko berriak ugaldu zituen –tradizio horren historian zehar erabilitako hiztegia guztiz alde batera utzi gabe–.

70eko hamarkadaren amaierarako, «mugimendu sozial berriak» izenez definituriko konglomeratu ideologikoa eratzen joan zen gutxika, baita indarra hartzen ere. Langile-mugimenduaren zenbait esperientziaren porrotak zein marxismoaren zein kultura komunistaren aurkako intoxikazio akademikoak masa zabaletan iraultza proletarioaren ideia alde batera uztea ekarri zuen, batez ere gazteria berriaren belaunaldia aurreko tradizio sozialistatik askatzearen ondorioz. Horren bidez, ugaritzen hasi ziren politika eta antolakuntza ulertzeko forma postmodernoak. Mugimendu berri horren ezaugarri nagusiak ondorengoak ziren: erresistentzialismoa, presentismoa –orainak soilik balio duela dioen ideologia, egungo eta etorkizuneko nahitaezko lotura egiten duen bide-orri iraultzailearen ukazioa sustatzen duena–, eta horrekin batera, prozesu iraultzaile bat aurrera eramateko estrategikotasun falta eta zapalkuntza eta subjektibitateen zatitzea –klase-borroka obrerismoan urtzea–…

Aipatu behar da autonomiaren kontzeptua konglomeratu berri horren zutabe gisa eraiki zela; aurreko hamarkadan Ezker Erradikal izenpean jardun zuten proiektuek lelotzat zeuzkaten «langile» eta «klase-autonomia» terminoak modu guztiz desklasatuan erabiltzen hasi ziren. Era horretan, autonomia indibidual eta sozialaren –era abstraktuan– ideiak hedatu ziren, eta hala, korronte libertarioagoetara gerturatu zen. Autonomiaren ulerkeraren forma berri horrek esperientzia politikoa bera zeuden giza-egituretatik erabat bereizita, eta kasu askotan zentro sozialak gazte belaunaldiaren zati txiki baten espazio soilik bilakatu ziren, eta ghettifikatzeko joera zuten. Kontzepzio horrek harreman zuzena zuen, horrez gain, oinarri praktiko eta organizatiboekin; hala, militantzia politiko diziplinatua aktibismoak ordezkatu zuen, zeina testuinguruaren eta joera berrien ondorio logikoa baitzen.

Hurrengo atalean azaltzen saiatuko garen bezala, okupazio-mugimendua «mugimendu sozial berriak» multzoaren aterkipean kokatzen ziren askotariko taldeen marka bilakatu zen, eta talde asko izenpe horrekin auto-identifikatzen ziren, mugimendu sozialen praktikarako espazio hutsak okupatzeko joera garatu baitzen. Gainera, ez da harritzekoa garai horretan espazioak espropiatzeko ekintzekin loturiko mugimendu bat garatu izana: krisi ekonomikoaren ondorioz, aurretik espazio produktiboak ziren eraikin ugari hutsik eta abandonatuta gelditu ziren. Bitartean, aurreko kultura sozialarekin bortizki apurtzen ari ziren gazte-subjektibitate berriek ez zuten lekurik aurkitzen beren nahi eta motibazioak aurrera eramateko, edo ez zen erraza, baldintza sozialak okerragotu izanaren ondorioz, etxebizitza bermatzea. Nahasketa horrek okupazioa maila nabarmenean hedatu zuen, eta hala, okupazioaren inguruan mugimendu edo kolektibitate heterogeneo bat sortu zen.

Okupazio-mugimenduarekin loturiko aurrekariak squatters deiturikoen mugimenduan koka ditzakegu, 60eko hamarkadan, baina 70eko hamarkadatik aurrera etxebizitzen okupazioaren olatuarekin eta beranduago zentro sozialen irekierarekin, izen berria hartu zuen.

1.3. Okupazio-mugimenduaren ezaugarri nagusiak

Lehenago esan bezala, okupazio-mugimendua heterogeneoa izan arren, baditu definizio bat eraikitzeko adina elementu komun, joera politiko zein lekuan lekuko idiosinkrasiak determinatuta egonda ere. Ez da, hala ere, lan erraza elementu horiek azaltzea, eta zailtasun horrek testuinguru hartan zegoen batasun politiko falta nabarmentzen du. Hain zuzen, eslogan eta definizio oso generikoz eta abstraktuz definitzen zuten beren burua.

Okupazio-mugimenduaren garapena bere garaiko testuinguruak baldintzaturik dago, eta beraz, hamarkada horietan «mugimendu sozial berriak» izenpean ezagutu zen konglomeratuaren parte kontsidera dezakegu. Nolabait, konglomeratu ideologiko-politiko berri horiek hartutako espazioak espropiatzeko formari deitu dakioke okupazio-mugimendua, bere horretan mugimendu bat baino, espazioak okupatzeko prozedurazko bitarteko bat eta espazio horietan antolatzean oinarritzen zen planteamendua –garai hartako jardun politikoaren zutabeak osatzen zituena–. Horrela, espazioaren aferaren zein ekimen politikoaren paradigma bat osatzera iritsi zen.

