AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/20 11:12

Aurrerantzean, Bilbo (Bizkaia) drone bidez ere kontrolatu nahi du EAJ buru duen udalak. Kontratu bat lizitaziora atera du jada, enpresa bat kontratatu nahi baitu, drone bidezko kontrola eskain diezaion. Kontratuak jasotzen dituen baldintzen artean dago, esaterako, udalak urteko 365 egunetan eta 24 orduz eskatu ahal izatea kontrol-gailuak aktibatzeko. Deia-ren esanetan, gobernuak dio "ekitaldi masifikatuak, eguraldi-alerta egoerak edo izaera larriko larrialdiak" zelatatuko dituztela droneekin.

Segurtasun arloko Estrategia Digitala deiturikoaren barruan, proba pilotu bat egin zuen Bilboko Udalak 2022an, eta aipatutako egunkariak gaineratzen du "droneen erabileraren efikazia eta eraginkortasun teknikoa egiaztatu" zituztela orduan. Harrezkeroztik, Aste Nagusiaren bueltan itxura denez, drone bidezko hainbat hegaldi egin omen dituzte, "prebentziozko" neurri modura teorian.

Udalaren arabera, "ingurunearen" ebaluazio "azkarra eta segurua" egingo dute droneen bitartez, kasuan kasu "erabaki azkarrak" hartu ahal izateko, "baliabideak aurreztuta". Horrez gain, Deia-k nabarmentzen du gailu horiek "irudiak denbora errealean igortzea" ahalbidetzen dutela, baina baita gertakariren baten ostean irudi horiek aztertzea ere. Bilboko Udalaren kontratuak jasotzen duenez, Europar Batasuneko eta Espainiako Estatuko araudiak jarraituko ditu.

Ekitaldi handien kasuan, udalak 72 orduko aurrerapenarekin eskatu beharko dio enpresa esleipendunari droneak baliatzeko, eta zortzi ordu ingurukoa izango omen da kontrol-saio bakoitza.

Kontrol poliziala indartzeko neurri gehiago ere hartu ditu berriki udalak, hori gutxi balitz. Duela urtebete, hain zuzen ere, gorputzeko kamerak erabiltzeari ekin zion Bilboko Udaltzaingoak: gobernuak 27 kameraz hornitu zuen polizia-indarra, ia 79.000 euro inbertituta. Gainera, urtea bukatzen denerako, hamazazpi kamera gehiago jarriko ditu Alde Zaharrean.

EZ DAGO IRUZKINIK