Botere-krisi oro modu bortitzean agertzen da. Bortizkeria hori, ordea, ez da gizarte-ordena baten amaiera iragartzen duen sirena izaten, hura berrezartzeko bitartekoa baizik, botere-oreka berritua lortzeko. Nagusi den ordenaren berritzearen ebidentziarik argiena da indarkeria, ordena horri berezkoa zaiona, eta ez mehatxatzen duen kanpokotasun bat. Oreka nagusi zela zirudienean, itxura hori pitzatu egiten da eta birzentralizazio autoritarioaren adierazpen berriei bide ematen die. Estatuak modu ikusgarrian esku hartzen du ekonomian; ez bada fikziozko injekzioen bidez, dirua kapital bihurtuz, gizarte osoaren erreprodukzio sozialaren baldintzak birdefinituz izan ohi da, nahiz eta modu desorekatuan eta emaitza politiko desberdinekin izan.
Horretarako, gizartearen bizi-prozesuetan Estatuaren esku hartze handiagoa eskatzen duen klase ertain bat du emagin; kontrol handiagoa krisi bati erantzun gisa, krisi hori axolagabekeria politikoaren edota Estatu bilakatutako herri-borondatearen esku-hartze faltaren ondorioa den krisi gisa identifikatzen baitute. Proletalgoaren gaineko kontrola, hura arduragabea baita, legeak urratzen baititu eta kaosean murgiltzen baita normaltasun ekonomiko kapitalistak beragan ezartzen duen botere hertsatzaile oro desagertzen denean. Autoritarismo faxistatik gertu dauden eta dagoeneko normalizatuta dauden egoeretan azaleratzen diren ezkerraren eskakizun politikoak. Auzokideekin duten lotura bakarra Estatuaren bitartez, bere poliziaren bitartez, duten auzokideak. Solidarioz janzten diren insolidarioak, hurkoarekiko axolagabetasun osoz aritu eta hirugarrenak insolidariotzat jo eta Estatuaren aurrean salatzen dituztenak. Burgesiak bere ordezkari politikoen bidez ezarritako neurriak -eta ez modu kontzientean hartutako neurri kolektiboak- onartzen dituzten insolidarioak, beldurragatik; beldurra ez soilik Estatuak egikaritutako botere positiboari, baita botere negatiboari ere, botererik ez duen gizabanakoari hutsunea sortzen baitio aginte-figura horren desagertzeak, zeina ahultasun egoeretan eskatzen duen. Elkarrekiko kezkaren adierazpen horiek guztiak, Estatuaren esku-hartzea aldarrikatzeko joerarekin lotuta agertzen direnak, gizartearen antolaketa komunistarekiko antagonikoak dira, eta ez dute zerikusirik elkartasunarekin; aitzitik, gizabanako berekoiaren adierazpenak dira.
Zalantzarik gabe, Estatua besterendutako kolektibitatea da, gorputz objektiboa hartzen duen eta gizartetik banatzen den borondate soziala. Prozesu horretan datza kontrol soziala, langile klasearen erreprodukzio-prozesuaren gaineko kontrol zehatz gisa, eta ez informazioa sistematizatzeko edo subjekturik gabeko giza-antolamendurako prozesu huts gisa. Kontrol sozialak ez du esan nahi kolektibitate batek hartutako neurrien mendeko izatea. Ezta araua eta autoinposaketa soziala edota modu kontzientean zehaztutako ordena ere, zeina norbanakoaren askatasunaren oinarri objektiboa den. Kontrol sozialaren helburua klase menderakuntza da, eta hori da modu orokorrean ulertutako ordenatik bereizten duen edukia. Izan ere, ordena da kapitalarentzat, lan-indarraren ustiapen kapitalista eta gainbalioaren eta klase boterearen eskala handiko ekoizpena arrazionalizatzeko. Horregatik, klase menderakuntzarako organoak eskura dezakeen informazioa ez da erabiltzen gizabanako askeen kolektibo baten alde, baizik eta haren aurka. Informazioa ez da boterea, baizik eta boterea informazioa da, haren etengabeko erauztea eta gizabanakoaren gaineko monitorizazio soziala, gizabanakoa bera menderatzeko helburuarekin.