Paradigma horrek, hala ere, ezberdintasunak izan zituen herrialde ezberdinetan; tokian toki bizi zen une historikoaren ondorioz, okupazioaren praktikak indar handiagoa edo txikiagoa hartu zuen, eta ildo politiko batekin edo beste batekin hibridatu zen. Esan beharra dago, baina, Europako herrialde aurreratu guztietan aktibatu zela mugimendu hori, hamarkada horietako aldaketa estrukturalek sorturiko testuinguruak estatuen mugak gainditu baitzituen.

Mugimendu oso heterogeneo, lauso eta zatitua izan arren, mobilizazio sozialerako gaitasun handia izan zuen. Hamarkada horietako erradikaltasunaren irudi ezagunenetarikoak bilakatu ziren eraikinak okupatzeko uneak, bertan antolatzen ziren ekintza ezberdinetan biltzen zen jende kopurua, zein eraikinen huste momentuetan izaten zen mobilizazio- eta talka-gaitasuna. Gizarteko sektore helduagoen subjektibitateetatik urruti egon arren, gazte belaunaldi berriak mugiarazteko gaitasun handia erakutsi zuen.

1.3.1. Oinarri politiko-ideologiko eta praktiko-organizatiboak

Mugimendu horren oinarri politiko-ideologikoei eta horietatik eratortzen diren oinarri praktiko eta organizatiboei so eginez, «mugimendu sozial berrien» multzoan kokatzen zen heinean, hark zituen oinarri politiko eta ideologikoak barne hartzen zituen bere partikulartasunetik abiatuta. Beraz, hauek lirateke eraikin politiko horiek definituko lituzketen elementuak: espazioaren auziari heltzeko planteatzen zutena eraikin okupatu partikular bakoitza modu autonomoan mantentzea zen, eta etengabe erreproduzitzen zuten hura hezurmamitzen zuten taldeek antolaturiko egitaraua aurrera eramateko xedea.

Espazioaren auziari heltzeko planteatzen zutena eraikin okupatu partikular bakoitza modu autonomoan mantentzea zen, eta etengabe erreproduzitzen zuten hura hezurmamitzen zuten taldeek antolaturiko egitaraua aurrera eramateko xedea

Espazioaren gaineko kontrolaren auzia, horrela, oso forma sinplean ebazten zuten. Espazio huts ugari zeuden eta belaunaldi berrien ekite nahia aurreko masa-kultura eredutik urruti zegoen. Beraz, espazioak okupatu eta eraikin horietan haiek nahi zuten ezaugarriak izango zituen eskaintza sozial, kultural eta politikoa antolatu zezaketen, beren kabuz. Ideia hori «kontrakultura» gisa ere izendatzen zen, nahiz eta kultur eredu iraultzaile eta konfrontatibo berri bat ekoizteko asmotik oso urrun egon. Finean, okupazio-mugimenduak ez zuen sakondu sistema kapitalistan espazioaren auziak betetzen duen funtzioan eta haren aukera iraultzaileetan; azalpen konplexuak alde batera utzi zituzten, eta elaborazio teoriko sinplistetan oinarritu ziren. Kasu gehienetan, gainera, Estatuarekiko osagarriak ziren eskaintzak antolatzeko espazioak bilakatu ziren espaziook.

Sistema kapitalistan espazioaren auziak betetzen duen funtzioan eta haren aukera iraultzaileetan; azalpen konplexuak alde batera utzi zituzten, eta elaborazio teoriko sinplistetan oinarritu ziren

Hortik abiatuta, autonomia kontzeptua oinarri politiko zentral bilakatu zen, lehenago esan bezala, autonomia pertsonal eta sozial abstraktu bati loturik. Autonomiaren definizioa guztiz apolitikoa zen garai hartarako. Politika klaseen arteko unean uneko indar harremanaren tentsioa izanik, bere burua indar-harreman horretatik kanpo kokatzeko pretentsioa adierazten zuen autonomiaren kontzeptuak despolitizatua behar zuen izan nahitaez. Zentzu horretan, mugimendu horretako autonomiaren eraikuntza ez zen prozesu sozial kapitalista zabalekiko era independentean jarduteko eta langileria antolatuaren botere-kuotak irabazteko asmoa zeukan prozesu politikoa, horretarako lurraldearen espazio estrategikoak izateko gero eta gaitasun gehiago ekoiztean oinarrituko zena. Horren ordez, talde zehatz batek okupaturiko espazioan kanpo-injerentziarik gabe proiektu propio bat aurrera eramateko gaitasuna lortzean oinarritzen zen autonomiaren inguruko kontzeptu hori. Ekitearen ulerkera horretatik, DIY etikatik hain zuzen, eratorria da joera politiko horren ezaugarri lokalista.

