ARGAZKIA / Lander Moreno
Eneko Carrión
@enekocarri
2021/05/06

DIMENTSIO ANITZEKO EUROPAKO BLOKEAREN KRISIA

Lehenago argitaratu nuen erreportajean, gure garaiko potentzia handienen, Txina eta AEBen, arteko borrokak eta aldaketa nagusiak aztertu nituen. Bertan, gatazka horren garrantzia azpimarratzeaz gainera, azken horrek bizi duen egoera zaila jarri nuen mahai gainean. Erreportaje honek aldaketa geopolitikoek Europako blokean dituzten eraginak aztertzea du asmo, baita epe laburrean datozenak ere: azpimarra berezia egingo diet Europako funtsei. Agidanez, Europak bizi duen krisia, koiunturala izatetik urrun, azken hamarkadan azaleratzen joan den krisiaren jarraipena baino ez da: 2008ko krisiak eta COVID-19aren agerpenak bizitu baino ez dute egin gainbehera. Europa egun pairatzen ari den krisiak hainbat eta hainbat dimentsio ditu; horietatik guztietatik, egungo erronka politikoetarako garrantzitsuenak iruditzen zaizkidanak aztertuko ditut jarraian.

Ekonomia

Etengabe hazten ari ziren Asiako ekonomiekin eta AEBekin lehiatzeko gai izango zen bloke geopolitikoaren sorrera; horixe zen Europar Batasunaren izatearen funtsa. Batasunaren bultzatzaileek uste zuten merkantzien mugimendu askea eta txanponaren bateratzea Europako herrialde ahulenen lehia gaitasuna areagotzeko giltzarri izango zirela, ardatz frantziar-alemaniarra gidari hartuta. 2008ko krisiarekin, baina, zapuztu egin zen bide-orri hori: krisi ekonomikoak agerian utzi zituen Europar Batasunaren proiektuaren ahuleziak. Austeritate neurrien ezarpenak ondorengo helburuak zituen: errentagarritasuna berreskuratu nahi zuten; azken horren bitartez, inbertsioak areagotu nahi zituzten; eta, finean, ekonomia berrabiarazi nahi zuten. Horregatik guztiagatik, soldaten parte-hartzea murrizteko neurriak ezarri zituzten, pribatizazio eta murrizketekin batera. Haatik, neurri horiek ez dute aurretik zegoen egoera kaskarrak okerrera egitea besterik lortu [1]. Gainera, COVID-19 birusaren agerpenak are gehiago ilundu du aurretik ere makurra zen egoera: munduko potentzia handienak kinka larrian jarri ditu koronabirusaren krisiak.

Adierazgarria da, oraindik ere, Europar Batasuna mundu mailako balio-kateetan integratuen dagoen lurraldea izatea; are gehiago, azken horren ­parte-hartzea azken urteetan gehien murriztu dena izanik. Joera hori, gainera, apaltzetik urrun, areagotu egin da 2019tik [2]: hori da balio-kateen egituraketa mundu mailan jasaten ari den birmoldaketaren gakoa, eta ezin uler daiteke Txinaren eta AEBen arteko lehia aztertu gabe.

Adierazgarria da, oraindik ere, Europar Batasuna mundu mailako balio-kateetan integratuen dagoen lurraldea izatea; are gehiago, azken horren parte-hartzea azken urteetan gehien murriztu dena izanik

Osasungintza

Datuak esku artean, ez dago zalantzarako tarterik: pandemiaren kudeaketa erabateko porrota izan da. Europan, apirilaren 9ra arte, 47.042.79 pertsona kutsatu dira, eta horietatik 998.025 hil egin dira [3].

Are gehiago, Txinako eta Hego Koreako datuek agerian uzten dute Europako gobernuburuen gaitasun eza: azken bi herrialde horietan heriotza kopuruak 4.636 eta 1.726 izan dira, hurrenez hurren [4]. Bistan da herrialde gehienek hartu dituzten arintze neurriek eraginkortasunik ez dutela: osasungintzaren eta ekonomiaren arteko dikotomia ez da erreala.

