Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek atzo adierazi zuenez, "Europako herrialde guztiek ordaindu behar dute beren zati justua, eta, gastu militarrean, BPGaren %5eko muga horretara iritsi behar dute, Espainiako Estatua barne". Leavittek esan zuenez, "zergadun estatubatuarrek diru kopuru handia jarri dute, milaka milioi dolarrekoa, gure interesak eta gure defentsa bermatua babesteko".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Mark Rutte NATOko idazkari nagusiari jakinarazi dio Espainiako Estatua ez dagoela ados gastu igoera horrekin. Gutun batean, Sanchezek "irrazionaltzat eta kaltegarritzat" jo du proposamena, eta eskatu du NATOren hurrengo goi-bileraren azken adierazpenak formula "malguago" bat izan dezala edo Espainiako Estatua zuzenean %5eko helburua aplikatzetik kanpo gera dadila.
"Ongizate-estatuarekin bateraezina"
Sanchezek argudiatu du "%5era iristea bateraezina" dela Espainiako Estatuko "ongizate-estatuarekin" eta "munduaz duen ikuspegiarekin". Era berean, "gobernu bakoitzak sakrifizioak bere gain hartzen ote dituen erabakitzeko duen eskubidea" defendatu du, hala nola, "erdi-mailako klaseari zergak igotzea edo zerbitzu publikoak eta prestazio sozialak murriztea".
NATOren azken proposamenetan, AEBen babesarekin, herrialde kide guztiek gastu militarra BPGaren %5era igotzea planteatzen dute, aurretik zehaztutako %2ko konpromisoa gaindituz. Aliantzaren datuen arabera, gaur egungo 32 herrialdeetatik 22k bakarrik betetzen dute %2ko jomuga hori, eta bakar bat ere ez da %5era iristen. Hala ere, NATOk eta AEBek argi utzi dute dagoeneko ezarritako helburua nahitaez bete beharko dela.