Ideien eskema honetatik zuzenean eratortzen diren bi oinarri gehitzea funtsezkoa da hemen, gaur egunera arte okupazioaren praktikarekin loturiko bi eslogan garrantzitsu izan direlako: autogestioa eta asanblearismoa. Argigarria da bi termino horiek oinarrizko kontzeptu politikoak izatea, oinarri praktiko eta organizatiboak izatetik gertuago daudela kontuan izanda. Mugimendu orokor horren despolitizazioaren adibide da hori, oinarri politiko-ideologiko landuak izatetik urrun, proiektuen zutabeak teknika praktiko-organizatiboak baitziren.

Autogestioaren definizioari dagokionez, autonomiaren sinonimo gisa azaldu izan da eta, zehazki, espazio bakoitzaren antolatzaileek egitarau xumeak aurrera ateratzeko beren esku zeuden baliabideak soilik erabiltzearekin definitzen da. Hala, ulerkera horren ustez, sistema kapitalistaren instituzio kultural eta sozialetatik harago antolaturiko ekintza alternatibo guztiak sistemaren beraren loturetatik askaturik dauden ekintza bilakatzen dira. Auzi horri dagozkion eztabaida nagusiak iturri ekonomikoei buruzkoak izan ohi ziren, eta erabakirik ohikoena espazioko kideek beraiek antolaturiko ekimenetan jasotako baliabideekin soilik funtzionatzea izan ohi zen. Kasu horretatik, hala ere, askotan ondorioztatu zen oker ekintza horien bitartez kapitalismoaren eragin politiko eta kulturaletik at egotearen ideia. Kontrara, alternatibismoaren ideia problematikoa gailentzea ekarri zuen.

Hamarkada horietan zehar, autonomiaren eta autogestioaren ideiekin loturiko eztabaida nagusiak espazioen legalizazio juridikoari buruzkoak izan ziren. Kasu eta herrialde partikular bakoitzean sartu gabe, esan dezakegu bide ezberdinak hartu zituztela lekuan leku, mugimendu lausoa zen heinean. Okupazioaren aurkako errepresioa gogortu zen garaietan, 80ko hamarkadan zehar Berlinen adibidez –Europako okupazio-esperientzien hiriburua zen–, etxebizitzen legalizazio-prozesu masibo bat izan zen, Estatuaren biolentziaren mehatxuaren eta etxebizitzarik gabe gelditzearen beldurrez. Beste kasu askotan, berriz, ikuspegi erresistentzialistari jarraikiz, Estatuarekiko legalizazioa porrot gisa irudikatu izan zen, ulerkera anarkistetan sostengatuz, momentu horretan espazio egonkorrak izateak zer pauso politiko zekarren eta negoziatu ahal ziren baldintzak baloratu gabe. Biak ala biak mugimendu iraultzaile gero eta zabalago baten prisma estrategikotik urrun kokatzen diren hausnarketa eta erabakiak dira, fase politiko bakoitzaren elementuek determinatu beharko bailukete zer gaitasun dagoen espazioak mantentzeko, eta zer gorputz politiko dagoen era defentsiboko edo ofentsiboko taktikak erabiltzeko, hau da, ez legalizazioaren onarpen akritikoak ezta purutasun ideologiko ez eraginkorrak ere.

Asanblearismoaren kasuan, garai horretako antiautorismoaren eta horizontaltasunaren ideiekin hertsiki loturiko oinarria litzateke. Antolakuntza politikoaren graduak gero eta eskala sozial eta geografiko handiagoetara zabaltzearen behar politikoari muzin egiten zion belaunaldi politikoa eskala ahalik eta txikienetik eragitearen ideiaren pean gotortzen zen. Halaber, praktika asanblearistak, bilakaera komunista burokratikoaren fenomenoarekiko hausnarketa kritikoan zentratu beharrean, eskala handiko proposamen politiko guztien aurkari gisa agertu ziren, eta hala, ezintasun nabarian utzi zituzten politika horren aukerak.

Elementu horiekin, okupazio-mugimenduarentzat okupazioa bera bilakatu zen helburu. Okupazioaren ekimena bera zen mugimenduaren erroa, eta horren inguruan biratzen zuen guztiak. Espazio bat husten zutenean proiektua bera agortzen zen kasu askotan. Gai hau, hala ere, eztabaida nagusietako bat izan da, legalizazio juridikoaren eztabaidarekin batera. Okupazioak betetzen zuen papera askotan izan zen eztabaidatua, hau da, ea helburu zen bere horretan ala tresna bat ote zen. Eztabaida sakona dirudien arren, bataren zein bestearen alde kokatuta ere ez zen okupazio-mugimenduaren noranzkoa aldatu, bere garaiko kode ideologiko-­politikoei hertsiki lotua zegoelako. Kode horiek okupazioaren praktika modu estrategiko eta iraultzailean garatzeko erroko traba bat zuten, eta okupazioa tresna gisa ulertzen zuten taldeak egon bazeuden arren, horien ustez tresna horrek asanblearismoa eta autogestioaren praktika erreproduzitzen jarraitzeko funtzioa soilik betetzen zuen. Finean, bi iritzi horiek ez zuten okupazioa klase politikaren garapenarekin lotzen, eta beren aukerak infinituki erreproduzitzera mugatuta zeuden.