Kontrol sozialak ez du esan nahi kolektibitate batek hartutako neurrien mendeko izatea. Ezta araua eta autoinposaketa soziala edota modu kontzientean zehaztutako ordena ere, zeina norbanakoaren askatasunaren oinarri objektiboa den. Kontrol sozialaren helburua klase menderakuntza da, eta hori da modu orokorrean ulertutako ordenatik bereizten duen edukia
Horrela, irrigarriak dira klase ertainak askatasun faltagatik egindako kexak, askatasuna harreman intersubjektiboen estatalizazio autoritario handiagoari deitzen diotenean. Estatu kapitalistaren inposaketa-legeak betetzeak ez du zerikusirik elkartasunarekin, ez eta bere burua aitortzen eta kontzienteki arautzen duen kolektiboarekin ere, arautze hori haren existentziaren baldintza baita. Aitzitik, obeditzea, gizarte-baldintza horien pean, men egitea eta amore ematea da, beste baten -hots, klase menderatzailearen- nahimenaren aurrean makurtzea, eta nahimen hori norberarena egitea, sozialki hegemonizatuz, guztion onerako borondatea bailitzan. Hori da klase-dominazioaren tarteko katebegia, klase ertaina, ez dena ertaina soilik burgesiaren eta proletalgoaren arteko erdibidean dauden baldintza ekonomikoez interesik gabe gozatzen duelako, baizik eta bi klase antagonikoen artean bitartekaritza lanak egiten dituelako, eta lan hori konfrontazio batean egin daitekeen modu bakarrean egiten duelako: nagusi den gizarte-ordenaren alde, burgesiaren alde, proletalgoa mendeko egiteko. Hori da klase ertainaren baldintza objektiboa, zeinari eusten dion eta ihes egiten uzteko prest ez dagoen. Horrela, bere burua Estatuaren aurrean makurtzen du borondatez, Estatu horren baitan bere existentzia erreproduzitzeko helburuarekin, hark baldintzatzen baitu eta hura gabe ez bailitzateke existituko.
Klase ertainak kontrol soziala eskatzen duela ikusten dugu gero eta gehiago: zeharkako soldata-politikak, Estatuaren bitartekaritzaz gauzatzen direnak, horiek lortu nahi dituen pertsonaren bizitza monitorizatzea ekartzen dutenak; Estatuaren esku-hartzearen bidez gauzatzen diren zuzeneko salarizazio eskakizunak, horretatik kanpo dauden esparruetan, zaintza-adarretan kasu; bizi-eremu ororen balorizazio bortitza, eta gure harreman guztien kontrol zenbakitua, horiek balioaren legearen arrazionalizazio kapitalistaren mendeko eginez; eta beste hainbat kontrol sozialerako politika filofaxista, eskubideen defentsaz, berdintasunez eta ahulenekiko kezkaz estaliak, gure harreman sozialak gauza bihurtu eta botere politiko eta egitura objektibo baten aurrean, zeinarentzat zenbakiak eta bitartekoak besterik ez garen, mendekoago egiten gaituen bitartean.
Klase ertainak kontrol soziala eskatzen duela ikusten dugu gero eta gehiago (...), kontrol sozialerako politika filofaxista, eskubideen defentsaz, berdintasunez eta ahulenekiko kezkaz estaliak, gure harreman sozialak gauza bihurtu eta botere politiko eta egitura objektibo baten aurrean, zeinarentzat zenbakiak eta bitartekoak besterik ez garen, mendekoago egiten gaituen bitartean
Hori da klase ertainak klase-esplotazioaren arrazionalizazioan betetzen duen papera, joera horrekiko kontra-oreka gisa, bere aurkakoan bihurtzen dena ezinbestean: autoritarismoaren aurrean, anarkia sozial handiagoa, gure kideekiko, gure jendearekiko eta, zehatzago, gure klasearekiko axolagabekeria. Atomizazioa, demokrazia eta boterearen besterentzea burgesiaren Estatu-egituretan. Proletalgoan konpromisorik eza, elkartasunik eza eta ekintza politikoaren batasunik eza; diziplina sozialeko figura autoritarioek bortizki hezten duten proletalgoa, lanean zartailuarekin ez bada, espazio publikoan hezten dute, bazterketaren, seinalatzearen, manipulazioaren eta gezurraren zein eraso pertsonalen eta presio sozialaren bidez.
Kontrol soziala ez da informazioa sistematizatzea. Ezta erreprodukzio soziala arrazionalizatzea ere. Kontrol soziala informazio hori guztia burgesiarentzat eskuragarri eta erabilgarri izateko moduan ordenatzea da, ez guztion onerako, klase horren onurarako baizik. Eta bide horretan desberdinak dira proletalgoaren aurka erabiltzen diren diziplina-mekanismoak, klase etsaiaren boterea zaintzea helburu dutenak. Aurrerapen sozial oro, informazio interesgarri oro burgesiak monopolizatzen du proletalgoaren aurka erabiltzeko. Hori da informazioa, ordena soziala eta kolektibitatea kontrol sozialaren prozesu espezifiko gisa bereizten dituen oinarri zehatza: prozesu hori guztia burgesiak zuzendutakoa izatea, klase burgesaren boterearekiko mendekotasuna izatea bizikidetza soziala eta menderatze-prozesu osoa sistematizatzen den eremua baino ez izatea kolektibitatea. Ez dugu desordena eta kontrolik eza bilatzen. Ordena berri bat bilatzen dugu, klase eta esplotaziorik gabea.
HEMEN ARGITARATUA