Itxieragatiko likidazioa ARGAZKIA / Gabri Morales
Dani Askunze
@menderagabe
2020/09/22

Historikoki, klase borrokak hartu duen adierazpen nagusia ekonomikoa izan da, langileen erresistentzia borroka, alegia. Beste era batera esanda, langileak jada soldatapeko esplotazioaren menpe egonik, borroka hori lan-baldintzen aldekoa izan da, egunerokoan esplotatzen gaituzten baldintza hobeen edo okerragoen aldekoa. Horretarako, langile mugimenduak hartu duen antolaketa-forma, besteak beste baina batik bat, sindikatuarena izan da. Antolaketa horrek gorpuzte oso bestelakoak izan ditu, etapa historikoaren araberakoak [1]: hasieran sakabanaturik zeuden, gero antolaketa-indar sendoa osatu zuten, eta horrek bidegurutze politikoetara eraman zituen; ondoren, Estatuaren baitan integratu ziren eta gaur egun gainbeheran daude, zentro inperialistari dagokionez behintzat.

Horregatik guztiagatik, funtsezko desberdintasun bat dago sindikalismoak borrokan dauden klaseen arteko indar-korrelazioaren aurrean hartzen duen –termino politikoetan- izaera defentsiboaren eta gaur egun, baiezta daitekeen moduan, sindikalismoa bera egoera defentsiboan egotearen artean. Ikaragarri idatzi da eta idazten ari da erreformen aldeko borrokatzearen inguruan, hau da, politika iraultzaile bati edo erreformista bati men egitearen arteko lerroaz, aldizka lausoegia dena[2]. Eztabaida historiko honen interesa ukatu gabe, langile mugimenduak gaur egun aurre egin behar dion koiuntura ez dago bideratuta erreforma ekonomiko handiak lortzera, aukerak edota arriskuak ekar ditzaketenak posizio iraultzaileentzat, bereziki, posizio horiek ahulak direnean. Izan ere, egungo egoera ez da erreformak lortzeko ikuspegiarena, kontrarreformaren etengabeko mehatxuarena baizik. Bizi-baldintzak hobetuko ez ditugula ikusita, horiek okerragotzea noraino irits daitekeen negoziatzean datza. Hori da, eta ez beste bat, gaur egun, gainbeheran dagoen sindikalismoari, bere zoritxarrerako, jokatzea tokatzen zaion zelai nagusia, sindikalismoaren zentzurik klasikoenean behintzat.

Egungo egoera ez da erreformak lortzeko ikuspegiarena, kontrarreformaren etengabeko mehatxuarena baizik

Aurreko batean esan genuen, «klase ertainak bizirauteko duen aukera, hain zuzen ere, tarte hori gero eta txikiagoa izatean dago: jendea uretara botatzen joatea da kontua, itsasontzia hondoratu ez dadin»[3]. Bada, estrategia horrek erakutsi du aurreranzko ihesa besterik ez dela, amildegia gero eta hurbilago dagoelarik. Izan ere, gero eta geruza txikiagoetarako lan egonkorrari lotutako baldintza egokiak berma ditzaketen heinean, alderdi eta sindikatu sozialdemokraten oinarri sozialak murriztu egiten dira ezinbestean. Eta, hau da hemen batez ere interesatzen zaiguna: ahultze politikoa jasaten dute, hau da, negoziatzeko ahalmena galtzen dute eta kapital handiaren intrantsigentziak eta aldebakartasunak zapaldu egiten ditu.

Sindikatuak kapitalaren eta lanaren arteko koexistentzia gatazkatsuaren kudeatzaile gisa integratu zirenetik, benetan baliagarriak izan dira gobernantza burgeserako[4]. Horrek ez du esan nahi hala izaten jarraitzen ez dutenik. Gero eta gutxiago zaizkio beharrezkoak, eta partzialki desberdinak diren funtzioekin. Ezberdintasun nagusia honakoa da: gobernatzea makilaren eta azenarioaren logika modu adimentsuan kudeatzea bada, azenariorik ez bada, proportzioan handitzen da makil errazioa. Horregatik, sindikatuaren ohiko papera bitartekariarena bada, garrantzia handiagoa izango du orain haren diziplina- eta kontentzio-profilak. Gatazka kanalizatzeko bide bat, eta laster ikusiko dugu zeinen estua den, aurreikusita proletarizazio orokorreko testuinguru horretan jasango ditugun kolpeak ez direla gutxi izango.

Kontua ez da buruzagi sindikalek dituzten zereginengatik egindako traizio indibidualen gaitzespen morala egitea, hala nola EEEen (erregularizaziorako enplegu-espedienteak) kudeaketan, deslokalizazioetan eta ugazaben itxieretan duten zereginagatik. Ezta erantzukizuna kentzea ere, zeina partekatua izan ohi den. Kontua da zein egiturazko rol egokituko zaien sindikatu handiei krisi ekonomiko bizkorraren eta ezintasun politikoaren testuinguru honetan. Kasurik okerrenean, enpresaburuek jasanarazten diguten xantaiaren transmititzaile soilaren papera izango da, eta kasurik onenean, kalte-ordain, aurre-erretiro edo bideragarritasun-plan ahalik eta ez-odoltsuenak lortzen dituen negoziatzaile trebeenarena, gutxienez, langile klaseko sektore batzuentzat.

Kontua ez da buruzagi sindikalek dituzten zereginengatik egindako traizio indibidualen gaitzespen morala egitea [...]. Ezta erantzukizuna kentzea ere [...]. Kontua da zein egiturazko rol egokituko zaien sindikatu handiei krisi ekonomiko bizkorraren eta ezintasun politikoaren testuinguru honetan

OHARRAK

[1] Ikus Gedarreko Ikuspuntuko Adam Radomskiren sindikalismoaren inguruko artikuluak.

[2] Errenformen gaiaren inguruan 1909 Anton Pannekoek-ek idatzitako eta oso ezaguna ez den liburuxka gomendatzen dizuet: Las divergencias tácticas en el seno del movimiento obrero.

[3] Dani Askunze, Soberanía para el cambio social: vía nacional a la reforma. Arteka 2. zbkia, 2020ko otsaila.

[4] Gaztelaniazko gobernanza RAEren hiztegian: «arte o manera de gobernar que se propone como objetivo el logro de un desarrollo económico, social e institucional duradero, promoviendo un sano equilibrio entre el Estado, la sociedad civil y el mercado de la economía» (gobernatzeko arte edo modua, garapen ekonomiko sozial eta instituzional iraunkor bat lor dadin, Estatuaren, sozietate zibilaren eta ekonomiaren merkatuaren arteko oreka osasuntsua sustatuta).

EZ DAGO IRUZKINIK