Esandakoez gain, espazio espropiatuen elementu komun bati buruzko ekite forma ere gehitu beharko litzateke, mugimendu horren identifikazio ahalik eta osatuena izateko: defentsaren elementua. Lehenago esan bezala, gazte belaunaldi berriek mobilizazio-gaitasun handia erakutsi zuten, kasu askotan hainbat espazioren husteei indartsu gogor egin baitzieten. Ordea, sekula ez zen defentsarako saretze eraginkorrik lortu, saretze saiakerak beti izan diren arren. Azken finean, mugimenduaren izaera zatikatu, nomada eta lokalistak ez zuen espazio gero eta gehiagoren gaineko desjabetze-prozesurik bilatzen; kontrara, bakoitzak kudeatzen zuen espazioa forma isolatuan defendatzen zuen husteko unea iristen zenean. Izatekotan, gertutasun pertsonalen bitartez elkartasuna adieraztera eta erresistentzia agertzera joaten zen jendea agertzen zen, baina sekula ez zen pentsatzen saretze formal organizatibo gero eta indartsuagoak sortzeko gakoetan. Egungo testuinguruan ditugun zailtasunak azken horren ondorio garbiak dira.

1.3.2. Espazioen azpiegiturazko funtzio eta ezaugarriak

Espropiatutako eraikinei dagokienez, bi funtzio handitan banaturiko espazioek zuten nagusitasuna –bestelako funtzioak betetzen zituzten espazio gehiago ere bazeuden arren, fabrikak zein lur-sailak kasu–: etxebizitzak, batetik, eta espazio sozial, kultural eta politikoak, bestetik. Lehenengoak asko hedatu ziren Europako herrialdeetako hiri nagusietan, eta norberaren oinarrizko beharrizanak asetzeko funtzioa betetzen zuten. Hain zuzen ere, etxebizitzen okupazioaren funtzioa oso nabaria zen: langile-klasea pobretzen ari zen testuinguruan, etxebizitza ordaintzeko zailtasuna gizartearen gero eta maila zabalagoetara iritsi zen, baina bitartean, etxebizitza ugari hutsik zeuden, II. Mundu Gerraren ondorengo hirien berreraikuntza garaian. Berlingo adibidea da ezagunena.

Bigarren funtzioko eraikinen artean batez ere «zentro sozial» izendatu ziren espazioak daude. Tokian toki izen ezberdina hartu zezaketen arren –Euskal Herrian gaztetxeak, Herrialde Katalanetan casalak...– belaunaldi berrien motibazio sozial, kultural eta politikoak garatzeko espazioak izan ziren, masa-kultura berriaren eroale eta belaunaldi haren intuizio eta motibazio politikoen erakusleiho.

Okupazio-mugimenduaren paradigmapean espropiatu izan diren espazioen azpiegitura-ezaugarriei dagokienez, ezaugarri komun batzuk izan ohi dituzte guztiek: kapital gisa desbalorizatuta edo deseginda edota abandonatuta eta hutsik zeuden espazioak ziren. Kapitalarentzat soberakin gisa pilatzen ziren espazioetara soilik jotzen zuen okupazio-mugimenduak. Faktore hori mugimendua bera eta proiektu konkretuak legitimatzeko erabili den elementu nagusietako bat izan da. Espazio hutsak betetzearen edota hilda zegoen horri bizitza ematearen argudiopean eraiki zen espropiazioaren errelatoa. Horren bitartez, paradigma horrek ez zuen okupazioaren praktika kapitalismoaren zutabe diren ekoizpen estrategikoak espropiatzeko bitarteko gisa teorizatu ere egin, estrategikotasun falta izan zuen, eta espazioaren gaineko kontrolaren auzia espazio soberakinen betetze ez-­gatazkatsura mugatu zen.

1.4. Paradigma agortua

Paradigma hori, behin betiko, gainbeheran sartu zen mende berrian sartzean. Bere barnean zituen elementu politikoek beraiek agortu zioten existitzen jarraitzeko eta hedatzeko aukera. «Mugimendu sozial berrien» konglomeratu politikoa desagertu ez den arren, aldaketa nabarmenak jasan izan ditu 80ko hamarkadatik aurrera zituen ezaugarrien aldean. Azken hamarkadetan, kasu gehienetan alderdi eta mugimendu sozialdemokrata instituzionalen mesedera jarduten amaitu dute Europako herrialde guztietan –«ezker berriaren» paradigmapean–, sozialdemokraziak mugimendua xurgatzen jakin izan baitu. Joera neoautonomoak sortu diren arren, haien saiakerek beraiek baieztatzen dute ezinezkoa dela agortua den paradigma politiko eta prozedurazko baten erroak berriztea. Egoera horretan, prozedura tipiko gisa popularizatu zuen joerak nekez erabiltzen du okupazioaren praktika, behar politikoen barruan ez baitago espazio politikoa bermatzera begira espazioak espropiatzearen beharra eta programa politiko berrian ez baitauka lekurik klase ertainak ere defendatzen duen jabetza pribatua zalantzan jartzeko ekinbideak.