Era berean, iraingarria da txertoaren auzia: martxoak 30 dituen honetan, munduko biztanleen % 4,2k baino ez du jaso txertoa [5]. Agidanez, historian ekoizpen gaitasun handienak dituen sistema izanagatik ere, sistema kapitalista ez da gai antolatu eta osasun-krisiari aurre egiteko: merkatu kapitalistaren zentzugabetasuna larrugorritan ageri zaigu. Osasuna gizarte gisara lortu asmo dugun helburu nagusia izan ez, eta merkantzia huts bilakatu da: sozialismoa irudikatu eta berau lortzeko ordua iritsi da.

Migrazioa

Europak bizi duen krisiaren beste adierazleetako bat migrazioaren gaiari dagokiona da. Esku-hartze inperialistek eta garapen desorekatuak Europaranzko migrazio-fluxu handiak eragin dituzte. Ezbairik gabe, migrazioa herrialdeen kudeaketarako eta, orobat, Batasunaren beraren jardunerako erronka handia bihurtu da. Milaka pertsona hil dira itsasoan, Europara bidean zirela: hainbat eta hainbat migratzaile deportatu dituzte Europako lurretatik; errefuxiatu kanpamentuak leporaino beteta daude: eta, migrazio-politikek biolentzia kapitalistaren aurpegirik gordinena erakusten digute. Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordearen datuen arabera, 2019an, gutxienez, 1.318 pertsona hil dira Mediterraneo itsasoan. Hala, aurreikuspenen arabera, XXI. mendea hasi zenetik, 40.000 pertsona hil dira, Europara heldu nahian, itota [6]. Beraz, datu horiek kontuan hartuta, Mediterraneokoa da munduko migrazio-pasabiderik hilkorrena, lorpen handia bere burua askatasunaren bermetzat duen horrentzat.

Mediterraneokoa da munduko migrazio-pasabiderik hilkorrena, lorpen handia bere burua askatasunaren bermetzat duen horrentzat

Politika

Batetik, Europako instituzioen ezintasunak, gainera, mesfidantza eta bazterketa sortu ditu; horrek Europar Batasunaren aurkako mugimenduen sorrera eta zabalkundea eragin ditu, gainera. Nagusiki faxistak dira mugimendu horiek, dela Urrezko Egunsentia Grezian, dela Askatasunaren Alderdia Austrian, dela Suediar Demokratak Suedian, dela Fronte Nazionala Frantzian, dela Iparraldeko Liga Italian, dela Alemaniarentzat Alternatiba Alemanian, eta abar: Europar Batasunaren proiektuaren ezintasunek mugimendu faxistak indartu dituzte.

Bestetik, migrazioak barne zatiketak eragin ditu, nagusiki, kuota bidezko asilo-eskaeren banaketa mekanismorako desadostasunak eraginda. Visegradoko taldeak behin eta berriro agertu du errefuxiatuen aurkako jarrera baztertzaile eta oztopatzailea [7]. Talde hori Eslovakiak, Poloniak, Hungariak eta Txekiar Errepublikak osatzen dute, eta guztien artean 65 miloi biztanle dituzte.

Azkenik, krisi ekonomikoak arriskuan jarri du oligarkiak Europarentzat duen proiektuaren eraginkortasuna; eta, Europako instituzio antidemokratikoen gaitasun ezak baieztapen hori indartu du (Europako Banku Zentrala, Europar Kontseilua, Europako Batzordea...). Horrenbestez, Brexit-a Europaren gainbeheraren adierazle azalekoena baino ez da.

'BREXIT'-A

Erresuma Batuak Batasunetik alde egin izana, azken horren historiaren gertakari garrantzitsuenetako bat da, ezbairik gabe. Akordioz eta negoziazioz betetako lau urte eta gero, herrialdearen banaketa hezurmamitu egin zen 2020ko abenduaren 31n. Eragin ekonomikoaz harago –bi aldeak ­albo-kaltea ahalik eta txikiena izan zedin ahalegindu badira ere–, Erresuma Batua bezalako kide batek proiektua uztearen pisu politikoa kolpe gogorra da proiektuarentzat. Izan ere, herrialdearen papera berebizikoa izan da defentsa auziei dagokienean: Boris Jhonsonek zuzendutako herrialdearen gastu militarra Batasuneko herrialdeen batez bestekoa baino handiagoa da; hirukote nuklearraren jabe da (lurreko misilak bonbaketari estrategikoek garraiatutako jaurtigaiak eta itsaspeko nuklearrek garraiatutako SLBM motako suziriak); eta, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan partaidetza iraunkorra dauka. Beraz, herrialde anglosaxoiaren irteera aurrekari arriskutsua da, harik eta Europar Batasuneko herrialde gehiagok bide bera hartzeko arrazoirik ez duten arte [8]. Jarraian ikus dezakezuen denbora-lerroak Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko harreman tirabiratsuaren garapena erakusten du.

