Errusiako petrolio gordinaren prezioari jarritako gehienezko muga aldatu nahi du Europako Batzordeak. Gaur egun, 60 dolarrekoa da barril bakoitzeko, baina 45 dolarrera jaistea proposatu zuen atzo Bruselak, nazioarteko kotizazioaren ildotik, "Errusiaren diru-sarrera energetikoak mugatzeko". Batzordeko presidente Ursula Von Der Leyenen esanetan, neurriak "Errusiaren gaineko presioa areagotzea du helburu", Ukrainako gerrari buruzko negoziazioetan aurrerapausorik eman ez dela argudiatuta.
Proposamen hori G-7aren hurrengo bileran eztabaidatuko dute, Albertan (Kanada), eta Amerikako Estatu Batuen jarreraren araberakoa izango da. Baina, aurreratu dutenez, Bruselak proposatutako zigorren paketeak Errusiako "mamu-flota" deiturikoan zigortutako ontzien zerrenda handitzea jasotzen du, 77 itsasontzi gehiago seinalatuz. Denera, 400 baino gehiago izango lirateke. Gainera, petrolio-ontzi horietako bateko kapitaina lehen aldiz sartuko lukete zerrenda beltzean, eta Arabiar Emirerri Batuetako, Maurizioko eta Hong Kongeko enpresak zigortzea ere aurreikusten da, "Errusiako petrolio gordinaren esportazioa errazten dutelako".
Von Der Leyenek azaldu zuenez, neurri horiek "zorrotz mugatzen dituzte errusiarrek beren petrolioa mamu-flota horren bidez esportatzeko dituzten aukerak". Hori gutxi balitz, zirriborroak Errusiako petrolio gordinean oinarritutako produktu finduen inportazioa debekatzea eta Errusiako gas likidotuaren sektoreko erakundeak zigortzea ere planteatzen du.
Beste berritasunetako bat da Nord Stream 1 eta 2 gasbideen bidezko transakzioak mugarik gabe debekatzeko aukera. Gaur egun ez dira erabiltzen, baina "gasbide horien bidez gas naturala berriro hornitzeari aurrea hartzea" da Bruselaren asmoa, "Moskurentzat diru-sarrerak sortzeko potentziala mozteko". Bestalde, SWIFT sistemari jarritako betoa aldatzea ere barne hartzen du Europako Batzordearen paketeak, Errusiako 22 bankuri "transakzioak erabat debekatzeko", Bielorrusiari aplikatutako arma-enbargoa hedatzeko, eta teknologiaren eta industria-ondasunen esportazioen murrizketak zabaltzeko, 2.500 milioi euroraino hel daitezen.
Proposamen horiek guztiak onartuz gero, 2022an Ukrainan eskala handiko gerra lehertu zenetik Europar Batasunak zigortutako pertsonen zerrenda 2.500 baino gehiagokoa izango da, El País-en arabera.