Garrantzi hori galduta, beraz, bigarren plano batean gelditzen joan da okupazioaren ekimena eta horrekin batera baita beren burua okupazio-mugimendutzat zuten espazio eta taldeak ere. Badauka, gainera, kontuan hartzeko bigarren elementu garrantzitsu bat ere: espazioaren gaineko kontrolaren problematikari dagokionez izandako ikuspegi sinplistak ezinezko bihurtu du espazioak beraiek mantentzea eta gero eta sektore sozial gehiagotara zabaltzea. Ondorioz, okupazioaren hautuak berak praktika hori orokortu zuen garaian sektore nahiko zabaletan izan zuen legitimitatea galtzen joan da azken hamarkadetan, eta gelditu diren espazio eta talde isolatu eta urriak egoera horri buelta eman ezinda gelditu dira. Bestetik, lokalismoak eta ulerkera nomadak ez dute utzi okupazioaren praktika perfekzionatzeko eta espazioak defendatzeko indarrak metatzeko aukerarik. Horiek horrela, okupazioaren aurkako ofentsiba lokalizatuak egon direnean, ezin izan da defentsa eraginkorrik martxan jarri, eta hori are zailagoa da ofentsiba horietan herrialde osoei eragiten dieten neurriak ezartzen badira, hala nola neurri juridikoak gogortzen badira, komunikazio-bonbardaketa gauzatzen bada edota enpresa parapolizialak orokortzen badira.

Gutxienez azkenengo hiru hamarkadetako paradigma agortu da; okupazio-mugimenduaren porrot historikoan jo du goia. Hori dela eta, une honetan funtsezkoa da espazioaren gaineko kontrolaren problematika berriz definitzea, sozialismoaren eraikuntzaren bide-orrian txertatzeko.

2. HIPOTESI ESTRATEGIKO BERRIAK ESPAZIOAREN GAINEKO KONTROLEAN: DEFENTSA-KOMUNITATEA ETA ESPAZIO SARE SOZIALISTA

Okupazioaren aurkako ofentsibaren aurrerapenak eta okupazio-mugimenduaren porrot historikoa baieztatu izanak espazioaren gaineko kontrolaren ereduan paradigma aldaketa bat bultzatzera behartzen gaitu. Okupatzeko espazioen aukera-eremua ahalik eta gehien estutzen den eta jabetza pribatuaren aurkako agentzia ia desartikulatuta dagoen testuinguru honetan, okupatutako espazioak defendatzeko eta kudeatzeko eredu berri bat behar dugu, eta horretarako, okupazio-mugimendu zaharraren izaerak eta egiteko moduek berezkoak zituzten bizioetatik askatu eta egungo koiunturan Langile Kontrolpeko Espazioen defentsa eraginkorrerako taktika eguneratu berri bat antolatzeko gai izateko esparru estrategiko egokia garatu behar dugu.

Hori lortzeko, bi zeregin nagusi ditugu aurretik:

1) Unean uneko beharrizan partikularren inguruan antolatutako koordinadora likidoak beharrean, etengabe haziz joango den defentsa-komunitate iraunkor handi bat eraikitzea, eta komunitate hori egungo okupazioaren aurkako ofentsibari ezarritako egoera zailari aurre egiteko gai izango den politika- eta antolaketa-hipotesi berrien gainean eraikitzea.

2) Espazioa kontrolatzeko eredu integratu bat eratzea, hau da, okupazioa ez izatea bere horretan helburu, ezta mugimenduari berari izena ematen diona ere, eta okupazio-praktika desjabetze-modu praktiko gisa berrosatzea, hari zentzua ematen dion eta haren garapena bermatzen duen osotasun-­prozesu baten baitan.

Lehenengo puntua jarraian landuko dugu, eta bigarrena, aldiz, amaieran.

2.1. Defentsa-komunitatea

Gaztetxe, zentro sozial eta antzekoen artean defentsa-sareak eratzeko hamaika saiakera egin badira ere, gaur-gaurkoz oraindik ez dugu tresna serio eta ondo antolaturik, arazoak iristen direnean eraginkortasun pixka bat izango duenik. Gaur egunera arte, arau orokor moduan, erabateko bat-batekotasuna nagusitu da: une bakoitzean eskura zeuden baliabideekin arazo zehatzei berehalako erantzunak ematen zaizkie. Horrela funtzionatzen zen, eta horren lekuko gara okupen dinamika sozial eta politikoa gure azalean bizi izan dugun guztiok. Hala ere, okupazioaren aurkako ofentsibaren aurrerapenak, okupazioen beherakadak eta gero eta eraikin gehiago husteak esku hartzera behartzen gaituzte. Unean uneko premien inguruan modu partzialean antolatutako koordinakunde likidoak sortzeko ahaleginek eragindako frustrazioaren aurrean, premiazkoa da bidean topatutako zailtasunak gainditzeko gai izango den defentsa-komunitate berri baten oinarriak jartzea.