Banaketa gorpuztu bada ere, mantendu egin dira hainbat alderdi, esaterako, Europar Batasuneko barne merkatuaren muga-zergarik gabeko araubidea. Ezin egin zitekeen bestelakorik, izan ere, Batasuneko herrialdeek duten elkarrenganako menpekotasuna haustezina da: ondasun industrial britaniarren % 57k ezin aurki dezakete merkaturik Batasunean baino; horrez gain, finantza-zerbitzuen esportazioek, Londresko City-aren gidaritzapean, 60.000 milioi libera ematen dituzte, hau da, finantza esportazioen % 43 Europar Batasunera doaz. Azken hori da negoziazio prozesuaren funtsezko elementuetako bat, eta alderdi asko ditu aztertzeke. Erresuma Batua ekonomia «errentaduna» da, eta finantza- eta industria-zerbitzuen mende dago (BPGren % 7 dira); sektore hori manufaktura sektorea baino askoz astunagoa da [8].

Dena dela, lan-indarrari eta mugikortasunari dagokienean, ezingo dira askatasun osoz mugitu kontinentean barrena: izan ere, zenbait izapide burokratiko beharko dituzte. Ezinbestean, mugikortasun mugek eragina izan dute migrazio garbian; hori dela eta, murriztu egin da migratzaileek Estatuko diru-kutxetan egindako ekarpena. Halabeharrez, ondorio zuzena izan du horrek pentsio-sisteman eta gainerako gizarte-zerbitzuetan.

COVID-19ak gogor kolpatu badu ere, Erresuma Batuaren (127.078 hildako apirilaren 4ra arte) txertaketa-politika Batasuneko herrialdeena baino eraginkorragoa izaten ari da (36.904.755 txertaketa apirilaren 6ra arte). Boris Jhonsonen gobernuaren esfortzua erakusten du horrek [5].

Erresuma Batuak etorkizun lausoa du aurretik: hazkunde ahula du haren ekonomiak, eta ekoizpen gaitasun makurra erakutsi du, baldin eta 90eko hamarkadako herrialdearen joera edo Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko beste herrialde batzuekin alderatzen badugu. Hala ere, badu alde positiborik ere; izan ere, irteerari esker, munduko aldaketa geopolitikoen barruan beste modu batera pentsatzeko eta ezartzen saiatzeko aukera du.

EUROPAKO FUNTSAK HERRIALDEAK LAGUNTZEKO

Testuinguru nahasi horren erdian, harrotasunez aurkeztu ditu Batasunak Europako aberriaren ustezko salbatzaileak: mundu osoan ezagun egin dira Europako funtsak. Horiei buruz asko hitz egin arren, Europako, Espainiako eta Frantziako erakundeen gardentasun eta informazio faltak mugatu egin du horiek xehetasunez eta sakontasunez aztertzeko aukera. Azpimarratu behar da funts horiek oraindik ez direla existitzen, oraindik ez baita horiek lortzeko sistemarik ezarri, eta, beraz, Europako Batzordeak ezin du kapital-merkatuetara jo. Baina, hala eta guztiz ere, inbertsio-planak azaleratzen hasi dira hainbat sektoretan [9]. Horien garrantzia politikoa eztabaidaezina da, eta, beraz, eskura dugun informazioa aztertzen jarraitu behar dugu, jarrera politiko egokia ezartze aldera.