Eta Erraki, hain zuzen ere, berrikuntzaren adibide dugu; okupatutako hainbat espazioren arteko elkartasuna eskala handian egituratzeko hipotesi berriak probatzea beharrezkoa izateaz gain, posible ere badela erakusten digu. Errakin dozenaka espazio okupatu ari dira elkarlanean, defentsa ahalik eta modurik eraginkorrenean antolatzeko moduak egituratzen. Kontua ez baita lelo klasikoak errepikatzea, klase-elkartasuna dela gure jarduera gidatzen duen printzipio etiko orokorra, edo elkartuta irauten baldin badakigu, irabazi egingo dugula aldarrikatzea. Maximetako aldarrikapenek ezin diezaiokete denari eutsi. Premiazkoa da Langile Kontrolpeko Espazioak elkar lotzeko antolakuntza-teknika egokiak aurkitzea, elkar defendatzeko konpromisoa oinarrian izango dutenak, ekintza-batasuna bermatzen dutenak eta bakoitzaren berezitasunak errespetatzen. Eginbeharra estrategikoki eta antolaketaren aldetik berritzea da, asanblearismo horizontalistaren ideologia zaharra (azken hamarkadetako blokeo-elementu nagusietako bat) behin betiko alde batera utzita, eta elkar defendatzeko borondateari benetako antolaketa-­gorputza emanez. Horretarako, eskubideez gain betebeharrak izango dituen araubide bat behar da, erabakiak hartzeko prozesuak antolatu eta egituratu behar dira, eta, batez ere, lana gorpuzteko konpromiso eta diziplina militantea behar da. Eta hori okupazio-mugimenduaren paradigmaren oinarri eta prozeduren guztiz bestelakoa da.

Premiazkoa da Langile Kontrolpeko Espazioak elkar lotzeko antolakuntza-teknika egokiak aurkitzea, elkar defendatzeko konpromisoa oinarrian izango dutenak, ekintza-batasuna bermatzen dutenak eta bakoitzaren berezitasunak errespetatzen

Klase-elkartasuna egitate bihurtuko duen antolakuntza-teknologia egituratu ondoren, gizarteko eskalan eta lurralde mailan arian-arian ahalik eta gehien hedatzeko beharra agertuko zaigu; izan ere, Erraki, esan bezala, adibide bat besterik ez da, egungo muga geografiko eta politikoak baino handiagoa den eraikuntza-prozesu baterako ekarpena. Argi eta garbi diogu: okupazioaren aurkako ofentsibari eta jabe handiei aurre egiteko modu bakarra haren etsaiaren boterearen eskala berean, hau da, nazioarteko eskalan, antolatua dagoen defentsa-komunitate handi baten bidez da. Ez badugu lortzen nazioartean aliantzak eta loturak artikulatzea, eta nork bere auzoan berera jarraitzen badu, gero eta espazio gehiagoren gaineko kontrol zuzena hartzen joateko baldintzak ez dira gehiago haziko. Aldiz, antolakuntza-teknologia eraginkor batean, defentsa-taktika eguneratu berri batean eta berehalako ikuspegi internazionalista batean oinarritutako defentsa-komunitate bat eratzearen prozesuak bidea egin ahal izango balu, gaur egungo egoera iraultzeko benetako aukera gorpuztuko litzateke, ekintza-batasunaren artikulazioak geure indar guztiak puntu zehatz batean biltzea ahalbidetzen baitigu, eta, horrela, pixkanaka arazo handiak konpontzen joateko aukera izango genuke, zeina modu isolatuan edo gaizki antolatuta ezinezkoa litzatekeen.

Esate baterako, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak ezin izango lieke 70.000 euroko isunei aurre egin etxegabetze bat geldiarazteagatik, baina haren leloetako batek dioen bezala, «nada es imposible, todo se organiza» («ezer ez da ezinezkoa, dena antolatzen da»). Bilboko Etxarri 2 gaztetxeak, segur aski, ezingo zuen geratu goizean goizerako ezarrita zegoen hustea; mobilizazio baten deialdi bateratuari esker, segurtasun-indarrek huste hori bertan behera uztea erabaki zuten. Egun batzuk geroago, jabeak salaketa atzera bota zuen, eta Etxarri 2k zutik jarraitzen du, lasaitasun pixka batekin. Adibide horiek gauzak egiteko eredu horrekin eta gero eta indar militante handiagoarekin gero eta helburu handiagoak lor ditzakegula ikusarazteko balio digute. Hala, eraikin bat husten duten kasu bakoitzari erantzuteaz gain, gero eta gaitasun gehiago izango ditugu baldintza politiko orokorragoen alde borrokatzeko, hala nola, desokupazio enpresak legez kanpo uzteko borrokatzeko; eta helburu hori lortzeko modukoa litzateke, defentsa-komunitate zabal eta indartsu bat izango bagenu.

Puntu honetara iritsita, eta hurrengo blokera igarotzeko, honako hau galdetu behar diogu geure buruari: aipatu ditugun erronkei aurre egiteko nahikoa al da defentsa-komunitate bat eraikitzea? Zenbateraino da beharrezkoa lotura estrategikoa Langile Kontrolpeko Espazioen defentsaren eta Prozesu Sozialistaren artean? Eta horrekin batera, zer leku hartzen du gure marko estrategikoaren baitan espazioen gaineko langileen kontrolaren gaiak? Ikus dezagun.

2.2. Espazioen gaineko kontrolerako eredu integratua: Espazio Sare Sozialista

Artikulu honen hasieran adierazi den bezala, okupazio-mugimendu historikoa mugimendu sozialen multzo bat baino ez da izan, edo, asko jota, mugimendu sozial bat, 70eko hamarkadan bizi izandako aldaketa estruktural eta politiko-kultural sakonen berotasunean azaleratu ziren beste taldetxo eta korronte anitzekin elkarbizitzan zegoena. Garai hartan, okupazioa, mugimenduari berari ere izena ematen dion atributu gisa, ez zen marko estrategiko orokor baten barruan kokatzen; lehen, aitzitik, bere horretan helburu bat zen, eta ez zuen inolako antolamendu-loturarik zentzua emango zion erreferentziazko zerumugaren batekin. Bestela esanda, ez zuen ezer ustez jabetza pribatutik eta harreman sozial kapitalistetatik «askatutako» espazioetan bertan soziabilitate- eta komunitate-­forma berrien bidez gauzatzen ari ziren utopia idealetatik harago.

Ordea, fenomeno sozialak aztertzen ditugunontzat, ez ikuspegi intersekzionaletik eta postmarxistatik, baizik eta ekonomia politikoaren kritikaren oinarri analitikotik, gizarte kapitalistaren mugimendu-lege orokorrak ezagutzea ahalbidetzen duen kategoriaren esparru gisa, auziak guztiz bestelakoa behar du izan. Ekonomia politikoaren kritikak kapital-metaketaren prozesua identifikatzeko aukera ematen digu, erreprodukzio kapitalistaren eta, hedaduraz, haren garapen gatazkatsuaren ondoriozko kontraesan guztien ardatz moduan. Oinarri analitiko horretatik abiatuta, programa komunistak zentzua eta gaurkotasuna hartzen du helmuga orohartzaile gisa, praktika emantzipatzaile osoa gizarte modernoa zeharkatzen duten zapalkuntza eta bidegabekerien oinarrietara bideratzen baitu. Bada, gainerako gizarteko arazoekin gertatzen den bezala, espazioaren gaineko kontrolaren auzian egin beharreko lan politikoak ere abiapuntu izan behar du kapitalismoa arazoaren oinarri gisa identifikatzeko beharra, eta, ondorioz, erabateko prozesu emantzipatzailea garatu behar du irtenbide posible bakar gisa.

Horrela, Langileon Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitate baten eraikuntza denboran eta espazioan mugarik gabe garatzea ahalbidetuko dion estrategia sozialista eguneratu bati lotzeko punturaino iristen gara. Beraz, honezkero prest gaude adierazteko espazioaren gaineko kontrolerako eredu integratu bat behar dugula. Hau da, eredu horretan okupazioa ez da berez helburu bat, desjabetze-bide praktiko bat baizik, lurralde osoaren gaineko kontrola hartzeko prozesu orokorrean integratua. Hemen defendatuko dugun hipotesia zera da, beraz, espazioaren gaineko kontrol proletarioaren eta Prozesu Sozialistaren garapena txanpon beraren banatu ezineko bi aldeak direla. Edo elkarrekin egiten dute aurrera, edo elkarrekin erortzen dira. Ez soilik Defentsa Komunitate zabal batek bere garapena bideragarri egingo duen prozesu politiko estrategiko bat behar duelako, baizik Prozesu Sozialistaren aurrerapenak berekin baitakar, ezinbestean, kontrol zuzenpeko espazioen hedapena. Ikus dezagun.

Eredu horretan okupazioa ez da berez helburu bat, desjabetze-bide praktiko bat baizik, lurralde osoaren gaineko kontrola hartzeko prozesu orokorrean integratua

Mugimendu Sozialistatik adierazi dugunez, estrategia sozialista eguneratu batek botere sozialistaren eraikuntza izan behar du prozesuko fase guztien ardatz egituratzaile, hasi Mugimenduaren fasetik, Alderdi Komunistarenetik pasa eta Estatu Sozialistaren faseraino. Graduala eta ez-etapista den botere sozialistaren ikuskera horrek estatu burgesaren aparatuarekiko eta lan soziala antolatzeko modu kapitalistarekiko independentea izan behar du. Ondorioz, ikuskera horretan, botere sozialistaren eraikuntzaren oinarria ez da dinamika sozial kapitalistak zenbat baldintzatzen duen, baizik eta zer antolakuntza-gaitasun duen baldintza sozial eta materialak proletarioen kontrolpean metabolizatzeko eta indar produktibo propio bihurtzeko, hura lan-prozesu sozialistan integratzeari esker. Beraz, ikusmolde horren arabera, Prozesu Sozialistaren bultzatzaile nagusia progresiboki hazten joango den lan-prozesu sozialista handi bat litzateke, modu esponentzialean egiten ari dena gero eta baldintza sozial, baliabide material eta lurralde-espazio gehiagoren gaineko kontrol zuzenarekin, zeinak botere sozialistaren egitura berrian integratuz doazen. Horrela, beraz, botere sozialista mehatxu politiko huts gisa ez ezik, kapitalismoa baino gaitasun handiagoko produkzio-potentzia berria litzateke, kapitalismoak gizateriaren garapen historikoari goranzko norabidea emateko misioan porrot egin duenez gero.