Datu zehatzagoen faltan, erreportaje honetan erabiliko diren zifra asko ez dira guztiz zehatzak, eta, beraz, gutxi gorabehera ulertu behar dira. Europar Batasunak dituen funtsen eta mekanismoen aniztasunak nahasmen ugari eragiten ditu; hori dela eta, zehaztu behar dut aipatu nahi ditudan funtsak Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoak (MRR) ezarritakoak direla. Funts horiek estatu kideentzako diru-laguntzak eta maileguak dira (672.500 milioi euroko ekarpenak eta 47.500 milioi euroko diru-laguntzak Europa Berreskuratzeko eta Lurraldeak Berreskuratzeko Laguntzarako). Horiek dira Next Generation EB (2021-2026) izenekoaren partida nagusiak: 750.000 milioi euro inguru [9].

Espainiako Estatuak, hasiera batean, 140.000 milioi euro jasoko ditu, eta horien helburuak gobernuak aurkeztu zuen planean jasota daude: Espainiak ahal du. Eraberritze, Eraldaketa eta Erresilentzia plana. 140.000 milioi euro horietatik, 100 milioi itzuli beharko ditu; ezinbestean, horrek zorraren arazoa areagotuko du, dagoeneko kezkagarria dena.

Espainiak ahal du planak ondorengo lau oinarriak ditu [10]:

  • Espainia Berdea
  • Espainia Digitala
  • Genero-arrakalarik gabeko Espainia
  • Espainia bateratu eta inklusiboa

Bestalde, palanka-politikak ditugu, hazkunde jasangarria eta inklusiboa lortzeko egiturazko erreformak egitea helburu dutenak. Zerrenda honetan ondorengo hamar puntuak eta lortu nahi diren funtsen ehunekoak daude:

  1. Hiri- eta landa-agenda eta despopulazioaren aurkako borroka (% 16)
  2. Azpiegitura eta ekosistema erresilienteak (% 12,2)
  3. Trantsizio-energetiko justua eta inklusiboa (% 8,9)
  4. XXI. menderako administrazioa (% 5)
  5. Industria-ehuna eta ETEa modernizatzea eta digitalizatzea, turismoa berreskuratzea eta Espainia Nazio Ekintzailea bultzatzea (% 17,1)
  6. Zientziaren eta berrikuntzaren aldeko ituna; Osasun Sistema Nazionalaren gaitasuna indartzea (% 16,5)
  7. Hezkuntza eta ezagutza, etengabeko prestakuntza eta gaitasunen garapena (% 17,6)
  8. Zainketen ekonomia berria eta enplegu-politikak (% 5,7)
  9. Kulturaren eta kirolaren industria sustatzea (% 1,1)
  10. Zerga-sistema modernizatzea, hazkunde jasangarri eta inklusiborako

Hamar puntu horiek agerian uzten dute Espainiako Estatuan kapitalismoak berebizikoa duen modernizazioa. Green New Deal delakoan, pisu berezia hartu dute inbertsioek; hain zuzen ere, azpiegituren hobekuntza beharrek, ehun-industrialaren digitalizaziorako premiak, ikerketa eta garapena helburu duten inbertsioek, eta lan-indarraren osaketan beharrezkoak diren aldaketek.

Aseak gosea ezin ikus, euskal burgesiak Euskadi Next Plan-etik bere zatia eskuratzeko asmoa du; hain zuzen ere, 5.702 milioi euro datozen bost urteetan [11]. Planak ondorengo arloak lehenesten ditu, besteak beste: industria, garraioa, eraikuntza, berrikuntza, digitalizazioa eta energia. Horiek guztiek funtsen % 65 osatzen dute. Gainontzean, osasungintzari eta zaintzari % 13 dagokie; hezkuntzak % 2,4 hartzen du; eta, azkenik, ekonomia zirkularrean % 9ko inbertsioa eragingo du.

Eman asmo dioten itxura sozialetik urrun, funtsak ez dira enpresa estrategikoak laguntzeko eta sostengatzeko erreskate korporatiboa baino, horien lehiakortasuna hobetzeko. Ezin eror gaitezke, beraz, publikoaren eta pribatuaren arteko dikotomia faltsuan: biak ere Kapitalaren erreprodukzioan ezinbesteko zutabeak dira. Inbertsioak egingo dira hainbat sektoretan, hala nola: azpiegituretan, berrikuntzan edo nazioartekotzean; baina kontsumo-gaitasun murriztua sustatzea ere bilatzen dute, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera bezalako apustuen bidez.