Horrek guztiak eremu praktikoago edo egunerokoago batean dituen ondorio politikoak agerian geratzen dira: hemen proposatzen ari garena zera da, Prozesu Sozialista ez dela mugatu behar aginte kapitalistari hobekuntzak eskatzera, izan nagusiari, udalari edo nazioaren gobernuari berari, baizik eta bera bihurtu behar dela kapitalismoaren erorketaren aurreko alternatiba historiko bakar, lan soziala antolatuz, prozesu kapitalistek baino emaitza sozial hobeak eskaintzeko moduan, hau da, ekoizpeneko harreman sozialak irauliz. Aurrekaririk gabeko desmobilizazio-garaiotan, gakoa gizarte kapitalistaren iraungitze nabarmena frogatzeko behar besteko indar produktiboa egituratzea da, eta gaitasun handiagoko lan-eredu bat aurkeztea, etika komunistari esker bideratzen dena eta diziplina militanteari esker dabilena

Horrek esan nahi du, adibide praktiko batzuk jartzearren, ez dugula mugatu behar Estatuari etxebizitza-lege berri bat eskatzera, baizik eta, besteak beste, etxebizitza-banku propio bat eratu behar dugula, gizarte-zerbitzuek baino baldintza hobeak izango dituena; ez dugula mugatu behar bilerak egiteko espazio publikoak eskatzera, baizik eta Zentro Sozialista handiak okupatu behar ditugula gure jarduera militantea aurrera eramateko.

Baina, noski, orain arte azaldutako eredu estrategikoak, botere sozialistaren instituzioen eraikuntzan oinarritutako eredu batek baldintza material batzuk eskatzen ditu, denboran bideragarri eta sostengagarri izan dadin. Besteak beste, Mugimendu Sozialistaren garapenak espazio-azpiegiturako baliabideak behar ditu, lan-prozesu sozialista progresibo osoa barne hartuko dutenak.

Mugimendua garatzeko eta hazteko azpiegitura-baliabideen premia horrek zuzeneko kontrolak daukan zentzu estrategikoa funtsatzen du. Gaur egun, taktikari eta antolakuntzari dagokienez, funtsezkoa da espazioen gaineko langile kontrola garatzea, geure indar propioen bidez politikoki Estatuarekiko modu independentean antolatzeko eskubidea eskuratzeko.

Baina kontrol zuzenaren oinarria ez da soilik behar taktikora mugatzen. Estrategikoa da, Prozesu Sozialistak nahitaez talka egiten baitu ekoizpen kapitalistaren oinarri juridiko eta eratzailearekin, hau da, jabetza pribatuarekin. Lege burgesak ez du onartzen bere baitan, noski, ezein indar komunistaren garapena, hazten ari dena eta boterea lehiatzen diona. Eta ez du inoiz haren garapena ahalbidetuko normaltasun eta bake sozial garaietan eskaintzen duen aukera-eremu estuan. Testuinguru hori jada ez da existitzen.

Botere sozialista garatzeko beharrezkoa da eskubide eta baldintza politikoak bermatuko dizkion zenbait prozesuren gaineko kontrol zuzena aplikatzea; izan ere, Estatu Burgesak bere oinarrizko ordena eta ordena eratzailea, ordena burgesa, errespetatzen eta mantentzen duenari bakarrik eskaintzen dizkio eskubide eta baldintza horiek. Botere sozialista hazteko saihestezina da jabetza pribatuarekin lehiatzea eta egungo sistema esplotatzailea gainditzea ahalbidetuko duten oinarrizko baliabideak langileon kontrolpean izatea, ordura arte mendean zeudenen kontrolpeko gizarte bat eraiki dadin.

Horregatik, premiazkoa da Espazio Sare Sozialista bateratu eta homogeneo bat eratzea, non Langile Kontrolpeko Espazioak elkarren artean konektatuko diren, eta horiek, era berean, proiekzio estrategikoa duen erakunde bati lotutako Espazio Sozialistak izango diren. Espazio Sare Sozialista, beraz, ez da soilik eraikinen batura bat, baizik eta sozialismoa bizi eta garatzen den aukera-espazio bat. Une historiko jakin bakoitzean botere sozialistak zer lurraldetze-maila duen adierazten duen espazioa da, Mugimendu Sozialistaren garapenarekin, hau da, eraikitzen ari garen Estatu Sozialistarekin batera hedatzen joan beharko dena.

Espazio Sare Sozialista, beraz, ez da soilik eraikinen batura bat, baizik eta sozialismoa bizi eta garatzen den aukera-espazio bat

EZ DAGO IRUZKINIK