Ezin ahaztu genezake diru hori ez dela ­musu-truk; funts guztiak araudia betetzera behartuta daude, baita Europar Batasunaren urteroko gomendioei jaramon egitera ere (Seihileko Europarra bezala ezagutzen dena). Azken horren ordainketa jasotzeko beharrezkoa da Europako Batzordeak eta Europako Kontseiluak herrialdeen planak onartzea. Gauzak horrela, funtsen esleipena ez da unean unekoa izango; aitzitik, 2026ko abuztuaren 31ra arte iraungo du (gehienezko epea da plana gauza dadin). Baldintzak askotarikoak dira, baina bi taldetan bil ditzakegu; lehenengoak zor publikoaren bolumen handiari egiten dio erreferentzia (kontinentala, estatukoa eta autonomikoa), eta noizbait ordaindu egin behar da. Bestalde, «gomendioak» izango genituzke, Espainiako Estatuaren kasuan lan-erreforma ez indargabetzea, lan-baldintzak eta gutxieneko soldata hobetzea eta pentsio-sistema erreformatzeko beharra barne hartzen dituzte [12].

Funtsak direla-eta hartu diren posizio politikoak

Funts horien garrantzia dela-eta, alderdi eta sindikatu guztiek egungo testuinguruan komenigarriena zaien posizio politikoa hartu dute, presaz. ELAren eta Ezker Abertzale Ofizialistaren artean sortutako tirabirak agerian utzi ditu hainbat eta hainbat eztabaida interesgarri, besteak beste: kapitalismoaren joera eta modernizazioa, eta Europar Batasunarekiko eduki beharreko politika. Behinik behin, nabariak dira biek ere azaleratu dituzten gabeziak: agerian geratu da egungo ezkerraren desorientazio ideologikoa. Gara egunkariak argitaratutako Larraitz Ugarteren (EH Bildu) esanak argigarriak dira [13]: «Europar Batasunak markatu dituen lehentasunak bateragarriak dira edozein ezkerreko indarren helburuekin». Batak zein besteak sistema modernizatzeko nahia eta borondatea partekatzen dituzte: sistemaren trantsizio ekologiko eta soziala dute aldarri. Hau da, ez daukate inolako asmorik sistema kapitalista gainditzeko eta sozialismoaren eraikuntzaren aldeko apusturik egiteko (aurretik ere nahiko argi zeuden asmo horiek).

Ezkerreko alderdiek, gehienek behintzat, funts horiek onartu dituzte, izan ere, alderdi horietako askok Europar Batasuneko Parlamentuaren Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren Erregelamendua onartu dute. Aldeko 582 boto jasota onartu zen ekimena; 40 izan ziren aurkako botoak eta 69 abstentzioak. The Left taldea osatzen duten ezkerreko alderdietako askok azken horren aldeko apustua egin zuten: abstenitu egin ziren taldea osatzen duten 39 alderdietatik 21, tartean, EH Bildu. Bestalde, soilik alderdi horietako batek bozkatu zuen ekimenaren aurka eta hamabostek aldeko botoa eman zuten, tartean, IU eta Podemos. Beste adibide bat litzateke EH Bilduk Espainiako Estatuko funtsak arautzen dituen Errege Lege Dekretuaren alde bozkatu izana [9]. Sozialdemokraziak ez du ordena sozial kapitalista legitimatu besterik egiten, ez dute langile klaseko masa zabalei eskaintzeko ezer, hala, zinez iraultzaileak izan litezkeen mugimenduen garapena ekidin dute.

Sozialdemokraziak ez du ordena sozial kapitalista legitimatu besterik egiten, ez dute langile klaseko masa zabalei eskaintzeko ezer, hala, zinez iraultzaileak izan litezkeen mugimenduen garapena ekidin dute

Sortuk eredu sozioekonomiko postneoliberala indartzeko borroka kulturala zabaltzeko une ezin hobea dela uste badu, ELAk funts horiek arbuiatzen ditu, logika neoliberalaren aurkako kritikaren aldeko posizioa hartu duelako. Hala, sindikatuak jabetza publikoa eta kudeaketa soziala lehenetsi ditu[14][15]. Pello Otxandianok (Sortu) une keynesiar baten atarian gaudenaren ideia onartu du: hau da, Europako instituzioen logika neoliberala aldatuko dela uste du, borroka sozialaren bidez tinkatua. Keynesianismoaren eta neoliberalismoaren arteko dikotomiak ez du uzten argi ikus dadin bizi dugun aldaketa egoera nabaria, dela estatuen edo estatuez gaindiko instituzioen funtzioan, dela metaketa berrabiarazteko ekoizpenaren modernizazio saiakeran.

Nire ustez, Ezker Abertzale Ofizialistak funts horiek onartu izanak ez du nolanahiko instituzioetan Kapitalaren kudeatzaile izateko duen nahia berretsi besterik egiten, hasi instituzio autonomikoetatik, eta Espainiako eta Europako instituzioetaraino. Desadostasun taktikoez harago, ELA eta EAO oraindik ere ez dira kapitalismoaren logika sistematikoa zalantzan jartzen ari. Hala, onartu eta bultzatu egin dute instituzio burgesen ustezko neutraltasuna, beraz, sozialistoi baten zein bestearen planteamendu politikoa aho bizarrik gabe kritikatzea dagokigu.

Desadostasun taktikoez harago, ELA eta EAO oraindik ere ez dira kapitalismoaren logika sistematikoa zalantzan jartzen ari. Hala, onartu eta bultzatu egin dute instituzio burgesen ustezko neutraltasuna

ONDORIOAK

Europako blokearen aldaketen garrantzia eztabaidaezina da; joera ekonomikoak eta geopolitikoak aztertzen jarraitu behar dugu, gure analisiak hobetzeko, eta egungo indar-korrelazioa hobetzeko gure gaitasunak non zentratu jakiteko. Europako blokearen gainbehera errealitate bat da, baina, hala ere, ezin dugu hiltzat jo. Ez dugu berriro sistema horrek dituen aldaketarako eta egokitzapenerako gaitasunak gutxiesteko akatsean erori behar.

Europako funtsak elementu nagusietako bat izango dira datozen hilabeteetan, eta, beraz, gai izan behar dugu printzipio sozialistekin koherentea den jarrera bat ezartzeko. Zentzu horretan, ezin dugu ezker koldar hori guztia seinalatu eta kritikatu gabe utzi, ordena esplotatzaile eta zapaltzaile hori iraunarazi besterik ez baitu egiten. Aurrean dugun krisia erronka bat da, baina baita aukera bat ere, langile klase zabalak politizatzeko, bere haragitan biziko baitu ordena sozial horren aurpegirik krudelena. Aurrean ditugun erronken mailan egotea dagokigu.

ERREFERENTZIAK

[1] Roberts, M. (2016). La larga depresión. Barcelona, Viejo Topo.

[2] Herrero, A & Junyu, T (2020) Deglobalisation in the context of United States-China decoupling.

[3] OCDE (2021)

[4] Statista (2021)

[5] Our World in data (2021)

[6] INFORME 2019: Las personas refugiadas en España y Europa. CEAR.

[7] El grupo de Visegrado. El Orden Mundial.

[8] Roberts, M (2020). The brexit deal. thenextrecession.wordpress.com

[9] Rodríguez, A (2021). Bienvenido Mr Marshall. vientosur.info

[10] España puede. Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia (2021). lamoncloa.gob.es

[11] Euskadi Next 2021-2026. Eusko Jaurlaritza. euskadi.eus

[12] Fernández, G (2021). 6 mitos en torno a los fondos europeos de recuperación: una mirada desde Hego Euskal Herria. vientosur.info

[13] Ugarte, Larraitz (2021). Despropósito es dar por perdido lo que no se luchó. naiz.eus

[14] Otxandiano, P (2021). Fondos europeos como marco de lucha estratégica táctiva y praxis política. erria.eus

[15] Noval, M (2021). Fondos europeos: Realidad y despropósitos. elsaltodiario.com

EZ DAGO IRUZKINIK